Quantcast
Channel: ZUZEU
Viewing all articles
Browse latest Browse all 19657

Independentzia bidelagun bila dabil!

$
0
0
independentzia
Independentzia bidelagun bila dabil!

Azkenaldian, Euskal Herriaren independentziaren inguruko eztabaida berpizten ari den sentsazioa daukat. Izan ere, proiektu komun baten gabeziak, Kataluniako prozesuak eta Espainian igaro berri diren hauteskundeetako emaitza kontrajarrien noraezak gaiarekiko arreta hauspotu dute. Ezari-ezarian, independentismoak Euskal Herrian duen tamainaz eta hedatzeko dituen aukerei buruz sarriago hitz egiten ari gara.

Edonola ere, independentzia gauzatzeko bidean leit motiv nagusia adosteko zailtasun nabarmenak ditugu oraindik; batzuek, hizkuntza, aberria, herri bat gara eta historia bezalakoak dituzte argudiorik behinenak (etnikoa?); besteek, ordea, ongizatea, hobeto bizitzea, demokrazian sakontzea moduko terminoak dituzte hizketagai (zibikoa?). Orduan, baina, zerk garamatza independentziarako eskubidea aldarrikatzera? Zerk bultzatzen gaitu independentzia desiratzera?

Joxe Azurmendi filosofo zegamarrak elkarrizketa batean esan berri du (abenduaren 20ko hauteskundeen aurretik) eukaldunak inoiz baino espainolagoak garela. Gogoratuz, bidenabar, Francoren garaian kultura espainiarra inposatu nahi ziguten arren, baserri inguruak-eta eragin horretatik aparte gelditu zirela. Gaur egun, bestalde, internet eta prentsa bidez, baina batez ere telebistaren eraginez espainiar kultura etxe barruraino sartu zaigula diosku Azumendik.

Pako Aristi ere espainiartasunaren berariazko eragin negatiboez mintzatu izan da behin baino gehiagotan. Idazlearen ustez, Espainiar inperioaren meneko zenbait jarrerez ez da ohartzen herritarra. Honela mintzo da, Aristi: “Normalizazioa menderatzailearen helburua da, ez menderatuarena. Gu haien helburuak bete nahian hasteak erakusten du hemen hedatu den nahasmena. Justu alderantzizkoa da gure helburua: mendekotasuna nabarmentzea”.

Tankerako iradokizunak eta teoriak esentzialismo soiltzat jo dira zenbait kritika esparrutik. Izan ere, esentzialista xamarra izan daiteke, bai, Aristiren-eta kolonizazioaren gaineko hausnarketa. Egia esan errazegi egiten da kolonizatuaren (euskalduna) eta kolonizatzailearen (espainiarra) arteko alderaketa, eguneroko bizimoduan zaila baita kolonizatutako jarrerak antzematea. Bereizketa hori egitea horren erraza balitz!

Era berean, aldiz, baliteke espainiar kultura oharkabean asimilatutako kultura izatea guretzat, ikusi besterik ez dago zeinen airoski murgiltzen garen espainiar ohituren baitan lortutako gorazarreen altzoan. Esan nahi da: euskal kirol talde batek espainiar liga irabaztean, euskal idazle batek espaniako literatura saria irabaztean, espaniako gorteetarako hauteskundeetako emaitza onak eskuratzean, “Loreak” filmak espainiar zinemagintzako neurrien galbahea igarota “Oscar” sarietara iristean. Denak dira egitura Espainiarretan erdietsitako balentriak! Azurmendik esan bezala gero eta errazago barneratzen ditugu espainiartasunaren tikak.

