Quantcast
Channel: ZUZEU
Viewing all 19795 articles
Browse latest View live

Leku Urrunen Atlasa: Issyk Kul (III. atala: Izurrite Beltza)

$
0
0

Leku Urrunen Atlasa: Issyk Kul (III. atala: Izurrite Beltza)

…aurretik:
I. atala
II. atala

Historiaren kontingentziaz

Historiak duen gauza interesgarri bat da ez dela prebisiblea, ez dela lineala. Batzuetan oso urrun gertatutako bi ekintza isolatuk puntu batean elkartzen dira eta espero ez genuen eragina izan dezakete. Hori gertatu zen, maila batean, Issyk Kul lakuan XIV. mendean. Leku Urruna dela esan dugu, baina ez horregatik hutsa. Bertatik abiatu zen, hainbat adituren ustez, mundua zeharo aldatuko zuen Izurrite Beltza. Saia gaitezen bi gertakariak Issyk Kulen kokatzen.

Nestorianismoa

Leku Urrunen Atlasa: Issyk Kul (III. atala: Izurrite Beltza)
Nestoriar hilerri bateko harria. Uigurezko testua du, alfabeto siriakoa erabilita. Gaur egun Frantziako museo batean dago ikusgarri.

Kristautasunaren lehen mendeak benetan interesgarriak direla uste dut. Hemen oso ohituta gaude kristautasuna eta katolizismoa sinonimotzat hartzen, baina historia askoz korapilotsuagoa da. IV. mendean Apolinario izeneko gizon batek idatzi zuen Jesukristok giza gorputza eta giza arima zuela, baina ez giza burmuin arrazionala, hau Jaungoikoak hartzen zuelako. Heresetzat hartuta Tartsoko Diodorok kontrakoa idazten du bere dotrina kondenatzeko: Jesukristo eta Jaungoikoaren arteko naturak guztiz ezberdinak ziren. Mopsuestiako Teodorok ideia hau garatu zuen ondoren: Ama Birjinak naturalki erditu zuen Jesus, baina honek gizakiaren inongo faltarik ez zuen. Jaungoikoak, orduan, beraren bidez barkazioa bidaltzen du lurrera. Bere ustez ezin da esan “Jaungoikoa jaio zen” edo “Jaungoikoak sufritu zuen”, hori gizakiari gertatu baizitzaion. Historia laburbilduz, 428an Teodoro II.a enperadoreak Nestorio izeneko abade bat deitu zuen eta Konstantinoplako Artzapezpiku izendatu zuen.

Honek, baina, aurrekoen ideiak predikatzen zituen eta Konstantinoplako teologoak sumindu zituen. Hainbeste Nestoriok berak kontzilio bat deitu zuela eta berarekin bat ez zetozen guztiak kondenatu zituela. Baina Alexandriako San Zirilok 12 anatema argitaratu zituen bere aurka, eta erantzuna modu berean izan zuen azken honek. Enperadoreak, orduan, Efeson kontzilioa deitu zuen. San Zirilok Alexandriatik 40 apezpiku ekarri zituen, bere tesiak defendatzeko. Nestoriok esan zuen ez zuela joan nahi, hori ilegala zela. 431ko ekainaren 22an San Zirilo nekatu, irakaspen eta gutun guztiak irakurri zituen eta erabaki zuten bertan Nestorio kaleratzea.

Urte batzuetako kontzilio, bilera eta kondenen ostean nestorianismoa Erromatar inperiotik kaleratua izan zen. Eta Sasanidar inperioan aurkitu zuen laguntza. Garai horretako pertsiar eta irakiarren gehiengoak Nestorio jarraitu eta hori izan zen, eurentzat, kristautasun ofiziala. Sasanidar inperioaren erlijio ofizioso gisa iraun zuen ahalik eta musulmanak iritsi ziren arte. Arabiarrek Damasko eta Baghdad hartu zutenean Elizaren egoitza ere bertara mugitu zen eta agintari kristauek kargu onak hartu zituzten administrazioan. Musulmanen artean eroso, Eliza ia desagertu zen VII. mendean bertan.

Hori dela eta hainbat nestoriarrek misioen bidea hartu zuten, Islama gehiago hedatzea ekidin nahiez. Tibet, India, Mongolia, Samarkanda, Mantxuria… bertan sortzen dituzte Elizak eta kristau fedea hedatzen dute. Mongoliarrak ez ziren kristau bilakatu, baina gero hitz egingo dugu mongoliarren paperaz historio luze honetan. 635ean Alopen izeneko gizon bat Txinara heltzen da kristautasuarekin. Taizong hirian nestoriar eliza bat sortu zuen.

Bidean monasterio bat ere sortu zen Issyk Kul lakuan. Eta bidean, dagoeneko Zetaren Bidean ezagutzen zirenak hedatu eta egonkortu zituzten.

Pax Mongolica

1206an Genghis Khanek munduko inperiorik handiena osatu zuen. Balkanetatik Txinara eta Indiatik Koreara. Europara beldurrezko pertsonaia gisa heldu bada ere, izan zituen hainbat gauza oso interesgarri: erlijio askatasuna ezarri eta Asiako mugak batu zituen, komertzioa baimenduz. Berarekin helduko zen Marko Polo Indiara eta berarekin helduko zen zeta, papera eta bolbora berriro Europara.

Pax Mongolica izeneko garaia da. Garapen eta ekonomiaren aldaketa garaia. Bideak irekitzeak komunitateak indartu eta bidaiari berriak ekartzen dituzte nestoriarren Issyk Kul lakura. Hauek biltegi bat zuten, suposa dezakegu merkantzien trukean laguntzeko.

Baina hiriek eta komertzioak beste gauza bat dakar berarekin: gaixotasunak. Txinan 1330ko hamarkadan Izurrite Beltzaren eztanda gertatu zen. Hebei probintzian biztanleen %90a hil zuen. Ez dakigu Txinatik etorriko zen, zeta eta animaliekin batera, baina Issyk Kulera iritsi zen beste inora baino lehen.

1885ean egindako arkeologia indusketan nestoriar monasterioa aurkitu zen. 650 pertsonen hilobi hilarri aurkitu ziren, 1186tik 1349ra artekoak. 1338tik 1339ra doan urtean 106 pertsona hilobiratu zituzten. Horietako 10etan plaga eta gaixotasuna aipatzen da.

Leku Urrunen Atlasa: Issyk Kul (III. atala: Izurrite Beltza)1346an Izurrite Beltza Kaspiar Itsasora heldu zen, ziurenik monasterioko ondasunen mugimenduarekin, Zetaren Bidetik, beraz. 1349an Mekara. 1347an Europa osoa kolpatzen zuen.

Mundua ez zen inoiz berdina izango. Eta nestoriarrak desagertu ziren Issyk Kuletik eta, laster, Erdialdeko eta Ekialdeko Asia osotik.

 

 

Bisitatu daiteke?

Ba ez dakit. Teorian bai, badira tour batzuk nestoriar aztarnategiak bisitatzeko plana eskaintzen dutenak. Lonely Planet gidarekin bazoaz, ez da daturik agertzen (edo nik, behintzat, ez dut aurkitu!) leku zehatzaren inguruan. Kyrgyzistango Historia Museoan (hitz egingo dugu honetaz), ez dago guzti honen arrastorik, nahiz eta aipatzen den leku batean erlijio ugari egon direla bertan, eta aztarnategi ezberdinen argazkiak erakutsi. Baina badirudi erakusten diren aztarnak ez direla Issyk Kulekoak, baizik eta Burana dorrean dagoen mausoleo bat.

Esan bezala… Issyk Kulera hondartzara zoaz: batzuentzat leku urruna baino, gertuen duten lakua delako.

Leku Urrunen Atlasa: Issyk Kul (III. atala: Izurrite Beltza)

The post Leku Urrunen Atlasa: Issyk Kul (III. atala: Izurrite Beltza) appeared first on zuzeu.eus.


Zezena Donostian, ehun urte atzera

$
0
0

Ander Izagirreren “Periodismo con botas” blog-ean, begira jo zigun atzo, zezenketak Donostiara bueltatzen zirela-eta argitaratu zuen sarrerak: “El toro contra el tigre en la plaza del Chofre”. Zorakeria dirudi, baina guztiz egia da!

Kazetari donostiarrak Aryse izeneko blog kultural batera garamatza, eta hemen “ikuskizunaren” kronika zehatza egiten digu Savinio izeneko batek: “San Sebastian Capital Cultural (1904): lucha entre el tigre “Cesar” y el toro “Hurón” en la plaza de toros”.

Hona hemen laburpen bat:

Zezena Donostian, ehun urte atzera1904ko uztailaren 24an gertatu zen, Txofreko zezen plaza zaharrean, Donostian. Zezenketak bi zati zituen, eta bigarrenean, Cesar deitzen zen Bengalako tigre baten eta Guadalquivir-en paduretako bost urteko Huron zezenaren arteko borroka zegoen iragarria. “Bihar zezen plazan, tigrearen eta zezenaren arteko borroka eragile, erakargarri eta igurikatua izango dugu”, argitaratu zuten bezperan El Correo de Guipúzcoa egunkarian. Eta gertakaria baino egun batzuk lehenago, kaiola baten barruan Cesar erakutsi zuten, hogei arroa inguruko tigre ederra -antza Marseillako merkatari bati 7.000 frankotan erosia-, gihartsua eta itxuraz basapiztia. Aurka egin behar zion zezena ikusteko aukera ere bazegoen zezen plaza bertako kortan. Hurón, urdin iluna, sataikoa eta adar zorrotzekoa, ez zena atzean gelditzen seriotasun eta eitean. Plazaren erdian hogei metro diametroko kaiola sendoa paratu zuten, itzal handiko Sartasola eta Carrasco injineruek egina -egunkarien esanetan-. Behin eguna helduta, jendea irrikitan zen bi animalien arteko borrokaldirako.

Zazpiak inguru baziren borroka hasi zenerako. Bi piztiak tiro hotsez eta kolpez akuilatu zituzten, baina borrokak kale egin zuen hasieratik, Huronen adarrak ikusita uzkurtu baitzen Cesar -honen aldeko apustua egina ei zuten frantziarrek-. Zezena tigreari oldartu zitzaion, adarkatzeko prest, eta hankapean erabili zuen. Cesar dohakabeak haginka eta atzamarka erantzuten zion, eta musturrean zauritu zuen Huron. Koldartuta, kaiola barruan bueltaka hasi zen Cesar, Huron plaza erdian marruka eta harea aztarrika zela. Zezenaren erasoari erantzunez, tigreak idunera egin dio salto, eta adardunak astindu bortitz batez kaiolako atearen kontra bota du katutzarra; txikitu dute atea, eta atera dira bi piztiak plazara!

Bi animaliak kaiolatik at ikusteak izua eragin zuen, tigrea publikoarengana salto egiteko kapaza zela baitzekiten. Derrepente, Mikeleteek -Gipuzkoako polizia- Maüsser fusilak atera eta tiroketa hasten da. Minutu parea iraungo duen bi animali zaurituen kontrako tiro hotsa, plazan ziren ikusleetako askok armak baitzeramatzate aldean -nahiko ohikoa omen zena!-. “Ikuskizun” esperpentikoak emaitza latza izan zuen: plazara salto egin zuen gizon batek hil zuen tigrea errebolber tiro zehatz batez, eta kortan hil zuten zezena. Haiekin batera baina, eta plazan zirenen artean, hildako bat (Juan Pedro Lizarriturry) eta hamazortzi zauritu izan ziren.

