Quantcast
Channel: ZUZEU
Viewing all 20102 articles
Browse latest View live

Txio Onena (urteko 50. astea)

$
0
0
Txio Onena (urteko 50. astea)

Txio Onena (urteko 50. astea)

Urtea bukatzeko zorian gaude eta astero legez, zazpi txioko sorta dugu aurkezgai; asteak eman duena laburtu asmoz hautatuak.

Txio Onena (urteko 50. astea)Gaiei dagokionez, Luhusoko armagabetzea eta EiTBren berrasmatzea, Bizkaiko Bertsolari Finaleko edariak eta Ramon Saizarbitoriaren banderillak, Ruper Ordorikaren Antzokia eta adin-txikikoen tabernak… ohi denez, egunerokoari lotuta jarraitzen dugu honakoan ere.

Joan den astekoetara bueltatuta, Arnaldo Otegik ezin izan ditu bozak irabazi, azken orduan Mikel Ayllon gailendu baitzaio, mendiko txangoan ateratako argazkiarekin.

.

Zein begitantzen zaizu asteko txiorik onena?

.

.

Pasa den asteko txiorik onena:

Txio Onena (urteko 50. astea)

Txio Onena (urteko 50. astea) bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.


EPPK-ren agiria euskal jendarteari

$
0
0

EPPK-ren agiria

Euskal Preso Politikoen kolektiboak agiri bat plazaratu zion euskal jendarteari pasa den asteazkenean. Esaldietako batzuk nabarmendu eta agiri osoa dakargu hona.

“Presoon eskubideen alde daudenei eskatzen diegu begirunea eta laguntza.”

“… jakitera eman nahi dugu azken urteotan Kolektiboa uztea erabaki dutenek parte hartzeko atea zabalik izango dutela…”

“…ziklo politikoa aldatu delarik, horren araberako Kolektiboaren funtzio berria finkatu behar dugu…”


EPPK-REN AGIRIA EUSKAL JENDARTEARI

EPPK-ren agiriaAgiri honen helburu nagusia euskal jendarteari EPPK hausnarketa-prozesu garrantzitsu baten atarian dagoela oroitaraztea da. ETAk borroka armatua bertan behera utzi osteko bost urteotan kartzeletan bizi izandako egoerari buruzko azterketa oinarri hartuta, aurrera begirako urratsak eztabaidatu eta erabakitzea izango da Euskal Herria, Espainia, Frantzia, Portugal eta Suitzan bahituta gauden EPPK-ko kideok abendutik aurrera burutu beharko dugun ariketa politikoa.

Abian prozesuaz geroztik, Ezker abertzaleko antolakunde bakoitzak bere eztabaida prozesua antolatu du. EPPK-k badu berezitasunik ordea, gure elkartea ez baita bere horretan antolakunde politiko berezia, eta bai Euskal Herriaren askatasun borrokaren aurkako errepresioak osatutako taldea, antolakunde desberdinetako kide edota herritar soilak biltzen dituena. Beraz, bi berezitasun horiek oso kontuan izango ditugu hausnarketa-prozesu honi heltzerakoan: etsaiak bahituta gauzka eta Kolektibo anitza osatzen dugu.

Hausnarketa berri honi heltzerakoan oso kontuan izango dugu baita ere orain artean erresistentziarena izan dela EPPK-k askapen prozesuan bete duen funtzio nagusia. Beraz, ziklo politikoa aldatu delarik, horren araberako Kolektiboaren funtzio berria finkatu behar dugu. Funtzio berri hori bi norabidetan finkatzea izango dugu helburu: batetik, nola egingo dugun bat presoon eskubideen eta askatasunaren alde ari diren herritar soil eta erakundeekin kartzelak husteko ahaleginean; eta, bestetik, nola egingo dugun bat Ezker abertzaleko antolakundeekin, herritarrekin eta eragileekin Euskal Herriaren independentzia-prozesuan gure alea jartzeko.

Hausnarketa-prozesua eta ondoriozko ildoa erabakitzea EPPK-ko kideoi dagokigun arren, gure nahia da, behin oinarri gisa erabiliko dugun txostena gureganatu ostean, gure azterketa eta aurrera begirako planteamendu horien nondik norakoak konpartitzea. Euskal jendarteari oro har jakinarazi nahi diogu zeintzuk diren gure azterketa eta ildoak, ahalegin berezia eginez presoon eskubideen eta kaleratzearen alde dauden erakunde, eragile eta herritarrengana iristeko. Era berean, behin prozesua amaitutzat ematen dugunean, gure hausnarketaren ondoriozko ildoa eta Kolektiboak hautatuko dituen mintzakideak nortzuk diren jakinaraziko dugu.

Gure hausnarketa-prozesua gardena izango da, ez baitugu deus ezkutatzeko, eta bai aldiz euskal herritarrekin gatazka gainditu eta gure Herriaren askatasunaren bidean urratsak elkarrekin egiteko nahia.

Hori bai, kide bakoitzak ekarpenak Kolektiboaren baitan egingo ditu, batzarren bidez, guztion artean aurrera begirako ildoa adostu, aberastu eta guztion bozaren bidez erabakitzeko.

EPPK-ren agiriaHausnarketa-prozesu hau EPPK-ko kideon artekoa izango bada ere, jakitera eman nahi dugu azken urteotan Kolektiboa uztea erabaki dutenek parte hartzeko atea zabalik izango dutela, beren ekarpena egin eta, ondorioz, Kolektiboak bere osotasunean erabakiko duen ildoarekin bat egiteko, besteok bezalaxe Kolektiboaren arauekin eta eztabaidaren irizpideekin leial arituz.

Azkenik, hausnarketa eta eztabaida prozesua abiatzera goazen honetan, jakitun gara zailtasunak izango ditugula oinarrizko idazki politikoak geureganatzeko eta, era berean, aurreko prozesuetako eskarmentuagatik dakigu espekulazio eta manipulazioa helburu duten jokabideak egon daitezkeela.

Horregatik, presoon eskubideen alde daudenei eskatzen diegu begirunea eta laguntza.

Batasuna, elkartasuna eta herriarenganako lotura! Denon artean lortuko dugu!

Euskal Herria bihotzean, 2016ko abendua

EPPK

Euskal presoak Euskal Herrira! Amnistia! Independentzia!

EPPK-ren agiria

EPPK-ren agiria euskal jendarteari bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Txetx eta besteak aska!

$
0
0
Txetx eta besteak aska!

Txetx eta besteak aska!

TXETX eta besteak aska!!!

Txetx eta besteak aska!

Laurogei hamarkadaren hondarretan ezagutu nuen Txetx Etxeberri. Ikasketak zirela eta, Bilbora joan zen, eta bertan, KEM-MOC (Kontzientzi Eragozpen Mugimendua) taldekoekin harremanetan jarri zen. Sasoi hartan gu ere, Donostialdean, koordinakunde antimilitarista horren Gipuzkoako tadeak sortzeari ekiten ari gintzaizkion.

Geroztik Txetxek harreman estua ukan du beti desobedientzia zibila eta indarkeria-eza aktiboarekin. Lapurdira itzuli orduko, MAIA (Militarismoaren Aurka; Intsumisioaren Alde), Ipar Euskal Herriko talde antimilitarista eta intsumituaren talde sortzailean aritu zen. Txetx gabe nekez uler daiteke mugaren bi aldeetara hedatu zen euskal mugimendu antimilitarista. Euskaltzale amorratua delarik, beti bi isurialdeetan aritu ohi diren talde ekologista, euskaltzale eta antimilitaristen koordinazioaren aldekoa izan baita.

DEMO mugimenduaren sorreran ere Txetx izan zen dinamikoenetarikoa. Demoen aldarrikapenak hauek ziren: Euskal demokrazia; euskararen ofizialtasuna eta euskal presoak euskalherriratzea.

Hamaika aldiz topo egin dugu, hamaika ekimenetan, konpromisoa da-eta Txetxen jarduna gidatu duen xedea. Burujabetzaren aldeko desobedientzian ere bidaide izan genuen Txetx garazitarra.

Azkeneko urteetan BIZI mugimenduan buru-belari ibili da. Nekaezina eta eredugarria. Ostiralean atxilotu zuten, eta Hegoaldean 18/98 sumarioarekin egin zuten lez, gezurra erabiliz. Parisa eraman nahi dute atxilotutako beste lau lagunekin. Salaketa faltsua, salbespenezko legealdia arrotza, bidegabekeria, horiek dira Estatuen tresnak. Estatuen jokabidea errepikatzen da mugaren bi aldeetan eta bietan bakegintza zapuztea dute helburu.

Eskua ez ezik, burua ere jarriko nuke Txetx eta besteen alde sutan. Euren ibildea lekuko, ziur gaude denok, egiten ari ziren ekarpena Euskal Heriaren alde egiten ari zirela, bakearen alde eta askatasunaren alde, euren bizitza osoaren zehar egin duten bidetik.

