Quantcast
Channel: ZUZEU
Viewing all 19630 articles
Browse latest View live

Afera nagusia estrategia da

$
0
0
Afera nagusia estrategia da

Afera nagusia estrategia da

Floren Aoiz Monrealek borroka estrategiei buruz idatzi zuen atzo Facebooken.

Lehen beroaldiak iraganik, gogoeta zorrozteko beharraren aurrean gaude, oraingoan ere. Afera nagusia estrategia da, eta bistan denez, ezker abertzaleak demokratikoki aukeratu duena hobetzen ahal da, eta kritikak hobetzeko baliogarriak izan daitezke, baina norbaitek estrategia hoberik badu, abian jar dezan.

Afera nagusia estrategia daBaina, estrategia hobea da gero eta jende guttiagok ulertu edota babesten dituen formulak, diskurtsoak eta borroka moldeak baliatzea? Benetan, norbaitek uste du kale borrokari zentraltasuna ematea estrategia irabazlea izan daitekeenik 2017ko Euskal Herrian? Catalunya eta Eskozia independentziaren bidean indar oroz dabiltzalarik, poliziari harriak jaurtitzea da egungo euskal askapen ibilbidearen gakoa? Norbaitek uste du horrela hartuko diegula aurre bi herri horiei?

Benetan, onuragarria iruditzen zaio norbaiti ahalegin gehienak (denak ez esatearren) ezker abertzalea, EH Bildu eta Nafarroako aldaketaren kontra zuzentzea? Zein estrategia indartzen da horrela?

Esentzien inguruan eztabaidatzea erresistentzian kateatzea da, iraganari so eginaz gelditzea, aldaketa sakonak sustatzeko aukera baztertzea, aldaketa erraldoien izenean. Batzuk hor daudela dirudi, baina hortik ez da etorriko gure garaiko erronkei eman beharreko erantzuna.

Tragedia larria da kartzelak hustu behar direlarik joan den astean baino hiru gazte preso gehiago izatea. Oreretako EH Bilduk aldarrikatu duenez, ezin dira gazte horiek espainiar epaileen aitzin abandonaturik utzi, baina gauza bat da hori eta bestea ardurari ihes egitea: estrategia okerrek kalte egiten diote gure herriari, bistan denez, eta esan beharra dago! Nork behar zuen gure herrian errepresioa ikustarazterik? Ez preso eta beren familiarrek, ezta epaiketaren edota kartzelaren mehatxuaren menpe segitzen dugnok ere, hori oso argi daukat. Ez zen Altsatsukoa aski argigarria izan?

Borroka ziklo berria sustatzeko erronka dugu gure aurrean. Urratsak ematen ari dira maila askotan. Herri kontsulten inguruan, esaterako. Sindikatu borrokalarien hazkundea dugu beste adierazpen bat. Zerrenda luzea da. Prekarietateak jende asko kaltetu du, gazteak era berezian, eta haserrea zabaltzen ari da, zorionez, gure jendartea bizirik dagoelako. Baina haserre hori eraldaketarako energia bilakatzen ez bada, estrategia kaltegarrietan galtzen bada, ondorioak larriak izanen dira, estatuak eta agenda neoliberalaren eragileak ez baitaute esentzien inguruko eztabaidan murgildurik, ezta iraganarekiko nostalgian kokaturik ere.

Borrokak eta beren fruituak errespetatu eta zaindu behar dira. Nafarroako aldaketa instituzionala, esaterako, borroka ziklo baten uzta da. Hobetu beharra dago, zabaldu eta sakondu beharra dago, arazo asko ikutu ere ez baitira, urratsak mugatuak direlarik. Egunoro ari gara batzuk hori aipatzen eta aldatu nahian, baina kalitatezko hobekuntza da aurreko agertokiaren aldean eta herritar gehienen interes eta gogoak urratzea litzateke irekitako aukera lehertaraztea.

Nork eginen luke izugarrizko besta larunbateko gertaeren ondotik aldaketaren gehiengoak hautsiz gero? Nor poztuko litzateke halako baten ondorioz Mayak Iruñeko alkatetza berreskuratuko balu?

Gogoeta estrategikoak eta indarrak artikulatu eta eraginkor bilakatzeko jarrera tinkoak irain eta deskalifikazioen lekua hartuko balute, denon onerako izanen litzateke, zalantzarik gabe!

Afera nagusia estrategia da

Afera nagusia estrategia da bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.


Demografiaren igarkizun afrikarra eta euskalduna

$
0
0

Demografiaren igarkizun afrikarra eta euskalduna

Antzinako erromatarrek Africa Terra deitzen zioten kontinenteko iparraldeko zatiari, gaur egungo Tunisiari; afrien lurra“, hots, kartagotarrena. Afer izenaren jatorria, dirudienez, fenizierazko afar («hautsa») hitza da; edo, baliteke berbererazko ifri izatea, «haitzuloa». Kartago bezain toki txiki batengatik hartu zuen, aidanez, izena kontinenteak; askoz ere handiagoa, zabalagoa, eta bide batez, populatuagoa.

Demografiaren igarkizun afrikarra eta euskaldunaHerenegun irakurri nuen etxe honetan Arabako (eta Euskal Herriko) demografiaz mintzo zen idatzia, eta pasa den astean iritsi zen ene eskuetara demografiaren aferaz mintzo den beste artikulu interesgarri bat; kasu honetan normalean bazterrean gelditzen den kontinentearena: mintza gaitezen Afrikaren demografiaz, “kartagotarrez”.

INED institutuak sakon aztertu du gaia, eta artikulua Henri Leridon zuzendariarena da.

Gaur egun Afrikan 1200 milioi lagun inguru bizi dira; aurreikuspenen arabera, 2050 urtean 2400 milioi lirateke, eta 2100ean 4000 milioi. Apur bat hobetuko den bizi kalitateak ahalbidetuko du igoera. Azken urteetan Afrikako BPG-a %4,5 igo da urtero (Europakoa %0,9). Makroekonomiatik mikroekonomiara jotzean, ordea, gauzak majo aldatzen dira: Saharaz hegoaldeko pertsona baten aberastasuna %1,6 igotzen da urtero, bataz-beste; Europan %0,4; Asiako zonalde batzuetan %6.

Bizi itxaropena asko hobetu da 1950etik hona, 36 urtetik 57ra, baina urruti dago oraindik munduko mediatik: 70,5.

Afrikako biztanleria %2,5 igotzen da urtero (mundukoa %1,2), baina igoera ez da berdina izango Sahararen bi aldeetan; hegoaldean askoz ere gehiago haziko da. Fase honetan aurkitzen da: ume mortalitatea asko jaitsi da (herenera), baina emankortasuna ez. Oso garrantzitsua da jendea zenbait urterekin ezkoindu ohi den herrialdean, horrek zuzenki eragiten baitio demografiari. Ipar Afrikan, esaterako, ezkontza adina zertxobait atzeratu da, jendartea zentzu askotan aldatu; baina Saharaz hegoaldeko lurretan egoera oso desberdina da. Erdia baino gehiago 20 urte baino gutxiagorekin ezkontzen da, eta horrek, aurrera begira, ume gehiago izateko aukerak biderkatu.

INED-ek dioenaren arabera, ume gutxi izateko modurik eraginkorrena ume gutxiago eduki nahi izatea da, eta nahi hori ez da afrikar askorena. Izan ere, ez horren aspaldi geure baserrietan gertatzen zen bezala, lurralde askotan oinordeko asko izatea epe luzerako inbertsioa da, aberastasuna: lurra lantzen dutelako, animaliak, eta heztean hirira joan daitezkeelako ordainpeko lan bila eta familia lagundu. Chaden ezkondutako emakumeei galdetu zitzaien ea zein zen, euren ustez, izan nahiko luketen ume kantitatea; inkestaren bataz-besteko emaitza: 13,7 (2010ean).

Demografiaren igarkizun afrikarra eta euskalduna

Chad, Guinea, Mali edo Eritrean biztanleriaren %10ak baino gutxiagok erabiltzen du kontrazepziorako neurriren bat; askok ez dutelako nahi, eta gehiagok ezin dutelako. Dena den, NBE-ren arabera neurri zehatzak garatzen hasiz gero sendi bakoitza bost ume izatetik hiru izatera igaroko da, eta 2100erako proiektatuta dagoen zifra %40ean jaitsiko litzateke.

Afrikaren mendebaldean, 2010ean, 20-39 urte bitarteko emakumeen erdiak ez zuen inongo hezkuntzarik jaso; gizonen %31a egoera bertsuan zen. Baina noski, hemen faktore askok hartzen dute parte: klase soziala, unibertsitatera joateko gaitasuna, sexu dikriminazioa, erlijioa, gune geografikoa, etxeko beharrak, Estatuaren egoera… Ziurrenik hezkuntza jasotzeak jaitza-tasa bera jaitsiko luke.

Euskal Herrian Gaindegiak datu hau ematen digu emakumeek lortutako titulazioei dagokionez:

Europako herri zaharrena garela diogu harrotasun handiz, baina agian, urte batzuen buruan, berdina esango dugu tristuraz jota eta baxu-baxu. 15 urte baino gutxiagoko hamar gazteko, hamalau lagun daude 65 urte baino gehiagokoak. Euskal herritarren %47k dituzte 45 urte baino gehiago; erretirora iritsiko dira asko hamarkada gutxian, eta ez dago nahiko jaiotza horien tokia ordezkatzeko.

