
hezkuntza
Mikel Garcia kazetariak kontatu digu aste honetan bertan Argia aldizkarian: Lege proiektu baten baitan, gurasoen autoritateari lotutako zehaztapena onartu berri du Frantziako Asanblea Nazionalak: “Baztertuta geratzen dira [seme-alabenganako] tratu krudel, iraingarri edo umiliagarriak, zigor fisikoaren erabilera barne”.
Garcia berak aipatzen du bere idatzian eztabaida honen esentzia: biolentziak biolentzia gehiago sortzen duela argudiatzen dute aldekoek, baina betidanik entzun dugu garaiz emandako belarrondoko batek gauza asko konpon ditzakeela.
Gaia atera nuen lagunartean, eta gutako inork ez du sekula jipoirik jaso etxean; baina ipurdiko eta belarrondoak bai, ugari, eta nik nire aldetik bizitakoa aintzat hartuta ene iritzia mahai gainean jartzera animatu naiz. Asmoa eztabaida sano bat piztea da, eta hein berean garbi utzi nahi dut ez daukadala iritzi irmorik gai honen inguruan, zuen ekarpenek beharbada nire ikuspegia aldatu dezakete.
Esan bezela, ipurdiko eta belarrondokoak jasotakoa naiz, umetan; ez dut uste nerabezarotik aitzin bakar bat eman didatenik. Ez zen maiz gertatzen horrelakorik, eta ondorioz, goiko edo beheko masaila berotzen zidatenean banekien zerbait larria egin nuela. Ez daukat inongo amorrurik barnean nire gurasoekiko, ezta gutxiagorik ere. Psikologo batek ni baino autoritate gehiagoz argudiatu ahalko luke, baina jakin badakigu besteei min egiten gozatzen duen jende askok tratu txarrak pairatu zituela etxean haurtzaroan. Baina gauza bat jipoiak dira, eta beste bat ipurdiko bat.
Nere uste apalean, ume batzuk gaina hartzen die gurasoei. Denok bizi izan dugu behin edo behin eremu publikoren batean sekulako kasketa merkea hartuta iskanbila egiten ari den umea, denboratan isildu ere egin gabe aritu daitekeena. Erosi hau, ekarri bestea, ez dut nahi, nahi dut … Egoera horietan guraso eta umeen artean botere harreman bat ezarri behar dela iruditzen zait, eta muturreko egoeretan, beharda, agian, apika, akaso, baliteke belarrondoko bat soberan ez egotea. Guk jaso ditugu, gure gurasoek ere, eta ez zait iruditzen psikopata batzuk bihurtu garenik.
Honakoa zioen Garciak bere idatzian: “orokorrean, adostasunak zabala dirudi, haurra jotzea ez da zilegi. Konfiantza giroan, ordea, garaiz emandako belarrondokoa ez dela gaizki etortzen entzuten da sarri, eta kalean ere joera hori ikusten da batzuetan”. Konfiatzan beraz, nire iritzia garbi adieraziko dizuet: egoera batzuetan beharrezkoa dela iruditzen zait.
Espero dut inor ez mindu izana idatzi honengatik. Esan bezala, ez naiz aditua, eta gai honen inguruan daukadan irudipena zuekin konpartitzera mugatu naiz soilik. Guztiz zabalik nago kritikak jasotzeko, eta arestian aitortu bezala, baita iritziz aldatzeko ere norbaitek konbentzitzen banau.
hezkuntza
Ipurdikoak eta belarrondokoak, ilegalak? (hezkuntza) bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.