Txetx Euskal Herriaren desmilitarizazioa aldarrikatu du beti, konpromisoa azken muturreraino eramateko prest dagoelarik. Oraingoan, berriz ere, bakearen aurkako eragileek atxilotu dute. Baina lekukoa ez da lurrera eroriko, herritar andana prest baikaude eskutan hartzera eta aurrera egitera, bakearen bidetik askatasuna datorrelako eta desmilitarizazio osoa beharrezkoa dugulako

Patxi Azparren

 

 

Sinadura bilketa: http://artisansdelapaix.wesign.it/fr

Txetx eta besteak aska!

Txetx eta besteak aska! bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

EUSKALKULAGAILUa, euskararen kalkulagailua, i(ra)kasteko modu berritzailea

$
0
0
EUSKALKULAGAILUa, euskararen kalkulagailua, i(ra)kasteko modu berritzailea

EUSKALKULAGAILUa, euskararen kalkulagailua, i(ra)kasteko modu berritzailea

Aditzaren eta deklinabidearen arteko harremana mekanikoa da. Erdaldun askok kostata sinesten dute hori. Baina behin ikasten hasita, ikasle askok, bai, inter-erlazio hori ikusten hasten dira.

Euskaldun zaharrek ere aditz eta deklinabide arauak menperatzeko arazoak dituzte. Adibidez, “Zerk egin du” eta “Zer egin du” arteko ezberdintasuna ikusteko.

Tira, ba, bai batzuentzat zein besteentzat gramatika arauak ulertzeko tresna garatu dugu euskaragara.net-en.

Bere izena: euskalkulagailua®, euskal kalkulagailua.

2 bilaketa mota daude: 1) izenordainak eta modua aukeratuz edo 2) zuzenean aditz laguntzaile/trinkoa idatziz. Erantzunak [aditz laguntzaile eta aditz trinko] taulan kokatzen ditu beti.  Puxika sistema baten bidez informazio pilo barneratzen eta azaleratzen du. Zehatzago ezagutu nahi duzunaren gainean, ordenagailuko erakuslea (punteroa) jarriz gero, nahikoa da puxika horiek ikusteko (edo gainean ikutu, ukipen pantailaren kasuan).

(informazio gehiago bideoan)

Liburu birtual hau ikasle eta irakasleei laguntzeko burutu da. Tresna honen helburua i(ra)kaskuntza erraztea da.

Zalantzak argitu, kontzeptuak ulertu, bilaketak egin, ikasteko trikimailuak eta arau mnemoteknikoak ikuskatu, ikasketa teknikak landu… eta geure hizkuntzaren inguruko bitxikeria piloa. Izan ere, euskalkulagailu-az gain, gramatika guztia eta i(ra)kaskuntzaren inguruko hainbat alor jorratzen ditugu.

 

Informazio gehiago hemen: http://www.euskaragara.net/orria/bideoak

Harpidetu zaitez hemen bideo publiko zein pribatu guztiak mugarik gabe ikusi ahal izateko. https://www.youtube.com/harpidetu

 

euskaragara.net proiektua, pasioz eraikitakoa da. Irakasteko grina eta kemena biltzen duena. Jada errealitate den hori, i(ra)kasle askok erabiltzen duten hori.

  • Euskara hedatzeko lehen urratsa, [hiztunek] euskararen barrena nola funtzionatzen duen behar bezala ulertzea delako.
  • Hizkuntza batean segurtasun eta konfiantzaz aritzea mihia askatzeko tresna eraginkorra delako.
  • Ikasketa errazteak berrikuntza eta garapena eskatzen duelako.
  • Kontsulta eta interaktibitateak eraginkortasuna dakarkigulako.
  • Memoria hutsa ordez, arrazonatuz modu eraginkorragoan ikasten delako.

Horrengatik guztiagatik, munduratu dugun tresna eskura duzu dagoeneko.

ESKALKULAGAILUa ESKALKULAGAILUa ESKALKULAGAILUa

EUSKALKULAGAILUa, euskararen kalkulagailua, i(ra)kasteko modu berritzailea bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Bortxaketaren zirkulua

$
0
0

Bortxaketaren zirkulua

Bortxaketaren zirkuluaEne lagun bat beti izan da abeltzaina, eta beti diodanean beti diot. Umeak ginela, haztean zer izan nahi genuen galdekatuak ginelarik nire erantzun dezente oroitzen ditut: astronauta, suhiltzailea, futbolaria… behin guardia zibila izan nahi nuela esan eta nire ama kasik atzekoz aurrera erori zen. Ez dakit ba, uniformea, fusilak, eguzkitako betaurrekoak… umetan oso erakargarri zitzaizkidan. Pasa zait.

Adiskideak garbi zeukan, ordea: abeltzaina. Baina ez zuen esaten “animaliak heziko ditut”, “animaliak hezten ditut” baizik, baserrikoa bera. Bere burua elikatzeko gai ez zela banatzen zien jatekoa zaldi, zerri, oilo edota behiei; gaiarekin lotutako ikasketak egin zituen, eta ordutik hona lanpostu finko bat izan duen koadrilako bakarretakoa da.

Haurtzaroan asko joaten nintzen berarekin, animaliak zuzenean ikuste horrek erakarrita edo, apartamentu txikikoa ni; baina baziren urteak igotzen ez nintzela, aurten aukera suertatu zen artio. Arrautza batzuk ekarri zizkidan, neronek eskatu gabekoak, eta horrek, betiere, ilusio gehiago egiten du. Igotzeko apeta neukala kontatu eta hantxe joan ginen, umetan hainbestetan zeharkatutako bidezidorretik.

A zer nolako oroitzapen uholdea ukuiluan sartzean! Ez dakit nola ez genuen istripurik izan sekula, lasto fardo, tresneri eta animali artean jauzika.

Untxiak zeuden tokira iritsi ginen. Ikuskizuna arrunt tristea zen, egia erran. Kaiolatxoetan sartuta zeuden guztiak, banan-banan. Kaiolatxo guztiek forma kubikoa zeukaten, baina guztien erdian, lurrean, bazen itxitura borobil bat, zezen plaza txiki bat iduri.

  • Zertarako duk hori?
  • Orain esango diat.

Kaiolatxo bat ireki, untxi bat hartu eta itxitura zirkularrean utzi zuen.

  • Hau emea duk.

Jarraian beste kaiolatxo bat zabaldu, untxi bat heldu eta toki berean utzi zuen.

  • Hau arra.

Elkarri inguratu, usaindu eta tartetxo labur baten ondoren txortan ari ziren. Eszenari begira elkarri kontatu genizkion txorakeriak aurreztuko dizkizuet, eta jarraian egin nion galderari pasa.

  • Zergatik jarri behar dituk aparteko itxitura borobil batean? Ezin al ditek berdina egin kaioletako batean?
  • Kaiolak karratuak dituk, eta horrekin arazo bat zegok. Emeak ez badik txortan egin nahi, ipurdia izkinan jartzen dit eta kito, hor ez duk ezer gertatzen; baina itxitura borobilean bai ala bai bukatzen ditek txortan, eta nik tarteka untxi gehiago behar dizkiat.

Bortxaketaren zirkuluaOstia. Bortxaketaren zirkulua.

“Espezismoa” kontzeptua serioski aztertu dudan lehen paradetako bat izan da hau niretzat.

Minutuero batek daki zenbait emakume erasotu eta bortxatzen diren mundu borobil honetan; baina, noski, arazoa ez da munduaren forma, lepo gaineko gure borobilaren karratutasuna baizik.

Eta pribilejioak. Hori ere bai. Pribilejioak.

Bortxaketaren zirkulua

Bortxaketaren zirkulua

Bortxaketaren zirkulua bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Pantaila txikian: Telesailetako pertsonaiei galdezka!

$
0
0
Gaztezulo_Pantaila_Txikian

Pantaila txikian: Telesailetako pertsonaiei galdezka!

Hemen da Gaizka Izagirreren Pantaila Txikian! Oraingoan, Game Of Thrones telesaileko neskak eta Stranger Things-eko haurrak elkarrizketatu ditu… Zer kontatu ote diote?

Barrez lehertu nahi baduzu, ez galdu Izagirreren azken irtenaldia!

 

 

Pantaila Txikian: Txikitako marrazki bizidunekin gogoratzen?

PANTAILA TXIKIAN: BLOGGUNEA

Pantaila Txikian: Txikitako marrazki bizidunekin gogoratzen?

Pantaila txikian: Telesailetako pertsonaiei galdezka!

Pantaila txikian: Telesailetako pertsonaiei galdezka! bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Ardi artean, pozarren

$
0
0

Ardi artean, pozarren

Ardi artean, pozarren

Ardi artean, pozarren

Poliki-poliki atzean ari da geratzen azoka garaia. Datorren asteazkenean, Azpeitian, azkena izango dugu. Eta pozez esaten dut; izan ere, esfortzua da azoketan ibiltzea –beharrezkoa izan arren–, eta, zenbaitetan, are nekagarriagoak dira azoka baino lehenagokoak –aurrekoan kontatu nizkizuen gorabehera batzuk–.

Ardi artean, pozarren
Etxeko belar ondua eta pentsua prest

Piskanaka-piskanaka badator ardiekin estuago lan egiteko garaia. Azaroaren 30ean hasi ginen, egunean behin, ardiei jatekoa ematen. Etxeko belar-ondua bakarrik hasieran; egun batzuk pasa ondoren, alpapa gehitu; eta orain –egunean bitan– alpapa eta pentsua goizetan; belar-ondua eta pentsua, iluntzetan.

