
Otsoa. Izenaren miseria
Aste honetan flipatu egin dut Arantxa Elizegik Berrian idatzitako albistearekin. Ia, bukatu da, kaput, safi, c´est fini.
Euskal Herriko azken otso taldea hil zuten pasa den larunbatean, Karrantza inguruko mendietan, gure mendebaldean. Bizkaiko Aldundiak baimendu zuen ehiza, eta gainera kuporik jarri gabe, Euskadiko Otso Taldeko Andresa Ilanak jakinarazitakoaren arabera. Ulertzen ez dudana da nola ehizatu daitekeen, kupo edo ez kupo, lau kide besterik ez dauzkan espezie bat. Zeuzkan.
Sabeleko mina jartzen zait. Mistizismorik, hippysmorik eta ostiarik gabe. Ez dut idatziko hurrengo lerroetan ez dugula gehiago ikusiko otsoa arroka batzuen gainean ilargi betea atzean duela uluka, eta ez dakit zer. Dena behar dugu, dena irensten dugu, dena da balizko.
Honen atzean gatazka bat egon da. Abeltzaintzaren bueltan lan egiten duen jendea batetik, eta otsoaren presentzia babesten zutenak bestetik. Zuria: “otsoa mantendu eta zabaldu egin behar da, abeltzain eta ehiztari horiek astapotro batzuk dira eta egin dutena basakeria bat da.” Beltza: “Bilbotik atera ere egiten ez diren sasi ekologista horiek otso bat izango balute etxe bueltan, pare bat aldiz pentsatuko lituzkete gauzak.” Ba niretzat ez da ez zuria eta ez beltza, gris gamaren barruan kokatuko nuke.
Abeltzaintzan segurtasunez aritzeko eskubide osoa dute langileek, eta horrek talka egiten du otsoaren presentziarekin. Ados. Euskal Herrian mendi eta baso eremu zabalak daude, ez zegoen beste aukerarik? Edo Euskal Herritik kanpo bazen ere, okerrenean, ezin ziren erreserba natural batean sartu? Ba ez, hil egin behar izan dituzte Euskal Herrian geneuzkan azkeneko lau otsoak.
Quilmes herria Argentina iparraldean bizi zen komunitatea zen, baina guztiak hil zituzten eta orain garagardo baten izena da; Nafar Erresuma gure estatua zen, eta orain estadio baten izena; otso talde bat genuen, eta orain Otso Talde bakarra kolektibo ekologista bat da.
Izenaren miseria. Kaka zaharra.
Otsoa. Izenen miseria. Euskal Herriko azken otso taldea hil dute.
Otsoa. Izenaren miseria bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.