Zezena Donostian, ehun urte atzera

El Correo de Guipúzcoak 1904ko uztailaren 26an argitaratua:

Mina. “Hereneguneko gertakari hitsak, zezen plaza berrian jazoak, oroimen samina utzi du familia askorengan, erresumin baretu ezina etxe batzuetan. Alai, irribarretsu eta gustura joan ziren guztiak zezen plazara, aspaldi iragartzen zen Cesar tigrearen eta Huron zezenaren arteko borroka basatiaz gozatzeko irrikitan”.

Festa. “Anai gizagaixoak, gozatua hartu asmoz plazara gerturatu eta balazo bat jaso zutenak!. Festara joan eta hileta batetik itzuli ziren”.

Arduragabekeria. “Odola isuri da zezen plazan, segurtasun indarren Maüsser balakaden erruz; onartu ezinezko arduragabekeriz, eta ez dakigu nork aginduta, plaza erdian eta kaiolaren ate aurrean hilzorian zen tigrearen kontra tiroketari ekin zioten-eta”.

Kaiola. “Carrasco eta Sartasola injineruek egindako txostena irakurri dugu, kaiolaren sendotasunari dagokionean ikuskizunaren aurretik idatzia. Txostenean, punturik ahulena atea dela aipatzen da, justu igandean zezenaren zartakoarekin apurtu zena, bi animaliak plazara irtetzea ekarri zuena. Lehenengo eta behin agintariak dira honen errudunak, txostena irakurri ondoren ez baitzieten injineruei edo beste teknikariren bati kaiolako ahulguneak indartzeko agindu”.

Mikeleteak. “Gobernadoreak elkarrizketa bat izan du Mikeleteen buruarekin eta seguruenera bertan argituko dute zerk behartu zituen piztiaren kontra sua hastera”.

Errebotea. “Guztiok dugu Maüsser fusilen irismen izugarriaren eta ezohiko abiaduraren berri. Gaitza da, oso zaila, kasik ezinezkoa, bere jaurtigaien mugimendua ezereztea zezen plaza bateko zirkuluaren distantzia motzean, batez ere tiroa angelu zorrotzez egina bada (…). Tendiduak jendez lepo zirela eta tiratzaileen parean harmailak, derrigorrez gertatu behar zen zoritxarren bat balen errebotearen ondorioz, tiratzaileek punteria zehatza balute ere, eta ez zen horrela izan, akaso burtzoro eta presaz jokatu zutelako tiro egiterakoan”.

 

Zezena Donostian, ehun urte atzeraErnest Hemingway-k ere hartzen du ahotan Donostian bi piztitzarren arteko borroka zela-eta izan zen sarraskia, 1932ko “Death in the Afternoon” lanean.

Duela mende bateko istorio harrigarri hau ezagututa, hobeto ulertzen da atzokoan Joan Carlos I., ehiztari amorratua bera, zezentokitik horren hurbil egotea -palkoa du ohikoagoa-, ondoan Froilan biloba zuela; seguru, biak ondo armatuak eta tiroka ekiteko prest.

 

(Tigrea eta) zezena Donostian, ehun urte atzera eginda.

The post Zezena Donostian, ehun urte atzera appeared first on zuzeu.eus.

Ilunbe, erdi betea da zezen plaza

$
0
0

“Oraindik ez badakizu, azken egunetan Espainiako ABC, La Razon eta El Mundo egunkariek dogma berri bat ezarri dute: Abertzaleak zezenketen aurka daude festa espainiar bat delako. Eta, horri buelta emanda: zezenzaleak espainiarzale amorratuak dira”. Horrela zioen Peru Zaratek 2012ko abuztuaren 16an, orain hiru urte, ZUZEUn argitaratu zuen sarreraren hasieran.

Zezenketak Donostiara bueltatu eta biharamunean ere ez da izan gutxiagorako, aipatutako hiru egunkari espainiarrek azalera ekarri baitute gaia, ikuspuntu politikoa emanda: “Va por usté [su majestá] y por España! (Manzanares).

.

Egunkarien azaletan

ABC La Razón El Mundo

Euskal Herriko egunkari gehienek ere azalean jorratu dute zezenketen gaia, askok berri nagusi aukeratuta. Berria, esaterako, goian diren hiru eskumako egunkarien aldean oso kritiko agertu da; “Odola itzuli da hareara” dio lerroburuan.

Berria El Diario Vasco Gara Noticias de Gipuzkoa El Correo Español

Aparte, Espainiako probintzia batzuetako egunkarien azaletan ere izan dute oihartzuna Donostiako zezenketek. Hona horietako batzuk:

Diario de Sevilla (Sevilla) Heraldo de Aragón (Aragoi) Ideal (Granada)

.

Nazioarteko oihartzuna (The Guardian)

Hein txikiagoan, nazioartean Espainiaz aparte ere izan du oihartzuna zezenketak Donostiara itzuli izanak. The Guardian egunkariak, esaterako, “Bullfighting returns to San Sebastián after three-year ban” (zezenketak Donostiara itzuli dira hiru urteko debekuaren ondoren) erreportaje landua plazaratu zuen herenegun, abuztuak 12. Debekuari bukaera ematea izan da EAJ-k eta sozialisten arteko gobernu koalizioak hartutako lehen erabakietako bat dio barruan, besteak beste.

Ilunbe, erdi betea da zezen plazaEtxekoen artean, Ramon Solak Gara egunkarian egin du kronika, “Pica española en un Ilunbe a medias” izenburupean. Kazetariak dioenez, “Donostiako udalak milaka gutxi batzuentzat ireki du zezentokia (6.000 inguru, plaza betetzetik urruti) eta espainiar errege emeritua izan da lana bukatzeko ardura izan duena. Joan Carlos Borboikoa izan da Ilunbeko protagonista nagusia eta bueltatuko dela adierazi du. Kalean, festa gutxi: ezinegona eta tentsio nabarmena”; horra laburpena.

Eta Berrian, Klimax taurinoa” izeneko zutabea idatzi du Iñaki Petxarromanek; antzeko tesiak defendatzen honek ere: “Birkonkistatu dute hiria zezenzaleek, eta pozez zoratzen daude hedabide eta sektorerik espainiarzaleenak. Donostia euren egin dute”.

Zezenzaleen ikuspuntutik, Todotoros webguneko kronika atzokoaz: “Sabios, firmes y libres”.

 .

Eta zezenzaleek plaza bete zuten (erdia)

Dakigunez, euskaldun eta abertzale asko ere badira zezenzale, baina arestian aipatu ditugun egunkarien azalak ikusita -ABC eta La Razón eskumakoena-, esan daiteke baietz, españoltasunarekin lotu dutela “festa” deitzen dutenaren itzulera. Baina… Donostia “eurena” egi dute, benetan?

Choperatarrek, zezenketen itzulerarako, sekulako publizitate kanpaina jarri zuten abian Donostian, hiriko hainbat bazter esanguratsu erakusten zituenak, eta #torostiarra traola ere asmatu zuten twitter-en. Berau jarraitu duenak, igarriko zion zer nolako garrantzia eman dion zezenzale espainiarrak berriro ere Ilunben izateari.

Eta zezenketen itzulerak garrantzia berezia zuelako, lau egunetako ospakizunetan ahalegin berezia egiteaz gain, punta-puntako mataor-eak ekarriz, “norbaitek” (antolakuntzak, antza), Joan Carlos Borboikoa ere gonbidatu zuen Donostiara -herenegunetik ei zen Hondarribian-.

Gainera, guztia borobiltzeko, TVE1-k zezenketa zuzenean emititu zuen, aspaldiko partez, desagertuak baitziren zezenketak telebistatik –%10,2 share erdietsi zuen; abuztuko media %9,3 du kateak-. Aparte, kontutan hartu beharra dago Espainia osoan puri-purian dagoela zezenketen gaia, eta ez direla gutxi zezenketak debekatu edo diru-laguntza publikorik gabe utzi dituzten hiri eta Erkidegoak; Donostian ez baina.

Ilunbe, erdi betea da zezen plazaHiria Aste Nagusian murgildua dela, eta hiru urteko debekuaren ostean, zezenketak! -horrela saldu da kontua-; eta erraztasun ugari bertaratu nahi zuen ororentzat. Gonbidapen eta gazteentzako sarrera bereziez gain (10 eurotan), sarrera arruntak ere ez ziren garestiak-eta, 15 euro. Merkeagoa da Donostian sei zezen hiltzen ikustea Konstituzio plazan bi garagardo edatea baino (barka txistea).

Apustua: Zezen plaza betetzea.

Emaitza: Zezenzaleek bete dute plaza… erdia! Horrenbeste ahalegin egin arren!

Ilunbek 10.000-16.000 lagunentzako edukiera ei du, eta Choperatarrek, zezenketen antolatzaileek, 8.000 sarrera saldu zituztela zioten goizean irratietako elkarrizketetan –irakurri Ara.cat atarian “Nola apaindu Donostiara zezenketen itzuleraren porrota”-; eta egunkari abertzaleek, 6.000 inguru.

.

Ea zer dioen Vocentok:

Ilunbe, erdi betea da zezen plazaEl Diario Vascok “Los toros vuelven a San Sebastián” lerroburuan jaso du zezenketaren kronika -borboiaren argazki eta guzti, EFE agentziak sinatua, eta… bat etorri da Garak adierazitako zenbakiarekin, 6.000 lagun inguru Ilunbeko zezen plaza estalian, “dos tercios de su aforo”; hara!

 

Ilunbe, erdi betea da zezen plazaKronikak aurrera egin ahal baina, kazetariari gutxitxo iruditu zaizkio hasierako zenbakiak, antza, bukaera aldera 7.000 izan direla adierazi du-eta; “tampoco tuvieron muchos motivos para el entusiasmo” onartuta.

El Diario Vascon kronikak hasieratik bukaerara Ilunbek mila bisitari irabazi baditu, Bilborako bidean beste mila gehitu zaizkio ikuskizunari!:

Ilunbe, erdi betea da zezen plazaEl Correo Español egunkariak nahiago izan du zezen plaza kanpoko protestatan arreta jarri -barruan gertatua aspergarria izan bide zen-. “Unas 200 personas protestan en Illumbe contra el regreso de los toros y el rey Juan Carlos” izenburua eman diote bizkaitarrek berriari, agentziek sinatua hau ere.

.

Ilunbe, erdi betea da zezen plazaEta notizian 8.000 ikusle kontatzen baditu, sarreratxoan borobildu egiten du zenbakia; El Diario Vascon 6.000 ikuslerekin hasi eta El Correon “La plaza de Illumbe, prácticamente llena” bukatu; malgua izatea zer den aizue!

.

Televisión Españolako albistegia (hiru minutuko berria): 9.000 ikusle!

.

Zenbait datu Ilunbe zezen plazaz (Datoros-etik hartuak)

El Mundo egunkariaren arabera, Donostiak 14 zezen plaza izan ditu historian zehar, muntatu eta desmuntatzen diren eramangarriak kontutan hartuta. Zaharrena Erregesorokoa, XVI. mendekoa.

1091 izan dira guztira Donostiak zezenketez libre egin dituenak, 2012ko abuztuaren 17tik, bi urte hamaika hilabete eta 25 egun. Atzora arte, Ilunben zezen bat hiltzen azken toreroa Alejandro Talavante genuen.

1998an plaza inauguratu zeneko afixa errepikatu gura zuten antolatzaileek, Ponce, Manzanares (honakoan semea) eta Paquirrirekin. Azken hau adarkada bat jaso berri zegoenez, Lopez Simon-ek ordezkatu zuen -Azpeitian izana da-.