Sekulako poza eman zidan hasierako hark, ilusioz espero nuen. Eta lan-dinamika honetan sartzen garen heinean, are zoriontsuagoa naiz. Badator, badator ardi garaia!

Orain dela egun batzuk, errapeak begiratu genituen, eta aurreratuen dauzkatenak –horiek izango baitira erditzen lehenak– etxean geratu dira –75 ardi–, eta lehen esandakoa ematen diegu jateko, euren beharrak horrela aginduta. Gainontzekoak, ordea, kanpoan daude, belardietan, eta hemendik astebetera edo, etxera ekarriko ditugu, errapeak begiratzera, eta, ziur aski, beste ardi batzuk gehituko zaizkie etxean daudenei.

Datorkigunari beldurrez begiratzen diot, betiko zalantzak… Ondo joango da dena erditze garaian? Eta arkumeak, osasuntsu? Eta gazta garaia nolakoa izango da? Goxoak izango dira aurtengoak? Eta guk eutsiko diogu lanari? Osasuna lagun izango dugu? Baina horien gainean ilusioa garaile. Artegian zer falta den ikusi eta, behar izanez gero, erosi edo egin. Egunero-egunero ardiekin egon, berriz ere –udaran gure mendietan, gehienbat, ibili eta gero– konfiantza hartzen dutela ikusi eta sentitu –artegira jaitsi eta zugana datoz, lasai asko–. Gaztandegiari ere errepasotxoa egin –moldeak, trapuak, aldaketak, konponketak…–.

Ardiak jaten, atzo iluntzean

Gustatu egiten zait artegiko lana, esker onekoa da, oso. Benetan gozatzen dut. Egiten duzun lanak isla du ardietan, euren osasunean, euren bizitzan, pozik bizi dira. Asetzen nau ikusteak prestatutakoa gustura jaten dutela, hausnarrean lasai daudela, etzanda. Ohera joan baino lehen, gozamena da artegira jaistea eta ardien artean egotea, isilik eta makurtuta, horma baten kontra. Haiei begira egon, edo begiak itxita, berdin dio, baina hantxe, ardien artean; eta, bakarren bat laztantzen badut, gero eskuak usaindu: ardi usaina, goxotasuna ahurrean dut, neuretzat.

Bai, kanpaina luze egin daiteke, nekagarria eta zaila hainbat unetan –ezin ukatu–, baina aipatu ditudan artegiko momentu horiek betetzen naute, arnasa sakon hartu eta neure buruari esan “ hauxe dun bizitzea!”

Gaur pozak kontatu nahi nituen, artegikoak; ardi eta simaur artean ere badelako zoriontsua izatea.

Zuek ere, ondo bizi!

Ardi artean, pozarren

Ardi artean, pozarren

Ardiak hausnarrean, artegian, gaur goizean

Ardi artean, pozarren

Ardi artean, pozarren bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Besteak baino gogorragoa

$
0
0

Besteak baino gogorragoa

A basque in Boise [@basquebombshell, kaixomaitia.eus-eko erabiltzailea]

Jatorrizko testu honetatik hartua eta euskarara itzulia

 

Besteak baino gogorragoaLagunek maitasun-istorio tristeak kontatzen zizkidatenean, ziur nengoen ondo ulertu ahal nituela. Haien bihotz apurtua ez zitzaidan arrotza egiten. Azken finean, neu ere banandua nintzen nirekin batera zahartzea nahi nuen gizonarengandik. Urteek ez zioten mesede egin gure harremanari, eta azkenean bide ezberdinetatik joan ginen. Garai hartan, ordea, erabat bestelakoa zen sentimendua. Benetan uste dut, ordea, gogoz saiatu ginela; gutako bakoitza, bere erara. Tamalez, ez zen nahikoa izan. Baina, behintzat, saiatu egin ginen. Gaur egun bera zoriontsu bizi da, eta pozten naiz hala dela jakiteaz.

Bihotza inoiz apurtu ez dioten pertsona bati zer sentitzen den azaltzen saiatzea seme-alabak izan ondoren nola sentituko den azaltzen saiatzea bezalakoa da. Ezinezkoa. Edonola azalduta ere, gertatu ez bazaizu, ezin duzu ulertu, ezta irudikatu ere, une zehatz hori, zeinetan ohartzen zaren jada ez dagoela atzera itzultzerik.

Berdin dio zenbat maitasun-istorio triste entzun duzun, zenbat artikulu irakurri duzun, minak ezustean harrapatuko zaitu maite duzun pertsonak zure aldetik joatea erabakitzen duenean. Urdailean jasotako ukabilkada batekin erkatzen dute batzuek. Eta hala da. Pizti basatien atzaparrak zure bihotza atera nahian ibiliko balira bezala. Horixe bera. Bat-batean, zeri heldu ez daukazula, amildegi batean behera bultzatu zaituztela sentituko duzu. Bai. Tristuraren, suminaren, ezintasunaren eta harriduraren aurrean bakar-bakarrik egongo zara. Etengabe negar, idatzi eta lagunekin hitz egiten hasiko zara, bera zure burutik kentzeko ahaleginean, baina alferrik.

Irakurri iruzkin osoa kaixomaitia.eus-en blogean >>

Argazkia: Me Roe_Heartbreak_hemendik hartua

Besteak baino gogorragoa

Besteak baino gogorragoa bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.


Euskal hedabideak, esparru legal berri baten bila

$
0
0

Euskal hedabideak, esparru legal berri baten bila

Euskal hedabideen sektorearentzat deialdi garrantzitsuena argitaratu berri du Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS): hedabideetan euskara sustatzeko diru laguntza deialdia. Aurtengo deialdiak berezitasun esanguratsua dauka aurrekoekiko: urte anitzekoa izango da, 2016-2018 urteetakoa. Hekimen elkarteak ere aurretik esana du deialdi honek ez duela proiektu berrietarako tokirik uzten, eta hori sektorearen garapenerako traba izan daitekeela. Deialdia diseinatzeko orduan, bestalde, ez dira kontuan hartu Hekimenek luzatutako hainbat gomendio, esaterako audientziak kalkulatzeko oinarritzat hartu den inkestaren irakurle kopuru totalak hartzea, edo irismena ez ezik beste aldagai batzuk ere hartzea. Deialdiak aurreko urteetako diru poltsa bera du, 2012tik ez baita aldatu, eta horrek esan nahi du sei urte jarraian deialdi honetan inolako igoerarik gabe aurre egin beharko diela sektoreak komunikazioan gertatzen ari diren erronka handiei. Horregatik elkarteak berretsi nahi dudiru-poltsa berdina egotea,eta irizpide nagusiak eztabaidatu gabe hiru urteko deialdia egitea ez dela sektoreak behar duena, ez delako nahikoa berme berau hauspotzeko eta egonkortzeko.

Nabarmendu beharra dago, bestalde, ze garaitan iritsi den deialdiaren ebazpena, urtearen amaierarekin. Horrek likidezia arazo larriak eragin dizkie hedabideei, eta ezegonkortasun handia sortu du hainbat enpresatan. Hekimen elkartearen ustez, honek agerian uzten du epe luzeko plangintzak egin behar direla, urterokotasunetik ateratzeko eta kudeaketa hobea egin ahal izateko.

Beste lankidetza esparrua

Euskal hedabideen sektoreak beste lankidetza esparrua behar du, beste tratamendu bat. Baldin eta hedabideak ezinbestekoak eta funtsezkoak badira hizkuntza baten biziberritzerako, eta euskal hedabideek denen artean osatzen badute, norbere esparruan, administrazioak ziurtatu beharko lukeen eskaintza, ondorioz funtzio publikoa betetzen dute, hiztun komunitateak detektatu duen behar bati erantzuten diotelako. Denak dira, horregatik, arrakastatsuak. Aintzat hartu eta prestigiatu behar dira. Aitortza eta babesa behar dute. Horixe bera egin izan da euskalgintzaren beste sektore batzuekin, horiek ere euskararen iraupenerako ezinbestekoak. Administrazioan euskararen erabilera edo euskarazko irakaskuntza araututa daude. Gure hizkuntza normalizazio prozesuan hirugarren hankatzat hartu ohi den hedabideen esparruak, ordea, zer berme dauka, zein arau, zein oinarri legalik?

Aurrera begira, beraz, gogoeta egin beharra dago ea zein den epe ertainerako inbertsioak egin ahal izateko eta gutxieneko egiturari eusteko sektoreak behar duen laguntza sistema egokia, edo zein izan daitekeen gaur egungo produkzioa mantendu eta lanean ari diren profesional bikainek modu duinean jarrai dezaten hedabideek ziurtatuta eduki behar duten gutxieneko aurrekontua.

Iruditzen zaigu egoerak eta garaiak eskatzen duten eztabaida dela, eta hedabideen sektorea prest dago eztabaidari ekiteko, euskal prentsan, irratietan, telebistetan eta sarean dagoen ahalegin eta emaitza kolektiboaren aitortza lortzearren. Jende gehiagorengana iristeko, produktu erakargarriagoak eta eraginkorragoak egiteko, egungo hegemoniak iraultzeko. Hori elkarlanean lortuko dugulakoan gaude. Elkarlanean hedabideen artean, eta administrazioarekin batera.

