
Aroztegiko Fantasiak Guardasola Eta Josteko Makina Juntatu Zituenekoa
Tesia egiten ari nintzelarik, Jaime Ignacio del Burgo politikari navarrista eta intelektualki gogaikarriarekin egin nuen amets, ez dakit behin edo bitan edo are hirutan ere –nik behin izan zela pentsatu nahi dut, baina akaso nire burmuineko mekanismoren batek amets bakarrera murriztu nahi izan du esperientzia traumatiko hura–; duela guti, berriz, itzultzaile interesgarri eta intelektualki sofistikatu batekin egin nuen amets. Bi ametsetarik batean, gainera, musuak ere izan ziren –bai, mingain eta guzi–, baina irakurleen esku utziko dut erabakitzea zeinetan izan zen, Del Burgoren ametsean edo itzultzailearenean –segun infernua edo paradisua opa didaten–. Irakaspena da ametsa lurralde arraroa dela, zaila baita imajinatzea bertzenaz non elkartzen ahalko ziren bi pertsonaia horiek, nire ametsen edo fantasien euskarri onirikoan ez balitz.
Nafarroako gobernuak ere fantasia izan du Baztanen, Aroztegiko proiektuarekin. Proiektua lehenagoko gobernutik heldu da, baina Geroa Bairen babesa ere badu, eta helburua da –labur azalduta– Lekarozko Aroztegia jauregia berritu eta hotel bihurtzea, golf zelai bat eta golf eskola bat egitea, eta 226 etxeko urbanizazio bat eraikitzea: etxe guziak beteko balira, biztanle berrien kopurua Lekarozko gaurko biztanleriarena baino bi aldiz handiagoa litzateke. Lekarozen, kontsulta bat egin nahiko lukete gaiaren inguruan, baina proiektua babesten dutenek diote ez dela behar, Baztango udaleko alderdi gehienak proiektuaren alde agertu baitira.
Argia aldizkarian, Asisko Urmenetak marrazki bat egin zuen Aroztegian egin nahi denaren inguruan: mezua zen –berriz ere labur azalduta– proiektuak euskararen galera ekarriko lukeela –edo, bederen, horren ondorioz euskararen egoerak okerrera eginen lukeela– gaur egun euskara bizi-bizirik dagoen eremu batean. Marrazki hori aitzakia hartuta, Koldo Martinez Geroa Baiko bozeramaileak “erreserbak” ekarri zituen gogora, AEBko indioendako eginak dauden erreserbak alegia: “Ongi dakigu, bai, zer gertatzen den erreserbetan. Hori bada Aroztegiaren kontra daukaten arrazoi bat… PENAGARRIA!” bota zuen Twitterren. Alta, zerbaitek Lekaroz erreserba bihurtzekotan, proiektua bihurtuko luke, segur aski euskara bera, mendiekin eta baztanzopekin batera, turistendako apaingarri bilakatuko bailitzateke.
Ongi dakigu, bai, zer gertatzen den erreserbetan. Hau ba da Aroztegiaren kontra daukaten arrazoi bat… PENAGARRIA! pic.twitter.com/pqfKe9Wh6p
— Koldo Martínez (@komaur) 2016(e)ko martxoak 13
Niri Asiskoren marrazki hori ez zait bereziki gustatu, ez zait sobera fina iduritu, baina haren kezka ulertu ez ezik, konpartitu ere egiten dut, eta, Aroztegian egin nahi dutena baloratzeko tenorean, ez dut ulertzen zergatik ez den kontuan hartzen ahal proiektuaren balizko eragin linguistikoa ere. Alde horretarik, atentzioa eman dit Martinezek “arrazoi bat” erran izanak, eta ez “arrazoi bakarra” –zeren, bakarra balitz, ez dakit penagarria litzatekeen, baina bai akaso eskas samarra–. Naski Asiskoren marrazkian gustatu ez zaidana da Lekarozko biztanleak gure kezka linguistikoaren objektu bihurtzen dituela; horregatik –eta Geroa Baiko bozeramaileak bertzelako arrazoiak eskatzen dituenez–, nik bertze motibo hau proposatuko dut, beharbada larriagoa dena: subjektu gisa ere, herritar gisa ere, Lekarozko biztanleak baztertuak izan dira; hau da, proiektua haren eragina sufrituko dutenen borondatearen gainetik egin nahi da, lekaroztarrei ukatu egin baitzaie haren inguruko kontsulta bat egiteko aukera. Eta hori bai penagarria da erabakitzeko eskubidea defendatzen duen alderdi batetik etorrita. Baztango udalean alderdi gehienak Aroztegiaren alde daudela aipatzea ez da aski; hori, nire ustez, ordezkapena erabiltzea baita erabaki gatazkatsu batean jendearen borondatea saihesteko. Kontsultak, halere, atzerrian –Kanadan, Katalunian, Eskozian, ausaz hiru toki aipatze aldera– bizi diren lehengusuak bezalakoak dira: gustuko dugu tartean behin haien postal bat jasotzea, baina bisitan etortzen direlarik, hori nekea!
