Quantcast
Channel: ZUZEU
Viewing all 19814 articles
Browse latest View live

Jaialdi 2015eko argazki galeriak

$
0
0

Jaialdi 2015eko argazkiak

Jaialdi 2015eko argazkiakAmaitu da aurtengoz. Jaialdi 2015 bukatu da. Balantze ona egin dute antolatzaileek eta guregana heldu diren iritziak ere onak izan dira. Batez ere Euskal Herritik etorri den jendearen artean, badirudi gustura, harrituta, eta gehiago ezagutzeko gogoz doazela atzera etxera Diasporako errealitate honekin topo egin duten hainbat euskaldun. Jaialdi 2015eko argazkiakXifrak, balio badute, 50.000 bisitari aipatu dira. Segun eta nola kontatzen duzun ateratzen zaigu gehiago ala gutxiago. Hona Jaialdi 2015eko azken argazki-galeria, eta aurrekoak.

Jaialdi 2015eko argazkiakBoise, AEB. Penaz ikusi dugu jendea joaten, eta bost urte barru zalantzarik gabe, arazo ekidiezinik ez badute behintzat hona itzultzeko asmoa dutela eta Jaialdi 2020n parte hartzeko aplanak egiten eta dirua aurreratzen hasiko direla, bat baino gehiagok esan digu.

Hona agindutako, iragan asteburuko azkeneko argazki kronika, eta aurreko sei kroniketarako linkak:

Lehenengo argazki-kronikaJaialdi 2015eko argazkiak

Bigarren argazki-kronika

Hirugarren argazki-kronika

Laugarren argazki-kronika

Bosgarren argazki-kronika

Seigarren argazki-kronika

Zazpigarren argazki-kronika

The post Jaialdi 2015eko argazki galeriak appeared first on zuzeu.eus.


Leku Urrunen Atlasa: hitzaurre bat

$
0
0

Atlas of Remote Islands” Judith Schalanskyk idatzitako liburu bitxia eta, aldi berean, bikaina da. Ideia sinplea da: oso urrun dauden uharteen atlas bat da, baina urruntasun horrek sortzen dituen kontakizun triste, agoniko eta ezezagunen multzo bat da. Liburuak berak badu leku horietara ez joateko gonbidapen inplizitu bat. Elhuyar hiztegian begiratu dut eta gaztelerazko “desasosiego” hitza horrela itzultzea gomendatu dit: “sosegurik ez(a), artegatasun, urduritasun, kezka, larritasun”. Horiek guztiak dira liburuak bilatzen dituen helburuak. Leku urruneko istorioek, alta, jakinmina sortzen dutela uste dut. Euren existentziaren berri ere ez genuen lekuetan giza istorioak gertatu direla jakiteak zirrara sortzen du. Leku urrunak dira, bai… bertatik igaro direnentzat ezik. Bertan egonda munduko beste toki guztiak dira urrunak. Eta ideia hori da liburuaren hasieran ematen diguna: urruntasuna bertan bizi ez garenontzat da, han bizi direnak jada han bizi direlako.

Uharte urrunetik ez-lekura

Liburuan agertzen diren 50 uharteen artean ez dago Vozrozhdeniya uhartea. Vozrozhdeniya hitzak errusieraz “berpizkunde” esan nahi du, eta behinola 1.500 pertsona eta hainbat animalia, tartean tximuak, bizi ziren bertan, Kantubek izeneko herri errusiar batean. Vozrozhdeniya uhartea izango zen SESBaren barruan “Uharte Urrunaren” definizioan sartzen zen lekua. Desertu baten barruan dagoen laku handi baten barruan dagoen uharte txiki bat. Ez zegoen, berez, hara iristeko modurik. Horregatik erabaki zuten bertan egitea gerra biologikorako instalazio militar bat. Hori zen Kantubek: instalazio horietan lan egiten zutenen (eta euren familiakoen) herria.

Vozrozhdeniya_Island - Leku Urrunen Atlasa: hitzaurre bat1950eko hamarkadan hasi ziren lehen instalazioak eraikitzen, momentuan militarren esku zegoen eremu ultra-sekretu gisa. Aldi berean, handik mila kilometrora, irrigazio sistema korapilotsua eraiki zen elikagaiak zein kotoia landatzeko Sir Daria eta Amu Daria ibaien inguruan. Kanalekin erabilitako urak ekonomia oparoa sortu zuen gaur egungo Uzbekistan eta Turkmenistanen. Behinola basamortua zena orain baratze intensibo erraldoia zen. Baina ura desbideratzeak eragin handia izan zuen Vozrozhdeniya uhartearen inguruan zegoen Aral itsasoan. 1960eko hamarkadan uhartea tamainaz handitzen hasi zen eta horrela jarraitu zuen ahalik eta Sobietar Batasuna desegin zen arte.