HEKIMEN Euskal Hedabideen Elkartea

Euskal hedabideak, esparru legal berri baten bilahekimen-logoak

Euskal hedabideak, esparru legal berri baten bila

Euskal hedabideak, esparru legal berri baten bila bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Hala Bedi irratia, babes eske

$
0
0
Hala Bedi irratia, babes eske

Hala Bedi irratia, babes eske2011n abiatu zen Irrati lizentzien lehiaketak hamaika buruhauste eragin dizkie Euskal Herriko hainbat irratiri. Azkenekoa, Hala Bediri; Izan ere, lehenengo eskaera egin zuenetik 5 urte inguru pasa direnean, lizentziarik ez diotela emango jakinarazi baitiote, nahiz eta, esan bezala, aurre esleipenetan bat egokitu.

Erantzuna azaroaren 22an egindako gobernu kontseiluan jaso zuen. Bertan, irrati-lizentzien lehiaketa bertan behera utzi izanagatik errekurtsorik jarri ez zuten irratiei lizentziarik ez emateko erabakia hartu zuten. Kontuan hartu behar da, errekurtsoa jarri zuten irrati batzuek jada badutela lizentzia, eta zenbait emititzen ere ari direla, Antxeta irratia kasu.

Ibilbide gorabeheratsua izan du Irrati Lizentzien lehiaketa honek, artean Patxi Lopez lehendakari zela martxan jarri zenetik. Hasieratik bertatik Hala Bedi kide den Arrosa Sareak salatu zuen lehiaketa ez zela modu egokian planteatu, Irrati komunitario eta euskaldunei ez baitzieten aukera egokirik eskaintzen lehiaketa honetan parte hartzeko, eta, beraz, lizentzia bat lortzeko. Euskararentzako ere, halaber, ez zen gutxienekorik ezarri.

Hala ere, Arrosa Sareko zenbait irratik aurkezteko erabakia hartu zuten eta irrati komertzialekin lehiatu ziren. Azpimarratzekoa da lehia honetan sartzeak irratiei eragin zien diru xahuketa handia eta buruhausteak. Hala Bedik, adibidez, publikoki eskatu behar izan zuen bermeak jarri ahal izateko dirua, ez baitzuen aukerarik bere kabuz jartzeko. Orduko hartan ere hainbat kolektibok eta norbanakok babestu zuten proiektua.

Lehiaketa ebatzi zen eta Hala Bedik lizentzia bat lortu zuen, eskatu zituen bietatik bat, Euskara hutsezkoa. Ordurako 30 urtez emititzen ari zen emisio elebidunak, ordura arte bezela jarraitu beharko zuen, babes legalik gabe, eta artean sortzeko zegoen Hala Bedi Bik izango zuen baimena.

Jakina da, ordea, lehiaketa bertan behera utzi zuela PSEko gobernuak, hauteskundeak izan aurreko egunetan, eta bertan behera utzi izan hau, hain zuzen, izan da hainbatek errekurritu dutena. Hala Bedik ere izan zuen aukera errekurtsoa jartzeko, baina lehendik eragindako trabei beste batzuk ez gehitzearren, ez errekurritzea erabaki zuen azkenean.

Geroztik, eta gobernu aldaketa eman bazen ere, lehiaketa bertan behera utzi izanak bere horretan jarraitu du. Irratiek eskatu moduan, lehiaketa utzi zen leku beretik abiatu beharrean, EAJren gobernuak, “koherentzia” arrazoituta, epaitegien bidea hartzea erabaki zuen. Bide horretan, lehenago aipatu moduan, irrati batzuk dagoeneko lortu dute baimena emititzeko, beste batzuei, ordea, ezezkoa eman zaie.

Lehiaketaren prozesua, hainbatek salatu dutenez, irregulartasun teknikoz eta politikoz josia izan da, gainera. GARA egunkariak 2013ko martxoan argitaratutako artikulu batean horietako batzuk jaso zituen, besteak beste, puntuazioen esleipenak. Horiek zuzendu beharrean, ordea, EAJ-k lehiaketa bertan behera mantentzea erabaki zuen inolako arrazoirik eman gabe.

Azkeneko hilabeteotan, epaileek arrazoia eman diete helegitea jarri zuten irratiei. Hau da, lehiaketa bertan behera utzi izana legez kontrakoa zela baieztatu dute. Baina Eusko Jaurlaritzak, horretarako ahalmena badu ere, ez du inolako borondaterik agertu akatsa zuzentzeko. Modu honetan, helegitea jartzeko gaitasunik izan ez zuten gurea bezelako irratiak, bidegabeki lizentziarik gabe utzi nahi ditu.

Azkenik, lizentzia prozesuaren espediente osoa eskatu duela jakinarazi nahi du Hala Bedik. Eusko Jaurlaritzak azaldu nahi izan ez dituen arrazoiak eta datuak bere kabuz aztertu nahi ditu. Prozesuak hasieratik sortu zizkion susmo txarrek arrazorik bazutela frogatu nahi du. Finean, Eusko Jaurlaritzak (PSEren zein PNVren esku) irratien lizentzien prozesuan izandako jarrera azaltzen duten erantzunak bilatu nahi ditu Hala Bedik. Hori dela eta, expediente osoa aztertzen duenean publikoki bertan aurkitzen duenaren berri emateko (informatzeko) konpromisoa hartzen du. Eta beharrezkoa bada, helegitea jartzeko eta gaia Parlamentura eramateko prestutasuna adierazi du irratiak.

Ezezko honen aurrean, Hala Bedik argi dauka lizentzia behar duela, eta lortu arte ez duela etsiko. Lizentziarik ez izanda, besteak beste, lege babesa falta baitzaio eskubide osoz  orain arte egin duena egin ahal izateko; hala ere, instituzioek ematen ez dioten legitimazioa entzuleek eta halabelarriek (bazkideek) ematen diotela adierazi nahi du.

Irratiko kideak eta bazkideak dira irrati bat baino gehiago den proiektu hau posible egiten dutenak.

Hala Bedi irratia Hala Bedi irratia Hala Bedi irratia Hala Bedi irratia Hala Bedi irratia

Hala Bedi irratia, babes eske bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Ispilu beltza, hil eta buelta

$
0
0

hil eta buelta

Ez dakit Black Mirror telesaila ikusi duzuen; nik bai, eta burua jaten nabil ordutik hona. Ez dakit zer demonio dagoen gidoilarien garunean, baina exorzismo batean beharrean daudela garbi.

Telesaila da, baina atalek ez dute harreman berezirik haien artean, independenteak dira; eta sekulakoak. Gainera, badute hala moduzko ukitu makabro bat. Etorkizunari begira jartzen dira, eta ohartarazten gaituzte zertan bilaka gaitezkeen kontu handiz ez ibiliz gero (hauteskundeetara aurkezten den marrazkia eta Trump, mobilarekin guztia grabatzen ibili beharra, reality-ek sortzen dutena…).

hil eta bueltaBigarren denboraldiko lehen atalaren izenburua “Berehala nator” da, robotika eta sare sozialak ardatz hartuta. Marta eta Ash elkarrekin bizi den bikote gazte bat da, baina tamalez azken hau istripu batean hiltzen da. Baina Martari aukera berri bat eskaintzen dio azken puntako teknologiak: enpresa batek gorputz bizidunak sortzen ditu, eta hildakoak bere bizitzan zehar sare sozialetan utzitako informazioarekin (itxura fisikoa, ahotsa, mugitzeko modua, gustuak, hitz egiteko era…) kopia bat sortzen dute. Honainokoak esanda aski, horrek sortzen dituen gorabeherak ikusi nahi izanez gero, badakizue zer egin.

Etorkizuna iristen hasia dago, ordea; Eider Rodrigezek esango lukeen moduan, “eta handik gutxira gaur”. Buenos Aireseko familia batek Antony izeneko txakur bat izan zuen, hamazazpi urteetan zehar, duela ez asko hil zen arte. Sendiak, dirudienez, ez zuen bere heriotza onartu, ez omen ziren aurrera jarraitzeko gai beren txakurra aldamenean izan gabe (Anarik esango lukeen moduan, “melankolia burgesa”); hartu eta txakurra klonatzea erabaki zuten, hil eta gero. Bere azal zati bat Koreako laborategi batera bidali zuten (Sooam Biotech Research Foundation), laborategia prestigiotsua baita klonazio arloan.

hil eta buelta
Antony II

Aurtengo uztailen jaio da Antony II, Antony I-aren kopia genetikoa, kalkoa. Faktura: 60.000€.

Zer pentsatua ematen du. Agerikoa da ez dela txakur bera, Antony zizareen bazka izan zen, baina praktikan txakur bera da, genetikoki iguala. Laborategi honek jadanik mila klonazio burutu omen ditu arrakasta osoz, eta distantzia apur batekin begiratuz gero, 60.000€ ez da kantitate estratosferiko bat (ezagutzen dut kotxe batean hori baino zerbait gutxiago gastatu duenik).

Hain urruti al dago berdina egiteko aukera gizakiekin?

