Clik here to view.

Image may be NSFW.
Clik here to view.
Herri bat ez da bi, edo lau, edo zazpi. Mapak begiratu besterik ez dago: Alemania bat agertzen zaigu, bat Polonia, Txina erraldoia bat da, eta bat Argentina. Zergatik banatzen dugu Euskal Herriko mapa zazpi zatitan (edo seitan, edo hirutan) gure etxeetako posterretan?
Herri bat ez da bere borondatez zatitzen, ez da modu naturalean gertatzen, herri baten helburua iraupena delako, bai baitaki baturik errazago erdietsiko duela helburua. Herri bat prozesu historiko biolento baten bidez zatitzen da soilik, zatitu egiten dute bere etsaiek, errazago bereganatzeko, bai haren lurrak, bai haren kontzientzia.
Prozesu horrek mendeak irauten duenean, esan liteke herria inkontziente bilakatzen dela. Inkontziente batek marraztu baitezake bere herriaren mapa zazpi (edo sei, edo hiru) zatitan. Errealitatea gauza bat da, jakitea bi estaturen menpe gaudela, baina askatasunaren espirituak osotasunean ikusi behar du bere herria, bat eginik erabat, zalantza arrastorik gabe, mezu hori helaraziz etengabe herritarrei, hortik abiatuz estatu okupatzaileen kanporatzea eta gure lege propioen ezarpena. «Doazela pikutara», esaten du herri kontzienteak etsaiei buruz, eta ez «hemen duzue gure eskua, hitz egin dezagun». 500 urtean hitz egin nahi izan ez duenarekin, nahi zuen guztia inposatu duenarekin dialektika gutxi.
Herri zatituan proposamen zatikatzaileak egiten dira, baina horri ezin zaio aberastasuna deitu, ezta errespetua ere, proposamen horiek mendekotasunaren mozorroak direlako guztiak. Estatuari ez dio beldurrik ematen ikurrin bat jartzeak, ikastolei dirua emateak edo hautestontzien omenez festa bat antolatzeak; gure batasun estrategikoak ematen dio beldur, eta horregatik hedatzen ditu subiranotasuna txarra delako mezuak, aniztasunaren aldeko aldarriak, baina berak ez dio uko egiten bere subiranotasun monolitikoari.
Izan ere, kolonizazioaren azken gailurra, prozesu luze horren perfekzioa, honako hau da: kolonizatuak ez diola jadanik kolonizatzaileari aurre egiten, baizik eta kolonizatuta gaudela salatzen duen herrikideari. Horixe da menderatzailearen erabateko lasaitasuna.
Mende askoren ondoren, arorik arriskutsuenean sartuta gaude, laugarren zirkuluan itota. Lehenengoz, menderakuntza gertatzen da; bigarrengoz, suntsiketa planifikatua; hirugarrengoz, herriaren erresistentzia; eta, laugarrengoz, auto-suntsiketaren arriskua. Bere batasunaren zentzua galdu duen herria desintegratzen baitoa abiada bizian, des-identifikatzen, helburuak lausotzen, baliabideak nahasten, etsaiak bistatik galtzen eta herri dinamika lokartzen.
Normalizazioa menderatzailearen helburua da, ez menderatuarena. Gu haien helburuak bete nahian hasteak erakusten du hemen hedatu den nahasmena. Justu alderantzizkoa da gure helburua: mendekotasuna nabarmentzea, seinalatzea, transmisioa egitea. Baina mendekoa hasten denean egoera normalizatu nahian, hori ez al da mendekotasuna ad aeternam normalizatzea?
Herri bateko politikari edo intelektualek independentzia ona litzatekeen edo ez planteatzea argi gorri guztiak piztu diren seinalea da. Halakorik ez baitute planteatu inoiz gaur munduan aske diren 198 nazioetan. Giza logikak berak esaten digu hobe dela aske izatea beste baten esklabo baino, eta zer esanik ez mundua kontrolatzen duten estatuen logika politikoak. Herri menderatuak independentzia berreskuratzea du lehen helburu politikoa, nagusia, bakarra; horretaz ohartzen ez bada, herri galdua izango da historiaren lainopean.
Arazo nazionala deitzen den hori da independentzia, lehenbailehen debatearen erdigunean kokatu behar dena. Kontrajartzen zaizkion beste arazo guztiak, sozialak, ekonomikoak, linguistikoak, ez dira haren azpian dauden kumeak baino, gure aurka erabiltzen diren distrakzio operazio makurrak. Munduko estatu guztiek dauzkate arazo sozioekonomiko larriak, baina euren esku haiek konpontzeko tresna guztiak. Arazo horiek eduki arren, ez dute estatua deuseztatzen.
Herri batek konstituzio propioa behar du aske izango bada, eta ez bi edo hiru. Legea gizarteko gehiengo nagusiak erabiltzen duen indarraren zilegitasuna baita, herri osora hedatzeko denen proiektu komuna. Herri batek behin-behineko gobernua behar du, behin betiko estatua erdiesteko bidean.
Herri gara, eta independentzia nahi dugu. Soilik herri hori bizirik ikusi nahi ez dutenek uka dezakete hemen herri bat dela, edota Afrikan tribuen arteko gatazkak piztu zituzten inperioek guregan eragindako zatiketa koloniala aprobetxatuz, eta hortik abiatuz, historiaren epe ezberdinetan osoki aske izatera iritsi gintezkeela uste dutenek. Irlandako ereduak zer ekarri duen ikusi dugu: hasieran, gerra zibila, eta, ehun urte ondoren, Ingalaterraren mende geratu zen zatia, Ingalaterraren mende, eta luzerako.
Herria eta independentzia: bi hitz gure artean ia desagertuak, ia desagerrarazi dituztenak, ez debekatu dizkigutelako, geure artean izua ematera iritsi direlako baizik, desideologizazio bortitz baten ondorioz. Mahai gainean jartzera gatoz berriro, eta berriro ahoskatuko ditugu: herria eta independentzia. Gure bizitzaren zentzua osatzera datozenak, haiek gabe ez baita integrala izango gure herriaren osasuna, gure bakea, gure seme-alaben etorkizuna: herria eta independentzia.
Baina denbora gure aurka doa; zenbat eta beranduago, okerrago. Alferrik galdu ditugun azken 40 urte hauen ondorioak pagatzen ari gara. Fisikaren lege batek ere hala dio: molekula unitate handiak gero eta handiago bilakatzen dira; txikiak, gero eta txikiago.
Baina ez gara molekula huts. Askatasuna nahi duen espiritua daramagu geure baitan, eta lan politikoak eskatzen duen indarra batzeko gai gara, sinesten dugulako herri honengan.
Gure herriaren mapa existitzen da; euskaldun guztiek dakizkite buruz haren mugak. Herri honi munduan presentzia erreala emango dion lan politikoa behar dugu orain, eta azkar. Horixe baita politikaren helburu bakarra: askatasuna erreala bilakatzea.
Pako Aristi
(2015eko Abuztuaren 15ean Pasai Donibanen irakurri zen testu hau. Bertan grabatu ondoren nik transkribaturik dago, ez baitut sarean inon topatu)
Herri bat, helburu bat
Herri bat, helburu bat bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.