Gure herria zahartzen ari da. Krisi ekonomikoak ere izan du bere eragina: 2000ko hamarraldian etorkinei esker igo zen bereziki jaiotza-tasa, baina azken urteetan jaisten joan da. Araba husten ari dela zioten aurrekoan, biztanleriaren mugimenduen ondorioz, herrietatik hirietara; herrietan zaharrak geratzen dira, jada umerik mundura ekarri ezin. Hustuko ez dira ba herri txikiak.

Demografiaren igarkizun afrikarra eta euskaldunaJaiotza tasaren gainetik zegoen heriotza tasa 1990eko hamarkada bukaeran eta 2000koaren hasieran, baina eman zitzaion buelta. Egun jaiotza tasa 9,09koa da; heriotza tasa 9,23koa

Euskal Herria zatitzen duten administrazio ezberdinetako gobernuek heldu beharko liokete fundamentuz gai honi. Umeak izan nahi dituen euskal herritarrei gauzak erraztu eta etorkizunari begira berme demografikoa finkatze aldera.

Demografiaren igarkizun afrikarra eta euskalduna
Demografiaren igarkizun afrikarra eta euskalduna

Demografiaren igarkizun afrikarra eta euskalduna bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Klisk-klasikoak Bilduma app-a sortu du Galtzagorri Elkarteak

$
0
0

Klisk-klasikoak Bilduma app-a sortu du Galtzagorri Elkarteak >

Klisk-klasikoak Bilduma app-a sortu du Galtzagorri Elkarteak

Irakuzaletasuna sustatzeko bide berriak urratu nahian, Klis-klasikoak bildumako liburuen app-ak sortzeko egitasmoa abiarazi zuen Galtzagorri Elkarteak 2014an, eta, dagoeneko, bi app sortu ditu: Maria Goikoak Batbirulau! liburuaren app-a  izan zen lehenengoa, urte hartan bertan sortu zena, eta, 2016an argitaratu zuen Klis-klasikoen bigarren app-a, Txan fantasma liburuan oinarritutakoa.

App horiek sortzearekin batera, Klis-klasikoak app-bilduma osatzeari ekin diogu eta dagoeneko Klis-klasikoak Bilduma izeneko app-a ere dohainik deskarga daiteke Google Play plataformatik. App hori instalatzearekin “Maria Goikoak batbirulau!” eta “Txan fantasma” app-etarako sarbide zuzena eskuratzen da. Halaber, aurrerantzean sortuko diren Klis-klasikoak liburu-bildumako app berriak ere eskainiko ditu app horrek. Modu horretan, Klis-klasikoak Bilduma deskargatua dutenek zuzenean jasoko dituzte app berrien jakinarazpenak.

Androiderako bertsioaz gain, ordenagailurako aplikazioa ere sortu dugu. Galtzagorri Elkartearen web gunean aurki daiteke sarbide zuzena, App-bilduma atalean. Ikonoa klikatzea nahikoa da bertara sartzeko eta hemendik aurrera hor topatuko ditugu bilduma honen barruan sortu diren app-een ordenagailurako bertsioak.

“Txan fantasma” app-a             

Abenduan jarri zen eskuragarri “Txan fantamsma” app-a, Klis-klasikoak Bildumako bigarren app-a. Maria Goikoak Batbirulau! app-arekin egin bezala, multiplataforma erako aplikazioetan egin daitezkeen proposamenik berritzaileenak eman dizkiogu honi ere, jatorrizko testuaren eta irudien garrantzia indartuz: paperaren 2 dimentsioetatik pantailaren 3 dimentsioetara egin dugu jauzi; maskota birtual bat, kantuak, puzzleak, jolas herrikoiak (esku-jolasak, gordeketan…), ipuineko pasarteekin lotutako asmakizunak, ohiko jolas digitalen egokitzapenak, sormena eta ahozkotasuna lantzeko jolasak eta abar aurki daitezke app honetan.

Jolaserako proposamen desberdinak eta nazioartean adin horietan arrakasta duten hainbat jolas-mota eskaintzen ditu “Txan fantasma” app-ak. Liburua irakurketaz gozatzeko ez ezik, jolaserako lagungarri izango da gehienetan. Hortaz, irakurketa eta ulermena lantzeko tresna ludiko erabilgarria suertatuko da maiz. Izan ere, aplikazio honek ipuineko pasarteak edo ilustrazioak oinarri dituen joko asko eskaintzen ditu. 8-12 urte bitarteko neska-mutilei zuzendutakoa, baina familia osoak jolasteko modukoa.

Zaindu zure Txanmagotxia; atera Txan labirintotik; adi autotxokeetan; jolastu gordeketan; asmatu liburuari beste amaiera bat; grabatu kontakizuna zure ahotsean eta partekatu lagunekin; sartu ispiluen gelara eta barrez lehertuko zara, ausartzen bazara, zure irudia lagunekin partekatzeko aukera ere izango duzu.

App honen bidez, Klis-klasikoak app-bilduma osatzeari ekin diogu sorrerako helburuak aintzat hartuz: papera eta teknologia berriak uztartzea, tradizio eta modernitatea batzea, literaturaz eta aisialdiaz euskaraz eta euskarri teknologiko desberdinen bidez gozatzeko aukera berri bat eskaintzea gure haur eta gaztetxoei.

Klisk-klasikoak Bilduma app-a sortu du Galtzagorri Elkarteak

Klisk-klasikoak Bilduma app-a sortu du Galtzagorri Elkarteak bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Pete Seeger gurekin dago

$
0
0
Pete Seeger gurekin dago

Pete Seeger gurekin dago

Martxoaren 7tik apirilaren 8ra bitartean ospatzen den Loraldia jaialdiak euskal kultura garaikidea erakustea du xede, zubilanak egin eta beste kulturekin egindako elkarlanak sustatuz, sarri. Gaur “Eutsiko diogu, Pete! (The Seeger Basque Sessions)” aurkeztu du, martxoaren 26an Lou Topet taldeak joko duen kontzertua. Arriaga antzokikoa hitzordu berezia izango da, Loraldiaren ekoizpen propioa izanik, bakarra izango da-eta.

Pete Seeger gurekin dago“Musikari hilezkorrik baldin bada, horixe da Pete Seeger, Amerikako Estatu Batuetako folk kantari garrantzitsuenetarikoa”, dio Loraldiak berak egiten duen aurkezpenak, eta urrunago doa Oier Aranzabal, Lou Topet taldeko gidaria. “Pete Seegerren kantutegia oso konprometitua da, politikoki konprometitua. Eta horregatik gustatzen zait”.

Imanol Urbietarekin parekatzen du zarauztarrak Pete Seeger; “pasta bereko musikariak dira, Herriarentzat eta herriarekin kantatzen dutenak. Ez zuten pertsonalismo edo egorik, ez ziren ohiko kantautoreak. Kantua modu pedagokiko batean ulertzen zuten, moodu politiko batean, eta abestearen indarra aldarrikatzen zuten. Beraien abestiak jada ez dira beraienak, herriarenak egin dira, eta hau oso indartsua iruditzen zait”.

 Aranzabalek txikitatik ezagutzen du Seeger, osabaren autoan entzuten baitzuen, “hasieran kasu handirik egiten ez banion ere. Banekien nor zen Pete Seeger eta ezagutzen nuen bere kantutegia”. Horregatik, Loraldiaren eskaintza jaso zutenean, kontzertu omenaldi bat egitekoa, hasieran zalantzan izan baziren ere, “ikusi genuen zentzua zuela eta erabaki genuen egin behar genuela, oso bero baikenuen `Abesti bat gutxiago´ proiektua”.

Aipatutako egitasmoan “Loreak non dira?” kantatu zuen Lou Topetek, Seegerren “Where Have All The Flowers Gone” abestiaren moldaketa. Aurretik ere, Seeger bizi zela, Aranzabalek omenaldi bat antolatlu zion Zarautzen, “azkenean gauzatu ez zena. Eta arantzatxoa nuen”.

Lou Topeten aurretik ere Pete Seegerren kantutegiak eragin handia izan zuen gure musikagintzan  -70eko hamarkadan Euskal Herrian izan genuen-, batez ere Ez dok Amairuko kideengan. Eta gerora, Benito Lertxundik “Zergatik utzi kantatzeari” abestu zuen (2002, Elkar); New Yorkeko musikaria hil berritan, 2014an, Josu Landak 14 kantu euskaratu eta Armiarman eskegi zituen; eta oraintsu, Garik “Eutsiko diogu” kantua moldatu du -hemen Zarauzko Garoan, zuzenean-.

Aranzabalengana bueltatuta, “Pete Seeger, gainera, izebergaren punta baino ez da, AEBetako ezkerrarena”, diosku. “Zarata mediatiko kapitalistaren azpian, badago eta gizarte progresista eta aurrerakoi bat AEBetan, oso ezkertiarra, ikusten ez dena. Pete Seegerrek sinbolizatzen du gizarte hori, eta aparte, ezin da ulertu gaur eguneko musikari asko berak egindako lana aintzat hartu gabe”.

