Quantcast
Channel: ZUZEU
Viewing all articles
Browse latest Browse all 19589

Museoan mozkor

$
0
0
Mozkor

Museoan mozkor

Louvre museoa handiegia da egun batean bisitatzeko. Ondare oparoa du eta askotarikoa: formatu ugariko artelanak daude ikusgai (pintura, eskultura…) eta munduko txoko guztietakoak (Italia, Babilonia, Egipto…). Bisitariak artez hordi bukatzen du eta arratsaldeko seietan nekez bereizten genituen koloreak eta formak. Irteeraren bila genbiltzan zoro moduan. Bazirudien diskoteka ilun batean geundela.

Goizean goiz joatea deliberatu genuen, jende gutxiago egongo zelakoan. Oker ginen. Nabarmena da museoen turismo kontsumista bat dagoela koadro bakoitzari bi minutu eskas eskaintzen dizkiona (argazkia mekanikoki ateratzeko beste). Turismo mota honek Gioconda eta obra ospetsuetan jartzen du fokua (ikusgarriak ziren berau ikusteko ilarak) eta beste artelanak begi-zeharka begiratzen ditu. Hura ikusi nuenean puska ospetsuez osaturiko kultura eraikitzen ari ote garen pentsatu nuen. Fresko nengoen oraindik, irudimentsu, eta koadroek neure ideiak zabaltzen zituzten.

Museoan mozkorArtelanak ikusi ahala, ohartu nintzen oso gutxi dakidala pinturaz. Lagunari ahapeka aitortu nion eta neure burua desenkusatzeko esan nion Louvreko koadro bat aipatu beharko banu, Delacroixren La liberté guidant le peuple hartuko nukeela. Eskolan eman genuela eta zuzenean ikusteak inpresionatu ninduela; ziur nengoela eskolan ikasi izanak eragin zidala koadroaren ezaugarriak ulertzen eta baloratzen lagundu zidalako (garaia, testuingurua, artistaren asmoa…). Lagunak erantzun zidan klasean nirekin egona zela eta ea ez nintzen gogoratzen. Bada, une hartan ez.

Neure buruan ideiak borbor zeuden eta agerkunde bat ere bizi izan nuen: artea baloratzeko ulertu behar da. Arnasa sakon hartu nuen eta, kea asmatu banu bezala, hura azaltzeari ekin nion: badirudi guztiok irakurtzen dakigunez edonor dela artikulu edo liburu on bat kritikatzeko kapaza. Zinemarekin eta pinturarekin antzera gertatzen da eta forma arruntetik ihes egiten duena barregarritzat jo ohi dute, edonork erraz sor dezakelakoanOker dira, ez dira ohartzen kazetaritza, literatura, pintura edo zinema kritikatzeko formazioa beharrezkoa dela eta sortzeko, zer esanik ez, formazioa eta talentua. Aspalditik gordea nuen gogoeta eta deblauki bota nuen.

Museoan mozkorAurrerantzean gertatutakoa nahiko lanbrotuta dago. Badakit Venus Milokoa estatua famatua aurkitzeko hamaika buelta eman genituela eta hura ikustean honezkero ikusia genuela ohartu ginela. Uste dut gero Molière eta Voltaireren estatuekin argazkiak atera genituela baina ez daukat oso garbi ordurako burua bueltaka nuelako eta ez nintzen eskultura eta potin bat bereizteko gai. Irteeraren bila hainbat buelta alderrai eman ondoren, museotik ia tatarrez atera ginen eta lepotik elkar hartuta paseo bat eman genuen atxurra arintzeko.

.

Argazkiak: Mozkorraren argazkia hemendik atera dut, Delacroixren koadroarena hemendik eta Louvrerena hemendik.

Museoan mozkor

Museoan mozkor bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.


Viewing all articles
Browse latest Browse all 19589

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik



<script src="https://jsc.adskeeper.com/r/s/rssing.com.1596347.js" async> </script>