
Lotsagabetasun Saindua (Bidea, 388. Puntua)
Euskaldun –edo euskal herritar– guziak politikoki nafarrak garela defendatzen den honetan, nik uste dut euskal herritar guziek aukera izan beharko luketela Diario de Navarrarekin gozatzeko, baita –zer arraio, ez gaitezen hain tribalak izan– Ipar Euskal Herrikoek ere. Egia da mendebaldeko probintzietan Diario Vasco eta El Correo dituzuela gozagarri, baina hiruretan gurea da zaharrena –datak paratzekotan egon naiz, baina alferra naiz; bila ditzala irakurleak wikipedian–.
Diario de Navarra soilik Nafarroa Garaikoa ez balitz, joan den asteburuan argitara eman zuen erreportaje hunkigarria ikusiko zenuten. Lau familiak –erran nahi baita, lau familia normalek, zuk gosaltzen dituzun zerealak gosaltzen dituzten eta egun luze baten ondotik arratsaldean etxera ailegatu eta zapatak kentzearekin batera niri bezala hanketarik urrin txarra darien ideologia berezirik gabeko lau familiak– ideologiarik gabeko beren kezka normala adierazi zieten ideologia berezirik gabeko egunkari normal horretako ideologiarik gabeko irakurle normal guziei. Zergatik dauden kezkatuak? Aurten gobernuak ez duelako Nafarroako Unibertsitateko klinikarekin zuen akordioa berritzeko asmorik, eta, beraz, fite osasun sistema publikora pasatu beharko dutelako –normalak izateaz gainera, Opuseko langileak ere bazirelako; ez nahitaez Opuseko kideak, argi gera bedi–. Lau familia normalek eritasun larriren bat duen seme edo alaba bana zuten, eta mediku aldatu behar izateak biziki kezkatzen ditu.
Familia normal horien kezka arrunt normala da, baiki; halere, Osasun saileko kontseilariak adierazi du horrelako eritasunak direla-eta tratamendua hasia duten pazienteek Klinika pribatuan segituko dutela. Hori nolanahi den ere, mezua zen inportanteena asteburuko erreportaje hartan: begira diezaiogun batzen gaituen gizatasunari, eta ez bereizten gaituen ideologiari. Garrantzitsua baita zeri begiratu jakitea: zeren, hasiko bagina batzen gaituzten zergei begiratzen, akaso bereizten gaituzten osasun sistemak ikusiko baikenituzke; edo osasun sistema publikoan izan diren murrizketei –errate baterako, sukalde zerbitzuaren pribatizazio bidegabeari– eta urte hauetan UPSNren gobernuak Klinikari eman dion gehiegizko diruari –behar baino bi milioi euro gehiago, urtero– begiratuko bagenie, batzen gaituen krisia agertuko litzaiguke, baina segur aski krisiari aurre egiteko bereizten gaituen gaitasun diferenteak atentzioa emanen bailiguke.
Egunkaria erosten dudalarik, Berria erosten dut, edo Noticias, erdaraz erosten badut, baina Diario de Navarra da benetan cool dena UPN agintetik kanporatua izan denetik: lehen orrialdeko lerro-buru nagusietarik hondar orrialdeko zutabera eta Orozen zintara, barneko iritzi artikuluetarik pasatuz, dena dago kausa baten zerbitzura. Aspaldi honetan, egunero gutienez bi testu –bi iritzi artikulu, zuzendariari bi gutun, genero bakoitzeko testu bat– publikatzen ditu Klinikaren aferaren inguruan –begiak hesten baditut, Opuseko ehun numerario ikusten ditut fisikoki lur azpiko biltegi batean sartuak eta espiritualki fedearen gaztelu metaforikoan gotortuak, zilizioa normalean baino koxka bat estuago, mahai gainean baso bat esne eta ostia ez kontsakratu batzuk dituztela, jo eta su akordioa bertan behera uzteak ekarriko dituen ondorioak salatzeko artikuluak idazten–; oraingo argudio nagusia: Klinika –eta, hedaduraz, Nafarroako Unibertsitatea, eta, hedaduraz, Opus Dei– sosa galtzen ari zen akordioarekin; bere langileak artatzen diru gehiago gastatzen zuen, gobernutik jasotzen zuena baino.