Rockaren historiako pasarterik gogoangarrienetako bateko protagonista ere izan genuen Pete Seeger, Bob Dylan elektrikora pasa zela-eta aizkora batekin argindarra moztu nahi izan ei zionekoa. Baina hau beste kontu bat da.

.

Abesti bat gutxiago (epilogoa)

Loraldia jaialdiko eskaintza “Abesti bat gutxiago” egitasmoaren epilogo bihurtu da, aitortzen du Oier lagunak, “jada hurrengo diskoan pentsatzen baikeunden”. Kontzertuaren harira, abesti zerrenda bat atondu zuen Aranzabalek, “eta hauek entzuten zein gitarrarekin frogak egiten hasi, Rafa Ruedarekin batera”; horrela, 14 abesti inguru moldatu dituzte.

“Egia esan, ez dugu formularik kantuen moldaketa egiteko”, onartzen digu Lou Topeteko gidariak. “Kantuaren itzulpena hartu eta abesten hasten gara, eta momentu batean zure egiten duzu, berez datorren kontu bat da. `Abesti bat gutxiago´ lanean horretaz hitz egiten genuen. Bertsio bat egitea abesti bat zeureganatzea da, ez kopia bat egitea. Pete Seegerren antza izatea baino, Pete Seegerri gure antza ematea.  Abestiak jo eta jo, ikasi eta gure estiloan jo, aldaketak proposatu eta sortzen da beste abesti bat, geure abesti bat, Pete Seegerrena ere badena eta jendearena ere izango dena”.

Seegerrek abesten dituen abesti gehienak ez dira bereak, herrikoiak dira asko, eta anonimoak. “Tartean ereserkiak ere badira, asko, eta hauek moldatzea ez da erraza. Saiatu gara gurera ekarri baina ezagutzeko modukoak izaten jarraitzea bermatzen”.

Ikus daitekeenez, Lou Topet taldeak lan eskerga hartu du bere gain Pete Seeger euskarara ekartzeko (beste behin, Harkaitz Canok egin ditu itzulpenak). “Eta horren testigantza utzi beharko genuela pentsatu genuen. Beraz, Loraldiaren aitzakian baina jada gure kabuz, lau kantuko Ep bat grabatzea erabaki genuen”.

.

Lau kantuko testigantza bat

Astelehen eta astearte euritsu batean, oraindik inauteriak bukatzear zirela, Lou Topet Andoaingo Garate estudioetan gotortu zen, bi egunetan lau kantuko lantxo bat grabatzeko asmotan. Bai lortu ere, guztira 30 lan ordu eginez Martxel Arkarazo teknikariaren gidaritzapean guztira 30 ordu lan egin eta zituzten kafe hornidura guztiak agortu ostean.

Lou Topet Martxel Arkarazoren lanari adi, jada taldekide legez har ditzazkegun Joserra Senperena eta Rafa Rueda, eta kolaboratzaile berezi bat, Joseba Irazoki, banjoa eskutan.

.

Lehen egunean grabaketak egin zituzten, denak batera joz eta oinarria bobinan grabatuz; “egun luzea, eta gogorra”, Aranzabalen iritziz. Bigarrenean nahasketak burutu zituzten, “Norekin hago” singlearekin hasita. Ep-a “Lur hau zurea”, “Su hau” eta “Gabon Ailin” kantuek osatzen dute, lehen adierazi bezala aurretiaz grabatua zuten “Loreak non dira?” abestiarekin batera.

“Zergatik hauek? Entseguetan aurreratuenak genituelako. Tartean bada enblematikoren bat, edo hain ezaguna ez den beste bat… lau hautatu genituen, oso politak”.

Emaitza, benetan ederra, mezu elektroniko bidez etxean jaso dute crowdfunding bidez burututako aurreko lana babestu zutenek. Eta Arriaga antzokiko hitzorduan salgai jarriko da, errepikatuko ez den hitzordu bat gogoan gordetzeko opari berezi gisa, eta estudioko lana ordaintzeko. “300 aleko tirada limitatu bat eta kito, eskuz egina eta numeratua”. Kantuak Badok atarian dituzue entzungai.

Arriaga antzokian jotzear diren honetan, jada disko berrian pentsatzen dabiltza kantuen hezurdurak egiten dituen Oier Aranzabal eta lagunak. “Lou Topet egitasmo likido bat bezala ulertzen dut, aldatzen doana –azaltzen du-; ez dut ulertzen talde itxi bat bezala”. Egun, berarekin batera Oihan Larrañagak (baxua), Ander Zulaikak (bateria), Rafa Ruedak (gitarrak) eta Joserra Senperenak (teklatuak) osatzen dute boskotea, azken honek zuzeneko guztietara joaterik ez duen arren. Azken egitasmora, gainera, Harkaitz Cano ere batu da, lehenengora Jon Benito bezala.

Grabatu berri duten Ep-rako, izendatu ditugun lagun guztiez gain lap steel eta banjoak jo ditu Joseba Irazoki, eta Golvan Marin Valdiviaren laguntza izan dute ahotsetan. Eta Arriagako zuzenekoan, Aiora Rementeria, Anje Duhalde, Eñaut Elorrieta eta Izaro gonbidatuko dituzte oholtza gainera.

Pete Seeger gurekin dago Pete Seeger gurekin dago Pete Seeger gurekin dago Pete Seeger gurekin dago Pete Seeger gurekin dagoPete Seeger gurekin dago Pete Seeger gurekin dago Pete Seeger gurekin dago Pete Seeger gurekin dago

Pete Seeger gurekin dago bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

El Paísen gaurko bi azalen 7 ezberdintasunak

$
0
0

El Paísen gaurko bi azalen 7 ezberdintasunak >

Prentsa ez dute kioskoetan saltzen, salduta dago gure eskuetara iristerako. Guk kontsumitu baino ez dugu egiten. Gaur El País egunkariak bi azal zekarzkien, bi aurpegi nahi bada, egungo kazetaritzaren gainbeheraren erakusle direnak. Bata Huawei telefono marka txinatarrari osorik eta esklusiban saldua eta bestea batek daki nori. Lehenago ere ikusi izan dugu antzeko astakeriarik, banku eta energia enpresa erraldoiekin, baina, gaurkoak bestelako muga bat pasa du.  Bi azalen artean ezin baitzitekeen bereizketarik egin, behean jartzen zuen “publizitatea” lerroazpi txiki batengatik salbu. Gumersindo Lafuentek esan zuen behin: “Hobe iragarki bat, azal txar bat baino”. Bada hemen dituzu biak, ea 7 desberdintasunak topatzeko gai ote zaren.

El Paísen gaurko bi azalen 7 ezberdintasunak

El Paísen gaurko bi azalen 7 ezberdintasunak

El Paísen gaurko bi azalen 7 ezberdintasunak bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Euskal Herrian Euskaraz, ateak irekiz

$
0
0

Euskal Herrian Euskaraz, ateak irekiz >

Euskal Herrian Euskaraz, ateak irekizEuskal Herrian Euskaraz trantsizio unean aurkitzen da, eta ideia sorta berria jarri dute mahai gainean. Planteamendu berrien inguruan sakon, luze eta zabal mintzatu gara Urko Aierbe bozeramailearekin, eta hurrengo astean jarriko dugu elkarrizketa ZuZeun.

Hala ere, aurrerapen txiki hau egin nahi genuen larunbata baino lehen. Zergatik? Bada bihar bertan izango delako Euskaraz Bizi egun nazionala Arrasaten.

Adi elkarrizketari datorren astean, badauka eta aski mami.


Aurtengo Euskaraz Bizi eguna testuinguru berezian datorkigu. Bai berreuskalduntze-prozesuak egun bizi duen apaldiak, bai mundu mailan zein Euskal Herrian gertatzen ari diren aldaketek EHEn eragin  dute bete betean. Horregatik, krisi integral honi erantzuteko, azken urtean, “IZAN EGIN ERAGIN”  gogoetan murgildurik ibili gara. EHE goitik behera berrikusi eta eguneratu nahi izan duen gogoeta.
EHEko kide eta kide ohiez haratago, irekia egin dugun eztabaida. Batzar ezberdinetan parte hartuz, bide ezberdinetatik zabaldutako galdetegiak erantzunez, osatu dugu “EUSKAL HERRI EUSKALDUNARI ATEAK IREKI” izeneko dokumentua.

Martxoaren 18an Arrasaten egingo dugun Euskaraz Bizi egunak, euskararen normalizazioa helburu duen jarduera, fase berri batera eramateko eredu izan nahi du. Euskararen alde gaudela argi eta ozen esatetik harago, Euskaraz bizitzera goazela erakusteko eguna izango dugu.

Hemendik, hortaz, euskaldun eta euskaltzale guztiei dei egiten diegu, Martxoaren 18an Arrasatera hurbildu, eta Euskal Herri Euskaldunari ateak irekitzen joateko.