Aroztegiko afera honen harira, bat-batean bururatu zait akaso Asiskoren marrazkia Imanol Galfarsoro filosofoak buruan duen euskalgintzaren adibidea izan litekeela. Galfarsorok euskalgintzari euskararen inguruko kezka bakarrarekin “eroso” –nolabait errateko– bizi izana leporatzen dio, bai eta fantasia “komunitario indigenista” batean bizitzea ere. Nik erreserbako jendea –Koldo Martinezen solasa erabiltzeagatik– ezagutu dut; edo, nahiago bada, gure fantasia indigenistan benetakotasunaren ikur –Galfarsororen hiztegi kritikoa baliatzeagatik– izan litezkeen batzuekin harremana izan dut; edo, errazago adierazita, Baztango baserritar batzuekin solas egiteko parada izan dut, eta zenbaiten kasuan arrunt deigarria egin zitzaidan ez zirela gauza mundua euskaraz imajinatzeko: baserriko hiztegia sakratua zen, baina hortik kanpo erdara hasten zen, baita narrazioetan ere, baita haur bati gauzak esplikatzeko tenorean ere –zazi tailerrera / panaderiara / pelukerira eta erran: quiero…–. Hobeki moldatzen ziren euskaraz, erdaraz baino, baina, euskararen egoera batere histerizatu gabe, arrunt onartua eta arrunt barneratua zuten euskarak ez duela balio mundua pentsatzeko –are gutiago, mundua aldatzeko–.
Euskalgintzan dabiltzan anitzen praktika –ez nahitaez guziena, euskalgintza toki zabala baita– mundua euskaraz imajinatzea da; euskara ez da duten kezka bakarra –baina bai kezka zilegia–; ez da diferentzia baten adierazpena –egun on erraten dutelarik egun on erran nahi dute, ez dute goizeko lehen ordutik beren euskalduntasun esentziala azpimarratu nahi–; eta beren nortasunaren tipularen erdi-erdian ez da ez Cromagnon bat, ez indio bat, ez indigena bat –pentsalari batzuek zernahi erranda ere–. Horregatik, hain zuzen ere euskaraz bizitzea hautu zibikoa izan delako, mingarria da –eta aspergarria– euskara tartean den aldioro, “erreserba” edo “indigenismoa” mahai gainean jartzea.
Nolanahi ere, surrealisten disekzio mahaian guardasola eta josteko makina juntatzen ziren bezala, edo nire ametsetan Jaime Ignacio del Burgo eta itzultzaile xarmagarria agertzen zaizkidan bezala, polita da Lekarozko erreserbaren fantasia indigenistaren eremu onirikoan politikari moderatua eta filosofo erradikala elkartzen ahalko liratekeela pentsatzea: ustezko diferentzia biendako baita oztopo –batendako, kapitalismoaren aurrerabidean; bertzearendako, kapitalismoaren kontrako borrokan–. Akaso horrek zer pentsatua eman beharko lioke baten bati.
[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]
Aroztegiko Fantasiak Guardasola Eta Josteko Makina Juntatu Zituenekoa
Aroztegiko Fantasiak Guardasola Eta Josteko Makina Juntatu Zituenekoa bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.