
Independentistak, eta gainera, itsusiak
Zeresana sortu du sare sozialetan Antonio Burgosek ABC egunkarian argitaratutako iritzi artikuluak. Bertan, gupidarik gabe iraindu ditu CUPeko eta EH Bilduko ordezkari emakumezkoak, soilik, euren irudia aintzat hartuta. Mireia Vahík erantzun egin dio Eldiario.es egunkarian.
Burgosek CUPeko eta Bilduko emakumeak hain itsusiak izatearen arrazoia zein den galdetu dio bere buruari, eta independentzia eskatu ordez edertasun ezagatik Espainiatik bota beharko lituzketela gaineratu du. Hainbat termino iraingarri erabili ditu emakume hauen aurka: tiorras feas, pelorratas proetarras, las flequis.
ABCko zutabegileak CUPeko eta EH Bilduko emakumezko independentisten itxura goitik behera astindu ostean gizonezkoei ere egin die aipamena: “Zergatik eskatu behar du Kataluniaren independentzia Junqueras bezalako gizon zatar batek?”, horra hor Burgosen argudiaketa sendoa.
Mireia Vahík erantzun dio zeharka bada ere Burgosen artikuluari eldiario.es egunkarian. Bertan, esan du botere harreman egoeretan gertatzen diren eraso guztiak eraso matxistak direla. Gaineratu du, egoera politiko nahasi honetan emakume hauek protagonista bihurtu eta aurkari politiko on, borrokalari eta ausart bezala azaldu ordez, generoari atxikitzen zaizkion gutxiespen ezaugarriak ematen zaizkiela, esaterako, guarra edo puta.
Bestalde, Vahík azpimarratu du patriarkatuaren semeei min gehien eman diena CUPeko emakumeak mugimendu kritiko baten eragile eta aurpegi izatea dela, eta gainera, euren lagun eta militante gizonezkoekin batera. Iritzigilearen ustez ezberdintasun bat dago; gizonezko hauei euren diskurtso politikoagatik epaitu zaie eta ez emakumezkoei bezala gerribueltaren neurriagatik edo ile-mozketagatik.
Independentistak eta, gainera, itsusiak bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.