Eta handik gutxira gaur, eta nire melankonia burgesean itota, bertigoan amildu naiz. 

hil eta buelta

Ispilu beltza, hil eta buelta bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Kattalin Miner: “Ni ere sexilioan izan naiz, baina Euskal Herrian ligatu daiteke”

$
0
0
GAZTEZULO_SEXUMATOIA_KATTALIN_MINER

Kattalin Miner: “Ni ere sexilioan izan naiz, baina Euskal Herrian ligatu daiteke”

Feminismotik eta bazterretatik begiratzen du mundua Kattalin Miner kazetari eta idazleak. Igartza sariaren irabazle iaz, Berrian duen zutabetik zorrotz zaintzen ditu heteroarauaren eta patriarkatuaren mugak. Nola ligatzen ote du feminista batek?

Ze film mota gustuko dituzu?

Dudarik gabe komedia erromantikoak ditut gustukoen. Badakit zientzia fikzioa ikusten ari naizela, eta maitasuna ez dela hori baina…

Eta noizbait bero-bero jarri zaituen telesaila?

The L word. Lehenengo aldia izan zen telebistan lesbianak ganoraz txortan egiten ikusi genituena.Kattalin Miner: "Ni ere sexilioan izan naiz, baina Euskal Herrian ligatu daiteke"

Zure ustez, zita batean inoiz esan behar ez dena?

“Ni ez naiz ez matxista ez feminista…”. Agur.

Feminismoak ligatzen lagundu gaitzake? Nola?

Noski, hasteko hizketa gai oso interesgarria delako. Baina orokorrean esango nuke, feminismoak berak erakargarriago egiten gaituela denok.

“Sexuaz gehiago hitz egiten dugu, praktikatu baino” aipatu zenuen behin GAZTEZULOn; hala izaten jarraitzen du?

Kar kar kar! Ba ez dakit gehiago edo gutxiago, baina hala ere sexuaz hitz egitea oso garrantzitsua eta dibertigarria dela uste dut. Eta sarri gehiago ikasten da hitz egiten praktikatzen baino.

Euskal Herrian horren zaila al da ligatzea?

Uste dut mito bat dela hori. Desberdin ligatzen da beste leku batzuekin alderatuta, baina ligatzen da. Ni ere izan naiz sexilioan, eta kanpoan maitale bila aritu naiz, baina Euskal Herrian ligatu daiteke.

 

ELKARRIZKETA OSORIK IRAKURTZEKO: GAZTEZULO.EUS

Kattalin Miner Kattalin Miner

Kattalin Miner: “Ni ere sexilioan izan naiz, baina Euskal Herrian ligatu daiteke” bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Baserritarraren ondoeza

$
0
0
Baserritarraren ondoeza

Baserritarraren ondoeza

San Tomas eguna ospatzen den honetan aproposa begitandu zaigu Mahala baserriko Jokin Arrospidek berrian eta Geuria Merkatuaren webgunean argitaratu duen iritzi artikulua geurera ekartzea.

Baserritarraren ondoeza
Leaburuko Mahala baserriko behitegia.

Negua lasai xamar igarotzeko asmotan, baserritarra hasita dago laneko erritmoa azkartzen: lurra mugitu, itxiturei azken begiratuak eman abereek euren bazka bila dezaten, basoei gainbegiratua neguko eguraldi traketsak kaltetu ez ditzan, landare gazteak bideratu, bideetako iturriak irekitzen, lurra gozatu urte garaiaren arabera landatu edo erein behar den landarearentzat…

Ondoren etorriko den udaberriak, gainera, lan erritmoak berdindu egingo ditu baserri guztietan, edo oso antzekok egin, behintzat.

Azken urteotan errazagoa zaigu lan egitea. Teknologia dugu, lurren partzelazioa egin da leku askotan (sailak eta), ganaduaren biltegiak ere egokitu egin dira eta soroetako janari etekinak hobeto kudeatzen dira tenperatura kontrolatuago eta beste zenbait teknikaren bidez.

Hegoaldean alfalfa, garia, patata, zenbait fruta arbola eta horrelakoak dituzte soberan, eta, aldiz, norte alde honetan soberan dugu basoetako egurra, etxeak eta bestelakoak eraikitzeko erabiltzen hasita gaudenak. Pentsa, bizikleta batzuk ere egurrezkok egiten dira!

Elikatzeko barazkiak, esnea, haragiak ta beste hainbat kontu sortzen dira. Ardi kontuetan latxak, mutur gorriak, beltzak, txuriak… Aralar, Urbasa, Urepelgo mendiak dituzte eurentzat, zaldi eta haragi abereekin batera. Eremu horietan beste zenbait animalia basati, oraingoz jasangarriak dira.

Gure Euskal Herri honetan elikadura beharrak eta soberakoak berez bideratzen ditugu, araututa dago, denok dugu argi bata bestearentzakoak garela.

Haziak ere berreskuratu ditugu, ekoizpen txikiagoak baina seguruagoak lortzen ditugu. Euskal behiak ere baditugu, esne dexente, haragiak urdai tartekatuarekin, kolorez gorri-txuriak izaten direnak (nabarmentzeko, kolore berdea jartzea tradizio bihurtu da).

Azken finean, baserri asko dago jardunean eta, itxura batean, kaleko jendeak gogoko duen lan polita da. Baserrigintza osasuntsua da, aspertzeko astirik ez daukana, etengabeko dedikazioa eskatzen duena, ondo ordaindua eta, gainera, norberak sortutako janariaren plazera ematen duenetakoa. Baserritarrok, elkar hartuta zabaltzen ditugu dendak eta abarrak, beharren arabera. Pausoa eta ibilera ez dugu kaletarren berdina, baina ondo moldatzen gara hauekin ere.

Ai, ai, ai, ai, ai…

Badakit amets baten erdian bizi naizela eta diodana ez dela egia borobila. Hala ere, barkatzen badidazue, nahiago dut amets horretan bizitzen jarraitu, bertatik irten gabe. Izan ere gauzak ez dira zeharo nik kontatu bezala. Multinazionalek gure egunerokotasuna hartuta dute, askotan geure politikarien kidetzarekin. Eta hauek ia beti nekazari eta baserritarrentzako parafernalietan harrapatuta dabiltza.

Egia beste bat da. Baserritarrak gutxi geratzen gara eta, gainera, geure erabakiak ez dira izaten geureak: beste batzuek hartzen dituzte geuretzat.

Jokin Arrospide Mahala

(baserritarra)

Baserritarraren ondoeza Baserritarraren ondoeza Baserritarraren ondoeza Baserritarraren ondoeza

Jokin Arrospideri 2016ko martxoan ZuZeuk egindako elkarrizketa…

Jokin Arrospide (Mahala): “Gertukoa gerturako, horixe dugu xede”

Baserritarraren ondoeza bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Bilbotar bat Berlingo kamioipean harrapatua

$
0
0
Bilbotar bat Berlingo kamioipean harrapatua

Bilbotar bat Berlingo kamioipean harrapatua

Berlin erdialdean gutxienez hamabi lagun hil zituen atzo kamioi batek… eta dozenaka zauritu eragin; tartean bilbotar bat. Iñaki Ellakuria du izena eta erietxean dago, hanketako hezurrak hautsita baititu.

Ellakuriagak berak eman du bere egoeraren berri, Jon Orozko lagunak Twitter bidez egindako galderari erantzunez.

Gero zortzi txioko errenkadan, jazotakoa kontatu du (gazteleraz), denboran atzera eta aurrera eginez; lehen pertsonan, bapatekoan eta hurbiltasunez komunikatzeko, 140 karaktereko muga izanda ere, Twitter tresna paregabea izan daitekeela berretsiz.

Honela dio, euskarara (halamoduz) ekarri dugun kontakizunean:

1.- Milesker galdetu didazunei. Kamioiak bete-betean harrapatu nau. Tibia eta perone hezurrak baino ez ditut apurtu (1ean) orkatila (bestean) eta mokorra.

2.-Bi lagun eta hirurok Europa Centre Gabonetako merkatuan geunden, berritua ez izanagatik oso famatua den eliza baten kontra dagoena; eta…

3.- … eta kamioi beltz bat sartu da ziztu-bizian, etxola pare bat apurtu eta bertan zirenen kontra eginez. Ni azpian hartu eta bi hankak harrapatu dizkit.

4.-Ondo nago, zainetatik sartu dizkidaten droga guztiei esker. Baina bizitzan izan dudan oinazerik jasanezinena pairatu dut.

5.- Pentsatzen dudan bakoitzean, min gehiago ematen dit. Uste nuen ez nintzela hainbesteko mina jasateko gai.

6.- Kamioia entzun nuen lehen etxolaren kontra jotzen, buelta eman eta aurpegi parean nuen. Bizkor zihoan, oso bizkor errepidetik ateratze bat baino ez izateko.

7.- Zauritu bakoak primeran artatu gintuzten. Kuxinak, ura, jana, mantak, txano eta tapaukak…

8.- Hotz handia zegoen, dardara egiten nuen bakoitzean mina jasanezinagoa zitzaidan (inoiz sufritu izan dudan handiena).

