
Ezker abertzalean (ere) have a problem… euskararekin?
Beste erakunde batzuetan bezalatsu, ezker abertzalean bi arima daudela iruditu zait beti: euskaltzaleena eta erdaltzaleena, alegia. Euskaraz bizitzeko ahalegina egiten dutenena, eta “euskaltzale” pasiboena eta euskaraz paso egiten dutenena (urteurrenetan ez bada: Korrika, Herri-urrats eta abar).
Agintarietan ere ikusten dira joera bi horiek. Batzuk euskaltzale praktikanteak dira, eta beste batzuk (gehienak beharbada?) euskaltzale “teorikoak”, izatekotan.
Hedabideetara begira jarrita, bi arima horien isla lirateke Gara alde batetik, eta Berria eta Argia bestetik. Ez da soilik Gara oso nagusiki gazteleraz argitaratzen dela, Berria eta Argia hedabide euskaldunak diren bitartean. Horrez gain, batean edo besteetan euskarari buruz jarduteko garaian, trataerak oso ezberdinak izan ohi dira.
Hedabide euskaldunei dagokionez, nire ustez Argiak ematen dio euskararen gaiari trataerarik landuena eta txukunena. Berriak ere oso trataera txukuna ematen dio ia beti.
Erdarazko hedabidea, Gara, noraezean dabil euskararekin, ostera. Ez daki gure hizkuntzarekin zer egin edo norainoko lekua eman, eta ez dauka gure hizkuntzarekiko irizpide landu bat, nire ustez. Tarteka irizpide oso eztabaidagarriak erabiltzen ditu, eta noiz behinka ikaratzeko moduko iritziei ematen die hauspo, “identidad lingüística” artikuluarekin gertatu bezala.
Egunotan eman da ezagutzera Arnaldo Otegiren aholkulari taldea ere.
Hautaketa esanguratsua iruditu zait beste behin, hautatutako adituengatik bainoago, hautatu ez direnengatik.
Askotariko gaietan adituak daude aholkularien artean: kazetari (katalan) bat, idazle bat, administrazio publikoan aditu bat, ekonomia irakasle bat, abokatu bat, elikadura burujabetzan aditu bat, ingurumen ekonomilari bat, ingeniari informatiko bat, feminismoan aditu bat… eta kitto.
Futbolariren bat baino ez da falta… Ah! Eta euskalgintzako adituren bat ere bai, arraioa!
Nago, Podemosekoak zuloaz jabetu eta euskaltzale ezagunen bat fitxatzeko aukera baliatuko balute, beste arrakala bat egingo lioketela EHBilduren txalupari…
Ezker abertzalean (ere) have a problem… euskararekin?
Ezker abertzalean (ere) have a problem… euskararekin? bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.