Quantcast
Channel: ZUZEU
Viewing all articles
Browse latest Browse all 19589

Orgasmoen Itsasoan Umezurtz (Belodromoko Jenialidadeaz)

$
0
0
Orgasmoen Itsasoan Umezurtz (Belodromoko Jenialidadeaz)

Orgasmoen Itsasoan Umezurtz (Belodromoko Jenialidadeaz)

Nirekin historia ikasten hasi zirenen gutienez %90ek artearen historia ikasi nahi zuten, karrerako lehen urtean bederen, gutiz gehienak gazte sentiberak baitziren. Nik ere bai, egia aitortu behar badut, baina fite galdu nuen ilusioa: teoria eta estetika eta artea baloratzeko irizpideak espero nituen tokian, artelanen eta haien ezaugarrien zerrenda objektibo bezain aspergarria aurkitu nuen. Irakaslea klasera etortzen zen maleta batean diapositiba anitz zekartzala –bai, garai ilunak ziren, teknologiaren aitzineko haiek–, eta edertasuna erakusten zigun filminaz filmina. Gauza sublimeak ikusten ari ginela jakitun –eta, segur aski, hasiberrien entusiasmoak bulkatuta–, maiz, maisulanak ikusi ahala, plazer estetikoaren hasperenak aditzen ziren ikasgelan: o!, Nefertiti, zer polita; Donatelloren David, a!, izugarria; Van Gogh-en eguzkiloreak, mmm!, ikaragarriak, gainera belarria moztu zuen, oh yeah, baby!

Gehienetan naufrago sentitzen nintzen plazer ttantta haiek guziek osaturiko orgasmo txikien itsaso Orgasmoen Itsasoan Umezurtz (Belodromoko Jenialidadeaz)hartan, klasean orgia bat antolatu izan balute bezala niri abisatu gabe. Segur aski horregatik, bazterkeria horren ondorioz ozpindua nengoelako alegia, hasi nintzen pentsatzen klase haiek espektakulu penagarriak zirela: diapositibetan ikusten genuena zergatik zen artea edo zergatik ez azaldu beharrean, irakasleak merke saltzen zigun aldez aurretik fabrikaturiko sentsazio bat –hau edertasunaren gailurra da, gurtu ezazue!–, eta, jakina, merke saltzen zuenez, gehienek erosi egiten zuten. Edo genuen. Publiko erraza ginen naski. Edo, hobeki erranda, testuinguruak gonbidatzen gintuen publiko erraza izatera.

Joan den astean, berriz ere piztu zitzaidan orgasmo txikien ravean umezurtz izatearen sentsazioa: Donostian, Arnaldo Otegiren mitinean, ebento bat ikusteko aukera izan baikenuen – izan baitzuten hara joan zirenek, eta gero gainerako guziek Internet bidez: bai, garai ilunak dira, teknologia etorri ondorengoak–. Larunbatean, Donostian, “Bildu y la teoria del mar” artikulu gogoangarriaren eta “Euskal Herria superpotentzia emozionala da” txio betierekoaren egilearen eskutik, Jon Maiaren eskutik alegia, Belodromoko jenialidadea ailegatu zitzaigun. Handik eta hemendik harturiko poema eta kanten lerroekin –corta y pega deitu zion atzo Aritz Galarragak, nik baino laburrago eta aise egokiago– zer edo zer egin zuen Maiak: deitu summa poetiko-politikoa, deitu itsasoaren teoriaren adibide praktikoa: hari esker jakin dugu iraganeko eta orainaldiko gure poesiaren tanta guziek Maiaren irudimenaren ozeanoa zutela helburu eta xede historikoa.