Ilunben, El Juli da zezenari belarri gehien moztu dion toreroa, lautan moztu baitizkio biak zezenari: 2001ean, 2002an, 2008an eta 2012an -gaur beste bat moztu du-. Poncek, Morantek eta Manzanaresek ere moztua zuten belarri bina.

Eta Xerezeko Padilla (pirata) -aurten ez du Ilunbe zapalduko- Donostian zezen bati buztana moztu dion bakarra; 2005eko apirilaren 21ean Victorino Martin abeltzainaren Muroalto zezenari. Sinbolikoki moztu zion, hauxe baita Ilunbetik bizirik atera den zezen bakarra, indultua lortuta.

Frantziar zale ugari izaten omen da Donostiako zezenketetan. Lau dira Ilunben parte hartu duten torero frantsesak: Fernández Meca, Sebastián Castella, Juan Bautista eta Julien Lescarret.

Aurtengo afixan, Euskal Herriko burtzikari bat zegoen, Hermoso de Mendoza nafarra -gaur hartu du parte-.

Ilunbe, erdi betea da zezen plaza
Ilunbe, erdi betea da zezen plaza.

.

Erantzunak zezenketei (twitter-ez)

Donostiara zezenketak bueltatu izanak eraginak sortu ditu, eta manifestaldiak ez ezik, sare sozialetan ere erantzun handia izan da, twitter-en, besteak beste.

Gure TL-ean, egia esateko, gehiago dira kontrako iritziak aldekoak baino, eta azken hauetatik gutxi aurkitu ditugu euskaraz, bateren bat badagoen arren.

Kuriosoa da, bestalde, Ernesto Gasco PSE-ren zinegotziaren jarrera. Zezenen itzulerarekin ezin pozago agertu bada ere -makina bat txio ditu zezenketak direla-eta-, berak horretarako ahaleginik ez duela egin dioen bitartean, Eneko Anduezak, batzar nagusietan PSE-ko bozeramaile eta eibartar zezenzaleak, meritu guztia ematen dio Gascori.

Eneko Goia alkatea pilotaz eta azokez mintzo da twitter-en, ez dio ezer zezenez.

 

Hona txio esanguratsu batzuk:

 

.

Change.org bidez Eneko Goiari eskaria

Sarrera bukatzeko, Change.org atarian Eneko Goiari egin zaion eskariari hartuko dugu ahotan; kanpaina bat jarri da martxan Donostiako Udalari argi esateko, “Ez dugu zezenketak bueltatzea nahi”. Momentuz 13.000 sinadura inguru lortu dituzte eta hamabost milara heltzea da helburua.

Ilunbe, erdi betea da zezen plaza

 

The post Ilunbe, erdi betea da zezen plaza appeared first on zuzeu.eus.

Azken maitasun olerki bat hiriei

$
0
0

Azken maitasun olerki bat hirieiBilbao, Iñigo Escalanteren begiradan…

 

Italo Calvinok 1972an idatzi zuen Le città invisibili” (hiri ikusezinak). Idazle italiarrak hiri poetikoak sortzen ditu liburuan: “azken maitasun olerki bat hiriei, horixe idatzi diedala uste dut, gero eta nekezagoa baita beraietan bizitzea”.

Hiriak eta memoria, hiriak eta desioa, hiriak eta keinuak, hiri finak, hiriak eta trukeak, hiriak eta begiak, hiriak eta izena, hiriak eta hildakoak, hiriak eta zerua, hiri jarraituak, eta hiri ezkutuak; horiexek dira liburuko atalak.

Hiri guztiek emakume izena dute:

«Cloen, hiri handia bera, kaletik dabiltzan pertsonek ez dute elkar ezagutzen. Batak besteari begiratu eta mila kontu asmatzen dituzte, beraien artean gerta litezkeen enkontruak, elkarrizketak, ezustekoak, laztanak, haginkadak. Baina inork ez dio inori diosalik egiten, begiradek segundo bakar batez gurutzatu eta ihes egiten dute, beste begirada batzuk bilatzen dituzte, ez dira gelditzen. Sorbaldan pausatua duen eguzkitakoa eta bere aldaken biribiltasuna jirarazi duen neskatxa bat pasatu da. Beltzez jantzitako emakume bat pasatu da, dituen urte guztiak ordezkatzen dituena, begiak artega mantelinaren pean, ezpainak dar-dar. Pasa da tatuatutako erraldoi bat, ilea urdindua duen gizon gaztea, ipotx bat; bikiak koralez jantzita…».

Cloe (Hiriak eta trukeak).

.

Hogeita hamar hiri

Guk, munduko hiriak gero eta berdinagoak ei diren honetan, bene-benetako hirien argazkiak dakartzagu, gero eta gorago eraiki eta kasik infinitura zabaltzen direnak asko. Gaur egungo hogeita hamar hiri erreal dira, batzuk Calvinoren irudimenekoak bezain harrigarriak.

Argazkiak bilatzen orain urte batzuk bogan jarri zen roff topping joeraz irakurtzen genbiltzala hasi ginen, baina aukeratu ditugun argazki gehienak hiri (ezin ezagunago) batzuen skyline-en argazkiak dira.

Roff topping delakoan, hiriko eraikinik altuenetako baten teilatu laura igotzen da argazkilaria, askotan baimenik gabe, eta bertatik azpian zabaltzen zaion hiritzarra jasotzen  du kamerarekin-argazkilaria bera ere agertzen da sarri argazkietan-. Horrela irudi ia-ia zenitalak lortzen dira, hurbilekoak eta ikusgarriak.

Tom Ryaboi da joera honetako aitzindarietako bat; berea da sarrera honek azalean daraman argazkia, Toronto (Kanada) hirikoa -eta 30en artean dago roff topping-ean eskarmentua duen Vadim Makhorov-en beste bat-.

Egunez edo gauez ateratako argazkiak dira, argi biziz edo erdi ilunetan; lainopetik agertu edo urrutian somatzen diren hirienak; atzoko eta etorkizunekoak, ezin ezagunagoak asko eta galduren bat tarteko; goitik behera egindako argazkietan ia beti.

 

* Jolas modura, argazki bakoitza azpiko zerrendako izen batekin lotzeko proposamena luzatzen dizugu; ea 30ak asmatzen dituzun. Horrela bada, izango duzu saria!

(Klikatu handitzeko):

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 6 9 8 7 10 15 14 12 13 11 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30

  Hiria (Herrialdea) Argazkilaria.

  • Bamako (Mali) Watchtheworld.
  • Bangkok (Thailandia) Lux69Terna.
  • Caracas (Venezuela) Nicola Rocco.
  • Chicago (AEB) Robert Elves.
  • Damasko (Siria) Prespect.
  • Dubai (Arabiar Emirerri Batuak) Sebastian Opitz.
  • Frankfurt (Alemania) Raun.
  • Hong Kong (Txina) Spreng Ben.
  • La Paz (Bolivia) Pedro Szekely.
  • Liverpool (Ingalaterra) Pete Carr.
  • Lviv (Ukraina) Jonhyblaze.
  • Malaga (Espainia) Juan Chaves.
  • Mexiko Hiria (Mexiko) Matt&Megan.
  • Mosku (Errusia) Sergey Alimov.
  • Nairobi (Kenya) Shing.
  • New York (AEB) David Gardener.
  • Paris (Frantzia) Erez Marom.
  • Perth (Australia) Ben Clegg.
  • Rio de Janeiro (Brasil) Thierry Cohen.
  • San Frantzisko (AEB) Dominique James.
  • Sao Paulo (Brasil) Ricardo Motti.
  • Seul (Hego Korea) Martin Stavars.
  • Shanghai (Txina) Vadim Makhorov.
  • Sibiu (Errumania) Vxside.
  • Sidney (Australia) Aka Rabbits.
  • Tallinn (Estonia) Fergus toumey.
  • Houston (AEB) An Nguyen.
  • Tokio (Japonia) Raun.
  • Toronto (Kanada) Mike Palmer.
  • Vancouver (Kanada) Evan Leeson.

The post Azken maitasun olerki bat hiriei appeared first on zuzeu.eus.

Badator, badator… (timelapse)

$
0
0

Badator, badator… badator Mari Jaia!

Eguzkizaleak konpartsa hasi da Areatzan txosna montatzen. Hemen dozuez lehenengo eguneko prestaketa lanak, timelapse batean:

Donostiako Aste Nagusia bukatzeko zorian dala, hasi dira atonketak Bilbaon, agorrilaren 22tik 30era ospatuko dan Aste Nagusirako.

Andramaria egunaren hurrengo zapatuan hasi ohi dira Bilboko jaiak, eta aurton agorrilaren 15a zapatua danez, inoiz baino beranduago irtengo dau Mari Jaiak botxoko kaleetara.

Jaien hasierarako aste bete baino ez da falta, Athletic-ek aurreratzen ez baditu beti bere!

.

Eguzkizaleak

Badator, badator... (timelapse)Eguzkizaleak 1989an sortu eben Bilboko jaiak ikuspegi ekologikotik bultzatzeko. Gaur egun Euskal Gune deitzen dan eremuan dagoz, Abante, Hau Pittu Hau eta Txori Barrote konpartsekin batera.

Hasieran nazioarteko eguzki antinuklear ezagunak identifikatzen ebazan; gaur egun, Kamiseta laranja dabe eguzkiloreaz, eta praka petodun berdeak, eguzkiloreaz honek bere. Ingurugiroaren aldeko ekimenak, Amalurraren aldekoak egitea dabe ezaugarri.

The post Badator, badator… (timelapse) appeared first on zuzeu.eus.

Asteko txiorik onena

$
0
0

Asteko txiorik onena (abuztuak 15)Asteko txiorik onenaren bila ibili gara, eta proposatu genuen sortatik (uztailaren 29tik abuztuaren 5era bitartera txiokatuak), ZUZEUko irakurleok Xabier Mendigurenena hautatatu duzue -sarrera bukaeran duzue irakurgai- “ederrena, irrigarriena, interesgarriena” legez.

Orain, beste sorta bat dakargu aste honetarako, abuztuaren 6tik 15era bitartekoa. Zein da asteko txiorik onena?

.

.

Asteko txiorik onena (abuztuak 15)

.

Pasa den asteko txiorik onena (botoen %34,21):

The post Asteko txiorik onena appeared first on zuzeu.eus.

Gabarra atera: Bai ala ez? (Hor dago gakoa)

$
0
0

Errealeko jokalari Carlos Velak ere txalotu zuen Athletikak Bartzelonako Futbol Taldeari emandako egurra. Bilbotarren batek kontrakoa esango badu ere, inork ez zuen espero halakorik. Adurizen hattricka, jokalari gazteen kalitatea, defentsan erakutsitako indarra… San Mames barria zur eta lur geratu zen. Baina Superkopako lehen partida amaituta, bestelakoa da Athletizaleak zatitzen dituen galdera: Espainiako Superkopa irabaztea, gabarra ateratzeko nahikoa arrazoi ote da? Badirudi aldekoak eta kontrakoak daudela, eta jakin nahi genuke zuk zer iritzi duzun. 


ath-gabarra-84

Zer diozu?

The post Gabarra atera: Bai ala ez? (Hor dago gakoa) appeared first on zuzeu.eus.

