Quantcast
Channel: ZUZEU
Viewing all articles
Browse latest Browse all 20094

EITB 2022, EH Bilduren proposamena (eta independentisten beste lau iritzi)

$
0
0

EITB 2022

Inork ez du zalantza jartzen EITB goitik behera eraberritzeko beharra. Gasteizko legebiltzarrean landuko da gaia, legegintzaldi honetan. Euskal Herria Bilduk 2022rako, EITBren 40. urteurrenerako, gainbeheran datorren eredua zutitzeko eztabaida proposamena aurkeztu du. Hain zuzen, Maddalen Iriarte kazetaria da txostena argitaratu duen legebiltzar taldearen bozeramailea. Hedabide publikoaren azal eta tripak ezagutzen dituen pertsona bat izango da beraz ezker subiranistaren erreferentea “EITBren birfundaziorako hausnarketa” bideratzeko orduan. Bingen Zupiria Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuak hartuko al du kontutan?

EITB 2022

EITB 2022 Eredu Berriaren Oinarriak dokumentuak eztabaidarako zortzi ardatz jarri ditu mahai gainean. Abiapuntuan koalizioak dio 1982tik gertatutako aldaketa linguistikoak, teknologikoak eta komunikatiboak zaharkituta utzi dutela EITBren sotze legea. Hortik aurrera, berretsi dute EITB kalitatezkoa dela eredu berriaren helburua: kohesio soziala, euskara eta kultura sustatuko dituena. Segidan eztabaidarako ardatzen laburpena:

  • Eztabaida zabala: EHUren metodologia jarraituta, sektore profesionalekin, unibertsitateko adituekin, alderdi politiko eta eragileekin.
  • Enpresa egitura: efizientzia hobetzeko berregituraketa, pertsonal eta taldeko enpresetan. Gestoreen sistema irauli eta izaera multimedia bateratua.
  • Ikus-entzunezkoen sektorea: EITBk ikus-entzunezko enpresetan egiten dituen inbertsioak hitzarmenetan jaso.
  • Euskararen normalizazioa: ETB1 lehentasunezko kate generalista, aurrekontuetan isla duena. ETB2, Radio Euskadi eta Radio Vitorian euskarari tokia nola egin zehaztu.
  • Kalitatezko programazioa: Ikusleria hezi eta dibertitu, ausarta izanda. Beste kanaletatik bereizia, tokiko eta jatorrizko edukiak. Hizkuntza, kultura eta identitatea zabaldu.
  • Informazioaz: Independentzia informatiboa, uneko gobernuez gaindi. Agenda informatibo propioa berreskuratu. Ikuspegi propioak eta euskal gizartearen aniztasuna islatu.
  • Legea: Egungo lege araudiak berrikusi eta sortu “Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Arautzeko Euskal Herriko Kontseilu Independentearen Legea”.
  • Zuzendaritza: Aldaketarako zuzendaritza lan talde adostua.

Ezker independentistatik beste lau iritzi

Euskal Herria Bildutik luzatu den proposamenak ez du zehaztasunetan sakontzen; eztabaidarako ardatzak dira. Adierazgarriak izan daitezke beraz ezker independentistatik heldu diren beste adierazpen batzuk EITB 2022 txostenaren atzean dagoen ideia osatzeko.

Maddalen Iriartek legebiltzarreko inbestidura saioan landu zuen EITBren gaia inbestidura saioan:

“Euskalduntze horretan tresna izan behar zukeena, tresna garrantzitsua – euskal irrati-telebistaz ari naiz–, herren gelditu da. (…) Eta kasu honetan ere heldu da garaia gaiari serio heltzeko eta zein komunikabide publiko nahi dugun debatitzeko, ganoraz debatitzeko, fundamentuz debatitzeko. Datu guztiak, eredu alternatibo guztiak, mahai gainean ipini. Iruditzen zait ereduak egin duela huts beste behin ere, beste batez ere, Espainiako irrati-telebistari kopiatutako eredua izan delako hein batean Euskal Irrati Telebistarena, hasiera-hasieran izan ezik, agian. Badaude munduan beste eredu batzuk. Badaude komunikabideak ordaintzeko beste era batzuk eta badaude noski beste egiteko modu batzuk ere. Euskarak izan behar du lehentasuna, euskal herritarrei eman behar zaien zerbitzuak, informazioaren kalitateak izan behar du lehentasuna. Eta guk hemen alderdiok ikasi beharko dugu informazioaren kalitatea ez dela neurtzen kronometroa eskutan hartuta, alderdi bakoitzan pantailan zenbat minutuz atera den jakiteko.”

LAB sindikatuaren EITBko lantaldeak Albistegien Diagnostiko Orokorra eta Proposamena argitaratu zuen abenduan. Hein batean bat egiten du EH Bilduk fokua jartzen duen gai batzuetan (gestoreak, kontrol politikoa, agenda informatibo propioa…). Proposamen zehatzak ere luzatu ditu albistegiak hobetzeko, tartean azpimarragarriena: euskarazko eta erdarazko albistegiek agenda eta arduradun propioak izatea telebistan, Euskadi Irratia- Radio Euskadi ereduan bezala.

Josu Amezaga EHUko Gizarte eta Komunikazio zientzietako irakaslea eta ezker abertzaleak EITBko Administrazio Kontseilurako aukeratu izan duen pertsona da. Gara egunkarian EITB birpentsatzeari buruzko erreportajean parte hartu du. Egunkarian jaso dituzten Amezagaren adierazpen batzuk ekarri ditugu.

EH Bilduk ETB1 indartzeko eta lehentasunezko egitetik haratago doa Josu Amezaga denbora epe ertainean:

ETBk euskara hizkuntza zentrala izango duen kanal jeneralista bakarrera jo beharko luke. Horrek ez du esan nahi euskara hutsez izan behar duenik. Gaur egun teknologiak eta digitalizazioak bestelako joko batzuk ahalbidetzen dituzte, ETBn batere esperimentatu ez direnak. Adibidez, bigarren audio kanalak edo azpitituluak. Pentsa liteke, denbora batean bederen, bi kanal edukitzea baina programazio konbergente xamar batekin eta hizkuntza ezberdinetan. Edonola ere, eskema hori apurtu behar da eta kanal batean inbertitu baliabide guztiak”

Lurraldetasunaren aldetik ere EITBren proposamen aurrerakoia egin du Josu Amezagak:

“Behingoz planteatu beharko litzateke EITBk ez duela zertan izan hiru probintzietako erakunde bat, baizik eta izan ahal dela zazpikoa. Ezin da izan Baskongadetatik Nafarroara edo Iparraldera programazioa botatzen duen zera bat. Alperrik ari gara Nafarroan seinalea sartu nahian Nafarroa bera ez bada integratzen EITBn

Gara egunkariak urtarrilaren 8an editoriala eskaini zion EITBri: Alderdiak, sektorea eta gizarte zibila elkartuko dituen eztabaida.

“Inor ez dadila tronpatu: gaur egun irrati-telebista publikoa aurrera ateratzea balentria da eta ez dago formula magikorik. Baina arazoak hain argiak direnean, inertziari eutsi eta aldatzen ez saiatzea ez da aukera inteligentea.”

EITB 2022

EITB 2022, EH Bilduren proposamena (eta independentisten beste lau iritzi) bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.


Viewing all articles
Browse latest Browse all 20094


<script src="https://jsc.adskeeper.com/r/s/rssing.com.1596347.js" async> </script>