
Euskararen alde, derrigor
Euskararen gaurko egoera ez da beti honelakoa izan; ezagutzen dugun moduan, batik bat azken belaunaldietan gauzatu da, eta oraintxe bertan ere gauzatzen ari da. Ez da berez eta naturalki gertatua; inposizioz, zigor bidez, bortxaz eta legearen makila eskuan honetaratu gaituzte.
Ez badugu aitortu nahi ere, gure hizkuntza gainbehera doa, eta, euskaldun askok barru-barruan sentitzen dugun eran, honela segitzera belaunaldi gutxi batzuetan galduko da. Horregatik, harrigarria da ikustea nola hain gutxi –eta hain aho txikiarekin– ausartzen den esatera gero eta gehiagok pentsatzen duguna: Euskara ez baldin badugu egiten derrigorrezko –nahitaezko, baitezpadako, obligaziozko–, hil egingo da; euskaldunen milaka urteko ibilaldia amaituko da azkenean, nahiz eta Euskadik Espainiaren puntan-puntan jarraituko duen I+G eta beste hainbat arlotan. Bien bitartean, Euskaraz bizi nahi dugunok kondenatuta gaude indignoki bizitzera, gutxiesten zaigularik, iseka eta irain egiten zaigularik, aurpegiratzen zaigularik ez dugula errespetatzen, inposatu nahi dugula, norengandik eta Espainiako Konstituzioaren abaroan elebakar jarraitzeko eskubidea bermatuta daukatenengandik, nahiz eta gure hizkuntzaren lepotik izan.
Horiek horrela, auzia argi eta garbi azaldu behar zaie: Euskararen alde zaude? Euskarak bizirik irautea nahi duzu? Normalizazioaren aldekoa zara? Orduan, Euskara legez derrigortu behar da. Eta horretarako hainbat neurri drastiko hartu behar dira: hezkuntza guztia D ereduan izatea; merkaturatzen diren gauza guztietan (hedabideak, liburuak, filmak, etiketak…) Euskarak legez bermatuta edukitzea gutxienez %50eko kuota; heldu eta etorkinentzako euskalduntze programa doako eta eraginkorrak abiatzea; eta abar.
Badakigu Euskal Herriko pertsona askok, politikari gehienek, Espainiako legeek, eta merkatuak ez dutela horrelakorik nahi, haien interesen kontrakoa delako. Haien interesak, beraz, gure bizirautearen kontra doaz. Biziraupena baita kontua, ez sedukzioa. Gutxienez euskaldunok ados jarriko bagina, gauzak garbi esan ahalko genieke elebakarrei, eta alderdi bat aukeratzera bultzatu. Euskararen alde zaude? Orduan fifty-fifty egingo dugu?
Euskararen alde, derrigor
Euskararen alde, derrigor bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.