
Normala ere bada hainbeste etorkinen oldearekin barruak dantzan jartzea. Irudien indarrak bizi gaituen honetan, nola egin ihes izugarrikeriari, gure berdinak diren pertsonetan geure buruak, lagunak eta ahaideak ikusteari? Eta ez bakarrik Jon Juaristik ABCn dioenagatik : “a los europeos les despiertan sentimientos de culpa que deben eliminar cuanto antes porque están convencidos de que la culpa es tóxica y produce cáncer”. Juaristik aipatzen duen erruaren sentipen hori oso kristaua eta geurea dugu, kulturala zeharo, baina kasu honetan, nago sentimendua ez dela kontu espiritual soila eta baduela oinarri zientifikorik: neokolonialismoa erein eta armak saltzen dituenak, errefuxiatuak jasotzen ditu bueltan. Geuk eragindako kaltearen ordaina dela oraingo uzta hau, azken finean.
Juaristik esaten duena esan, minbiziarekiko beldurra baino, geure buruak inoiz egoera berean aurkitzearen beldurrak bultzatu gaitu erruki orokor honetara. Ispiluaren efektua bezalakorik ez da. Horixe du aldea oraingo honek atzo arte ikusi dugun etorkin andanarekin: lehen ere itotzen ziren umeak bidean, baina ez ziren egoten gureak bezala jantzita. Zergatik errukitu hainbeste batzuekin eta ez horrenbeste besteekin? Zertan dago aldea?
Bistan da: azken urteetan Melillako alanbreetan zintzilik ikusi ditugun horiek guztiek ez dituzte gureak bezalako oinetakoak. Soinean daroezan Zarako arropak ere, oso aspaldikoak dira, duela hamar tenporadatakoak, gutxienez, ez duzu konparatuko Turkian barrena etorritako hauek duten modaren zentzuarekin. Gure berdi-berdinak dira eta, gezurra badirudi ere.
Hala ere, ene baitakotz, batzuekin eta besteekin dugun desberdintasun honen zergatia, aurrerago bilatzeko astia izango da, luzerako baitator kontua. Orain beste galdera batzuen erantzunak aurkitzea da presazkoago. Esate baterako, zer egiteko nago prest neu neroni?
Hungaria bere mugak irekitzen hasi bezperan, Rue89 agerkarian irakurritako lan batek nahastu zidan gogoa: Manifa eta gero zer eginen dugu? Aipatu dugun bidetik, bada esaten duenik, Siriakoengatik dagoela bera borrokan, ez besteengatik. Beste batek dio, jasoko lukeela familia bat bere etxean, baina poxpolo kaxa batean bizi dela bera… eta hala.
Neure buruari egiten dizkiot galdera horiek guztiak orain. Bai, joango naiz errefuxiatuentzat irtenbide poltikoa eskatzen duten manifetara, emanen dizkiot 100 euro Intermon edo baten bati, gauza gehiago ere eginen ditut gobernuz kanpoko erakundeen bidetik: ogia bildu, ura banatu… Erraza baita munduko miseriari irabazteko moduko ideiak edukitzea, baina zertarako nago prest egiazki?
Errefuxiatu horiek guztiek, harrera beroaz harago, aterpea, jana, osasuna, lana… behar dute. Nik daukadan guztia merezi dute. Berdin berdin. Zeri egingo diot uko eurei emateko? Noraino nago prest neurea kolokan jartzeko?
Migrazioak eta hipokrisia bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.