Euskal Herritik elkartasunez, Ellakuriari besarkada bero bat eta ahalik eta lasterren osa dadila opa diogu; animo Iñaki!

Bilbotar bat Berlingo kamioipean harrapatua
Berlingo merkatuaren argazkia, kamioia bertara sartu eta gero.
Bilbotar bat Berlingo kamioipean harrapatua

Bilbotar bat Berlingo kamioipean harrapatua bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Militanteak antuxiñe behar du

$
0
0

antuxiñe

antuxiñePasa den astean Jakoba Errekondoren hitzaldietako batean izan nintzen, lehenbizikoz, eta baratza ardatz izanik ere bertan esandakoek uzta zabalagoa jasotzeko aukera eskaini didate. Idatzi dut aurten lurra lantzen hasia naizela, eta nik lurrari ematen diodan heinean zer itzultzen didan berak bueltan; idatzi nuen, aurten ere, militantzia eta likidoaren inguruan. Bi ideiak atxiki dira ene burmuinean, bi burutazioak elkar kateatu eta jaten eman, lurrak aienea elikatu eta aieneak barazkiak beso bete hartzen dituen moduan.

Zeren eta jana oso politikoa da, eta politika egunero jaten dugu, eta iraultzaileak inoiz ez dira patatak bezala atera, eta globalizazioaren garai hauetan baratza iraultzailea da oso; eta erreboluzioaren eboluzioa bermatze aldera, hainbeste euri egiten duen munduko txoko honetan ureztapena bezain gakoa da ureztatzeko erabiltzen den modua.

Lurralde askotako arazoa da ea nola demontre konpondu laborantza lurrak ureztatu ahal izateko; geure isurialde atlantikoan, berriz, aurkakoa. Hau da, dagoen ur demasarekin egin behar dugu borroka. Urak, biziaren esentzia izateaz gaindi, beste bizi asko darama: gaixotasunak, bakteriak eta beste. Onddoak suspertu egiten dira Euskal Herriko gune hezeetan, eta horrek, ondorioz, gaitzak eragin baratzean. Horregatik ez dauka inongo zentzurik mangera bat izateak geure baratzeetan, kalterako da; beraz, argi gera bedi: mangera ez da manera.

antuxiñeErrekondok beste tramankulu baten erabilera babestu zuen hitzaldiaren une batean: antuxiñe. Goierrin horrela esaten diogu, eta orotariko hiztegiak antoxin hobetsi. Antuxiñe heldulekua daukan metalezko ontzi txikia da, mila erabilera dauzkana: esnea berotzeko (mikrouhinik ez zegoenean sutan), mendiko iturrietan kate batekin lotu eta egarrituek edan dezaten, edota, Errekondoren arabera, noizbehinka barazkiak ureztatzeko.

Ondo uler dadila, ni behintzat ez naiz esaten ari baratze oso bat edalontzi batekin ureztatu behar denik; baina agian dozena erdi bat landare jarri genituen duela egun gutxi, ez du euririk egin ordutik hona, eta orduan, ba antuxiñe hartu eta sei horiek bakarrik ureztatuko ditugu. Ur gutxirekin, egun urritan, baina gehien behar duten tokian, sustraietan: zehatzmehatz, doi-doi, xehe-xehe. Testuinguruak eskatzen duen bezala.

Mangeren ordez, gure militanteek (langile mugimenduak, independentismoak, euskalgintzak, gazte antolakundeak…)  gehiagotan erabili behar lukete antuxiñe herri eta auzoetan, maila lokalean.

antuxiñeIkus-entzunezko Komunikazio eta Diseinu Grafiko ikasketak egin nituen, eta zorionez, amaitu nituenetik, komunikazioarekin zerikusia daukaten zereginetan aritu naiz lanean: argazkiak atera eta ukituak eman, bideoak grabatu eta editatu, idatziak egin eta maketatu, bannerrak handik, sare sozialak hemendik… Informazioz (edo desinformazioz) jadanik mukuru dagoen jendarte batera ene eskuek egindako idatzi, kartel eta bideoak jaurtitzen ari naizela sentitu izan dut maiz; hezetasunez itotako lur bat mangera batekin ureztatzen arituko banintza bezala. Komunikazioan jarduten naiz, saiatu, eta gaizki ulertuak saiheste aldera, bere garrantzi estrategikoa aldarrikatu nahi dut hemen, beste behin; Euskal Herria eta euskal herritarrak aske izate bidean, komunikazioak, geure hedabideek, informazioa eta ideiak zabaltzeko gaitasuna daukaten herritar engaiatuek, berebiziko garrantzia daukate, daukagu. Mezuak findu behar ditugu, egiten dugun eduki komunikatibo horren hartzaileak zein izango diren ahalik eta gehien zehaztu, antuxiñen filosofia aplikatu mangerarena beharrean. Baina hemen, betiere, nahi eta nahi ez jende askorengana heltzen saiatuko gara, eta horrek hartzaile hetereogeneok izatea dakar, derrigor, eta horretara moldatu behar gara.

Baina bada komunikatzeko beste modu bat, maila lokalean, ahal dudan heinean, praktikan jartzen dudana. Eman beharreko mezua ikaragarri definitzeko aukera ematen dit, gehiago ezinezkoa da; prestatu behar ditudan argudio zehatzak aurretik lantzen ditut, aldiro, ez baitaude bi esperientzia komunikatibo berdin; balantzan jarriz gero, lan eta denbora gehien eskatzen duena da, ondoren hartzaile bakar bat izateko: elkarrizketa.

antuxiñe

Zu eta ni, aurrez-aurre, aurpegiz-aurpegi; biona den herri honen inguruan patxadaz hitz egin eta komeni zaionaren bueltan mintzatu, oztopoez jardun eta aukerez solas egin, iruditzen zaizuna entzun eta begitantzen zaidana esan. Ez dakit egin ditudan kartel, bideo eta bestelako euskarriek zenbaiterainoko alea jarri duten batek daki zenbait jende batek daki zenbait lanetara hurbiltzeko. Baina elkarrizketak ematen duten fruitua handia dela badakit. Elkarrizketak neurrira diseinatutako diskurtsoa eraikitzeko aukera ematen du, hartzailea ezagutzen duzulako soberan, eta hein berean, berak zu; ez zarelako joango berarengana entzun nahi ez duen zerbaiten inguruan solasetara. Sekulako konfidantza eta tratua ez daukagun jendearekin lasai eta patxadaz hitz egiteko ohitura galdu dugula iruditzen zait.

Itsasoan urak handi dire, murgildu nahi dutenentzat, gure herriko lanak handi dire, astun dire, gogor dire, zatiturik gaudenontzat… 

Antuxiñek behar zehatzak dauzkan landarearentzat ur kantitate justua ematen du, eraginkorrena den tokian, premiazkoa den unean; eta antuxiñe, era berean, behar zehatzak, zaletasun propioak, eta motibazio bereziak dauzkan pertsona horrekin har dezakegun kafearen edukiontzia izan daiteke.

antuxiñe

sukaldean.eus

Militanteak antuxiñe behar du bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.


Zabortegi naturalak

$
0
0
Zabortegi naturalak

Zabortegi naturalak

Gaur egun, plastikoak ibaietara eta itsasoetara botatzea ohituratzat hartu egin dugu. Agian ez gara konturatzen, baina honelako jokaerak dira gure planeta kaltetzen eta pixkanaka-pixkanaka  hil egiten dituztenak.

Hainbat motatako itsas hondakin daude, nolabait poltsak, botilak, mamu sareak etab. Azken hauek, marinelak ozeanoetan utzi edo galdu egiten dituzte eta sekulako arazoak sor ditzakete. Normalean, sare hauek animaliak harrapatu edo korapilatzen dituzte, eta askok ez dute ihes egiten lortzen eta hil egiten dira. Gainera, poltsen kasuak direla eta, antzekoa gertatzen da. Botatako plastikoak ozeanora iristen direnean animaliak janariarekin nahastuz, jan egiten dituzte eta ito egiten dira. Izan ere, Ozeano Barean  korronteak direla eta, hondakinez osatutako 1.400.000 km karratuko uharte bat dago.

Beste aldetik, ibaietan, ozeanoetan gertatzen diren kasu berberak gertatzen dira. Askotan, kutsadura askoz handiagoa izan daiteke, hauek hiriak zeharkatzen dituztelako, non industria hondakinak heltzea errazago da. Are gehiago, hondakin hauek direla eta, ibaietako animaliek egoera penagarriak pairatu behar izaten dituzte azken hamarkada hauetan.

Horregatik, gure planeta lagundu eta salbatu nahi badugu, neurriak hartzen hasi beharko genituzke. Adibidez, ibaietan korronteak aprobetxatu egiten dituzten edukiontziak jartzea, edota ozeanoetan zaborrak jasotzen dituzten itsasontziak erabiltzea. Halere, hau guztia lortzeko, guztion laguntza beharrezkoa da eta bakoitzak ahal duen moduan birziklatzea ezinbestekoa da.

Zabortegi naturalak

Zabortegi naturalak

Zabortegi naturalak bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Eta zuek, zer egin duzue euskararen alde?

$
0
0
Eta zuek, zer egin duzue euskararen alde?

