
Txoministak, euskarazko web-seriea
Euskal seriegintza denen ahotan dabil aspaldi. Goenkale telesail mitikoa bukatu ostean etorri da Eskamak kentzen, esku zabalik hartu dute batzuk eta errezeloz besteek; baina oraindik badirudi jendea gehiagoren zain dagoela. Hiru Damatxo ideia faktoriako lagunek asmo berriak dituztela azaldu dute: “Tabernazulo, bazkari-buelta, ile-apaindegi eta bizilagun asanblada guztietan aldarrikatu dugu sendotasunez ikus-entzunezko euskal fikzioa urria dela; usaina falta zaiola; ez diola heltzen gaur egungo errealitateari; dena dagoela egiteko…Eta hainbeste belarri berotu ostean, behingoagatik gure alea jartzea erabaki dugu”.
Txoministak izeneko web-serie bat izango dugu laster ikusgai geure pantailetan; eta Euskal Herria definitiboki askatzera doan izen bereko alderdia izango du protagonista. Gaurkotasun gaiak jorratuko dituzte bertan, eta tonua ikusita badirudi nahiko umoretsua izango dela.
Hamalau laguneko taldea dabil lanean web-serie maiatzerako ikusgai egon dadin. Aktore nagusiak: Naroa Mikelarena, Jon Ander Alonso, Edurne Azkarate eta Eñaut Gantxegik. Gainerako kontuetan arduratuko den lan taldea: Eneritz Arzallus, Peru Isasi, Beñat Iturriotz, Ane Lusarreta, Mikel Fernandez, Mikel Roman, Laida Zabala, Unai Gaztelumendi, Kepa Matxain eta Lander Arretxea.
Lehenengo kapitulua baino ez dute grabatu oraingoz, baina zer esango dizuet, ni jadanik ikusteko desiratzen nago!
Txoministak, euskarazko web-seriea
Txoministak, euskarazko web-seriea bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.