
Begirada italiar bat gure politikari
Xake partidako taula mugitu du Espainiako azken hauteskundeetan Podemosek gurean eduki duen emaitzak, eta, ai ai ai, kikirikoka hasiak dira oilo eta oilar guztiak, nor bere lekua gorde nahian. Izan ere, itxura guztien arabera, alfil eta dorre abertzaleak, lerro hain markatuetan ibiltzera ohitutako horiek, orain ez dakite datozen hauteskundeen ostean jokatzerik izango ote duten, eta izu daude, bai batzuk eta bai besteak. Ez dakite zeharka ala xuxen egin beharko duten bidea, baldin eta ez badute nahi haize berriekin desagertu hegan.
Egia esan, ene gusturako Urkullurenak beti izan dira epel xamarrak, baina nazio foralaren kontu horrekin, sekula ez zaizkigu agertu gaur bezain gezak. Zernahitarako Estatuaren baimena lortu behar horrek, iraingarria behar luke izan teorian burujabetza nahi duen alderdi nazionalista batentzat, baina PNVak ohituta gauzka, ez piper eta ez berakatz, gatzik gabeko saldara. Kontua gauzen kontrola edukitzea da. Kosta ahala kosta. Horixe da dogma bakarra.
Herri baten abangoardia eta lokomotora beharko lukeen Lehendakaria, balazta ez ote den pentsatzen hasteko modukoa da egoera eta, gainera, lehenago oldarra erakustera ohituta ginduzkaten Egibar eta antzeko oilarrak, txitoak baino txintxoago dabiltza aspaldion, ama oiloren hegalpean, kukurrukua txiotxio bilakatuta. Kataluniako beroak ere ez die gradu bakar bat igo odolaren tenperatura, aitzitik, ahotsa izoztuta diote: vade retro aldebakartasuna!
Lekutan geratu dira Ibarretxeri mundu globalizatuan nor izateko geure ahotsa eraiki beharraz entzun dizkiogun hitzak. Gezurra dirudi Urkullu eta bera itsasontzi bereko bidaide direnik. Ematen du, halako batean, Ibarretxe zutitu, aulki gainera igo, txapela eskuetan kiribildu eta oihuka hasiko dela: Quosque tandem abutere, Urkullu, patientia nostra! Zizeroneren Katilinaria berritu bat eraikiz. Ai, bizi balitz Oteiza, entzun beharko lituzkete burrundara eder askoak!
Baina ez dira txitoturik dabiltzan abertzale bakarrak, hara hor besteak ere, gatopardismo azkarregi batean murgilduta, dena aldatzen guztiak berdin jarrai dezan, tartaren zatia gehiago txikitzearekin guztiz kezkatuta, hausturatik erreformara salto eginda, orain hemen, orain han, orain hemen, orain han, txinbili txanboloan.
Lehen Vascongadak baizik ez zena, orain subjektu politiko bilakatu dute praktikamentean. Oraintsu arte gure herriarentzat ezinbestekoa zen kontua, lurraldetasunarena, ia bizitza bere alde emateko moduko arrazoia zen hura, hara hor orain botileroen erretorikaren bidez konponduta eta hiru probintziak osatutako naziotxo bihurtuta. Zazpiak zeeer?
Preso eta iheslarien korapiloan izan den aggiornamentoa ere, ez da ahuntzaren eztula, inplizitoki eman baitzaio arrazoia Garzon epaileari: dena da ETA. Beti urrea eta gorotza bereiztu nahian eta, hara, ustekabean dena da balekoa udazkeneko hauteskundeetan leihatu eta mapatik desagertu nahi ez duenarentzat.
Oh tempora, oh mores!, lehen irmoak ziren helburuak eta malguak bideak. Orain dena da bigun biguna, komeni bezala, blandiblup hutsa, nolaz eta gurin zati bat eguzkiaren pean.
Begirada italiar bat gure politikari
Begirada italiar bat gure politikari bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.