Eta zuek, zer egin duzue euskararen alde?

Autokritika besteei eskatzea oso da modan dagoen kontua, autokritika egiteko batere asmorik ez dutenek egiten dute normalean hori. Igual berean esan liteke jarrera etikoa besteei eskatu eta eskatu ibiltzen direnek oso gutxi izaten dutela portaera etikotik; baina are jarrera ustelago dugu, bakea, demokrazia, bizikidetza eta biziaren izenean betebeharreko eginkizun saihetsezin jakin bat duten agintariek, aginte horretatik haiek egin ez dutena norbanakoari eskatzea. Etikotik ezertxo ere ez izateaz gain iruzurra da eta, kasu honetan, hizkuntza bat ordezkatzeko desagerrarazteko aspaldidanik martxan den makineria batek aurki zezakeen laguntzarik handiena.

.

Inkestetan eta erreferendumetan ohikoa izaten dira maltzur bideratutako galderak egitea, kasu honetan, baina, are okerrago, testuinguruan berean baitago azpijokoa, eta maltzurkeria guztiak gainditzen ditu: Norbanakoarengana jotzea berrogei urtetan agintetik egin ez dutena eskatzera.

.

Eta zuek? Bueltatuko lieke galdera oraindik itsutu ez denak eta, zuek ia-ia dena erantzungo luke oraindik itsutu ez den horrek.

Baina zuen kasuan, galdera ez da zer egin dezakezuen, berrogei urteotan zer egin duzuen baizik eta erantzuna emanda zaudete. Eginak ez du dudarako tarterik uzten.

.

Izatez, aspaldidanik datorren tradizioa da:  XVI. mende hartan ere orduko jauntxoek etxeko eta herriko hizkuntza bide bazterrean utzi eta ezpatari beharrean gaztelaniari ondo helduta, lauoinka ateratzen ziren Gaztela alde hartara haien negozioak orduko felipecarlosalfontsomariakristina guztiekin egitera. Botere kuotatxo negargarri baten truk herria saldu. Ondoren zuek ailegatu zinaten erromantizismo xuriko berniz geruza eman eta, eta segi salerosketa berean zuen azañaadolfofelipemariano guztiekin, ordurako trenez, laster, ahal bada are abiadura handiagoz. Mendeetan  utzitako mezua, hortaz garbia da, euskara kuttun-kuttuna dugu, geurea da, baina hemen espainola da behar duguna, eta kito. Mezuak zuloa egin du ur tantak arrokan nola, eta azken hamarkadatan boteretxo bat edukita ere honatx zer egin duzuen euskararen alde:

.

Zuek agintera iritsi zinatenean Ikastolen mugimendu handi bat bazegoen herrian ederki saretuta, berrogei urte pasata oraindik ere dirua ateratzeko nork bere festa antolatu beharrean da desagertuko ez bada

.

Zuek agintera iritsi zinatenean bazegoen Euskalduntze-alfabetatze sare sendo bat zuek ez bezala Euskal-Herri osoa hartzen zuena bere baitan. Berrogei urteotan, lagundu ez eta haiei kontra egiteko HABE eratzeaz gain ez duzue besterik egin. Sare horretan oraindik ere militantzia da halabeharrezko oinarri.

.

Zuek agintera iritsi zinatenean bazegoen Euskarazko unibertsitate izan nahian guztia kontra zuela lanean zebilen UEU izeneko erakunde miresgarri bat, oraindik ere gogotik ari dena, baina hasiera hartako baldintza bertsuetan.

.

Zuek ez duzue jende guztientzat euskara ikasteko doako sistemarik martxan jarri.

.

Zuek ez duzue, bizikidetza, kultura, modernotasuna edo garapenaren izenean inolako legerik aurrera atera ez dakitenek gutxienez ulertzeko maila eskuratzeko obligazioa ezartzeko.

.

Zuek ez duzue, zuen erakunde handiki horietan, ezta zuen alderdietan ere, euskara hegemonikoa izateko keinurik txikiena ere egin.

.

Zuek hor egon zareten bitartean asko aldatu da mundua teknologia berriak iritsi dira, Internet iritsi da eta euskarak bertan duen presentzia baten batzuen borondatezko lan alimalekoa ez balitz orain ingeles, espainolez edo frantsesez arituko ginateke bertan. Teknologia berririk gabe ere izan zitekeen, baina 2016. urtean, non da euskarazko urrutiko unibertsitatea?

.

Zuek hor egon zareten bitartean euskaldunak munduko berriak euskaraz jaso zitzan norbanako batzuek egin zuten ahalegin eskergari zuek egin zenizkioten jukutria, azpijoko eta zakurkeriak, letra larriz azpimarratu beharko lituzke historiak, historia beharko lukeena balitz. Ez da, hamahiru urtez izan genuen egunkari ezin duinago hura nola bukatu zen gogoarazten hasteko unea, baina lotsagorritu beharko zenukete goizero-goizero kioskotik pasa eta Berria izeneko hori beste erdal egunkari guztiekin batera zintzilik ikusita. Hau ere, norbanako multzo handi baten borondate, ahalegin eta lan hutsez ateratakoa eta diru-laguntza gero eta gutxiago dituena.

.

Zuek berrogei urte agintean eman eta gero ez dago ez kultur sorkuntzarako ez itzulpen lanerako inolako plangintza sistematizaturik.

.

Zuek, Hezkuntzan euskal curriculuma abiarazteko berrogei urte eduki duzue baina hori bazter utzita PISA izeneko liga neoliberal batean goien ibiltzea beste kezkarik ez duzue. Eskandalua omen da liga horretan bigarren mailara jaistekotan egotea baina bost axola zaizue berrogei urte pasa ondoren, oinarrizko ikasketak bukatuta ikasleek Xalbador, Xaho edo Koldo Izagirreren arrastorik ez edukitzea. Kanpoeder barrenuts.

.

Zuek “euskara salbatzeko” abiatu zenuten tramankulu bakarra EITB izan da eta ziurrenik, egungo hegoaldeko euskalduna orain dela berrogei urtekoa baino askoz espainolagoa izateko izan den eragile indartsuenetako bat.

.

Ez da begi zolirik behar ondorio bat ateratzeko: Zuek boterexkara iritsi zinatenean herri mugimenduak ordurako eraikita zeukan lan handiari kontra besterik ez diozue egin, ahal zenean agerian, itxurak gorde behar zirenean azpijokoen bitartez, eta halaxe segitu duzue urteotan herri mugimendutik zetorren guztia zapuzten. Horra hor, zuek zer egin duzuen (eta zer ez duzuen egin) euskararen alde.

.

Autokritika besteei eskatzen diena ez doa autokritika egitera. Besteei jarrera etikoa eskatu eta eskatu ari denak etika gutxi erakusten du. Urteetan boteretik egin ez eta halako batean gizabanako xumearengana kontu eske jotzea, lizuna doilorra eta eskrupulurik gabekoa izateaz gain seinale aurrerantzean ere ezer egiteko batere asmorik ez duela.

.

Eta bukatu baino lehen irakurle finentzat erronka: Nor da zuek?

Eta zuek Eta zuek Eta zuek Eta zuek Eta zuek Eta zuek

Eta zuek, zer egin duzue euskararen alde? bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Nola esaten da flow euskaraz?

$
0
0
Nola esaten da flow euskaraz?

Nola esaten da flow euskaraz?

N Lith & Rubi Rock Mc-ak euskara ikasten ari dira; horrela aldarrikatu dute “Euskaldunberriak gara” rap gaitzean…

Jakina da rock musika zaharrunoen kontua dela, jada nekez ikusten dira 40 urte azpiko zaleak jaialdietan, eta gazteek hip-hop doinuak dituztela lagun. Gure belaunaldia atzean gelditzen ari da, eta N Lith edo Rubi Rock-ena da etorkizuna.

Bi gazte gasteiztarrek harrotasunez daramate euskaldunberritasuna mingainean, eta errimaz-errima aurki itzulpengintza ikasketak egitera ere ausartuko dira, auskalo, Letren Fakultate bueltan grabatu baitute bideoa.

Pozgarria da N Lith eta Rubi Rock euskarara hurbildu izana, eta beraien rap doinuak euskaraz entzutea (ala ez?). Gu ez gara gai flow-rik ba ote duten esateko baina… ez da makala buruan darabilten nahastea: “Eminem, 50 Cent, Su ta Gar eta Kortatu…”.

Nola esaten da flow euskaraz?

.
* Cortada jaialdiko Ehuskarabanda, Berehalako Film Laburren Lehiaketako hirugarren saria eskuratu ei du Ion Ansari esker ezagutu dugun parodia bitxiak.
Nola esaten da flow Nola esaten da flow

Nola esaten da flow euskaraz? bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Ellakuriatik Ellakuriara eta Alfredotik Alfreedora

$
0
0

Alfredotik Alfreedora

Atzo kontatzen nuen Iñaki Ellakuriak, Berlinen zauritutako gazte bilbotarrrak, erasoak jasan behar izan dituela sare sozialetan bere pentsamendu independentistarengatik; espainiarren aldetik, bistan dena. Sare sozialen tamaina eta ergelkeria infinitua da maiz, ezinezkoa biltzeko, baina @begiakirekiz erabiltzaileak Ellakuriari zuzendutako zenbait mezu bortitz elkartu, eta, modu batean esateko, lagin bat eskaini digu. Hemen batzuk:

Alfredotik Alfreedora

Alfredotik Alfreedora

Alfredotik Alfreedora

Egoera honek baieztatzen diguna ere atzoko idatzian esan nuen: espainiarrek, berek funtzionatzeko moduarekin, behin eta berriro baieztatzen digute ez garela espainiarrak; lehenik eta behin, ez gaituztelako espainiar gisa tratatzen. Inperioa inperio da oraino, eta gu, amore eman ez duten indigena batzuk; zorionez.