Maïmouna Souleïmane: “Putzua dugunetik gaixotasunak gutxitu dira”

$
0
0

Bizitzak aldatzen dituen ura (II)

Chad-en, erdi basamortu klima izateak ur eskasia eragiten du, eta dagoena ez da osasuntsua. Ur hori edateak gaixotasun hilgarriak eragiten die zonalde txiroetako haurrei. Oxfam Intermon lanean ari da baliabide gutxiko familiek ur garbia eskura izan dezaten, eta modu horretan umeak hil ez daitezen beherako sinple baten erruz.

Maïmouna Souleïmane: “Putzua eraiki zenetik, asko gutxitu dira gaixotasunak”

Maïmouna SouleïmaneMaïmouna Souleïmane-k 48 urte ditu, zazpi seme-alaba eta bi iloba. Bere herrian, Dirbeyen, eta Oxfam Intermon-en laguntzarekin, putzua konpondu dute familiek etxetik hurbil ur garbia izan dezaten eta hezia jarri diote inguruan, animaliek bertaratu eta zikindu ez dezaten. Gainera, lur azpiko urak kutsatu ez daitezen komunak eraiki dituzte etxe guztietan.

Guzti horri esker, Maïmouna bezalako amak konturatu dira beren seme-alabek askoz gaixotasun digestibo, parasito eta beherako gutxiago izaten dituztela. “Nire seme-alabei putzuko ura baino ez dezatela edan aholkatu diet, eta eskuak ondo garbitzeko otorduak baino lehen”, dio Souleïmane-k.

Izan ere, Oxfam Intermon-ek emandako eskolen ostean, gero eta auzokide gehiagok daki zeinen garrantzitsua den garbitasuna gaixotasunak gutxitzeko. Uraren batzorde bat antolatu dute putzua zaintzeko (eta konpontzeko) eta garbitasun ohitura egokiak zabaltzeko herritar guztien artean.

Emakume eta neskatoen bizimoduan beste kontu positibo bat ere antzematen da, beraiek baitira ura garraiatzeaz arduratzen direnak. Putzu berriarekin denbora asko aurrezten dute: “Putzua dugunetik lasaiago gabiltza. Lehen hamar ordu ere ematen genituen egunero ura lortzeko. Orain, hamar minututan egiten dugu joan-etorria”, esaten du, beste askok bezala, bizimodua erabat aldatu zaiola ikusten duen emakume batek. “Orain irakasle aritzeko astia dut, beti gustatu izan zaidana eta gainera gure herriaren garapenaren alde egiten duena”. Pozik da Maïmouna.

 

Chad-en, biztanlegoaren %65ak ez du edateko ura.

Hogei segundoro haur bat hiltzen da ur garbia ez izateagatik, urtero milioi eta erdi ume munduan.

 

Elikadura segurtasunaren garrantzia

Chad-en duten malnutrizio egoerari aurre egin diezaiokegu bertako herritarrek edateko ura eta elikagaiak eskuragarri izatea bermatzen badugu. Oxfam Intermon-ek herritarrek elikadura segurtasuna izan dezaten egiten du lan, eta horrela aldaketa sostengarriak lortzen dira beren bizitzetan.

Adibidez, nekazariek etekinak handitu ditzaten egiten dugu lan, horrela ekoizpenak hobetu eta gai izan daitezen lehorte eta uholdeei aurre egiteko. Ereiteko haziak banatzen dizkiegu uztak galdu ez daitezen eta ureztapen sistemak ezartzen ditugu elikagaien ekoizpena handitu ez ezik landatzen diren elikagaiak anitzak izan daitezan.

Bizitzak aldatzen dituen ura

 

Boteredun elikagaiak:

The post Maïmouna Souleïmane: “Putzua dugunetik gaixotasunak gutxitu dira” appeared first on zuzeu.eus.


2015: Feminismori elegia

$
0
0

Aspalditik kezkatu nau feminismoak, definizioz sexista, segregatzailea eta praxistikoki biolentoa den mugimenduak. Piripo batengatik jipoitu. Begirada batengatik jipoitu. Irain batengatik jipoitu. Oraindik ez duzue argi zergatik Euskal Herrian dugun gazte portzentai baxuena Europan eta jaiotze tasarik baxuenetakoak (gazte immigranteak kontuan hartuta)? Euskaradunen jaiotze tasa jakitea gustatuko litzaidake.

Dogmatikoa da ere, ezin da kritika txikiena egin ere kalean mehatxatua, iraindua edo fisikoki erasotua izan gabe. Feminismoa kritikatu dudan 20 urteotan ez dut erantzun bakar bat ere jaso datu konkretuekin, behin ere ez. Mehatsuak, dozenaka. Gehienak “jo/hil dezala norbaitek matxista hau” modukoak izan dira, emakume feminista batek inoiz ez du ausardiarik izan ni zuzenean mehatsatu edo erasotzeko. Zuen propaganda giza eskubideen aurka dago eta beraz ilegala izan beharko luke.

Krudela. Berdin zaie erahildakoen %66 gizonak izatea. Lan istripuen %95a gizonak izatea. Suizidioen %80a. Eraso fisikoen biktima gehienak gizonak izatea. Bizi itxaropena 7 urte gutxiago izatea. Bortxaketa bakarrik bortxaketa da gizon batek emakume heldu bati egiten dionean. Berdin dio haurren bortxaketak, hor biktimen mutil/neska ratioa antzekoa baita.

Koldarra halaber, inperioaren dirua erabiltzen du unibertsitatean indarrean egoteko eta gizonak erabiltzen ditu aurkariak jipoitzeko. Gizonen ongizatea oraindik gehiago okertzeko daukate instituzioek feminismoa beren baitan, horrela askatasunari (herri zein indibiduo bezala) so egin ordez zerbitzari/erasotzaile izan gaitezen, denbora eta indarrak galdu ditzagun. Herririk askatu da inoiz gizonezkoen lana gabe?

 

2015: feminismoaren pinakulua

Inoiz ez dugu jasan opresio guzti hau euskaldunok 2015 urtean bezainbeste. Feminismoa leku guztietan. Alderdi politiko guztien diskurtsoan dago. Zuzeun irakurri nuen iruzkin batek argi zioen: ezker abertzaleak ez du ez independentzia ez sozialismoa lortu. Helburu goren hauek jarraitzea latza eta frustrazioz betea dagoenez helburu baxuagoak lehenesten ditu orain. Beren existentzia justifikatu behar dutelako. Inperioak Sortu eta Bildun infiltratu dituen federalista eta feministek hala diotelako. Sexuen gerra mantentzea errazagoa delako. Arraiz jauna, entzun adi: Podemos zuek baino sozialdemokrata eta feministagoa da. Zer duzue eskeintzeko?

Euskal Herriko telekomunikabide guztietan ez dute beste ezertaz hitzegiten. Sartu zaitezte Berria edota Argiaren web guneetan edozein unetan. Erasotu/erahildako emakumeei buruz hitzegiten dute, baina ez biktima gizona denean, eta hauek askoz gehiago dira. Erasotzaileetako bat emakumea denean ere “Gizon bat eta beste bat” bezalako astakeria linguistikoak egiteraino ere. Naiz egunkarian hainbat misandroren artikuluak argitaratzea uzten dute. Ez, munduak ez dizue ezer zor, diozun bezala. Gizonezkook bizi ditugun 7 urte gutxiago horiek zor digu munduak.

Gasteizko jaietan blusa batek neska bat iraundu zuelako bertako feministek biolentzia erabili dute jaiak apurtzeko. Bildukoek berek ere harridura erakutsi dute gertatutakoaren harira. Denbora asko zeramatzaten aitzakia minimoaren bila eta itxaroteaz aspertuta irain batengatik zatituarazi nahi izan dute jaia.

Gertatu ziren benetako eraso larriez gain, Gasteizko jaietan bertan antzeko beste gertakari bat ikusi genuen. Emakume batek gizon gazte bati “zakil laburregia duzu txiza egin ahal izateko ere” eta ondoren eztabaida gogor bat izan zuten bi neska mutil taldeek. Non dago Bilgune Feminista hau salatzeko?

Orain Bilboko Errekalde auzoan beste gaztetxe bat ireki dute. Baina asmatu zer: soilik emakumeak sartu daitezke. Beharrezkoak ziren obrak egiteko ere soilik emakumeak kontratatu zituzten.

Azken kurduen erahilketak salatzean emakume kurduen irudiak soilik agertzen dira. Hildakoak zer ziren, gizonak ala emakumeak? Zeintzuk daude Kurdistan askatzen, emakumeak ala gizonak? Hilotz kurdu guztiak gizonak dira, irakurri berriak, ikusi irudiak.

 

2015: Feminismoari elegia

Eman zaizuen atentzio mediatiko eta instituzional guzti honekin, mediokritatea erakutsi eta barregura emateko soilik izan zarete kapazak? Euskaldunok feminismoa gainditu dugu dugu aurten.

Eta garai batean kristau/musulman/judutarrak kritikatzeari utzi nion bezala, intelektoari ezertxo ere eskeintzen ez ziolako, feminismoa kritikatzeari utzi dut gaur betiko. Baliabide guztiekin ere bakarrik ridikuloa egiteko kapazak dira eta nire denbora limitatua da. Etorkizuna ez da zuena.

The post 2015: Feminismori elegia appeared first on zuzeu.eus.

Leku Urrunen Atlasa: mashrutka bat Karakolera

$
0
0

Kirgizistanen mugitzea Lonely Planet gidak dioena baino errazagoa da. Uzbekistanen, agian, dioen bezain zaila izan daiteke. Pare bat egun bertan emanda azkar ohitzen zara duten funtzionamendu sistemara, batez ere lehenago gure bidaia-finko-ordutegi-zehatz estiloa ez duen beste herrialderen batean egon baldin bazara.

Trena

Balykchyko tren geltokia (https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Balykchy_train_station.jpg)Trenak arazo bat du: Sobietar Batasunak diseinatu zuen, gehienetan hiriak euren artean batzeko baino leku estrategikoak Moskurekin batzeko helburuarekin. SESB desegin zenean lerro isolatuak geratu ziren herrialdeen mugen mapa berrian. Ezin da, adibidez, Bixkeketik Taxkentera bidaiatu Kazakistanetik igaro gabe, hori baita lerro zuzena. Ezin da Uzbekistanen bertan Taxken eta Fergana bailara lotzen dituen trena hartu ez baduzu Tadjikistaneko transito bisadorik. Bixkek – Ox konexioa ere ezin da hartu, muga berrien arazoak direla medio: posible balitz ere 4 herrialde gurutzatu beharko lirateke. Trena ez da beraz, Kirgizistanen, garraiobiderik onena. Badago, hala ere, Balitxkira (Issyk Kul lakuaren hasieran Bixkeketik zatozela) doan linea. Oso merkea da, diotenez erosoa, baina ordutegi bakarra du.

Autobusa

Guk autobusa deitzen duguna ez dago Kirgizistan ez Uzbekistanen. Badira, hor nonbait, autobus-ez-oso-handi izan zirenekoak, oraindik funtzionamenduan euren adinari jaramonik egin gabe. Teorian autobus hauek merkeak eta ordutegi finkokoak dira, baina teoria hau konprobatzea zaila izaten da, autobus geltokiak ez direlako, jada, existitzen. Hau da, autobusak nonbait du bere jatorria eta helmuga, baina nonbait hori zein den jakitea da arazoa. Autobus geltokiak barrutik hutsik daude gaur egun. Bere inguruan, nahiko modu auto-antolatuan, leku ezberdinetara doazen garraioak biltzen dira. Beraz autobuseraino iristeko, baldin badago, eta ordutegia jakinda, lehenengo taxi guztiak eta gero mashrutka guztiak gurutzatu behar dituzu. Oso borondate handia edo oso diru gutxi izan behar duzu haraino iristeko. Behin hartuta, geldoak, jendez beteak, aire girotu eta komunik gabekoak direla jakin behar da. Ah! Leihoak irekitzea ez zaie gustatzen kirgizei… besteren batean azalduko dizuet zergatik. Uzbekistanen, gainera, debekatuta dute gauez ibiltzea eta eguzkia sartu orduko errepide bazterrean geldituko dira, “lotara”.

