
Manifestu katolizista
Berez ez naiz erlijio katolikoak euskal gizartea estuki baldintzatua zeukan belaunaldikoa, monjen eta fraideen kaskatekoen menean koskortutakoa. 80.hamarkadako erdialdetik aurrera jaiotakook ez ditugu erlijiioaren hatzaparrak hurbilegitik nozitu izan, zorionez. Batailatuta, bai, banago, ordea, baita jauna hartuta ere; kontuok sozialki ondo ikusita zeudeneko sasoikoa bainaiz. Ditxosozko ospakizun elizkoiak burutzeko arrazoiak hutsaletan hutsalenak baziren ere: opariak jasotzeko, klaseko guztiek egiten zutelako, zure nebak edo arrebak egin zuelako eta abar; jaunartzea eta baitailatzea ohiko sozializazio gertakizunak ziren garai haietan.
Anartean, erlijio katolikoari etekin baliagarria ateratzeko hartu dudan zeregin honetan are gehiago indartu zidan aldartea Arnaldo Otegik, belodromoan erlijioaren oinarrizko teoriekin txolinduta zegoela aitortu zuenean. Belodromoko orgasmo kolektibo sonatu hartan sorginduta nengoelako, beharbada, Otegiren mintzaira hark demaseko liluraz erasan ninduen. Eta orduan gogoratu nintzen aspaldiko partez: askatsunaren teologiaz, karitas-en lanaz edota behartsuenei eskeinitako laguntzaz.
Ez al da Europa erlijio katolikoan oinarritutako gizartea?
Egiazki, zaila da antzematea zenbateraino erlijioak gidatzen duen bizi dugun mendebaldeko gizarte hau. Askotan norbanakoak, jakinaren gainean egon gabe ere erlijio katolikoan zedarritutako bizimodua darama. Halere, badaude begibistakoak diren zenbait gizarte eragile erlijioari atxikiak: alderdi politikoak, esaterako; Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ) Euskal Herrian, ez baititu kasualitatez jainkoa eta lege zaharra aldarrikatzen; Espainian PP alderdia dago, ministro fededun aitortuak ditu; Alemaniako kantzilerraren, Angela Merkel-en, alderdi politikoa kristaua da. Eta beste kasu batzuk gehiago ere badaude, Italian, Austrian eta abar.
Halere, erlijioaren itzala horren hanpatua izanik gurean; ia ez ohartzeraino batzuetan, eta hain begibistakoa besteetan: argi dagoena da erlijio katolikoa gehien goresten dutenak direla beronen mandatuak gutxien betetzen dituztenak. Batzuetarako hainbestetan darabilten balizko erlijio katolikoaren onurak benetan beteko balituzte, ondoko ebangelioaren esana hertsiki beteko lukete: “Jainkoaren izpiritua nere baitan dago eta bere nahia da behartsuenekiko arreta lehenestea eta bahitutako preso oro askatzea” (Lucas 4.18). Ezta hurrik eman ere, ordea.
Eredurik azpimarragarriena egunotan ari gara nozitzen, Siriatik eta inguruetatik ihesean dabiltzan errefuxiatuei trabak bata bestearen atzetik jartzen baitzaizkie Europako aginte guneetatik. Bai, katolikoak omen diren sektore horiek dira errefuxiatuekiko errefuxa gordinena adierazten dutenak; kontrakoa behar lukenean.
Antzekoa gertatzen da lapurretaren asuntuarekin. Zazpigarren mandamendtuak dio ezin dela inorena den ezer eskuratu bere gogoaren kontra; hots; ez duzu ohostuko. Honetan ere alderdi katolikoak dira jainkoaren hitza zabaltzeko aitzakiarik ez dutenak, baina betetzeko tenorean aitzakia frango darabiltenak: korrupzio kasuak, Panamako paperak eta abar. Lapurretan aritzeko aukerak probesten lehenak dira; kontrakoa behar lukenean.
Erlijio katolikoa arnasten dugun airea bezain presentea zaigu egunerokoan. Berau betetzeko agindua, berriz, herritar xumeak du soilik. Goi agintariek, Europako goi kargudun askok, herritarrari betebeharra igorri bai, baina sekula obeditu ez. Norabide horretan doakigu Europa malapartatu hau. Erlijioaren izenean asmo onak eta gizatiarrak zabaltzea bezain garrantzitsua da berauok betetzea. Justu kontrakoa ari dira gertatzen. Egikaritu ditzatela, behingoz, behartsuak lagunduko dituztela eta ohostuko ez dutela dioten ebangelioaren aginduak.
Manifestu katolizista / Manifestu katolizista
Manifestu katolizista! bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.