Nolanahi den ere, ezin ukatu Maiaren teknika emankorra dela; izan ere, berdin erabiltzen ahalko genuke haren –zein izan liteke hitza– performancea aurkezteko –behin batean Donostian, belodromoa zan, hantxe ikusi nuen, Jon Maia oholtzan–, edo, falta izan ziren erreferentzia batzuk sartuz, hura, erran nahi baita performance hura, osatzeko eta borobiltzeko –maite zaitugu, Arnaldo, maite maite zaitugu, pila pila patata tortilla, eta zuretzat poesia lapurtuko nuke gauero, baina bitartean heldu eskutik eta goazen Bilbaotik New Yorkera eta buelta Bilbaora–. Eta jendea, bi ordu luze iraun zuen ekitaldi batean erretzera ateratzeko aprobetxatu beharrean, hantxe gelditu eta hunkitu egin zen. Bai belodromoan berean, bai gero sareen sarean; bat-batean, Twitter, nire gaztaroko ikasgela bezala, plazer estetikoaren orgasmo txikiz bete zen: maisulana, ikaragarria, hunkigarria, earra! Literatura erotikoa irakurtzen omen den bezala, imajinatzen dut txio horiek guziak ere ezkerreko eskuarekin idatziak direla, idatzi behar direla –eskuineko ukabilarekin bularrean, bai, hain zuzen ere bihotza dagoen tokian, bi aldiz jotzen dugun bitartean–.

Ez litzateke bidezkoa, halere, Jon Maiak egin zuenari bere meritua ez aitortzea, meritua baita, eta meritu handia, mitin politiko bat zazpi-zortzi minutuz Got Talent programa bihurtu izana –espektakuluaren arrakasta beharbada hutsune bat ari da erakusten ETBren programazioan: nik hor uzten dut ideia, dagokionak har dezala–. Horrelako saioetan maiz hiru lagunek osatzen dute epaimahaia, eta Maiaren jenialidadea gertatu bitartean behin baino gehiagotan Rufi Etxeberria, Arnaldo Otegi eta Hasier Arraiz fokatzeak areagotu egiten zuen talentu bila ibiltzen diren programa horietarik batean egotearen sentsazioa; komentarioak izan genituen falta, baina imajinatzen ahal ditugu: “zoragarri, etorkizun oparoa opa dizut”, Otegik, ulerkor; “bai, iturgintzan izanen da”, Etxeberriak, Mejideren paperean sartuta; “ez zaizu sobera ongi atera, baina whatsappen bidez promes egin didate hurrengoan hobeki eginen duzula”, Arraizek.

La Sexta kateko El club de la comedia saioan, Ernesto Sevillak beti berdin hasten du bere monologoa: “Kaixo, Ernesto Sevilla naiz eta orain irri eginen dugu tripak bota artio”; haren aurpegia ikusita, ordea, zaila da pentsatzea haren ahotik deus irri-emangarririk atera daitekeenik, eta kontraste horrek, distantzia horrek –dei diezaiogun ironia– irri eginarazten digu. Jon Maia oholtzara atera eta, inolako distantziarik gabe, zera erran zigun –tira, mintzatzeko manera bat da–: orain edertasunaren gailurrera eraman behar zaituztet, eta hunkitu eginen zarete. Mendi gehienetan ez da deus izaten, baina bistan da edertasun sublimearen tontorrean kitsch taberna paratu dutela: nonbait, ilunabar ederrak erakusten zituzten postal guziak erosi zituen Jon Maiak, bere emozio aurrefabrikatuak eskaintzera etorri baino lehen.

Bai, Jon Maiarena oraindik zehazki zertara heldu zen edo zertarako balio duen ez dakidan ikuskizun nartzisistiko masturbatorioa –barkatu, baina Galfarsororen estiloa kutsakorra da– izan zen, betiere nire uste, ejem, apalean; baina, halere, seguru naiz belodromoan izan banintz, nik ere malkoren bat botako nuela, zer uste duzue, bada. Umberto Ecok erraten zuen gezurretan ari direla Love Story ikusiz negarrik egin ez zutela erraten dutenak, Love Story-n mekanismo guziak negar eginarazteko baitaude pentsatuak. Beraz, belodromoan izan banintz, Jon Maiak bere filmina guziekin euskal edertasun sublimearen itsasoa osatuz barne-barneraino hunkitzeko manatzen zigun bitartean, naski nik ere negar-malkotan akituko nuen. Zergatik ote, hunkitua nengoelako edo desesperatua nengoelako, hori, jakina, bertze kontu bat da.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Orgasmoen Itsasoan Umezurtz (Belodromoko Jenialidadeaz)

Orgasmoen Itsasoan Umezurtz (Belodromoko Jenialidadeaz) bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.


Viewing all articles
Browse latest Browse all 19589

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik



<script src="https://jsc.adskeeper.com/r/s/rssing.com.1596347.js" async> </script>