Mashrutka

IMG_20150718_114920Mashrutka da garraiobiderik erabilgarriena Kirgizistanen. Furgoneta bat da, askotan gure minibus baten antzekoa, eta ibilbide finkoak baldin badituzte ere, ez geltoki finkorik. Nahi duzun lekuan gelditu dezakezu bat eta nahi duzun lekuan jaitsi zaitezke. Prezioak ere finkoak dira eta zailagoa da behar dena baino gehiago kobratzea. Lonely Planet gidaren arabera oso ordutegi murritzak dituzte eta zaila da leku batetik bestera lotzen. Guk, behintzat, ez dugu arazorik izan ohrrekin, hirigune gehienen artean eta hirien barruan ere erraza zelako topatzen, gelditzen eta ordaintzen. Mashrutka batek duen arazoa? Beno, gidariak ez du pentsatzen aulki kopurua eta bidaiari kopuruaren artean erlaziorik dagoenik. Beraz, jendea sartzen den heinean (eta horrek esan nahi du umeek ez dutela eserlekurik okupatzen, edo pasilloak ere jendea pilatzeko lekuak direla) bidaiariak onartzen joango da.

Ohikoa da hirietan gizonek emakumeei lekua uztea, edozein bidetan hutsuneren bat baldin badago umeekin betetzea eta gazteek zaharrenei lekua eskaintzea. Bide osoa eserita egin nahi baduzu onena atzealdean esertzea da, aurreko aldekoek utziko baitizkiete euren lekuak gehien behar dutenei. Hala ere bide motzetarako altxatzea komeni: begiruneak eta modu onak ere garrantzitsuak dira.

Mashrutka bat Bixkeken. Argi markatzen du bere ibilbidean zer aurkituko duzun.Mashrutkak ere oso baliagarriak dira Bixkek eta Ox hirietan. Merkeak (12 zentimo euro inguru), ugariak eta ia bide guztiak egiten dituztenak daude. Bixkek bisitatzeko, gainera, mugikorrerako bus.kg aplikazio bikaina du. Non zauden esan, nora joan nahi duzun markatu mapan… eta hortxe esango dizkizu hartu beharreko lineak zeintzuk izan daitezkeen. Gidariari sartzerakoan ordaintzen zaio Bixkeken eta ateratzerakoan Oxen.

 

 

Taxi partekatuak

Taxi partekatua noiz beteko zain, taxisten gremioko kide batekin, Balychkyn.Taxi partekatuak mashrutkaren eta taxiaren artean dauden garraiobideak dira. Ibilbide zehatz bat egiten duen kotxea da, mashrutka baino garestiago baina, normalki, azkarrago. Gainera “beti” aurkituko dituzu, errazagoa baita taxi bateko eserleku guztiak betetzea.

Arazoak? Bete arte itxoin behar duzu, eta batzuetan oso ibilbide arraroak eskatzen ditugu bidaiariok. Imaginatu Baionako taxi geltokira iristea eta esatea ea beste bidaiaririk ote dagoen Zangozara joateko. Pare bat ordu itxoiten badituzu, aurki dezakezu. Bestela beti duzu aukera eserleku extrak ordaindu eta taxi partekatua zena taxi arrunt bilakatzeko. Gainera kotxe normal bat dira eta bertan, gutxienez, 4 bidaiari sartu nahi izango ditu, euren ondasun, ume eta bestelakoekin. Oso estu joango zara normalki, eta beste bidaiariak onak dira espazio huts guztiak betetzen.

Onurak? Taxia baino merkeagoak dira, azkarrak dira eta, denbora nahikoa zain egonez gero, erraza da negoziatzea jaitsiera bat edo hoteleraino eramatea. Eta (ia) beti aurkituko duzu baten bat.

Taxi arruntak

Taxi partekatuez gain… edozein kotxe da taxi arrunta. Hirian zehar kotxe asko geldituko dira taxi lanak egiteko. Ibilbide luzeetarako  ez da hain ohikoa, baina gerta daiteke. Gomendioa: ez igo kotxe batera lehenago prezioa negoziatu gabe. Bestela iristerakoan eurek nahi dutena kobratuko dizute.

Karakolera bidea

Karakol Issyk Kul lakuaren ekialdeko puntan dago eta eskualde osoko hiriburua da. 67.000 biztanle ditu eta hedadura handia, etxe baxuak baitira gehienak. Bidea aurretik definitutako garraio hauen arteko batean egin genuen: mashrutka txikia. Zazpi plazako taxi partekatu bat zen, baina ibilbidea aurretik markatua. Mashrutka arrunta baino garestiagoa, taxi partekatua baino merkeagoa. Eta azkarra… kurbatan ere ez zuen galga zapaltzen.

Aurretik esan bezala Issyk Kul lakua turistikoa da zeharo, eta Cholpon-Atatik aurrera doan bidean hainbat hotel, apartamentu eta udarako etxetxo ikusten dira. Ez dira oso ikusgarriak ere gure estandarretarako, baina jende asko dagoenez, uda da garraioa aurkitzea errazen den sasoia.

Bide hau egingo zuen ziurenik, orain mende eta erdi, hurrengo atalean aipatuko dugun Nikolai Przhevalskik aurkitzaileak.

The post Leku Urrunen Atlasa: mashrutka bat Karakolera appeared first on zuzeu.eus.

Savater: “Langabeak nahi luke zezenak bezala bizi”

$
0
0

Savater: Zezenketa kontuekin gatoz gaurkoan ere ZUZEUra, eta merezi duelakoan gaude, Fernando Savater pentsalariak esan dituenak entzunda:

«Langabe askok nahiko luke zezen suharraren moduan bizi, bizitzako azken 15 minutuak baino ez baititu txarrak».

Horra donostiar filosofoaren azken perlak; edo zehatzago: “Herrialdek honetan diren sei milioi langabeei zezen suharrak daraman bizitza eskainiko balitzaie, hau da, munduko inguru ederrenetakoan bizi, maitasunezko tratua izan, erosotasunez betea, plazara bakarren bat baino heltzen ez den espezie batekoa izan, eta, guzti honen ordainetan, gero bizitzako azken hamabost minutu txar izan, guk geure bizitzan igaroko ditugunak baino gutxiago seguruenera; jende andanak onartuko luke zezen suharrak duen aukera“.

Atentzioa eman digu Savaterrek, zezenaren bukaerari erreparatuta, uneoro “akatu” hitza ekiditzea, “txar” erabiliz. Eta ez dugu ulertu zertara datorren langabeak ahotan hartzea. Dena hain polita izanda, ez luke berak ere zezen suharraren bukaera gurago, zahardadez hiltzea baino?

 

«Toros, SI o NO»

Savaterrek Servimedia TV telebistan esan zituen berbok, “Zezenketak, bai ala ez?” gai hartuta Óscar Horta irakaslearekin izandako eztabaidan.

2010ean “Tauroética” izeneko saikera argitaratu zuen Savaterrek zezenketetara joateko eskubidea defendatu zuen eta hauek debekatzearen kontra agertu zen, kontrakoen iritziak ere ulertzen zituela esan arren. Bere esanetan, “zezenketak ikuskizun berezia da, ez edonorentzako modukoak”.

.

“Zezen suharra gizakiak sortua da, eta zezenketan parte hartzea da dagokiona”.

2013an Prospect aldizkari britainiarrak munduko 50 pentsalari itzaltsuenen artean sartu zuen Savaterren aburuz, “ezin da pentsatu animaliak mozorratutako gizakiak direnik, eta beraz, gizakien eskubide berdinak dituztenik”.

“Animaliaren desagerpena da berau babesteko modurik onena”, dio ironikoki irakasleak, zezenketak desagertuz gero azkena Osbornekoa izango litzatekeela esanda. “Aberetu ditugun animalia guztiak desagertzen direnean, ikurrak baino ez zaizkigu geldituko: Oilarra Frantzian, zezena Espainian eta Bambi, batez ere Bambi ugari”.

.

“Bai, zezenketetan presente dago heriotza, baina aliatu bezala, bizitzaren konplize legez: heriotzaren bitartez berresten da bizitza”, dio filosofoak “Tauroética” saiakeran.

The post Savater: “Langabeak nahi luke zezenak bezala bizi” appeared first on zuzeu.eus.

Zer entzuten du Barack Obamak?

$
0
0

Zer entzuten du Barack Obamak?

Barack Obama oporretan dago, eta gustatzen zaizkion kanten berri eman du orain egun gutxi, Spotify bidez zerrenda bat prestatuta: hogei kantu egunerako, eta beste horrenbeste gauerako; oporraldi hauetan belarrietan darabiltzan 40 kantu.

Zer entzuten du `munduko gizonik boteretsuena´ deitzen duten horrek?

Zer entzuten du Barack Obamak?
Barack in da house!

Egin diezaiogun begi-kolpe bat berrogei kantuen zerrendari. AEB-etako lehendakariak atondu duen zerrendak 60ko hamarkadako taldeak ditu nagusi, eta izen ezin ezagunago asko dira bertan: The Rolling Stones, Bob Dylan, Aretha Franklin, Joni Mitchell…

Rap doinuek ere badute bere txokoa zerrendan (Nappy Roots, Talib Kweli & Hi Tek), baita crooner handiek (Frank Sinatra, Van Morrison, Leonard Cohen) eta jazz erraldoiek ere (John Coltrane, Billie Holiday, Miles Davis). Aparte, sare sozialetan oihartzun handia izan ei du Beyoncé-ren “Superpower” zerrendan izateak.

Michael D. Shear kazetariak, New York Times egunkariarentzat Etxe Zuriko berriak lantzen dituen kazetaria bera, beste ikuspuntu batetik aztertu du zerrenda. Bob Marley-ren “So Much Trouble in the World” ezin aproposagoa du bere lanbidea kontutan hartuta, eta beste horrenbeste The Temptations taldearen “Ain´t too Proud to Beg”, oporretatik bueltan Kongresuan borroka gogorrak izango baititu hitzarmenak egiteko orduan.

Obamak egunerako utzi ditu kanta kaliputsuak, eta gurago izan ditu xuxurlariak gauerako. Behin ilunduta, gainera, emakume ahotsak nabarmentzen dira zerrendan: Erykah Badu, Cassandra Wilson, Mari J Blige, Lauryn Hill, Aoife O´Donovan…

Kanta gehienak AEB-etako artistenak dira -ingelesa dute hizkuntza nagusia-, Mala Rodriguez eta Sonora Carruseles izan ezik.

“Jendeak hala eskatuta, hemen dira oporretan entzungai ditudanak”, argitaratu zuen Barack Obama berak twitter-en: “Zein duzu udako kanturik maiteena?”.

* Portzierto, Obamak artista gisa ere badu bere ataria Spotify-n, AEB-etako lehen lehendakari beltzaren hitzaldi nagusiak jasotzen dituena, “Yes We Can” famatua tarteko.

Berrogei kantuetatik sei hautatu ditugu ZUZEUra ekartzeko (azpian dituzue entzungai).

