
… gutxienez Interneten!
Horrela irakurri ahal izan dugu Azkue Fundazioren“Euskararen erabilera interneten hazten doa, batez ere gazteen artean” sarreran.
Euskararen presentzia Interneten zein den neurtzea oso zaila da. Hauexek dira orain arte ezagutu izan ditugun parametro ezberdin batzuk:
- Euskara interneten gehien erabiltzen diren 50 hizkuntzetariko bat da.
- Hizkuntza minorietarioetatik Twitterren presentzia handienetarikoa duena da.
- Wikipedian euskaraz argitaratuta dauden artikuluak jadanik 100.000 baino gehiago dira eta munduko hizkuntza guztietatik 23. postuan dago euskara: turkiera, indonesiera edo norvegiera bezalako hizkuntzen aurretik.
Baina parametro hauek ez dute informazio zehatzik ematen gure hizkuntza sarean zenbat erabiltzen den jakiteko. Eustateko azkeneko informazioaren gizartearen inkestan (2015ekoa) datu hauek topatu ditzakegu:
Euskal Autonomi Erkidegoko biztanleriaren %25,4ak euskaraz nabigatzen du, %25,4ak ingeleraz eta %4,2ak frantsesez -ingeleraren erabilera gora doa nabarmen-. Gipuzkoan euskaraz nabigatzen dutenen portzentaia %38,5ekoa da; Bizkaia zein Araban %19,1ekoa da.
Baina belaunaldi ezberdinetako datuetan arreta jartzen badugu, ikusiko dugu 15 eta 35 urte bitartekoen ia %40ak erabiltzen duela euskara nabigatzeko; eta euskaraz nabigatzen duten 3 pertsonetatik 2 gazteak direla.
EAEn Interneten erabiltzen diren hizkuntzak
.
Aurreko urteko datuekin alderatuz, hau da 2014ko datuekin, ikusten dugu ia 4 puntu gehiago igo dela euskaraz nabigatzen dutenen portzentaia (%21,6 214an izanik eta %25,4 2015ean). Gazteen artean, 2014ko informean %32ak erabiltzen zuela ikus zitekeen, 2015ean ostera portzentai hau dexente igo da, %40a izatera. Beraz goranzko tendentzia itxaropentsua da.
PuntuEUS behatokiaren arabera, %17koa da Interneten euskararen erabilera. Edo, zehatzago esanda, Interneteko domeinu nagusietan (.eus, .com, .es, .org…) dauden webguneen %17k erabiltzen du euskara, batez beste. Kalean baino zerbait gehiago, baina ez asko, euskararen kale erabilera %13,3 baita azken neurketen arabera.
Anjel Lertxundik esan zuen Internetek izan behar duela euskararen zortzigarren probintzia. “Hor ez bagaude, gureak egin du. Joanak dira familiak, kaleak eta elizak hizkuntza baten transmisioa guztiz ziurtatzen zituzten garaiak”.
Hamar urte pasatu dira hitz horiek argitaratu zituenetik, eta diagnostikoa ez da aldatu: iritsi da zortzigarren lurraldea konkistatzeko garaia. Eta horretan gabiltzanok argi dugu guztion artean euskararen presentzia sarean handituz eta handituz joan behar dugula. Pausu garrantzitsua izango da gure hizkuntzaren iraupenerako; herriko kaleetan eta etxeetan euskararen egoera eta erabilpena ez baitoa gora.
Euskararen erabilera gora gazteen artean
Euskararen erabilera gora gazteen artean… bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.