Euskal Herrian Euskaraz, ateak irekiz

Egitarau zabala prestatu dugu Martxoaren 18rako:

• 10:30 Txupinazoa
• Artisauen azoka
• 11:00 Umeentzako jolasak, tailerrak eta puzgarriak (karpa inguruan)
• 12:30 “EUSKARAZ BIZITZERA GOAZ EKITALDIA” (kulturaten)
• 14:30 Herri bazkaria Azoka plazan 15 euro
• 17:00 “THE HANS BLUES BAND
• 18:00 Bertso saioa “Alaia Martin, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Jon Maia (karpan)
• 19:30 SAKATU elektrotxarangarekin “Mural kalejira”
• 21:30 kontzertuak (karpan) “Dirty Brothers, Willis Drummond, Ezten Giro erromeria
• DJ jo ta txo gaztetxean

• EGUNEAN ZEHAR: Kilikien kalejira, Txorbela abesbatza, txalapartariak, trikitilariak, dantzariak, Portaloiko abesbatza, txistulariak, Jasan eta Txuaren kontzertuak….herriko kaleetatik barrena.

Euskal Herrian Euskaraz, ateak irekiz

Euskal Herrian Euskaraz, ateak irekiz bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Euskal rap erradikala? Iraultzailea?

$
0
0
gaztezulo_euskal_rap

Euskal rap erradikala? Iraultzailea?

Negu Gorriak taldearekin estilo honi lehen keinuak egiten zebilen garaian, Fermin Muguruzak berak iragarri zuen rapa izango zela euskal musikagintzaren baitako hurrengo iraultzaren protagonista. Bete al da haren susmoa? Beteko ote?

Euskal rap erradikala? Iraultzailea?Ion Andoni del Amo soziologoak Euskal Herriko musika historiaren gaineko irakurketa soziala ekarri du Party & Borroka tesi-liburura (Txalaparta, 2016). Besteak beste, euskal raparen  sorrera-baldintzak, potentzialitateak eta mugak ulertzeko gakoak dakartza. Odei Barroso eta La Basu MCek ere eman dizkigute puzzle hau osatzeko pieza lagungarriak.

.

ION ANDONI DEL AMO, DURANGO, 1974

“Euskal gizarteak rockaren inguruan eraiki du bere identitate kulturala, bestelako esperimentazioei leku handirik utzi gabe”

Euskal raparen hastapenak gatazkatsu samarrak izan zirela diozu liburuan, batez ere jendartearen aurreiritzien kontura. Zein izan zen hasierako gaitzespen haren oinarri edo funts nagusia?
Batez ere maila estetikoan izan zen. Euskal Rock Erradikalaren inguruko lerrokatze indartsua izan da Euskal Herrian, eta estetika rockero horretatik aldentzen zena gaizki ikusia zegoen, nahiz eta rapa euskaraz egin eta mezu potenteak zabaldu. Rapeatzaile batzuek esaten duten moduan, jendeak askotan rap hitza entzun eta praka kakaztuak, bisera, urrezko kateak eta bestearen amaz ‘mobidak’ kontatzea irudikatzen zuen. Dena dela, punkarekiko ere antzeko aurreiritziak sortu ziren hasieran, baita Mikel Laboaren kanta abangoardistekiko ere.

.
Hain justu 80ko hamarkadako Euskal Rock Erradikalak (ERE) musika panorama eta publikoa saturatu samarrak zituenean atera zuen muturra euskal rapak, alternatiba gisa-edo. Baina ERE haren seme-alabatzat ere dute askok euren burua. Nola uler daiteke anbibalentzia hori?
ERE haren itzala luzea izan zen. Batzuk, ordea, saiatu ziren espiritu hari, letra haiei eta Do It Yourself filosofia hari buelta bat ematen, estetika eta estiloa aldatuz. Hortaz, funtsa antzekoa zen, baina forma aldatuta.

[…]

IRAGURRI GEHIAGO: GAZTEZULO.EUS

Euskal rap erradikala? Iraultzailea?

Euskal rap erradikala? Iraultzailea? bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Futbolean diru gehiegi mugitzen da?

$
0
0

Futbolean diru gehiegi mugitzen da?

Nork ez du inoiz bere bizitzan entzun futbolean diru asko mugitzen dela? Gaur egungo hitz egiteko gai bat izan daiteke, jende askok baietz esaten duelako eta oso gutxitan entzuten delako diru hori merezi dutenik.

Nork ez du entzun “diru gehiegi mugitzen da futbolaren munduan eta gero hirugarren munduak ez du ezer” edo antzeko esaldirik. Edo horrelakorik: “behintzat futbolarik guri erdia eman beharko ligukete, gu ere ondo bizitzeko”. Horrelakoak, eguneroko komentarioak dira gure bizitzan.

Egia da diru piloa mugitzen dela futbolean kirol soila izateko.  Orokorrean futbola gustuko ez dutenei gehiegi iruditzen zaie. Ez da normala 100 milioi edo gehiago ordaintzea jokalari batengatik. Diru horren truke fitxatu zen Cristiano Ronaldo eta gaur egun 24 milioi euro kobratzen ditu urtean bakarrik futbolean aritzeagatik, hau da, 1,21 euro segundoero. Kriston zenbakiak dira. Merezi ala ez merezi, ez da nire arazoa, baina bakarrik diru guzti hori pertsona bakar batek irabazten duela jakitea… Diru guzti hori ez du ezta Euskal Herri osoak bi urtetan irabazten.

Baina ez da hori bakarrik. Adibidez Real Madrid taldeak diru kantitate itzela ematen dio urtean jokalari bakoitzari. Gutxien irabazten duen jokalari titular bati 5 milioi euro urtean ematen zaio. Eta gero beste 15 jokalariei kantitate gehiago ematen diete urtean. Horrez gain, entrenatzaileei, tekniko guztiei diru kantitate “on” bat ematen zaie, eta zelaia daukate, bere azpiegitura eta jatetxeekin, eta hori guztia zaindu egin behar da.

Eta bukatzeko, diru guzti hau eduki arren, Real Madrid bezalako talde askok zor handiak dituzte beste taldeekin edo FIFArekin… azken finean nahi dutenerako dute dirua.

Futbolean diru gehiegi mugitzen da? bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.


Alain Urrutia: “Helburu bat izateak ikaratzen nau, bizitzak baino gehiago”

$
0
0

Alain Urrutia >

Londreseko izkin batean, etxe orratzen artean, topatu dugu Alain Urrutiaren kabia. Ingalaterrara itzulerako txartelik gabe desoreka bila joan zela aitortzen du margolari bilbotarrak. “Nire konfort eremutik irten nahi nuen, dena zalantzan jartzeko berriz ere”, dio. Artsy arte webgune entzutetsuak ARCOn kontutan izan beharreko 7 artisten artean jarri zuen Urrutia eta lehen egunerako pieza denak salduak zituen. Saltzeak bezainbeste garrantzia dute beste artista zein galeristekiko harremanek, ordea. ZuZeuri bere lantokiko ateak zabaldu dizkio, eta hementxe duzu bertan izandako solasasldia.

Alain Urrutia

ARCON gehientsuen saltzen duzun margolaria zara. Nola lortzen da hori?

Hori ez da egia. Egia da bai, ARCOk lana saltzeko plataforma bat eman didala, baina, beste gauza askotarako ere bai. Zein da bada feria baten helburua? Lanak saltzea. Baina bestalde, kritikoek edo komisarioek zure lana ikustea lortzen duzu. Beste artista eta galerista batzuk ere zure lana ezagutzen dute ferien bitartez. Balantzan jarrita, saltzea ez da garrantzitsuena. Oreka bat egon behar da. Dena saldu eta kritika txarrak edukitzeak ez du zentzurik.

Oreka hori lortzetik gertu zabiltza zu.

Lortu dut modu batera edo bestera. Baina egia da beti nahi dugula gehiago. Kritika gehiago eta hobeak, beste artistek, lagunek, zure lana baloratzea eskertzen da baita. Komisarioek heuren proiektuetarako zure lana kontutan izatea ere baloratzen dugu. Gehiago nahi izaten duzu beti.

Badirudi gaur egungo artistak artearen disziplina guztiak behar dituela espresatzeko, baina zure lana pinturara mugatzen da beti.

Ez nuke esango artistak disziplina guztiak behar dituela. Ni margotzen oso gustura nago, eta ez dut behar beste teknikarik. Eta pintatzeaz ari naizenean, marrazteaz ere ari naiz. Baina egunen batean mugimenduaren beharra sentituko dut eta animazio bat egingo dut. Eta ez dut batere problemarik. Artistaren kontzeptua askoz ere haratago doa nire ustez. Norberak pentsatu behar du zein den zera hori kontatzeko hoberen egokitzen zaion teknika. Margotzearekin gertatzen dena da, praktika asko eskatzen duen teknika dela. Horrek bihurtzen du interesgarri.

Atentzioa deitzen du koloreen gabeziak. Beti zuria, beltza eta grisetan zabiltzala.

Badira arrazoiak. Baina ez dut uste arrazoiak azaldu behar direnik. Ez dut uste inori azaldu behar diodanik zergatik janzten ditudan praka beltzak, alkandora beltza eta jertse beltz bat. Eta besteren batek egunero jantziko ditu praka laburrak, eta ez dio inori azalpenik zor. Azalpena? Ba ni horixe naizelako. Eta gero kolore gabeziarena niretzat ez da egia. Izan ere, grisetan badaude kolore hotzak eta beroak, marroiagoak eta urdinagoak. Zuri beltzean bai, grisekin ere bai, baina niretzako erabiltzen ditut koloreak. Jende askok galdetzen dit ia daltonikoa naizen. Erabakiak dira, berezko erabakiak. Ez dut erabakitzen grisez eta beltzen jantzi nahi dudala, baina dendara noanean erropa hori erosten dut.