Argudio horren aitzinean, amore eman beharko genuke, bistan baita, Jainkoaren Obra pixka bat ezagutzen duen edonorendako, dirua ez dela sekula santan Opus Deiren lehentasuna izan –ironiaren emotikonoa zein den jakinen banu, hementxe paratuko nuke–. Akaso argudio irri-emangarria idurituko zaigu. Hala bada, horrek, Escriva de Balaguerren Bidea liburura garamatza. 388. puntuan, lotsagabetasun sainduaz mintzatzen da Peraltako markesa, lotsagabekeria laikotik bereizteko. “Lotsagabetasun saindua baldin baduzu, zer axola zaizu ‘zer esan duten’ edo ‘zer esango duten’?”, dio 391. puntuan. “Onena egiten duenarentzat ez dago barregarri geratzerik”, 392.an.
Opuseko soldaduen lotsagabetasun sainduaren bertze muturrean, gobernuaren lotsa dugu. Klinikarekin zegoen akordioa bertan behera uztea erabaki teknikoa izan dela erran du Uxue Barkos lehendakariak. Teknokratak modan daude, hipsterrak bezain, eta iduri luke itsusia dela politikari batek erabaki politikoak hartzea. Politizatzea solas desegokia bihurtu da, aztoragarria kasik; gauzak politizatzea gauzak zikintzea bezala da –alta bada, nik, bertzeak bertze, arrazoi politikoengatik egiten dut euskaraz, eta hizkuntza politizatzearen alde nago, hau da, hizkuntza bulkatzeko politika bidezkoa nahi dut; politika, as opposed to alderdikeria, alegia–. Nire ustez, erabaki baten balizko izaera teknikoaren gibelean kukutu beharrean, politika zuzena defendatzen ari garela azaldu eta erakutsi beharko genuke; adibidez, osasun sistema publikoa sustatu eta indartu nahi dugula, guzien berdintasuna bermatzen duelakoan gaudelako –baldin eta, jakina, Geroa Baiko guziek sistema publikoan sinesten badute–.
Teknikoak direla ala politikoak direla, erabaki bat hartzeko dauden motiboak ongi esplikatu behar dira, are gehiago aitzinean Unibertsitate bateko Komunikazio Fakultatea zure ikuspuntua gezurtatzeko artikuluak sortu ahala ari bada. Joan den egunean, Nafar telebistan, gai honen inguruan eztabaidatzen ari zirela, zera erran baitzuen EHBilduko Maiorga Ramirezek: orain artio Klinika unibertsitarioan ibili direnek ez dute itxaron zerrendarik ezagutu, eta ez dago gaizki gainerako nafar guziek bezala sistema publikoaren itxaron zerrendak ezagutu behar izatea. Aipua bezala, nire ondorioa ez da literal-literala, baina ongi ulertu banuen, Ramirezen mezua hauxe zen: denok berdin izorratu behar dugu sistema publikoan –txalo bero bat–; bai, egia da, sistema pribatua hobea da, baina gobernu zital honi esker, sistema publikora joan beharko dute Opuseko langileek –txalo are beroago bat, publikoa zutik jarrita, malkoak begietan–. Tira, arrazoibide distirant hari esker, hobeki ulertu nuen Maiorgak nire baitan pizten duen sentimendu poetikoa, hura ikusi bezain fite Pablo Nerudaren lerro ezagunak etortzen baitzaizkit burura: Me gusta cuando callas, porque estás como ausente…
Airean dagoen kontua da, nolanahi ere: zein da hobea, sistema pribatua edo publikoa? Eta anitzek argi dute, maiz ozenki erraten ez badute ere: pribatua. Erantzuna gezurra izateaz gainera, galdera bera tranpatia da, frankotan hori galdegiten dutenek eginahal guziak egin baitituzte, pribatuak abantaila guziak izan ditzan. Nire iduriko, aise egokiagoa litzateke galdegitea, gure ustez, zeinek funtzionatuko beharko lukeen ahalik eta hobekien. Gure ideologia politikoak ematen digun erantzunaren arabera, erraz justifikatzen ahalko dugu baliabideak sistema pribatutik kendu eta publikora eramateko erabaki politikoa.
[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]
Lotsagabetasun Saindua (Bidea, 388. Puntua) bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.