
Hiztegi mental justuago baten bila
Badaude kontzeptu eta esapide berezi batzuk pertsonaren/hedabidearen… arabera esanahi bat edo beste dutenak, eta askotan, esanahi desberdinak izateak nahasmen larriak sortzen ditu (nahita bilatuak askotan), geure inkontzientziarentzat elikagarri direnak. Idatzi honetan nire ustez halako bost ikusiko ditugu, azken urte hauetan horrela bizi eta jaso izan baititut.
Lehenengo, hauek nola eta zertarako erabilita ikusi ditudan aipatuko dut, eta gero nik nire hiztegi mentalean zein definizio ematen diedan adieraziko.
Hauek dira: eremu euskaldun; eremu ez-euskaldun; arraro; biolentzia eta autodefentsa.
Eremu euskaldun nagusiki zera adierazteko entzun izan dut (Euskararen Legearen erruz Nafarroa Garaiko ipar-erdialdeko eremu euskalduna alde batera utzita, noski): euskalkidun eremuak. Esanahi honekin euskalkidunen hegoa ezin gorago geratzen da, euskalkiek euskaldunago egiten baitituzte pertsonak nonbait. Lehenago honek zentzua izan zezakeen, euskalkirik gabeko eremuetan euskara “galdu” egin baitzen denbora batez. Baina egun ez diot zentzurik ikusten, eta historia aldatzen den moduan, terminologia ere aldatu beharra dago. Horregatik ez zait gustatzen esanahi honekin erabiltzea eremu euskaldun egun.
Beraz, eremu ez-euskaldun euskalkirik gabeko eremuak adierazteko entzun izan dut batez ere (berriro diot, badaezpada, Nafarroa Garaikoa, kasu honetan hegoaldea, albo batera utzirik). Euskalkidunak ez direnak erdaldunak direla-edo esaten duen esanahia.
Arraro terminoa zoro multzo batekin lotua entzun izan dut.
Arraroari desberdin izate hutsagatik desberdin begiratu beharra zaio, hori esan nahi du arraro hitzak, desberdin begiratu eta onartu (baldin eta onartzen bada) beharra. Arraroak ez luke arraro izan behar baldin eta normal (jaio) balitz, alegia, akatsik edo okerrik ez balu.
Biolentzia: Boterearen interesen kontra doan indar fisikoaren erabilera (“kalteak” eta “biktimak” sortzen dituena).
Autodefentsa: “Zoratuta” dagoen jende horren erasoen kontra erabiltzen diren erantzunak, edo kirolen bateko mugimenduren bat… Eta azken aldi honetan feministek esaten duten zera bat (ari naiz nola jaso izan dudan nik kontzeptua).
Nik, nire hiztegi mental idealean, horrela irudikatzen ditut kontzeptu eta esapideok:
. Eremu euskaldun: Euskararen ezagutza eta erabilera “handia” (%50etik gora egungo EHko egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta) duen Euskal Herriko zonalde/herria (gehi Nafarroa Garaiko eremua).
. Eremu ez-euskaldun: Aurrekoaren logika jarraituz… : euskararen ezagutza eta erabilera “txikia” (%50etik behera egungo EHko egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta) duen Euskal Herriko zonalde/herria (gehi Nafarroa Garaiko eremua).
Dena dela, posiblea da ere esanahi hauetarako eremu euskaldunenak eta eremu erdaldunenak esapideak erabiltzea. Eta eremu ez-euskaldun euskara “guztiz” (hiztunen bat egon daiteke hortik) galdu den tokiak adierazteko.
. Arraro: Hiztegi mentaletik ateratzen ari naiz, eta beste hau sartzen horren ordez: ez-ohiko.
. Biolentzia: Jatorriz defendatzeko asmoz egiten ez diren eta beraz negozioei/interesei… begira egiten diren ekimen/eraso/jazarpen/eskubide urraketa… mingarri, kaltegarri edota hilgarriak.
. Autodefentsa: Aurrekoarengandik (biolentzia) defendatzeko dauden erreakzio eta erantzun posible guztiak.
Zeintzuk sartuko zenituzkete zuek hiztegi mental justuago batean? Eta beraz, zeintzuk aterako zenituzkete “lokatsetatik”?
Hiztegi mental justuago baten bila / Hiztegi mental justuago baten bila
Hiztegi mental justuago baten bila bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.