“Irudiz inguratuta gauden garaiotan,
ez dut uste irudiak irakurtzeko gai garenik”


Beste ezaugarrietako bat da erreferente klasikoak darabilzkizula. La Victoria de Samotracia esaterako.

Lehendik badiren irudiak hartu eta horiei buelta bat emanda, moztuta, formatua aldatuta, zati batzuk estalita, irakurketa berriak sortzen ditut. Batzutan zer ikusirik ez duten bi irudi elkarrekin jarrita, irakurketa berriak sortzen dira. Eta hori da niri gustatzen zaidana. Zergatik erreferente klasikoak? Tira, erreferente klasikoak bezain beste erabiltzen ditut sare sozialetan edo prentsan ikusten ditudan irudiak ere. Edo mugikorraz kaleko bazter batean ateratzen dudan argazkia ere. Klasikora jotzen dut atzera begiratzea gustatzen zaidalako, antzinako zinema ere asko gustatzen zait. Badago klasikorako joera bat, baina garaikidea ere badarabilkit.

Kuadro asko dira irudi handiagoen zatiak, fragmentoak.

Argazki handiago baten zatia hartzen dudanean, koadrora eramateko, atentzio dana leku konkretu batean fokatzen dut. Irakurketa guztiz aldatzen da. Zati bat baino erakusten ez duzulako eta kontestua arbuiatzen duzulako. Presentziarik ez zuen zati bati protagonismoa ematen diozulako.

Detaileei erreparatzen diezu, detaileek boladan ihes egiten diguten garaiotan.

Duda bat sortzen zait askotan. Irudiz inguratuta gauden garaiotan, ez dut uste irudiak irakurtzeko gai garenik. Bizkor bizi garelako. Horra irudien manipulazioa. Publizitatean eten gabe guri zuzenduta erabiltzen dutena. Konturatu gabe irentsi eta sinesten dugu eta ez dugu planteatzen gezurra denentz. Hori bera erabiltzen dut nik ere publikoarekin. Irudi klasikoak jarritakoan, zure erakusketara sartzeko zirrikitua uzten diozu jendeari. Dena berria balitz, ez litzateke egongo nora heldu. Batzutan erraztu behar da bidea eta besteetan aurkakoa. Eta diozuna egia da, artistok denbora libre asko dugu gauzei hiru buelta emateko.

Kantabriako eta Madrilgo galeristekin zabiltza lanean. Euskal Herrian ez al dago galeristarik bada?

Badaude. Baina, bakarra doa ARCOra. Hau ligatzea bezala da. Nik ez dut erabakitzen norekin ligatuko dudan. Bion arteko erabaki bat da. Harreman bat da. Besteari nire lana gustatzen zaio eta niri galeria hura. Deitzen baldin badidate eta ez bazait gustatzen ez dut haiekin lana egiten.

Zer kontutan jartzen duzu atentzioa galerista bati baietz edo ezetz esaterakoan?

Batetik programa eta zer lan egingo duten zurekin. Zelako erakusketak eta feriak eskainiko dizkizuten. Nola zabalduko duten zure lana. Nola salduko duten. Gauza asko dira! Zer artistarekin egiten duten lan… Ezin da laburrean azaldu. Nola erabakitzen duzu norekin ligatu?

Politika jarraitzen duzu?

Ahal denik eta gutxien.

Zergatik?

Bada, kanpoan bizi bainaiz. Eta segi dut bertako politika. Orain Brexitaz eta abar… Munduko politika ere segitzen dut. Europan eta AEBtan gertatzen ari diren aldaketak esaterako. Gure politika geroz eta gutxiago segitzen dut ordea. Momentu batean erabaki nuen ez zela osasungarria beste herrialde batean bizi eta norberaren herriaren ikusle izatea. Ez dut egunero prentsa irakurtzen.

Alain Urrutia

“Londresera etortzea eraikitako karten gaztelua
behera botatzea bezala izan da, berriz hasteko”


Zer eman dizu Londresek?

Desoreka. Eta seguruenik, horren bila etorri nintzen. Leku dezentetan egon izan naiz. Txinara joan nintzen Judas Arrietarekin, Italian ere egon izan naiz, erakusketekin mugitu naiz baita ere, Holandan, Brazilen, New Yorken… Baina beti izan da itzulerako bidaia txartela erosita. Proiektu bat egin eta itzultzeko asmoz. Kasu honetan, itzulerako txartelik gabeko bidaia egitea erabaki nuen. Horrek ez du esan nahi itzultzeko asmorik ez nuenik, badakit hemendik beste leku batera joan beharko dudala. Nire konfort eremutik irten nahi nuen, dena zalantzan jartzeko berriz ere. Euskal Herrian zaudenean margolaria zara, artista zara, egiten duzunetik bizitzeko gaitasuna duzu eta jendeak, gutxi gora behera, zure lana errespetatzen du. Aldiz, Londresera zatoz, eta inork ez du zure lana ezagutzen. Bizitzeko gaitasunik ere ez duzu. Sortu duzun kartekin egindako gaztelua desegitea bezala da. Berriz eraikitzeko. Oso ederra da, eta berriz ere egingo nuke.

Zer musika entzuten du Alain Urrutiak?

Depende eguna. Eta depende lekua. Desberdina da estudioan edo etxean banago. John Frusciante izan daiteke edo Mikel Urdangarin. Nik telebista ez dut sekula ikusi. Eta kanpora irten nintzenean pentsatu nuen gustura ikusiko nukeela ETB edo entzun Euskadi Irratia. Eta herrimina dudanean euskal musika entzuten dut. Entzuten dudanetako bat, laguna delako-edo, Mikel da.

Irakurri?

Orain arte inoiz egin ez dudan zerbait ari naiz egiten: Ingelesez irakurtzen. Narratiba oso utzita eduki izan dut nik. Poesia eta saiogintza irakurtzen nuen. Duela bi urte erabaki nuen ez zela osasuntsua eta fikzioari heldu nion.

Zer etorkizun nahi duzu?

Zoriontsu izatea. Norbaitek kontrakoa esaten badit ez diot sinetsiko. Jendeak galdetzen dit zein ote den nire helburua. Niri helburu bat edukitzeak ematen dit, bizitzak berak baino beldur gehiago. Ez baldin bazara heltzen, pikutara dena! Ez duzu ezer lortu. Lortzen baldin baduzu? Gero zer? Zoriontsu izan nahi dut.

Alain Urrutia   Alain Urrutia   Alain Urrutia 
Alain Urrutia   Alain Urrutia   Alain Urrutia

Alain Urrutia: “Helburu bat izateak ikaratzen nau, bizitzak baino gehiago” bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Sautrela 465: Ismael Manterola, literatura eta memoria eta Baionako alarguna

$
0
0

Sautrela 465: Ismael Manterola >

Ez da sobera idazten euskaraz artearen inguruan, eta horregatik, aski pozgarria da Ismael Manterolak argitaratu berri duen Maite ditut maite. Transmisioa XX. mendeko Euskal Herriko artean bezalako liburuekin topo egitea. Edo! Argitaletxearen eskutik plazaratu du liburua, eta ziur aski bere esparruan erreferentziala bilakatuko da, arte aditu zein artezale hasiberrientzako gustagarri. XIX. mende amaieratik gaur egunerainoko euskal artea
aztertu du, sakon eta xeheki, ibilbide horretan transmititu diren balio eta gaiak azaleratuz. Horrekin batera, baina, bazterrean geratu direnak kritikoki aztertu ditu halaber. Ismael Manterola EHUko artearen historiako irakaslea dugu eta lehenengo aldiz izango da Sautrelan.

Erreportajean memoria izango dugu hizpide, memoria kolektiboa alegia. Bolo-bolo entzuten dugu azken boladan memoriaren inguruan, eta hura literaturan nola islatu den ikusiko dugu. Adituen arabera, XXI. mendearen hastapenetan literaturan “memoriaren booma” gertatu zen, eta hura zertan datzan ez ezik euskal literaturan ze eragin izan duen azalduko digute Izaro Arroita eta Amaia Serrano ikerlariek.

Saioaren bukaera aldera Asun Agiriano etorriko zaigu, kasu honetan haur literaturako pieza preziatu batekin. Txalaparta argitaletxearen eskutik irakur dezakegu Baionako alarguna, mundu mailan arrakasta lortu ostean euskaraz ere irakur dezakeguna orain. Liburuaren nondik norakoez ariko zaigu Agiriano. Amaitzeko, Elkar Baiona, Garoa, Hitz eta Katakrak liburu-denden gomendioak izango ditugu baita ere.

 

Sautrela 465: Ismael Manterola, literatura eta memoria eta Baionako alarguna bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Logela Multimediak robotak protagonista dituen antzezlan familiarra estreinatuko du

$
0
0
Logela Multimediak robotak protagonista dituen antzezlan familiarra estreinatuko du

Logela Multimediak robotak protagonista dituen antzezlan familiarra estreinatuko du

Elorrioko talde anitzekoaren DRAG.e lan berria igandean egongo da ikusgai Azkuna Zentroan, Loraldia Festibalaren barruan. Manipulatzaileek zuzenean telegidatutako automatek taula partekatuko dute aktoreekin.