1992an Kantubek herria hustu zuten, arma biologikoak egoki isolatu edo deuseztu gabe. Oraindik Vozrozhdeniya uhartea zen Aral itsasoan. 2001ean uhartea penintsula bilakatu zen, hegoaldeko kanala lehortu eta lurrarekin batu zenean.

2008an Hegoaldeko Aral Itsasoa guztiz lehortu zen eta Vozrozhdeniya jada ez zen uharte edo penintsula. Aralkum izeneko desertu berriaren barruan zegoen leku bat baino ez zen, Uzbekistan eta Kazakhstanen arteko mugan, Karakalpakiako Errepublikan. Lehen uharte urruna zena orain ez-leku bat da.

2003an New York Timeseko Christopher Palak bisita egin zion ez-leku honi. Dioenez oraindik ikus daitezke bertan Sovietskaya Rossiya izeneko 1989ko urtarrileko aldizkariak,”Sobietar herria Alderdiarekin dago” dioen titularrarekin.

Baina, zer da leku urrun bat?

Teorian, eta teorian diot gauza hauek zailak izaten direlako konprobatzen, kotxez joan daiteke Kantubek herri hustura. Aurten Kirgizistan eta Uzbekistanera egin dugun bidaian ez ginen haraino joan, denboraz eta diruz eskas genbiltzalako. Baina bueltako hegaldian justu bere gainetik igaro ginen. Galdera da, beraz… ba al dago munduan leku urrunik? Ba al dago Interneteko kobertura, errepideak zein hegaldiak, ingelera komertziala eta Coca-Cola ia edonon dauden garai hauetan leku urrunak? Galdera hori egiten aritu naiz azken hilabete honetan. Kirgizistan, Tadjikistan eta Txinaren arteko mugan dauden mendietan egon ginenean pentsatu nuen lehen aldiz. Han geunden, etxetik oso urrun, orain mende bat ezagutzen ez ziren gune batzuetan… baina Fanta laranja bat erostea posible zen, norbaitek haraino eraman baitzuen pista batetik bere Lada suntsiezinean.

Leku urrunak ez dira bakarrik geografikoki urrun geratzen zaizkigun lekuak. Bishkekeko zentruan dagoen “Bishkek Park” zentru komertziala etxetik hurbil dudan Urbilen antzekoa da. Bai egituran bai produktuetan. Baita estetika, musika eta logikan ere. Leku urrunak jada ez dira geografikoak bakarrik, ulertzeko zailak egiten zaizkigunak ere badira.

Pentsamendu hori garatzen ari nintzela, bueltako bidean dauden hegazkin eta aireportu ordu bukaezinetan, Amelia Barquínen erreflexio hau irakurri nuen bere Boise-Gasteiz-Islamabad artikulu laburrean. Zenbat mundu urrun daude gure etxetik gertu? Gure herrian bertan? Euskal prentsa irakurtzen dugunotatik zenbatek bisitatu dugu noizbait gure herrietako askotan dauden Eliza Ebanjelista bat? Ba al dakigu zenbat emakumek jasan dute klitoriaren ablazioa Euskal Herrian? Ulertzen al dugu hori egin duten gizonek duten mundu ikuskera? Eta hori jasan eta besteei eginarazi dioten emakumeen mundu ikuskera? Nola bizi dira pertsonak elektrizitaterik eta urarik ez dagoenean? Nomada den herriak zein gauza ditu ezinbesteko eta zein luxuzko? Nola islatzen da luxu hori euren jendartearen ohituratan? Zenbat balio du gatz kilo batek itsaso batetik urrunen dagoen munduko lekuan? Agian hobe galdetu zuen Bernardo Atxagak (gerora Mikel Laboak abestua) “Galderak II” poeman:

Otoi egiterakoan, gogoan izaten al dituzue desertuko karabanak?

Nork ulertuko du hobe 6 hilabetez barkuan egoten den arrantzalearen bizimodua, portuan geratzen den dendaria ala bere ardiekin eta zaldiekin 6 hilabetez mendian bizi den kirgiz nomadak? Urruntasuna ez da bakarrik geografia. Urruntasuna bizimodua ere bada.

Zeta saltzeko Beijingetik Istanbulera zihoan bidearen erdian zeuden Samarkanda eta Bukhara. Albo bietan, desertu ikaragarriak eta mendi altuak. Bidaiari orok ulertzen zuen bi hiri hauek zuten balioa. Ez da bakarrik etapa garrantzitsu bat egin berri duzula, baizik eta merkantziari bide erdia baino geratzen ez zitzaiola. Horregatik da hain urruna Samarkanda, horregatik hain entzutesua: Sanghri-La, Timbuktu, Santiago de Compostela edo Ushuaia bezala. Bidaian ari denarentzat geltoki garrantzitsua delako. Eta horrek egiten du bidaiariarentzat interesgarri.

“Leku Urrunen atlasa” egin nahiko nuke. Eta aurten egindako bidaia horretan aurkitutako hainbat lekurekin Judith Schalanskyk bere atlasean egindakoa bertsionatu nahiko nuke. Edozein lekutan leku urrun bat dagoela adierazteko, eta bertan dauden pertsonek ematen diotela distantziaren zentzua.

