
Lakaxita
Ze kuriosoa. Ze enpeinua jartzen duten PSOE eta EAJ-ko udaletxeek beren proiektuak, beren hirigintza egitasmoak beti, beti, beti, gaztetxe baten gainean jartzeko. Kukutza botatzeko zer nolako presak, orain hutsune ikaragarri handi bat izateko Errekalden, besterik ez.
Irungo Lakaxita bota nahi du bertako udalbatzarraren gehiengoak, P(SO)E-P(N)V gidaritzapean. 62.000 biztanle dauzkan hiri bateko gazteek daukaten gune autogestionatua da, pertsona eta eragile ugariren zerbitzura, borroka eta sorkuntza ezberdinen bozgoragailu. Nire kasuan, adibidez, ez balitz Lakaxitarengatik ez nuen sekula Kasernarat taldea entzungo, ez eta Eneritz Furyaken ahots berezia; edota bertso-sex gau bat. Hori ni Irungoa izan gabe, pentsa zenbait gauza konta ditzakeen bertako batek.
Lakaxita mugan dago, Irunen mundua beste modu batean begiratzen dutenentzat mugarria da, eta mugak jarri nahi dizkiote bere helmugara iritsi ez dadin.
Esan nahiko nuke udalaren erabakia zentzugabea eta ez dakit nik zer gehiago dela, baina ez zait horrela iruditzen. Badakite zertan ari diren. Lakaxitako gune autogestionatuan auzitan jartzen dira estatua, eliza, patriarkatua eta kapitala (besteak beste); hots, Irungo udaletxea.
Ez dut pentsatu nahi unea iritsiko denik, baina hondeamakinak iritsiz gero, badakigu nola erantzun: pin pan, tori Lakaxitak! Pluralean, bertan dagoen indarra eta energia norabait kanalizatuko delako, alferrik ari dira.
Zertarako Lakaxita bota, eta lorategi bat jartzeko. Oso paradoxikoa iruditzen zait udaberria lorategiekin gelditzen saiatzea; burutik jota daude erromatar hauek.
Lakaxita