
Jon Maiaren alde
Baina gaizki diot, ez dut Jon Maiaren alde egin nahi, baizik eta hark Belodromoan egin zuenaren. Hobeto esan, han egin zuena egiteko ukan zuen adore, ausardia, indar eta inspirazioaren. Batez ere, bera haina maite ditudan Santi Leoné eta Hedoi Etxarte lagunek esan dizkiotenen aitzinean.
Aitor dezadan, behin bakarrik eta interneten ikusita idatzi nuela Maiaren poema errezitatuak sortu zidan zirrarari buruzkoa. Uste dut argi geratu zela niri zernolako eragina piztu zidan eta nolako balioa ikusten nion, batez ere zeremonia publikoari berritasuna zekarkion ikuspegitik, eskertzekoa baita poema bat aurkitzea normalean bertso ezinbestekoak aurkitu ohi diren tokian. Horregatik egin zitzaidan harrigarri Leonék halako jipoia ematea nire artikuluaren biharamunean bertan. Oker ninteke, baina berrizaletzat daukat Leoné.
Honek idatzitakoa bai, hau behin eta berriz irakurri dut, gauzak konprenitze aldera, Leonéren asteroko Zuzeuko kolaborazioak urre pipitak izaten baitira niretzat. Baina ez naiz ondorio garbietara iritsi, Iruditzen zait Leonék, nolabait, erabakita zeukala Maiak egiten zuena egin, ez gustatzea. Alegia, zerbaitegatik, okerreko begitik sartuta zeukala zumaiarra. (Agian argigarriak dira Leonék azpimarratutako superpotentzia emozionalaren kontua eta Garan argitaratu zuen artikuluari buruzko aipamena).
Izanak izan, iruditzen zait Leonéren azterketako subjektua ez dela Maiaren Kantu bat gara hura. Badela aurretiko herra modukoren bat edo zerbait, guztiz gogorra baita bere idatzian darabilen tornuia eta, batez ere, bere kritikaren sintesia: ikuskizun nartzisistiko masturbatorioa.
Maiak erabilitako erreferentzia kultural eta historikoak hemendik ehun urtera irakurriko balira, ederki baino hobeto markatuko lukete denbora eta espazio bat. Horregatik idatzi nuen poema edo dena delako artefakto hark eskultura bat zirudiela. Leonérentzat, ostera, ariketa nartzisistiko masturbatorioa. Zergatik ote?
Ez dut asmatuko, baina jira eta buelta ibili naiz gaiarekin, eta iruditzen zait izan daitekeela Maiak egin duen iruditeria proprioaren erabileragatik. Hark poeman sartutako erreferentziak oso geureak dira, kolektiboak bezain intimo eta esklusiboak. Poema hori beste hizkuntza batera itzuliko balitz, eta gu ez besteko publiko bati eskaini, ez leukake ia baliorik, ez bailitzateke ulertu ere egingo. Beste modu batera esanda, geure-geurea da, guztiz geuretzakoa, geu bezala ulerturik geure garaia eta geure kultura bizi izan dugunon multzoa. Erratu egingo naiz, seguru, baina agian horixe iruditu zaio obszenoa eta lizuna Leonéri, berak nahi gabe ere, nolabait esateko, hautatutako autore eta eszena bat ez izan arren, Maiaren poemak zerbait mugitzen diola barruan. Ez dela bere buruaren uste zuen bezain jabe.
Hedoi Etxarteren zutabeak ere biziki harritu nau, batez ere, musikari ere baden norbaiten aldetik datorrelako. Bretch darabil Etxartek bere kritika indartzeko, eta horretan ez dio inork irabaziko gurean, baina, gaizki ulertu ez badut, emozioa sortzea txartzat jotzen du, baldin eta ez bada helburu zehatz bat pertsekatzen. Eta nik galdetzen dut zein helburu (politiko) zehatz ote duten Wagnerrek, demagun, bere musiketan lortzen duten zirrarek.
Egiten duen beste kritiketako bat honakoa da: “30 urtetik beherako zenbatentzat dira erreferentzialak aipatutako kantuak? 40 urtetik beherako zenbat kantariren hitzen aipuak erabili ziren? Arrotxapean, Zabalganan eta ZUPen ulertu da esan nahi zena? “.
Ez dakit Etxartek ba ote duen 30 urtetik beherakorik inguruan, nik bi ditut, 18 eta 17 urtekoak, Baionako ZUP inguruan eskolatutakoak, hain zuzen ere, eta biek ala biek aipatu zidaten poema zirraraz entzun zutela eta hango erreferentziak oso barneko zitzaizkiela… Lehenago mugatu dut Gu hori, eta horren baitan dago gehiago kontua Arrotxapeakoa edo Alkizakoa izatean baino, nire ustez. Esan nahi dut, erein gabekorik ez dela jasotzen ahal. Gainera, parean zeukan publikoari ari zitzaion Maia eta ez han falta zen besteren bati. Harritzen nau Etxartek dioenak, beraz, zain geratuko naiz zutabeak segida nondik dakarren ikusteko.
Sarean Maiari anonimoki jaurti zaizkion kritika eta astakeriei ez diet erreparatu nahi, sinatu gabeko hemen azpiko iruzkinetan agertuko direnei ere kasurik egingo ez diedan bezalaxe, Abbadiak erraten baitzuen gizon bakar bat aski dela harritzar bat ur putzurat botatzeko, gero zazpi behar direla hura handik ateratzeko…
Eta nire beldurrik handienaren aitortza dator hitz hauek bukatzeko tenorean. Penagarria irudituko litzaidake eztabaida eta gaizkiesate honekin guztiarekin Jon Maia ezintzea eragingo bagenu. Hark erakutsi duen adorea kiskaltzea ekarriko balu… Erregu egiten diot ez koldartzeko, minak min eta zalantzak zalantza, berritzeko oldarrik ez galtzeko sekula, erakutsitako trebeziari tinko oratzeko…
Ekarria behar dugu Gu horren baitan, urre pipitak ugari, Kantu bat garak biltzen zituen bezainbeste, eta Maia da sortu eta ekar ditzakeenetako bat. Etxarte eta Leoné bezala.
Jon Maiaren alde
Jon Maiaren alde bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.