Logela Multimediak robotak protagonista dituen antzezlan familiarra estreinatuko duLogela Multimediak Loraldia Festibalaren baitan estreinatuko du bere lan berria, DRAG.e. Emanaldia martxoaren 19an (igandea) izango da, 12:30ean, Azkuna Zentroko auditoriumean. DRAG.e diziplina ezberdin batzen ditu, besteak beste: antzerkia, dantza-koreografiak, bideo-animazioak, musika eta robotika. Dantzariez eta aktoreez gain, manipulatzaileek zuzenean telegidatuko bi robot ere ariko dira agertokian.

Mezu ekologistadun istorioa 2800. urtean kokatzen da.  Azken mendeetan aldaketa asko gertatu dira Lurrean, eta bizitza desagertzeko zorian egon da. Izan ere, landare bakar bat geratzen da, espazio-ontzi batean sartuta, Sarah izeneko zientzialariaren zaintzapean. Sarahk, landarea bizirik dagoen bitartean, Lurreko natura leheneratzeko itxaropena du. DRAG.e, Tap eta Eva robotak izango ditu zeregin horretan bidelagun.  

Erronka teknologiko berrei aurre egiteaz gain, antzezlanaren elkarrizketak eta dramaturgia indartzea izan da Logela Multimediaren helburua. Dejabu Panpin Laborategiko kideen laguntza jaso dute.

Pixar estudioen animaziozko Wall.e (2008)  filmaren lehen 25 minutuetan aurkitu dute egileek proiekturako inspirazioa. «Gure antzezlanak berezko pertsonaiak, diseinua, animazioa, musika eta gidoia baditu ere, roboten karakterizazioan eta estetikan antzeman daiteke aipatutako inspirazio-iturri hori», argitu dute.

Logela Multimediak robotak protagonista dituen antzezlan familiarra estreinatuko du

Logela Multimediak robotak protagonista dituen antzezlan familiarra estreinatuko du bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

‘Ederra eta Piztia’ filmetik haratago, asteko zinema estreinaldiak!

$
0
0

asteko zinema estreinaldiak >

Martxoak 17

asteko zinema estreinaldiak

EGILEA: MALEN IRURETAGOIENA

Grave (Crudo)

Frantziatik goretik eta terroretik asko duen filma datorkigu. Julia Ducournau zuzendariaren lana nazioarteko hainbat jaialditatik igaro da jada, eta sari potoloak jaso ditu Cannes, Toronto, Sitges, Londres eta AEBetan. Filmeko protagonistak, Justinek (Garance Marillier), hamasei urte ditu eta ikasle bikaina da. Barazki-jalea da, familia osoa bezala, baina Albaitaritza ikasten hasiko da, eta berehala haragia jatera behartuko dute.Pixkanaka, obsesionatzen hasiko da, egunero haragi gordina jaten amaituko duen arte. Irudi bortitz eta odoltsuz jositako film indartsua, apustu estetiko hori amaierara arte defendatzen duena.

La pazza gioia (Locas de alegría)

Italiatik, aldiz, Paolo Virziren lan berriena helduko zaigu: La pazza gioia komedia dramatikoa. Villabiondi psikiatrikoko bi emakume dira protagonista. Bata, Beatrice (Valeria Bruni Tedeschi), kondesa berritsu eta diruduna da, eta bestea, Donatella (Micaella Ramazzotti), gorputza tatuaturik duen emakume gazte misteriotsu eta itxia. Elkarrekin lagunarteko abentura zirraragarria biziko dute psikiatrikotik ihes egin ostean. Lanak film onenaren Urrezko Espiga saria, ikusleen saria eta emakumezko aktore onenarena jaso zituen iazko Seminci jaialdian.

Imperium

Gertaera errealetan oinarritutako filma, AEBtako talde neo-nazietan infiltratu zen Michael German (Daniel Radcliffe) gaztearen bizitzari buruzkoa. Zurien gailentasunean sinisten zuten talde erradikalek bonbak eta erasoak erabili nahi izan zituzten kaosa eragiteko. Daniel Ragussis zinegilearen bigarren film luzea da, eta nazioartean kritika onak jaso ditu.

The Hollars

AEBtako zinema independentearen baitan kokatutako film atsegin eta ederra. Artista izan nahi duen John Hollar gaztea New York hiria eta haurdun dagoen emaztea utzi eta sorterrira itzuli beharko da, gaixo dagoen amari eta sendi osoari laguntzeko. Egoera asko aldatu da bertan, eta pixkanaka, anaiarekin, aitarekin eta amarekin moldatzen ikasi beharko du, guztiek aurrera egiteko. Sundance, Los Angeles eta Bostongo zinema jaialdietatik, tartean, igaro den John Krasinskiren lanak une komiko eta hunkigarriak uztartuko ditu.

Irakurtzen jarraitzeko, sartu Zinea atariko Estreinaldiak atalean!

asteko zinema estreinaldiak zinea.eus

‘Ederra eta Piztia’ filmetik haratago, asteko zinema estreinaldiak! bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Ingalaterraren historia argazkitan [I]

$
0
0

Ingalaterraren historia argazkitan >

The Guardian egunkariak Ingalaterra norberak aukeratutako argazki batetik begiratzeko eskatu dio zenbait jende famaturi. Gauza asko iristen dira Erresuma Batutik mundu anglozentriko honetan, baina oraingoan begirada ezberdin bat antzematen dela iruditu zait; ea zuek zer diozuen.


Mehatzaria greban, Orgreave, 1984

Luke Wright, poeta

Ingalaterraren historia argazkitan

Don McPheeren argazki honetan greba egiten dabilen mehatzari bat eta polizia bat daude, George “Geordie” Brealey (eskuinean) eta Paul Castle (ezker-ezkerrean). 1984eko ekainaren 18a da. Egun haietan jazo zen Orgreaveko Bataila, Britainiaren historiako barne gatazka zibil biolentoenetakoa, Yorkshire hegoaldean; 6.000 polizia eta 5.000 mehatzarik hartu omen zuten parte borroketan. Diotenez Brealey beti izan zen oso adar-jotzailea, eta horrela jarduten zen piketeetan poliziarekin. Agentez mozorrotu eta lineak ikuskatzen zituela antzezten zuen; argazkian agertzen ez direnak aurrean dauzkan ehundaka poliziak dira. Brealey umoretsua zen, ausarta, eta anti-stablishment bat; heroi britainiarra.

* Gatazka honen garaikideak dira, esaterako, Margaret Thatcher, Irlandako gatazka armatua eta Malvinetako gerra.


The Boy With the Flag, 1970

David Lammy, Labour MP (parlamentaria)

Ingalaterraren historia argazkitan

Vanley Burkeren irudiak Erresuma Batuan jaiotako etorkinen itxaropena islatzen du, 1948an Windrush itsasontzian iritsi ostean. Nire gurasoak belaunaldi horretakoak dira, eta horregatik da argazki hau hain garrantzitsua niretzako. Linford Christie edo Jessica Ennisek urezko dominak irabazi aurretik, irudiko umearen belaunaldia jada hasia zen bere herrialde gisa sentitzen zuen lurrarekin identifikatzen. Baina noski, hau ere garai gazi-gozoa izan zen Erresuma Batuko gutxiengo etnikoentzat: Enoch Powell, poliziaren lege erasokorrak, porrot egiten zuten eskolak eta hiriguneetan etorkinek pairatzen zituzten problematiko zehatzak. Baina argazkiak, hein berean, Erresuma Batuaren multikulturalitatearen hastapena islatzen du. Ordutik hona, ezer ez da berdina izan.


Didcot power station, 27 July 2014

Joan Bakewell, aurkezlea

Ingalaterraren historia argazkitan

Asko gustatzen zaizkit Didcoteko hozketa dorre hauek, Oxforshiren; 2014ean bota zituzten. Edertasun itzela zeukaten bere baitan; baporezko trenak edo haize erotak mantendu baditugu, zergatik ez hau? Zerbait hunkigarria dago eraikuntza baten heriotzean; hauen suntsipenak denboraren martxa markatzen du, teknologia mota batetik beste batera egiten den jauzia, eta botatzen ditugunean garai bati agur esan eta beste bati ongi etorria ematen diogu.

Ingalaterraren historia argazkitan

Ingalaterraren historia argazkitan [I] bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Armagabetze iragarpena prentsan

$
0
0
Armagabetze iragarpena prentsan

Armagabetze iragarpena prentsan >

Berri handia izan da ezbairik gabe. Euskal Herrian eta Frantziar zein Espainiar Estatuetako prentsan atzo egin zen ETAren armagabetzearen iragarpena. Hona hemen lerroburu, iritzi eta azal zenbait.

Armagabetze iragarpena prentsan

Egunkariak:

.

BERRIA: “Apirilaren 8rako, ETA “erabat” desarmatuko da”

.

GARA (editoriala): Un desarme desde y para una admirable sociedad civil”

EL CORREO: “Urkullu se reunió con Rajoy para intentar allanar el desarme de ETA sin contrapartidas”

DIARIO VASCO: “ETA consumará su desarme el 8 de abril”

DIARIO DE NAVARRA: “ETA procederá a su desarme definitivo el 8 de abril

LE MONDE: “Le désarmement de l’organisation ETA, un casse-tête pour l’Etat”

LIBERATION: “ETA rend les armes et s’approche de l’auto-dissolution”

.

