
Ave Maria Gratia plena
Nire aiton-amonak txikiak zirela, eskolan, erlijioa ematen zuten. Klaseak jasotzeko aukera izan zuten urte laburretan, apaizak eta monjak izan zituzten maisu-maistra; amonak monjak, aitonak apaizak. Erlijioa barreneraino sartu zitzaien urte haietan, izan ere, eskolan gauza gutxi gehiago ikasten zituzten erlijioaz haratago; matematika, idazten eta irakurtzen… Ordutik, igandero-igandero joan dira mezetara nire aiton-amonak, zerbait oso garrantzitsua ez bazuten, hutsik egin gabe.
Nire gurasoek ere, maisu-maistra erlijiosoak izan zituzten batxilerra egiten hasi artean. Ama, monjek maiz zigortu zuten; kalean, denen bistan, naranja-sarea buruan zuela, eta esku bakoitzean lauzpabost liburu, belauniko orduak pasatakoa da. Aita berriz, lehenago irten zen apaiz artetik. Biei, erlijioa barreneraino sartu zieten; bekatua zela eta ez zela nahiko kezka sortuz. Ordutik, igandero-igandero, ekitaldi oso garrantzitsu bat tartean ez bazen, huts egin dute mezetara.
Nik, inoiz ere ez dut heziketa erlijiosorik jaso. Ez nintzen bataiatua izan jaio eta berehala; eta, beranduago, ikaskideak katekesisera joaten zirenean, nik parkean jolasten nuen beste bi lagunekin. Erlijioaz ezer gutxi dakit, eta gurasoen antzera, ezinbestekoa ez bada, ez naiz elizara azaltzen.
Hala ere, bada erlijioaz kezkatzen nauen zerbait. Bat-batean, bi belaunaldiko denboran, erlijioa mutur batetik bestera igaro da. Nire aiton-amonen garaian, lehenago aipatu bezala, erlijioa ze guztiaren ardatz; erlijioa gizartearen oinarri. Gaur, bi belaunaldiren ostean, erlijioa ez da aipatu ere egiten; gainera, guztiz kritikatzen da ikasgeletan. Ikasgelena diot, izan ere, azkenaldian, egoera maiz bizitzen ari naiz. Edozein dela ere ahotan dugu hizketa gaia, bada norbait elizaz gaizki esaka hasteko aprobetxatzen duena. Zoritxarrez edo zorionez, ordea, askotan, kritika hori irakasleak egiten du. Duela belaunaldi bat erlijioa txertatzen zuten irakasleek. Gaur, erlijioaren aurka mintzatzen dira.
Adierazpen askatasuna lau haizetara aldarrikatzen dugu XXI. mende honetan, uste dut (eta nire iritzia da), adierazpen askatasun hori nahiko “postureo” bilakatu dela. Izan ere, edonor sinestuna dela esanez etorriz gero, segituan okertuko dugu kopeta, eta ezberdin tratatuko dugu; auskalo zein mundutatik etorri den alien bat bailitzan. Hori dela eta, adierazpen askatasuna, hain aske ez den gizarte honetan modernoa zarela demostratzeko beste bide bat besterik ez da. Eta gaur, nirekin behintzat, ez du balio.
Honekin guztiarekin, ez naiz erlijioaren alde mintzatzen ari; inolaz ere. Kontziente naiz elizak egin duen min guztiarekin, elizak gauzatutako sarraskiekin… Baina ez dut uste hori sinestunek duten ideologiarekin lotuta doanik. Uste dut pertsona librea dela pentsakera bat izateko; eta uste dut, zoritxarrez, ez bazara zientziaren babesle sutsua, ez zarela onartua. Hori dela eta, pentsamendu aske bat eskatzera nator: benetako adierazpen askatasuna. Munduan pertsona asko gara, eta guztiz normala da denok ados ez egotea, baina ERRESPETUA existitzen den artean, ez dugula zertan arazorik izan behar uste dut.
Nire aiton-amonek, ahal duten neurrian, mezetara joaten jarraituko dute, eta astean zehar, Arantzazukoa entzungo dute irratian. Nire gurasoak, orain artean bezala, beharrezkoa denean soilik joango dira elizara (turismoa egoten ari direnean, berriz, inor baino gehiago). Eta nik, adierazpen askatasuna eta errespetua eskatzen jarraituko dut; benetakoa. Azken batean, izan ere, kristau, ateo, budista, agnostiko edo judutar izan, guk geronek jarritako mugak soilik dira aurrera joatea oztopatzen digutenak.
Ave Maria Gratia plena. Ave Maria Gratia plena
Ave Maria Gratia plena bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.