.

Erantzunak

Hau ez da Obamak bere gustu musikalen berri ematen duen lehen aldia eta, adituen esanetan, inoiz egun puri-purian diren artistak, musikari modernoak dantzagai izan baditu ere, honakoan klasikoen alde jo ei du, eskarmentudun artistak baitira nagusi zerrendan. Hala ere, Etxe Zuritik adierazi dutenez, AEB-etako presidenteak berak eskuz eginiko zerrenda da ezagutzera eman dena, eta ontzat eman dute bertako musika adituek.

DjMag aldizkariaren esanetan, Barack Obama ei da disko jartzaile lanak txukun bete ditzakeen AEB-etako lehendakari bakarra -jendea dantzan jartzea bada helburua, beltza izatea lagungarri zaiolakoan gaude-.

Obamaren aurretik, Hillary Clinton-ek ere, bide bera erabiliz, kantu zerrenda bat atondu zuen Spotify-n; eta lehendakarigaiaren zintzotasuna zalantzan jarri zuten komunikabideek.

Zergatik? Berak 50 urtetik gora zituenean sortutako kantu ugari ei zirelako zerrendan;Ariana Grande eta Kelly Clarkson gazteen ahotsak tartean. “Ez da sinesgarria Clinton-ek puri-purian den musika entzutea”, dio Rolling Stone aldizkariko kritikari batek.

.

EGUNEZ

The Temptations “Ain´t too Proud to Beg”

.

Mala Rodriguez “Tengo un trato”

.

John Legend “Green Light” (featuring André 3000)

.

GAUEZ

Lianne La Havas “Is Your Love Big Enough?”

.

The Lumineers “Stubborn Love”

.

Nina Simone “Feeling Good”

.

Zerrenda Osoa (Egunekoa / Gauekoa):

Obamak egunez entzuten du Obamak gauez entzuten du

The post Zer entzuten du Barack Obamak? appeared first on zuzeu.eus.

Omako Baso Margotura bisita gidatuak

$
0
0

 Omako Baso Margotura bisita gidatuak

(Hainbeste festa eta parrandaren ostean deskantsu eta plan bila bazabiltza, edo kanpotik etorri zaizun lagun baten gida behartua bazara…)

 

Omako Baso Margotura bisita gidatuakOmako basoa ezagutzeko bisita gidatuak irailaren 6ra arte egingo dira, ostiral, larunbat eta igandeetan, 12:00etan eta 17:00etan, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez. Prezioa 3 eurokoa izango da, eta badago aukera bisita hori Santimamiñeko bisitarekin batera egiteko, 6 euro ordainduta. Tarifa murriztuak eskaintzen dira erretirodun, ikasle eta adingabeentzat.

Omako Baso Margotura bisita gidatuakOmako Baso Margotua bisitatzera hurbiltzen direnek Agustin Ibarrolaren hiru dimentsioko lana interpretatzeko aukera izango dute, gidari espezializatu baten azalpenen bidez.

Sarrerak Santimamiñeko informazio zentroan (Basondo, z/g – Kortezubi) eskura daitezke, eta erreserbak egin daitezke posta elektroniko honen bidez: santimamine@bizkaia.eus, edo telefono honetan: 944651657

Omako Baso Margotura bisita gidatuakOmako Baso Margotua Kortezubin dago, Santimamiñeko haitzulotik hur, bai eta Agustin Ibarrola artistaren etxetik hur ere. Land art izeneko joera garaikidearen adierazpena da baso hau; korronte sortzaile hori hirurogei hamarkadako azken urteetan sortu zen, eta bere helburua da artelana naturara eramatea, paisaia erabilita marko, euskarri eta lehengai legez.

Obra zuhaitz margotu batzuek osotzen dute; zuhaitzok sakonerako maila ezberdinetan daude, eta planootan irudi geometrikoak, giza irudiak eta animalienak erakusten dira. Margoetako batzuk, izan ere, leku jakin batzuetatik bakarrik ikus daitezke, eta lekuotan hainbat enborren irudiek irudi bakarra eratzen dute.

Beraz, esan daiteke bisitari bakoitzak bere obra eraikitzen duela, ikuspegi ezberdinekin jokatuz, bidezidor batetik edo bestetik dabilela, edo norabide ezberdinetara begira jartzen dela.

Argibide gehiago, hemen:

bizkaia.eus/oma-bisitak

Omako Basoa da Agustín Ibarrola euskal artistaren lanik ezagunenetako bat. XX. mendeko hirurogeigarren hamarkadan sortutako “ Land art” korronte sortzailearen adierazpena da; izan ere, korronte honen helburua lan artistikoa naturara eramatea da, paisaia artistaren marko, euskarri eta materia gisa erabiliz.

Basoan zehar oinez goazela, irudiak sortuz doaz gure begien aurrean: batzuetan zuhaitz bakar batek irudi bat osatzen du baina beste batzuetan zuhaitz-multzo bat begiratu behar da zein irudi osatzen duten ikusteko eta obra ulertzeko. Gainera, irudiak ulertzeko modua ezberdina da nondik ikusten diren kontuan hartuz gero: irudiak eraldatu egiten dira. Azken finean, bisita “pertsonalizatua” da, bisitaria bere obraren protagonista izatea lortzen du artistak.

– Oma Basoko irudiak –

 Omako Baso Margotura bisita gidatuak

The post Omako Baso Margotura bisita gidatuak appeared first on zuzeu.eus.

Euskal gaizkileak: Mendaroko Jose Larrañaga

$
0
0

Euskal gaizkileak: Mendaroko Jose Larrañaga

Hauxe da, seguru asko, gure hiltzaile kantuen arteko ezagunena, eta ederrenetakoa, ederrena ez bada: “Hamalau heriotzena”.

Julen Lekuona/Antton Valverderen bidez jaso genuen duela 40 urte inguru:

Eta harrez gero bere bidea egin du, esate baterako Oskorrik ere erabili zuen bere Pub Ibiltarietako batean eta Morauk ere kantatzen ei du…

Baina gure begi-belarrietan bizi da, batez ere kantu hau, nik uste, kontatzen dituen izugarrikeriegatik baino, bere deskribapenen zehaztasun eta edertasunagatik. Hain da zehatza gertaeren kontakizuna, hain ikusten da argi testuingurua, hain dirudi zintzoa pertsonaiaren damuak…

Egia esan, ez dago esaterik bertso hauek Jose Larrañagak berak idatzi edo kantatu zituenik. Seguru asko, beste kasu askotan bezala, norbaitek egingo zituen lehen pertsonan. Darabilen euskarak ere, ez du ematen Mendarokoa xuxen-xuxen…

Hilketa lazgarriak egin zituen Jose Larrañagak (Bizkaiko agirietan Larrinaga moduan ageri denak). Ezagunena, familia oso baten hilketa: 1825eko urriaren 13an, Migel Galdos eta Katalina Gandiaga senar emazteak akabatu zituen, eta haien alaba Joseba Mikaela ere bai. Etxebarriko Altzibar baserrian.

Leridako aldean ere bost laguneko familia garbitu izana aitortzen du hogeita bost urteko gizon gazteak eta damuturik dio:

amalau eriotza

nere bacarrarequin

nola paga leizquean

al baneza jaquin…

 

Ai kantuaren ederra! Ai deskribapenen bikaina!

Estimatu ninduten

Conde bat bezala

sillan esesirirican

afaldu nezala,

Nagusia eta bioc

etciñen guiñala

conformatu ciraden

familia ala,

pechutic sartu nion

berari puñala

Berrikitan aurkitu dute Arrieta aita-semeek Euskaltzaindiako artxiboetan jatorrizko izkribua dirudiena:

14 heriotzena - Euskal gaizkileak: Mendaroko Jose Larrañaga(Egizu klik hobeto ikusteko)

Handia da Arrieta aita-semeok bertso hauen peskizan eginiko bidaia, baina badirudi ez dela oraino amaitu. Guztiaren berri nahi baduzu, Barren aldizkariaren 956. alean dago argitaratuta elkarrizketa bikain bat gaiari buruz.

Tristea da zinez, “Hamalau heriotzena” honetan kontatzen dena,  negargarria, esango nuke, izan ere, gaur egunean serial killer deitzen den gizaki izugarri horietako baten ibilerak deskribatzen zaizkigu bertan. Baina hain dira ederrak hitzak, ezin ukatuzko gozamena pizten dutela nigan, kasik gertaera haiek jazo izana morbosoki eskertu eta Jose Larrañaga munstroa maitatzeraino.

 Euskal gaizkileak: Mendaroko Jose Larrañaga

The post Euskal gaizkileak: Mendaroko Jose Larrañaga appeared first on zuzeu.eus.

Athletic etxean da, txapela jantzita (egunkari azalak)

$
0
0

Athletic etxean da, txapela jantzita (egunkari azalak)

Ekin eta ekin, Athletic-eko gizonek balentria gauzatu zuten atzo Barcelona futbol taldearen kontra bi partidatara finala jokatu eta Espainiako Superkopa eskuratuta.

Tarte txikiagoarekin edo handiagoarekin, Athletic-en garaipenak oihartzuna izan du gaur Kataluniako eta Euskal Herriko egunkarietan.

 

Hemen dituzue nagusienen azalak:

 

Euskal Herrian

.

Katalunian

.

Kirol egunkarietan

.

Gainontzekoetan

La Jornada (Mexiko): Athletic confirma la supercopa y arruina el sextete del Barcelona

Olé (Argentina): Silenció el Camp Nou.

L´Equipe (Frantzia): Aritz Aduriz (Athletic Bilbao): «Un scenario impossible»

The Guardian (Ingalaterra): Athletic Bilbao hold off Barcelona to claim Spanish Super Cup.

La Gazzetta dello Sport (Italia): La Supercoppa va a Bilbao: Barcellona-Athletic 1-1, Messi non basta

A Bola (Portugal): Aduriz sobre a Supertaça espanhola: «Era a melhor coisa que nos podia acontecer»

O Globo (Brasil): Athletic frustra sonho do ‘sextete’ do Barcelona

.

Bitxikeriak

Vocentok apenas eman dio garrantzia talde bizkaitarraren garaipenari Diario Vasco egunkariko azalean -Noticias de Gipuzkoan ez da aipatu ere egiten-; bai ordea Eztremadurako Hoy egunkaria zabaltzeko moduko berria –The Huffington Post-ek ere argazki bera hautatu du, Marcak eta Berriak bezala, eta titularra euskaraz eman-:

.

Twitter-ez

Bukatzeko, txio bat, ospakizun guztiek izaten baitute festara gonbidatu gabe agertzen den norbait:

Athletic etxean da, txapela jantzita (egunkari azalak)

The post Athletic etxean da, txapela jantzita (egunkari azalak) appeared first on zuzeu.eus.


Euskal gobernuak, Kataluniako indy-en aliatu ala arerio?

$
0
0

“Ulertu behar dugu Kataluniak eta Euskal Herriak kontrako interesak ditugula, guk Espainiarekin ditugunak bezalaxe”. Esteve Vilanova zutabegileak El Punt Avui egunkarian idatzitako “Basquitis” artikuluaren pasarte bat da. Katalunian gero eta nabarmenagoa den mesfidantza jarrera baten erakuslea da.

Independentistek ez dute Iñigo Urkullu eta Uxue Barkos lehendakarien babesik espero, izatekotan, hain justu, kontrakoa. Euskal herritarren aldetik ere beste hainbeste. Hauteskunde emaitzek hala inkestek epeltasun nazionalista saritu dute, Kataluniako prozesutik oso urrun. Euskal aliatu emozionala arerio politiko ere bihurtu zaie.

