
Mendi erdaldunak
Unibertsitaterako bidea egiten dut egunero. Gernikatik Leioako EHUra. Muxika zeharkatzean ezin dut saihestu bide bazterreko eukalipto eta pinuen kopuru izugarriak amorrua ematea. Intsigniak eta eukaliptoak, hemendik kanpoko bi zuhaitz. Honek ez luke diskriminaziorako arrazoia izan behar, historian zehar eskertzekoa izan delako kanpoko landareen sarrera. Sagarrondoa eta artoa behin gurean kanpotarrak izan zirela gogoratu beharko genuke noizean behin.
Bertoko landaredia kaltetzen dute asko eta hortik dator nire sumina. Erletxe inguruko mendiak ere zuhaitz madarikatuez daude leporaino. Aski da pinudi baten lurrari begiratzea han hazten diren sastraka gorrixkek beste ezer ateratzen uzten ez dutela jakiteko. Txorierria gurutzatzen dut eta Leioara heltzean amorru are gehiago ematen dit kanpus sarreran eukalipto garaiak ikusteak. Hauek behintzat nahiko zainduta daude.
Oso ondo moldatu diren arbolak dira, ikaragarri arin hazi eta orain dela gutxira arte errentagarritasun handia izan dutenak. Baina aspaldi geratu zen atzean pinudi edo eukalipto plantazio batek aberastasuna ekar zezakeen garaia. “Urre berde” hori iraganekoa da.
Ispasterko gizon batek ekarri zuen intsignia Kaliforniatik Euskal Herrira XIX. mendearen erdialdean. Aukera ikusi eta gero, Bizkaia eta Gipuzkoa osoan zabaldu zuten bere ondorengoek, hemengo industria egurraren salmentan oinarritu behar zelakoan. Garai hartan ez ziren jabetuko bertoko landarediari, animaliei eta oro har biodibertsitateari egiten zieten kalteaz.
Zuhaitz hauek espekulazioa bultzatu dute urteetan zehar, norberaren irabazia eta ez komunitatearena edo ingurukoena. Eukaliptoak, alegia, ondoko lurrak lehortzen ditu, oso trebea baita ura xurgatzen. Izan ere, eskualdeko ur partzuergoaren arabera, eukaliptoak landatzen direnetik %50 jaitsi da lur azpiko ur-hornidura.
Salbatore Mitxelenak agur esan zien betirako lehen mendiak apaintzen zituzten zuhaitzei, lizar, pago eta haritzei, besteak beste. “Pinu beltz arrotza” sartu zenetik mendiak erdaraz zebiltzala zioen bere olerkian. Ni ez naiz bere ikuspuntu ezkorrekoa. Oraindik aldaketarako sasoiz gabiltzala uste dut. Pinuak eta eukaliptoak murriztu behar ditugu gure mendi eta larretatik eta hemengo ekosistemarako onuragarriak diren arbolak landatu. Honetarako, baina, denok hartu behar dugu konpromisoa: aldundiek, udaletxeek, gizarteak eta, batez ere, norbanakoek.
Mendi erdaldunak
Mendi erdaldunak bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.