EL PAÍS (editoriala): “Liquidación de ETA”

ABC: “ETA quiere convertir su desarme en una gigantesca acción de propaganda”

LA RAZÓN: “El acoso de las fuerzas de seguridad lleva a ETA a un nuevo montaje en torno al desarme”

EL MUNDO: “ETA se muestra dispuesta a presentar un “plan de desarme definitivo” que concluiría el 8 de abril”

EL DIARIO: “ETA anuncia su desarme total para el 8 de abril”

PÚBLICO: “ETA entregará las armas el 8 de abril”

LA VANGUARDIA: “ETA planea proceder a su desarme definitivo el próximo 8 de abril”

.

VILAWEB: “ETA es desarmarà totalment el 8 d’abril”

ARA: “ETA completarà el seu desarmament el 8 d’abril

.

.

Sinadura batzuk:

.

Jon Ordoñez (Berria):Armagabetzera emana”

Ramon Sola (Gara): “Silencio en París, entre incomodidad y esperpento en Madrid”

Vicent Partal (Vilaweb): El desarmament d’ETA posa més pressió encara sobre l’Espanya autoritària de Rajoy”

Antoni Batista (ARA): “El desarmament, entre el PP feble i la societat civil

Alfredo Pérez Rubalcaba (El País):Un anuncio desde el pasado”

.

Armagabetze iragarpena prentsan

Armagabetze iragarpena prentsan

Armagabetze iragarpena prentsan bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Asteburu honetan: Arrozesnea

$
0
0

Asteburu honetan: Arrozesnea  >

Asteburu honetan, betiko sukaldearen adibide den postre goxo eta gozozaleen artean gogokenetakoa zalantzarik gabe. RZ erraza, ama eta izeba datozenerako edo ligatzen laguntzeko moduko horietakoa. Gozatu eta on egin! Baina ez izan astakiloa eta arrozesne litro osoa ez dezazula zerorrek bakarrik irentsi…

Arrozesnea

Asteburu honetan: Arrozesnea

Asteburu honetan: Arrozesnea  >

Osagaiak:

  • Litro bat esne
  • Pote bat esne lurrindua (ez da ezinbestekoa)
  • 200 g arroz, pikor biribilekoa
  • Laranja azal bat eta limoi azal bat
  • Kanela adaxka bat
  • 150 g azukre

Errezeta:

  1. Kazola batean ipiniko ditugu azukrea ez beste osagai guztiak.
  2. Sutan jarri, oso su eztian, eta ezti-ezti irakiten utziko dugu, 40 bat minutuan.
  3. Azukrea erantsi, eta irakiten utziko dugu beste 10 bat minutuan, zaliari maiz eraginez, hondoan itsats ez dadin.
  4. Ontzi batera aterako dugu guztia, eta utzi egingo dugu hozten, laranja eta limoi azalak eta kanela adaxka atera ondoan.
  5. Zerbitzatu.

Kasu!

Epela zein hotza har daiteke, hotza nahiago izaten du jendeak normalean. Arrozesne usaingozatua edo arrozesnea_arrautza gorringoekin ere hemen eskura sukaldean.com errezetategitik. Gozatu eta on egin!

Errezeta gehiago…

Asteburu honetan: Etxeko torrada edo torrijak

Banana split

Sagar erreak

Asteburu honetan: Arrozesnea  >

Asteburu honetan: Arrozesnea bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.


Errumaniarrak baino ez ziren

$
0
0
Errumaniarrak baino ez ziren

Errumaniarrak baino ez ziren

Leire Narbaizak Vocento taldeko egunkarietan irakurritako lerroburuak hartu ditu ahotan, Kalamuatik Txargainera blogean.

Errumaniarrak baino ez ziren Istripu handia izan da Azkoitiko Azkarate portuan aste honetan. Hiru gizonezko hil ziren eta hainbat zauritu ere izan ziren. Albiste lazgarria, ezbeharrak jotzen duen guztietan bezalaxe.

Berriak tristetu nau, normala den moduan. Baina beste kontu batek larritu nau gehien: hildakoen jatorria nola aipatu duten, nire ustez era oker eta kezkagarrian.

Gipuzkoan gehien saltzen den kazetan “un vecino de Eibar y dos rumanos” ziren hildakoak. Horrela zekarren titularrean. Errumaniarrak ez ziren, antza, inongo bizilagunak. Tira, Eibarko bizilaguna ere ez zen Eibarren bizi, baina hori beste kontu bat da.

Baina kontu lexiko batean geratu izan balitz ha, gaitzerdi (zoritxarrez, lexikoak ia beti azaltzen du pentsamoldea). Bizkaian gehien saltzen den egunkariak, Gipuzkoakoaren enpresa berekoak, hurrengo egunean zioen istripuaren errua “errumaniarrena” zela. Aho bete hagin laga ninduen izenburuak. Higuinduta, itxi egin nuen berripapera. Inoiz ez zait suertatu halakorik irakutzea auto-istripu larri baten biharamunean. Bakarrik falta zen esatea albistean DBEa, RGIa alegia, kobratzen zutela.

Baina titular nazkagarri horiez gain, beste gauza batek ere eman dit antentzioa, nola aurkeztu dituzten hiru hildakoak komunikabide askotan. Eibartarraren gainean, adinaz gain, beste gauza asko jakin ditugu: Elgoibarren bizi zela, non egiten zuen behar, zenbat ume zituen, zein afizio zeuzkan, nongo kide zen,… Beste bien gainean, ostera, ezer gutxi. Errumaniarrak zirela eta adina. Kitto!

Gizon errumaniar horiek ez ote zuten izenik? Eta familiarik? Ez dute umezurtzik laga? Alargunik? Gorpuak Errumaniara eroango dituzte? Eta non bizi ziren? Bakarrik? Pisu konpartitu batean? Zer zeukaten gogoko? Futbolzaleak ziren, ala nahiago zuten karta jokoan ibiltzea? Kantari onak ote ziren? Musika tradizionala zuten gogoko, edota pop-a? Zer dela eta etorri ziren ona? Zelan tratatu ditugu? Merezi izan die?

Zenbat galdera, inork erantzungo ez dizkigunak. Zenbat malko alferrik. Heriotzak berdintzen omen gaitu, baina komunikabideen esanek ez.

Errumaniarrak baino ez ziren

Errumaniarrak baino ez ziren bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Ingalaterraren historia argazkitan [II]

$
0
0

Ingalaterraren historia argazkitan [II] >

Ingalaterraren historia argazkitan [I]
Ingalaterraren historia argazkitan [II]

The Guardian egunkariak Ingalaterra norberak aukeratutako argazki batetik begiratzeko eskatu dio zenbait jende famaturi. Gauza asko iristen dira Erresuma Batutik mundu anglozentriko honetan, baina oraingoan begirada ezberdin bat antzematen dela iruditu zait; ea zuek zer diozuen.


VE celebrations, 8 May 1945

Peter Tatchell, giza eskubideen aldeko ekintzailea

Ingalaterraren historia argazkitan [II]
Photograph: RJ Salmon/Getty Images

Argazki honek Erresuma Batuko eta munduko une garrantzitsuenetako bat erakusten du, eta helarazten duen zoriontasuna islatu: 1945ean nazien aurkako garaipena erdietsi zen eguna. Era berean, II. Mundu Gerran genero ikuspegitik ere aurrerapausu nabarmenak eman ziren, eta hori ere agertzen da; gizonezkoak gerrara joatean emakumezkoen rola aldatu zen, eta ekarpen hori barik garaipena ez zen posible izango.

Gerrak beste irakaspen bat utzi zigun britainiarroi: estatuaren interbentzioak eta ekonomia sozializatuak funtzionatu dezakete. Pribilegioa eta espekulazioa gaizki ikusiak zeuden herritar askoren begiradatik; guztion ongizatea lehenetsi zen garai gogorra izan zen. Errefuxiatuei ongi etorria ematen genien, eta aliatu handiak genituen Europan. Common Wealth alderdia egun behar dugun aliantza anti-torya zen: sozialistak, liberalak eta independenteak batu ziren. Jeremy Corbinen ezkerretara kokatu ziren, politika erradikal herrikoiak aplikatu zituzten, eta hauteskundeak irabazi gerra garaian.

Justizia sozialak erdigunea lortu zuen jende askorentzat, eta jende horrek lortu zuen industria nagusien jabetza publikoa bilakatzea, edo Gizarte Segurantzaren sorrera. Justizia sozialean aurrerapausuak eman zituzten orduan; zergatik guk ez?


Donald Trump and Nigel Farage, 12 November 2016

Irvine Welsh, autorea

Ingalaterraren historia argazkitan [II]
Photograph: Wigmore/Finn/Splash News

Donald Trump eta Nigel Faragen argazki honek asko dio egun politikak bizi duen garaiaz: zergak ordaintzea saihesten duen aberaskume estatubatuar bat, eta inbertsioetara dedikatzen den bankari ingelesa, beraien ametsak gorpuzten ari direla ospatuz. Estatubatuarrak mundua gobernatuko du, eta ingelesa bere bufoia izango da, zalantzarik gabe sortu den mundu mailako orden berri honetan bere ekarpena egin eta gero. Industrializazioaren ondorengo aristokrata ohi gupidagabeak, sindikatuak zanpatu dituzte, soldatak jaitsi… 30 urteko neoliberalismoak ahalbidetu du bi gizon abeatsek irribarre egitea urrezko igogailu batean. Erdi Aroko politika teknologiaren garaian.

