
Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?
Independentziaz herri-galdeketa egingo da Azpeitian ekainaren 12an, azpian duzuen agiriaren bitartez atzo aurkeztu zen Hitzartu ekimenak jakitera eman zuenez:
Orain dela ia hiru urte sortu zen Gure Esku Dago herri-ekimena, “herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da” mezuarekin. Modu askotako ekimenak antolatu eta egin ditu ordutik, tartean 2014ko ekaineko giza katea eta 2015eko ekaineko bost hiriburuetako ekitaldiak. Bide horretan aurrera eginez, 2018a bitartean eremuz eremu erabakiaren bidea jorratuko du Gure Esku Dagok, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik gauzatzera igaroz.
Azpeitian, asmo horretan laguntzeko jaio da HITZARTU, erabakitzeko eskubidea guztion topalekua dela sinetsita. Gure iritziz, subiranotasun edo herri-antolaketa auziak bezalakoak modu baketsuan, demokraziaren arauak jarraituz eta herritarron parte-hartzean sakonduz bideratu beharko lirateke, aukera guztiak errespetatuz eta posible eginez, eta erabakiak herritarron borondatean eta nahietan oinarrituz.
Erabakitzeko eskubidearen alde egoteak ezin du, ordea, egote hutsa izan: jarrera aktiboa eskatzen du. Erabakitzeak erantzukizuna, parte hartzea eta protagonista izatea behar ditu bere baitan. HITZARTU osatzen dugunok ere aldarrikapenetik harago joan,eta erabakitzeko eskubidea gauzatu nahi dugu.
Hiru maila dituen ibilbidea da gure proposamena:
1. ITZARTU: herri-galdeketaren alde sinadurak bildu.
Erabakitzeko eskubidearen alde egon da, Azpeitian independentziari buruzko herri-galdeketa egitearekin bat datozenen sinadura bilketa egingo dugu. Sinadura ematea izango da herritar bakoitzak proposamen hau babesteko ekintza.
Azpeitiko biztanleen %10 baino gehiagoren babesa lortzea izango da helburua. Hau da, 1.500 sinaduratik gora biltzea martxoaren erdira bitartean.
.
2. HITZARTU: herri-galdeketa antolatu.
Sinadura bilketarako jarritako helburua betetzen badugu, herri-galdeketa antolatuko dugu Azpeitian. HITZARTU osatu eta babesten dugunok honakoa adostu dugu:
– Galdeketa eguna: 2016ko ekainaren 12a.
– Galdera: “Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?”. Bai/Ez.
Era askotako egitasmo eta ekitaldien bidez, herri galdeketaren aldeko kanpaina egin nahi dugu, antolaketa lanean azpeitiarren parte-hartzea sustatuz, lan talde irekietan lan eginez.
.
3. HITZA HARTU: herri-galdeketa egin.
Adostutako egunean 16 urte edo gehiago dituen Azpeitian erroldatutako pertsona orok bere iritzia emateko aukera izango du. Herri-galdeketa egingo den eguna erabakitzeko eskubidearen aldeko jaia izango da. Helburu nagusia galdeketa egitea eta ahalik eta parte-hartze handiena lortzea izango da, ez emaitza. Hau da gure proposamena eta egitasmo honetan parte hartzeko gonbidapena. HITZARTU osatzen dugunoi gustatuko litzaiguke erabakitzeko eskubidearen aldeko ekarpen txiki honetan azpeitiar guztiok elkarrekin batera jardutea.
Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar? (Bai/Ez) bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.