Alfredotik AlfreedoraAgian nire hegozentrismoaren erruz, baina kosta egiten zait Ipar Euskal Herrian horrelako egoera bat irudikatzea. Nizan bi xiberotar hil ziren (ama eta alaba) kamioi bat erabilita egin zen lehenengo atentatu hartan, eta inongo hedabidek ez zuen publikatu zein zen haien pentsamolde politikoa. Normalena; eta gainera, maleruski erabili, izenburuan ez argi, baina bai garbi adierazteko “bonne, merezi zuela”.

Sare sozialen aitzakian egindako atxiloketak ugaritu egin dira azken urteetan, “bullying”, jazarpen sexual edota biolentziaren gorazarre egiteagatik; ustez. Ustez diot, zeren eta kontu honetan, beste behin, espainiarrak dira hobekien demostratzen digutenak ez garela espainiarrak, ez garela beraien espainiartasunean kabitzen, lekurik ez daukagun espetxe baten barruan mantendu nahi gaituztela. “Euskaldunak espainiarrak zarete” ohiukatu, eta aldi berean “euskaldun zikinak” esanez. Oso logikoa guztia.

Alfredotik AlfreedoraAlfredo Remirez @erreharria izenarekin ezagutzen da sare sozialetan. 2015eko maiatzean “Armiarma operazioaren” hirugarren fasean atxilotu zuten sare sozialetan idazteagatik. Otsailaren 27an ekingo diote bere aurkako epaiketari eta bi urteko kartzela zigorraz gain, bost urteko zaintzapeko askatasuna eta hamasei urteko inhabilitazioa eskatzen diote txio batzuk idazteagatik. Argian egin dioten elkarrizketan zenbait azalpen eman ditu Alfredok.

Poliziari Ellakuriaren aurkako txioak idatzi dituztenen aurka neurriak hartzeko eskatzea beraien sistema onartzea da, beraien sistema justua dela iradokitzea; estatuari bake prozesua ez dezala oztopatu eskatzea bezain zentzuzkoa. Poliziari polizien aurka jotzeko eskatzea bezala.

Ez dute Cabacasen hiltzailea zein den argitzen, eta txio ziztrin baten aurka egingo dutelakoan… Baita zera ere.

 

Alfredotik Alfreedora

Alfredotik Alfreedora

 

 

 

Ellakuriatik Ellakuriara eta Alfredotik Alfreedora bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Hiru egun amets egiteko

$
0
0
Hiru egun amets egiteko

Hiru egun amets egiteko

Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendari Nagusiak, Mikel Irizarrek, aurkeztu berri den hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa hartu du ahotan, Piperrautsa blogean idatzi duenHiru egun, amets egiteko sarreran.

Europako hizkuntza-aniztasunaren foroa, hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa barne, ostegun eta ostiralean; protokoloaren aurkezpen publikoa, larunbatean. Hiru egun bete, entzuteko, ikasteko eta harremanak lantzeko. Hiru egunotan -eta honainoko bidean- bizi izandakoak aukera ematen du amets egiteko.

.

Korapiloa

Korapilo bihurria azaleratu zuten 2015eko udal eta foru hauteskundeek. Aurrez goi-bileraren eta protokoloa lantzeko hitzarmenaren aurka egin zutenek erabat kontrolatzen zuten patronatu berria. Are bihurriago, hitzarmena salatuz hitzordu zehatza ere bazegoen epaitegian urrirako. Lehergailuaren eztandarako atzera kontaketa hasia zegoela osatu zen desaktibazio komandoa: Miren Azkarate, Paul Bilbao, Xabi Paya eta laurok. Joxean Muñoz eta Iker Martinez de Lagos izan genituen ezinbesteko lagun. Eskuzabaltasun itzela egon zen alde guztietatik; horri esker, emaitzak etorri ziren bata bestearen segidan: goi-bilera eta protokoloa bereiztea, epaitegia -eta leherketa- saihestea eta, hamabost zirriborro landu ondoren, hamaseigarrenean alde guztiek akordio berria sinatzea. Une horretan aski zitzaigun azken emaitza –hiru egun hauek- txukun samar irtetea.

.

Hiru egun amets egitekoUnesco etxea

Akordio berriak protagonista bihurtu zuen ordura arte antolakuntzan kide soil zena: Unesco etxeak antolatuko zuen Foroa (goi-bilera bakarrik goi-agintarienak omen). Gurdia abian zela igo behar izan zuten gainera; hala, ez zen erraza izan bi dinamikak –foroa eta protokoloa- indartzea, bakoitza berean eta besteari adi. Baina hemen ere lan bikaina egin da. Eta ez bakarrik Unesco etxea uztartu da euskalgintzarekin; gainera lortu du Unesco ere parte garrantzitsua izatea azken emaitzan.

.

Unesco

Ez zaio gehiegi erreparatu, baina seguruenik Nazio Batuen erakunde honek eman du hiru egunotako albisterik esanguratsuena: bere hizkuntzen Atlas berriaren norabidea. Atlas berri hau otsailean aurkeztuko du Unescok Parisen, duela 20 urte sortu zuenaren ordez. Orduan arriskuan zeuden hizkuntzak kokatzen zituen soilik, haien iraupenaz kezkatuta. Aldiz, jauzi luzea egin eta Atlas berriak munduko hizkuntza guztiak jasoko ditu, hizkuntza-aniztasuna bermatzeko politika aktiboak sustatuz. Komunitate txikientzat albiste ezin hobea da: Unesco gure lankide izan daiteke aurrerantzean, gure bozemaile munduko aginte-gune gorenetan, bestela iristen ez garen tokietaraino igo gaitzakeen eskailera. Ederra litzateke DSS2016ak utziko duen ondarearen baitan Unescoren bulego edo egoitza egonkor bat geratuko balitz Donostian, lankidetza hori bideratzeko ‘Donostiako protokoloa’ren bueltan.

.

DSS2016

Iritziak jasoko dira kultur hiriburutzaren gainean, balantzea eta balorazioa egiteko ordua heldu baita. Nik meritu handi bat eman behar diot: hizkuntzen esparruan egin duen ekarpen bikaina. Lehenik eta behin, euskarak eta komunitate euskaldunak presentzia handia eta duina izan du urteko programak, ohikoaren oso goitik. Aldeak alde, Bartzelonako Joko Olinpikoetan katalana ‘ikusi’ genuen bezala ikusi dugu euskara eta euskalduna aurten, ezohiko tokian eta mailan.

Hori gutxi ez, eta bigarren ekarpena azpimarratu nahi dut: euskal gizarteari bistaratu dio Europan –eta munduan- dagoen hizkuntza-aniztasuna, hizkuntza hegemonikoetatik harago. Ikuspegi berri honek baditu bi bertute: bat, gure ahaleginaren neurria ematen digu, lortu dugunaren tamaina, hizkuntza gutxituen tropelean aurrean baikabiltza; bestetik, erantzukizun galanta ezartzen digu gu baino ahulago dauden komunitateekin, haientzat bidegile baikara, bidelagun izan gintezke. Elkartasun linguistikoaren ideia aipatu da egunotan. Uste dut asko daukagula emateko eta asko jasotzeko. Ziur nago emate eta hartze horrek bizkortu egingo dituela gure eta beste guztien prozesuak.

.

Protokoloa

Foroan zorroztasuna nabari bazen, protokoloan emozioa izan zen nagusi. Larunbateko hitzaldietan pasioa egon zen; giroan, berotasuna. Honetan ere osagarri izan dira bi ekimenak. Zorroztasun teknikoa behar dugu lege markoen azterketan edo protokoloa bera lantzean; pasioa behar dugu gero, lege aukerak nahiz tresnak hizkuntza berdintasunaren -elkarbizitza justuaren- mesedetan erabiltzeko.

Duela urte eta erdi korapilo bihurri zena, bi ekimen arrakastatsutan bihurtu dugu. Korapiloa askatu ahala emaitza txukun batekin konformatzen ginenok, bereziki antzematen dugu egindakoaren neurria eta emaitzaren bikaina. Gure itxaropenik onena ere gainditu du hiru egunotakoak.

Uste dut badugula motiborik egindakoaz harro egoteko, eta etorkizunaz amets egiteko.

Hiru egun amets egiteko Hiru egun amets egiteko Hiru egun amets egiteko Hiru egun amets egiteko

Hiru egun amets egiteko bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Viewing all 20102 articles
Browse latest View live


<script src="https://jsc.adskeeper.com/r/s/rssing.com.1596347.js" async> </script>