Bestelako kontuez mintzo dira Unai Apaolaza eta enparauak. Web gune honetantxe ikusi ahal izan dugun lez, Unai Apaolazak abertzaletasunik gabeko independentismoa bultzatzen du. Apaolazaren aburuz, independentzia zaleak direnek ez dute aldarrikapena nazioan, hizkuntzan, historian oinarritu beharrik, eskubide demokratikoen sakontzean baizik. Bere burua ez abertzaletzat definituz hobeto bizitzea, ongizatea eta herritarren eskubideak areagotzea dira independentzia exijitzeko zio nagusiak, soilik horrela eskuratuko delako independentziaren aldarria gehiengoarengana ailegatzea.

independentziaEgun, jendea gero eta gutxiago identifikatzen da bandera batekin, nazio batekin, hizkuntza batekin… hortaz, independentzia exijitzeko eskariak nazioaren eskubideengatik baino, herritarraren eskubideengatik bultzatzekoak dira.

Uste dut Unai Apaolazaren teoria abiapuntu aproposa izan daitekeela bidea lantzen hasteko, nahiz eta zalantzaren bat edo beste sorrarazi. Abiapuntu egokia da gizabanako bakoitzari berebiziko garrantzia aitortzen diolako, hau da, pertsona jartzen duelako ekintzaren erdian. Abiapuntu okerra da, berriz, soilik norbanako bakoitzaren interesen araberako aldarria sustatzen duelako; indibiduala, alegia. Hots, hobeto bizitzea eta ongizatea moduko terminoek ekintza politikoa soilik pertsonarengan oinarritzen dute, hala, independentzia nahia helburu indibidualistetara mugatzen da. Nire iritziz, behintzat, independentzia desiratzeko arrazoi politikoa beste balore batzuetan errotzea da komenigarri. Ez dakit hizkuntza, nazioa, historia edo lurraldea edo zer, edo denak batera, baina zerbait; bestela, sentimendu elkartu bako independentzia eskaria hankamotza litzateke. Gizarte indibidualista baten islada, akaso?

Ondo baino hobeto adierazten du Joseba Gabilondok, funtsean, afera politikoa zein norabidetan endredatzen den ulertzeko gakoa: “Politika ez likidoa, paradigma jarraitasuna eta fantasia politikoen indarra” izeneko artikuluan bi fantasia politikoren arteko talka erakusten du. Alde batetik, fantasia euskalduna eta, bestetik, fantasia espainiarra. Batek espainiartasunaren batzea aldarrikatzen du eta besteak haustura: Euskal Herriaren independentzia! Bi fantasia hauen tarteko bidea Podemos alderdi berria saiatu da jorratzen, baina, Gabilondok dio lehenago edo beranduago espainiar fantasiaren magalera alboratu beharko duela, ez baitu Espainia barruko nazioen independentzia babesten. Ez dira independendistak!

Orain hausnarketen eta eztabaiden garaia da, proposamenak luzatzea inoiz baino garrantzitsuagoa da balizko Euskal Herriaren independentzia eskuratzeko. Espainiartasunaren fantasia politikoaren indarra handiagoa da noski, estatu bat duelako bizkarzain lanetan eta horrek dakartzan botere baliabide guztien ahaldun delako (komunikabideak, justizia, alderdi politikoak, hizkuntza, diskurtso dominantea). Euskal Herriko fantasia politikoak, aldiz, bidea gogorragoa eta astunagoa du. Nik, nire aldetik ez dut euskara gabeko Euskal Herririk imajinatzen, ezta nahi ere, eta ez nioke muzin egingo ekonomikoki okerrago baina Euskal Herri euskaldun batean libre biziko bagina. Dena den, independentziaren aldeko arrazoiak zerrendatzen hasi ordez, hobe genuke dependentzian ez jarraitzeko argudioak pilatzen hastea. Lehenengoa: ez naiz espainiarra sentitzen, euskalduna baino. Zein arrazoi dira zureak?

Independentzia bidelagun bila dabil! bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.


Viewing all articles
Browse latest Browse all 19657

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik



<script src="https://jsc.adskeeper.com/r/s/rssing.com.1596347.js" async> </script>