Euskal gobernuak, Kataluniako indy-en aliatu ala arerio?

Espainiaren diru iturri berria

“Mas presidenteak hitzarmen fiskala aldarrikatu zuenean, euskal herritarren isiltasuna burrunbatsua izan zen. Izan ere, kontzertu ekonomikoaren eredua zalantzan jarrita ikusi zuten”. Beste hainbatek ere erabili du argudio ekonomikoa (Nacionalismes como el meu; Empar Moliner), batik bat Eusko Jaurlaritzaren zabarkeria justifikatzeko. “Katalunia beste gauza bat da”, urruntzen da Urkullu printzerritik, nola izurritik. Ez omen da harritzekoa, diote mediterraneoan, argi daukate nork ordainduko duen katalanen zuloa.

Behin independentzia erdietsita, nork jarriko ditu Kataluniaren 16.000 milioi euroak? Ez dabiltza itzulinguruka: Kataluniaren independentzia euskal ekonomia eta ongizatearentzako mehatxua da. Europako estatu bihurtzen badira Gasteiz eta Iruñea kontzertu ekonomikoagatik erreguka irudikatzen dituzte.

Euskal Herrian, publikoki behintzat, ez da diagnostiko bera egiten. Zera zioen Joseba Egibar jeltzaleak Berrian: “Katalanei ondo joaten bazaie, guri ondo joango zaigu; eta alderantziz”. Zertan egingo die onura estatu katalanak euskal eta nafar erkidegoei?

Estrategia kontrajarriak

Sekula izandako botere instituzional handienarekin, EAJk erreforma konstituzionalari sinesgarritasuna eman dio, PSOEren eskutik. Bitartean, Kataluniako independentistek balizko hirugarren bide hori zapuztu behar dute. Posizioen talka agerikoa da, batak bestea kaltetzen duelako. Ezin ulertu horretan ez dute oihartzunik izan Joseba Egibarren babes hitzek: “Eusko Legebiltzarra izango da Kataluniako estatua aitortzen lehena”.

Euskal Herriak probestu dezake Katalunia zabaltzear den independentziaren leihoa. Gaur, subiranisten arrakasta oraindik urrun, goizegi izan daiteke, baina bihar, gertakizunak bizkortzen direnean, beranduegi. Edonola ere, aukera baliatu nahi dutenek, prest egotea hobe.

The post Euskal gobernuak, Kataluniako indy-en aliatu ala arerio? appeared first on zuzeu.eus.

Kirolarien edabe magikoa (saltzaile zintzoa)

$
0
0

Komertzialak gai edo salgai ezberdinen inguruan modu ondraduan hitz egiten jartzen dituen Youtube atariko bideo sorta bat da “If commercials were honest”.

Hautatu dugun kasuan, edabe magikoa da saltzaileak ahotan hartzen duen gaia, baina ez Asterix ta Obelix galoei Panoramix druidak prestatzen diena, kirolariek izerdi apur bat bota bezain pronto hartzen duten azukretsua baino: Kirol edaria.

Kirolaria izan edo ez, ezagutuko dituzu isotoniko edo energetiko deitzen dituzten edariak, merkatua kolore guztitako botilez josita dago-ta.

Egungo gizartearen isla dira, bentakoa ez den gogo bat asetzera baitatoz askotan, sortu berria zaigun behar faltsua. Eta iragarkiek gure osasunerako ezin aproposagoak direla dioten arren, ez da beti horrela izaten.

.

Arriskuak

Edari isotonikoak ez dira osasungarriak guztiontzako, ta ez zenituzke hartu beharko oso kirolaria ez bazara; bideoko komertzial zintzoak esan digun bezala, arriskutsuak izan daitezke osasunerako.

Kirolaria ez denak sodio ta potasio mineral kantitate extra hartzen ditu edari isotonikoak hartzean, ez baititu gorputzean dituenak galdu; ta, dakizuenez, gehiegikeria beti da kaltegarria osasunarentzako.

Kirolarien edabe magikoa (saltzaile zintzoa)Horrelako edariak hartzea ohitura bihurtzen baduzu inolako kirolik egin gabe, giltzurruntako edo bihotzeko gaitzak izan ditzakegu, arritmiak…

Azukre kantitate handia dutenez, edari isotonikoek loditu egiten dute, ta diabetes gaitzak oker ditzakete.

Laburtuz, ez da horrelako edaririk sarritan edan behar kirolari amorratua ez bazara edo saio luze ta indartsua egin ez baduzu; kirol jardueran izerdiarekin gorputzak galdutako mineraleak berreskuratzeko baino ez dira aproposak.

Ez edan ura balitz bezala kirolarien edabe magikoa; saltzaile zintzoak dio.

 

Komertzial zintzoa sortako beste bi adibide:

 

The post Kirolarien edabe magikoa (saltzaile zintzoa) appeared first on zuzeu.eus.

Gabarra ta tabarra, ospakizun bat (bideoa)

$
0
0

(hobe dozu paso egin ez bazara futbol zalea)

Athletic-en gizonezkoak Superkopa irabazi ebenekoa; talde zuri-gorriak barrutik bizitakoa.

 

Ospakizuna

.

Gabarra ta tabarra, kontutxu batzuk

Futbol zaleak ez diranen aldetik, ta futbol zaleak izanda Athletic ez beste taldetako zaleak diranen artean batez bere, asko zabaldu da egunotan titularrekoa, Gabarra ta tabarra parez pare jartzekoa.

Bentan tabarra handia emon dogu zale zuri-gorriak? Akaso bai, Athletic zaleok pozik gagoz ta gure alaitasuna lau haizetara zabaltzeko ohitura izan dogu beti, harrotasunez.

 

KOMUNIKABIDEAK. Ez nator guztiz bat, baina, gaiak komunikabidetan leku gehiegi hartu dabela dinoenekin -egunotan ez telebista ez irrati ez dodala ikusi ez entzun onartuta bere-. Ea azaltzeko gai nazan: Egunerokotasunean dau futbolak gehiegizko garrantzia ta periodikotan neurriz kanpoko presentzia, de akuerdo gagoz.

Baina euskaldun mordoak, bentan mordoak, euren poza kalean agertzeak ta telebisinoak poz hau jasotzeak, sanoa begitandu edo ez, ez dakar beren horrtan kalterik; poz hori danborra jotzeko, karakolak jateko, bertsotan egiteko, zezenen aurrean parau ta arinektan egiteko edo Athletic-en garaipen barri bat ospatzeko agertzen bada bere.

 

Gabarra eta tabarra, ospakizun bat (bideoa)
Oteizaren txapela zuri-gorria.

TXAPELAK. Aspertzeraino entzun dogu Athletic-ek, aurtengo Superkopa irabazi arte, 31 urte eroazala txapelktarik irabazi barik, ta ez da egia osoa. Gizonezkoen azken txapelkta 1984ko Kopa bada bere -urte horrtan euren historiako bosgarren dobletea lortu eben; gehien dabezana da-ta-, emakumezkoen taldeak lau Liga txapelkta lortu ebazan 2002tik 2007ra, taldea sortu ta lehen hiru urtetan errenkadan -ta atzo bertan Cotif torneoa irabazi eben, zorionak!-. Halandaze, hamarkada bat bere ez eroazan Athletic-ek txapelktarik irabazi barik, ez gehiago.

Superkopa ez leukela jokatu behar bere entzun izan da, ez ebalako taldeak Liga ez Koparik irabazi igaz. Baina 1990etik aurrera txapelktako finala urtero jokatu da, talderen batek dobletea irabazi ezkero Kopako txapeldunordea konbidatuta. Halan irabazi eban txapelkta Bartzelona berak 1996an -ta Mallorcak 1998an-. Aparte, gertatu izan da antzekorik beste txapelkettan bere. Bartzelonarekin jarraituta, munduko talderik onena deitua danak Txapeldunen dema irabazi eban igaz, aurreko urtean txapeldun izan barik -ez eban ezer irabazi, Athletico Madrilek irabazi eban Liga-ta-; baina lau lehenek jokatzen dabe Champions txapelkta.

 

BELAUNALDI BAKOITZAK BEREA. Athletic zaleak harrotasunez agerten dau bide propioa aukeratu izana egungo futbol modernoak beste bide bat daroanean. Baina txapelketen neurria -Superkopa txikia dala-, garaipen bako tarteak ta ospakizunak antolatzeko orduan, kostaten jako diskurtso ofizialari ez jarraitzea -Madril ta Barçak agindutakoa-; ta propioa garatzea.

Titulurik irabazi barik hogeita hamaika urte egin izan ezkero bere, komenidu da gogoratzea urteroko uzta jasotzera ohiturea daben Bartzelona ta Real Madril kenduta -azpitik dira Athletico, Valentzia ta Sevilla; gainetik zuri-gorriak-, talde bakotxak loria ilauna izaten dauela historia osoan zehar. Hego Euskal Herrian, adibidez, Osasunak Kopa finala jokatuta 2005ean izan ebana, Alaves-ek UEFA finala jokatuta 2001ean, ta Errealak 80ko hamarkada hasierako taldeagaz, bikaintan bikain -ez dogu ahaztu 1987ko Kopa bere (ezta 1909koa), nasai-.

Athletic zaleak, euren aldetik, esan leikie belaunaldi bakotxak izan dauela bere titulua ospatzeko aukerea. Egun aitxitxe amama diranak 1955-56ko dobleteak, hamaika baserritarren talde ahaztu ezina-; gurasoak 80ko hamarkadan Errealari txanda hartuta, Clementek zuzendu eban taldeagaz; ta umeak, harainegungo garaipenaz gaine zelaian galdu arren galerarik ekarri ez deutsozan finaltan ta, batez bere, emakumeen taldeagaz.

 

Gabarra eta tabarra, ospakizun bat (bideoa)
Neskak bostetik Ligak lau, sardina bakalau!

EMAKUMEZKOEN TALDEA. 2002an sortu zanetik lau bider izan da txapeldun Athletic emakumezkotan -ez dau erronka makala Ibaiganeko zuzendaritzak etorkizunerako, bi taldeak parekotzen; al bait lasterren egin beharra-.

Txapelktak irabazi arren, emakumeek sekula ez dabe Gabarra zapaldu. Bilbon, bere garaian, eztabaida biztu eban kontuak. Zuzendaritzak esan ebanez, gizonezkoak eben erakarpen indarra ez ebenez, jente gitxiago hurbilduko zan ospakizuntara. Taldeak ederra galdu eban aukerea zaleari poza azaleratzen itxi ta, batez bere, emakumeei jagoken tokia autortzeko.

 

GABARRA (ditxosozkoa). Komunikabideen matrakaren eraginez (gurago badozue tabarra), Gabarrak aspaldikoa emetzen dau, baina kontu modernoa da Athletic taldearentzako. 1983an ospatu eban lehenengoz taldeak Liga garaipena Gabarran, ta hurrengo urtean berriro, dobletea gainera. Halandaze, bi aldiz baino ez dabe jokalari zuri-gorriak Bilboko itsasadarrean gora egiteko erabili. Eta itxaron beharko dau hirugarrenez nabigateko, taldearen zuzendaritzak harainegun ez ateratea erabagi eban-ta; barriro be huts galanta, gure ustez.