Ingalaterraren historia argazkitan [II]

Ingalaterraren historia argazkitan [II] bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Armagabetzea erromantzearen aberasgarri

$
0
0

Armagabetzea erromantzearen aberasgarri >

Esaten da Armada Invencible haren garaian asko handitu zela gaztelaniaren adierazpen gaitasuna. Itsasontziekin gertatutako hondamendiaren handiak, hainbeste jende hildako ekarri zuen ikuskizunak, hitz eta espresamolde berriz hornitu zituela erregeak aitatzeko erak, gudarosteak kritikatzeko moduak eta, oro har, eguneroko bizimoduaren hariak beste era batzuetan zitezkeela handik aurrera adierazi, hainbeste urtean ustelduta egondako urak supituan berritu balira bezala. Biraoak horixe dauka, indarra eta berritasuna.

ETAren armagabetzea ez daiteke, jakina, orduko hondamendiarekin alderatu,  baina nago egundoko aberastasuna ekarriko diola gaztelerari apirilaren zortzirako amaituta utziko den lanak. Txetx Etxeberrik eta Le Mondek jakin beharrekoak argitaratu bezain azkar, han hasi ziren kolore batekoak eta bestekoak, nor irmoago agertuko lehian, nork punpa azkarragoarekin erantzungo, nork bazterrera gehiago hurbilduko…

Rajoyk, pentsatu beharrik ere ez zuen ukan Castilla-La Manchako kongresuaren erdian zer esan behar zuen jakiteko. Aski izan zen jada automatizatuak dituen pare bat rewind eta play berreskuratzearekin, gauzak beti bezain argi adierazita gera zitezen: armagabetu daitezela, desager daitezela…

Armagabetzea erromantzearen aberasgarriEta beste aldeko orakulutik ere, minutu kontua izan zen Rubalcaba jaunaren ahots burutsua entzuteko, belarriekin ere txalo egiten zieten politogo uholdearen ondoan: demokraziak irabazi du, ez da ETA armagabetu, guk desegin dugu, guk irabazi diogu…

Nor bere paperean sartuta, abiatuak ziren saldatarako ere ez zutela balio ziruditen ETAren hezurren enegarren probetxamenduan, bolborarik ezean, memoria ditxosozkoa izango baita aurrerantzean materia nagusi euskaldunoi aurre egiteko orduan.

Batzuek eta besteak (eta tarteko denak ere bai), ederki trebatuak ditugu hainbeste intxaur eman duen laborantza erretoriko honetan. Maixu dira gauzak egiazki nola diren esateko orduan. Ez ibili alferrik intelektual berrien ahots zorrotzagoen bila. Faborez, ez al duzu oraindik ikasi? Hizlari guzti guztiek hartuko dute bide bera, ibaiaren urak ez dira eta desberdinak.

Bai, kontua betikoa da: nork abildade handiagoa erakutsi Munduko espainolik espainolena izateko orduan. Errelatoaren gauzak nork zuzenago adierazten dituen azpimarratzea. Zer uste zenuen, bada, beste edozeinek egingo zukeen bezala, armagabetzeko aukera txukun xamar profitatzen jarriko zirela?

Bai zera! Erromantzeak baditu bere esijentziak eta ezin da utzi igarotzen aukera hau, astakeria handiena esan izanaren ohorea behar du baten batek irabazi, Inperioak segi dezan bere bidean.

Armagabetzea erromantzearen aberasgarri

Armagabetzea erromantzearen aberasgarri bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

[Euskararen (pro)bokazioa] Hatxearekin jolasten

$
0
0
[Euskararen (pro)bokazioa] Hatxearekin jolasten

[Euskararen (pro)bokazioa] Hatxearekin jolasten >

Euskararen probokazioa

Euskararen erabileraren inguruko atala da Euskararen (pro)bokazioa. Helburua, gaur egun batez ere ahozko ereduaren kasu zehatzak aztertzea da.

Hirugarren proposamena:

.

H HIZKIAREKIN JOLASTEN (1)

Grafia hizkuntza bakoitzak bere hitzak idazteko era da. Ortografia, berriz, grafia hori kodetzen denean sortzen diren arau edo konbentzioek osatzen dute.

Bateratze prozesu horretan hartzen diren erabakiak arrazoi askoren araberakoak izan daitezke: etimologiaren araberakoak, ahoskatzeko moduaren araberakoak eta erabaki arbitrarioen araberakoak.

Euskaraz ere hala gertatu da, eta gure gaur egungo ortografia bateratuak 50 urte ditu betetzear. Euskara batuaren ezarpenaren pean, erabaki asko hartu dira eta gaur egun hein handi batean bateratuta dagoela esan dezakegu. Baina euskaraz ere erabaki arbitrario asko hartu dira. Eta arbitrarietaterik handiena, seguruenik, /h/ hizkiaren idazketak eragin du. Hainbat alditan jorratuko dugu gai hau.

.

1.- Hatz eta behatz

Jar dezagun sarean topatutako esaldi bat:

Ejerzitoaren kontrol ugari, Caguan-era bidean. Soldaduak adeitsu hatzamar lodiak erakutsiz.

Ejerzitoaren kontrol ugari, Caguan-era bidean. Soldaduak adeitsu atzamar lodiak erakutsiz.

Hatz eta behatz, biak /h/ hizkiaz idazten dira, baina haien eratorria den atzamar /h/ hizkirik gabe. Eta bide beretik atzapar, atzazal, azazkal

Zergatik behar dute /hatz/ hitzaren eratorriek /h/ hori galdu?

Baina, hazka ala azka?

Eta, bide batez, /behatz/ bakarrik erabiltzen ez dutenen artean, inork esaten al du hatz/behatz? Ala atzamar/behatz?

[Euskararen (pro)bokazioa] Hatxearekin jolasten

[Euskararen (pro)bokazioa] Hatxearekin jolasten bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Mugikorrak, beharrezkoak ala kaltegarriak?

$
0
0

Mugikorrak, beharrezkoak ala kaltegarriak?

Mugikorrak, beharrezkoak ala kaltegarriak?Gaur nire arreba txikerraren urtebetetzea izan da eta beste edonori bezala opariak eman dizkiote eta denok zoriondu dugu. Baina, gurasoek oparitu diotena ikusi dudanean amorru eta tristezia sentimendu nahasketa bat sumatu dut. Sekulako mugikor moderno horietako bat zen, ia-ia sakelan ere sartzen ez den horietako bat.

Arrazoi ugari ditut nire sentsazio nahasketa negatibo hori justifikatzeko. Lehenik eta behin esan behar dudana da, sentitu dudan narritadura hori ez dela nire arrebak eragindakoa izan, baizik eta nire gurasoek tramankulutzar hori oparitu izanak. Kontua da egunero nire gurasoek errieta egiten diotela nire arrebari  mugikorrarekin pasatzen duen denbora luzeagatik eta lanean ibili beharrean pantailatxoari begira egoten delako. Gauero entzuten ditut biak elkarren artean kexuka hori dela eta. Baina, bere urtebetetzea iritsi eta halako bat oparitzen diote. Ironikoa benetan…

Gaur egun, mugikor txukun bat izatea derrigorrezkoa ez, baina, oso erabilgarria dela aitortu behar dut, funtsezkoa. Elkarrekin komunikatzeko izugarri erosoak dira teknologia berriak eta arazoren bat izatekotan, adibidez ikasteko orduan, asko errazten dute arazoa konpontzeko bidea. Aitortzekoa da ere, gailu hauek argazki liluragarriak egin ditzaketela, aplikazio oso erabilgarriak dituztela, jolas oso interesgarriak deskargatzeko aukera ematen dutela… baina nire ustez ez dira telebistako iragarkietan margotzen dituzten bezain bikainak.

Gazteek gehiegi erabiltzen ditugula uste dut. Egunero ordu dezente mugikorrarekin igarotzea arrunta da gaur egun, baina oso kaltegarria nire ustez. Ez gara konturatzen gure inguruan gertatzen diren gauzetaz, gure pantailatxoan murgildurik. Gehiegizkoa da  mugikorrei, sare sozialei eta halakoei ematen diegun garrantzia, eta kalean ingurugiro errealean egon beharrean pozik egon ohi gara telefonoari begira.

Horrexegatik, neure iritziz denok egin beharko genukeena da mugikorraren erabileraren denbora murriztea eta teknologia gabeko entretenimendu bati ekitea. Modu honetan ez gara sartuta egongo mundu birtual horretan eta “like” batengatik poztu beharrean benetako gauzei esker lortuko dugu alaitasuna.

Mugikorrak, beharrezkoak ala kaltegarriak?

Mugikorrak, beharrezkoak ala kaltegarriak? bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Viewing all 19630 articles
Browse latest View live


<script src="https://jsc.adskeeper.com/r/s/rssing.com.1596347.js" async> </script>