
Martxoak 9, hausnarketarako eguna
Atzo mundua erditik zatitu zen, eta unibertsoari oihu egin zion Emakumearen Eguna zela. Munduko biztanle ugarik oroitu zuten berdintasuna, eta beste askok emakumeak zoriondu zituzten, ospakizun egun bat bailitzan (egun hau ospatzea gustatuko balitzaigu bezala). Lore sorta ugari saldu ziren lore-dendetan, bonboiak supermerkatuetan, eta irribarre behartuak kale-ertzetan. Sare sozialak berdintasunaren ikurrez bete ziren, aldarrikapen garrasiz, eskaerez…
Ni ere zoriondu ninduten; baita Facebookek ere, jende askoz gain. Alde batetik gustatzen zitzaidan, urtean behin bada ere, jendea zurekin oroitu delako. Baina bestetik, penatu egiten ninduen, izan ere, geroz eta konbentzituago nago egun hau ospatzeaz amaitzen dugunean, orduan soilik, lortuko dugula berdintasuna. Edo agian alderantziz, berdintasuna lortzen dugun egunean utziko diogula martxoaren zortzia ospatzeari.
Agian heltzen ari naizelako, edo agian geroz eta kontzienteago naizelako emakume izate hutsagatik pairatzen dugunaz. Agian geroz eta emakumeago sentitzen naizelako, edo mutilek dituzten abantailak ikusten ditudalako. Arrazoi guzti horiengatik eta gehiagorengatik, ez dut martxoaren zortzia borroka egun bat bilakatzerik nahi, borroka egunak, urteko egun guztiak baitira. Urtean behin solidaritzea ondo dago urte osoa letra matxistak dituzten abestiak entzuten igarotzen dituzten pertsonentzat. Niretzat, ordea, eta zorionez, beste pertsona askorentzat, urteko 365 egunak dira borroka-egunak.
Urteko egun guztietan eskatu behar da berdintasuna; astelehenetik igandera borrokatu behar dugu gure eskubideengatik; esna zein ametsetan, berdintasuna dugu helburu. Bai, feminista naiz, baina ez urtean behin postureoa egiteko feminista bihurtzen den horietakoa. Nik berdintasunean sinesten dut, emakume eta gizonezkoen berdintasuna behar bat delako, eskubide bat. Nik, izan ere, emakume jaio nintzelako ez dut zertan gutxiago sentitu; jendeak ez du ni zapaltzeko eskubiderik.
Emakume jaio arren, ez dut etxera gauez itzultzeko beldurra pasa beharrik (giltzak etxera iritsi baino orduerdi lehenago eskuetan ditudalarik). Ez dut festara irteten naizen bakoitzean komentario matxistarik entzun beharrik (mozkortzeko beldurra dudalarik, inork zerbait egiteko aprobetxatuko duelakoan). Ez dut bakarrik bidaiatzen dudanean izututa bizi beharrik (edonora joan, eta inoiz itzuli gabe geratuko ote naizen beldurrez). Emakumea naiz, emakume askea, eta nire gorputza nire territorioa da; inork ere ukitu ezin duena nire baimenik gabe.
Martxoak 9, hausnarketarako eguna
Martxoak 9, hausnarketarako eguna bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.