Emakumezkoek Ligak irabaztean hartutako jarrerari sinisgarritasuna emetzera dator erabagia -askok bentako errazoiak zalantzan jarten genduzan arren-, orain orduan lez bilbotarrak oporrtan egoneran bazterrtan behar beste zale egongo ez zala esaten eban tesitako batek-ta.

Horretxegatik, autobusez eroan ebezan jokalari zuri-gorriak batetik bestera, bere garaian emakumezkoak lez -oker ez banaz, orduan kamiona gainean egin ziran ospakizunak-. Argazkitan ikusten dan jendetza kontutan hartuta baina, ta hitzordua aurretik ondo antolatutu ezkero, aurten bere zaleak (ta asko ziran Udaletxe aurrean) Gabarraren itzulereagaz gehiago gozauko ebala begitantzen jaku.

Gabarra eta tabarra, ospakizun bat (bideoa)
Athletic gabarra, kieto-parau.

Beste tesi batek defenditzen dau Superkopa ez dala Gabarra aterateko besteko txapelkta -maiatzean Kopa irabazi ezkero nabigazioarako prest egoan baina-. Eta zeren zain gagoz, Txapeldunen Liga irabazteko zain?

Badakigu ez dagoala ezkontza bat urtebetetze batekin konparatzerik, baina ospakizunera konbidatu ditugun lagunak kontutan hartea be komenidu da. Zuzendaritzako kide guztiek ta San Mamesera bi domekatik behin joaten diran gehienak egonak dira Athetic-en familiako ezkontzaren batean, jokalariengandik gertu, baina belaunaldi barria, gaztetan gazteena, urtebetetzea topera ospatzeko desiatzen egoan, aitxitxe amamei entzundako kontu zaharrak eurona egitekoa.

 

“HERRITIK SORTU ZINELAKO…”; halan dino ereserkiak. Baina ospakizuna instituzionala izan da erabat, Begoñako elizatik -ondino abadeen sotanapean gagoz?- Aburto alkatearengana hasteko ta Rementeria Ahaldun Nagusiarengana gero, agintarien loriarako. Eta bien bitartean, zaleak batetik bestera -Lezamatik Begoñara, Begoñatik Udaletxera ta Udaletxetik Aldundira-, bi harrertan jokalariak balkoira noiz urtengo.

Ez dagigun ahaztu non dauen taldeak indarra: “Maite zaitu herriak” jarraitzen dau ereserkiak, “Athletic gu gara” dinoe jokalari ta zaleak.

Ospakizunegaz bete betean ez dala asmau begitandu arren, ez larritu. Zorionez, laster bueltauko gara!

.

Zer inporta dau (Superkopa) titulu txikia izeteak poza handia bada?

Gabarra eta tabarra, ospakizun bat (bideoa)

The post Gabarra ta tabarra, ospakizun bat (bideoa) appeared first on zuzeu.eus.

Falangista zaharrak “gure artean daude”

$
0
0

* (OHARRA: Argazki hauek egun osorako gorputzaldi eskasa edo ondoeza eragin dezakete).

Falangista zaharrak "gure artean daude"

 

 

Carlos Bosch (Buenos Aires, 1945) argentinarrak hiru urte eman zituen Espainiako falangisten artean; euren batzar ezkutukoenak ta ekitaldi publiko nagusiak jaso zituen argazkitan, ideologikoki beraiekin ez zuela bat egiten konturatu ziren arte.

“Argentinarra naiz ta Espainiara etorri naiz, nire aitak Ebroko batailan borrokatu zuelako ta egun minbizi terminala duelako. Hiltzen ari da gaixoa, ta oroigarri bat eraman nahi diot bueltan”. Horixe da argazkilariak falangistei kontatu zien gezurra, beraien artean har zezaten; “ta orduan hasi ziren, `kamarada!, kamarada!´, ta ingurua faxistez betetzen hasi zen…”.

Falangista zaharrak "gure artean daude"Argazkilariak bete betean asmatu zuen alibiarekin, falangistek beso zabalik hartu zuten-ta. Bere bentako historia, oso ezberdina da ordea. Gizona Buenos Aires hirian bizi zela, Argentinan, aitaren laguna zuen Osiris Villegas Jeneralak aholku bat eman zion, edo agindua, zehatzago: “Zure aitaren laguna naizen aldetik, ez ordea zurea, ohartarazi nahi zaitut. Hobe duzu hemendik alde egitea”.

Ordura arte Bosch-ek Noticias egunkariko argazkilaritza atala zeraman; bertan besteak beste, Rodolfo Walsh idazle itzaltsua zuen lankide.

Osiris Villegasekin hitz egin ta biharamunean -militarra antikomunista porrokatua zen ta Barne Ministro izatera heldu zen Argentinan-, kamerak poltsan sartu ta Madrilera jo zuen argazkilari gazteak, ta hiria gustatu ez zitzaionez, Bartzelonara gero.

 

Francoren heriotza urtemugak

Bosch-ek Espainiako Alderdi Komunistako kide baten elkarrizktari argazkiak egin behar zizkion Madrilen, ta bertan zela, Francoren heriotzaren lehen urteurrenaren karitara, Fuerza Nuevako kideek Paracuellos del Jaraman egin zuten elkarrtaratzearen berri izan zuen. Hiru mila lagun fusilatu zituzten leku hartan bertan falangistak zirela leporatuta, 1936an.

“1976ko azaroaren 20a zen. Faxistak heltzen hasi ta babestu beharra nuela sentitu nuen. Beraz, Fuerza Nuevako prentsa idazkariarengana jo nuen, Frantziako agentzia batentzako argazkiak egin behar nituela esatera, ta ideologikoki bat egiten genuenez, kopiak emango nizkiela. Oso pozik jarri ziren, falangearen aldizkari Fuerza Nuevak ez baitzuen argazkilaririk, ta neu hartu ninduten lanerako. Gezurraz konturatu ziren arte, hiru urtez toki guztitara eraman ninduten”.

Paracuellos del Jaraman formazio militarrei egin zizkien argazkiak. Beste behin, Giorgio Almirante (MSI italiar ultraeskuindarren burua), Blas Piñar (Frente Nacional-eko burua) ta Mussoliniren semearen arteko bilera bati.

Falangista zaharrak "gure artean daude"Franco hil zeneko bigarren urtemugan, Madrileko Oriente plazan egin zuten hitzordua. Egun euritsua izan zen oso . Bosch ta bere laguntzaileak mahaitxo bat jarri zuten estalpe baten azpian, ta plazara bildutakoei argazkiak egiteko aukera eskaini zioten . Derrepente egin zuten ilara; argazkia atera ta izen abizenak apuntatzen zizkien helbideekin batera, gero argazkiak etxetara igortzeko aitzakiarekin. “Ez nuen sekula argazki bakar bat ere bidali, baina den-denak fitxatu nituen!”, gogoratzen du harro argazkilariak.

1976 bukaeratik 1979 urtera arte jardun zuen horrela. Bartzelonan egiten zuen lan baina Madrilera jotzen zuen falangisten argazkiak egitera. Garai haitan, Cambio 16, Interviú ta Primera Planan argitaratzen zuen; El Periódico de Cataluñaren sortzailetako bat ta El País egunkariko berri emaile ere izan zen Bartzelonan. Nahiz ta hedapen zabaleko komunikabide hautan argazkiak plazaratu, Fuerza Nuevan ere argitaratzen zituen; batzutan argazki berdinak ta aldi berean!

Gero, ta Nuremberg-en burutu zuen argazki erreportaje bat tartean zela, ziria sartu ziela jabetu ziren falangistak, ta ihes egin behar izan zuen; 1980an Bartzelonako manifestaldi batean berriro falangistekin topo egin ta hauek jipoitu zuten arte.

“Zergatik eman zituen Bosch-ek hiru urte falangistekin?” galdetzen du kaztariak argazkilariari egindako elkarrizkta batean. “Obsesio bat dut beraiekin; gure artean daude! Faxisten Internazionalak sendo jarraitzen du ta Amberesen elkartzen da urtero. Gure artean daude -harritu da kaztaria-. Egun PP-koak dira denak; falange zalerik gabe gelditu zen denek Partido Popularrera jo zutelako”.

“Eta obsesioa, zer dela ta?”, jarraitzen du kaztariak, harrituta. “Beldurrak eragina. Arriskurik handiena eskuin muturrean dago. Proposatzen ta amesten duten guztia negatiboa ta kaltegarria da. Gorrotoa dira, ta horrek izutzen nau”.

Falangista zaharrak "gure artean daude"

Carlos Bosch-ek “El huevo de la serpiente” argazki erakuskta egin zuen hiru urte haitan falangistei egindako argazkiekin.

Falangista zaharrak “gure artean daude”

The post Falangista zaharrak “gure artean daude” appeared first on zuzeu.eus.

Twitchen lehiakide berria: Youtube Gaming (gamerauntsia.eus)

$
0
0

Twitchen lehiakide berria: Youtube Gaming (gamerauntsia.eus)

gamerauntsia0

Google-ek mota guztitako hamaika zerbitzu eskaintzen dizkigu dagoeneko, baina horrekin nahikoa ez, ta zerbitzu berriak eskaini nahian dabil etengabe. Enpresa amerikarrak, bideojoko streaming plataforma bat nahi zuen, baina zertarako sortu, dagoeneko izugarrizko arrakasta duen Twitch plataforma bazegoen? Google-ek behin baino gehiagotan erakutsi digu ez duela diruzorroa ateratzeko beldurrik, baina oraingoan Amazon online dendak plan guztiak zapuztu zizkion: Azken momentuan, Google akordiotan zebilela, 735 milloi ordaindu ta Twitch muturren aurrean kendu zion.

gamerauntsia1

Mountain View-ko enpresak ez zuen etsi bideojoko streaming plataforma bat lortzeko bidean, ta horrela, duela hilabete inguru bere plataforma propioa aurkeztu zuen, Youtube Gaming. Plataforma hau guztiz independentea izango da Youtuberekiko, ta bideojokoekin lotutako bideo ta streaming-ak bakarrik bilduko ditu. Honek, bilaktak asko erraztuko dizkigu, esate baterako bilatzailean “Call” hitza idatziz gero, “Call of Dutty” bideojokoarekin lotutako emaitzak erakutsiko dizkigu, ta ez ingelesezko  “deia” renak.

 

Nagusitasuna lortzeko lehia

Youtube Gaming-ek gogor egin beharko du lan bideojoko streaming-en jaun ta jabe izan nahi badu. Egia da, dagoeneko youtubeko kanala dutenetzat, erosoagoa izango dela dena leku berdinean izatea, baina hala ere, ez da batere erraza izango Twitchek azkenaldian hartu duen indarrari, ta honen erabiltzaile komunitateari (milioika) aurre egitea.

gamerauntsia2

 

Uda amaierarako martxan

Uda amaierarako dago aurreikusita, baina, filtrazio bati esker, Android mugikorrtarako aplikazioa probatu dezakeguhemendik deskargatuta. Itxura polita du, ta nik uste lehenago edo berandugo, gamer guztion poltsikotan egongo den aplikazioa izango dela. Web orrialdea ere martxan da, baina oraingoz mustutzeaz abisatuko digun email zerrendan izena emateko aukera bakarrik dago.

gamerauntsia3

 

Iturria:

Bingen Galartza Iparragirre >>> http://gamerauntsia.eus

The post Twitchen lehiakide berria: Youtube Gaming (gamerauntsia.eus) appeared first on zuzeu.eus.

Viewing all 19795 articles
Browse latest View live


<script src="https://jsc.adskeeper.com/r/s/rssing.com.1596347.js" async> </script>