The post Leku Urrunen Atlasa: hitzaurre bat appeared first on zuzeu.eus.

Euskara haur saharar eta bretoien integrazio iturri Lizarran

$
0
0

Abuztuko lehen igandearen aurreko ostiralean hasten dira jaiak Lizarran, eta beraz, festetan buru belarri murgilduta izan dira herenegun arte. Jaien bezperan, euskara ikasteko beta ere izan du bertaratutako bisitari talde batek ekimen esanguratsu batean, Lizarraldeko edota Itzarbeibarreko euskarazko jardueraren berri ematen duen Bizi Lizarbeibar ataritik jaso dugunez.

Kultura aniztasunean, euskara integrazio iturri Lizarran: euskara klasea haur saharar eta bretoiei

Lizarrako jaien bezperan, ostegunean, ekimen txiki bezain ederra gauzatu zen Gure Hizkuntza elkartean: ordu bete pasako ikastordu arina eskaini zitzaien bost haur sahararri eta familia bretoi bati. Dena den, ez dezala inork bila albiste honen lerro buru arranditsuan, “integrazio iturri”, sekulako ekimena, ekimen txiki bezain polita baizik.
.
Euskara haur saharar eta bretoien integrazio iturri LizarranEuskara ikasi nahi zuen haur saharaui baten eskariz beste haur sahararrak, lagun batzuk eta Bretainiako familia bisitari bat elkartu ginen. Azken hauek bretoieraren berreskuratzean buru belarri dabiltza, aita bretoiera irakaslea baikenuen. Ostegun horretan baina euskarazko zenbakiak, agurrak eta oinarrizko esamoldeak ikasteko aukera izan zuten.
Haien ohiko integrazio hizkuntza gaztelania, frantsesa eta ingelesa izan dira Ega ondoko hirian, oraingo honetan baina euskara izan genuen. Ikastorduaren ondotik askaria eta Foru enparantzan Garean euskaldunon elkartearen Jai Bezperako jolasetan parte hartzeko aukera izan zuten.
Kultura talka ederra bizi izan genuen, bai generoaren aldetik eta baita jatorriaren aldetik ere. Bestalde, astean zehar, lerro hauek idazten dituenak haur sahararrekin maiz topo egin du eta bertatik bertara ikusi ahal izan du haurren hizkuntz-jarrera: euskaraz niregana hurbildu eta klaseko agur-jolasak errepikatu ditugu aldiro. Ederra! Euskal Herrian hamaika kolore ditugu!

The post Euskara haur saharar eta bretoien integrazio iturri Lizarran appeared first on zuzeu.eus.

Sumendi Amerikarrak, naturaren boterearen eztanda (II)

$
0
0

Sumendiak (II)

– Amerikar kontinenteko sumendiak –

Sumendi amerikarrak segidan, lehengo astean agindu bezala, Sumendiak, naturaren boterearen eztanda (I) lehen atalarekin batera naturaren boterearen indar goren hauei omenalditxoa eskeini eta irudi eta bideoak gozatzeko.

15 13 14 12 11

Sumendirik ba al da Euskal Herrian? Ez, Euskal Herrian ez da sumendirik. Bada arroka bolkanikorik Leioako Erromo auzoan, Enekurin eta inguruko hainbat tokitan. “Oso ikusgarriak dira, esaterako Sopelako Meñakoz muturreko arroka bolkaniko beltzak, ur sakonetako arroka sedimentario argiekin tartekatuta. Bertan dauden kuxin labek bola handiak eratzen dituzte, metrotik gorakoak, berde ilunak eta barruko egituraketa zentrokide eta erradialarekin. sumendiBaina Bizkaiko inguru horretan ez ezik, beste toki batzuetan ere beha daitezke labak, esaterako Gernika zein Mungia inguruan eta Gipuzkoan, Eibar eta Soraluze inguruetan besteak beste. Azken horiek erraz ikus daitezke Donostiarako autobideko labarretan, adbidez, arroka ilun modura. Oso ikusgarriak dira, esaterako, Fruiz ondoko harrobi pare batean ikus daitezkeen basaltoak, zutabe hexagonaletan azaleratzen baitira.” Koldo Nuñez-ek El Hierro uharteko jarduera bolkanikoa zela eta idatzitako artikuluan kontatutakoak hauek, “… nondik datoz euskal labak? Arroka horiek duela ehun milioi urte inguru eratu ziren itsasoaren azpian, egun El Hierron gertatzen ari den bezala. Erupzio horietako gehienak uraren azpian geratu ziren, baina batzuetan airepera zabaldu ziren, eta errautsak ingurura zabaldu ziren. Garai hartan Atlantikoaren Kantauri itsasoa ari zen zabaltzen, alegia, Iberiako Penintsula egungo Frantziatik urruntzen, ordura arte Galizia eta Bretainia bat baitziren eta horrek lurrazalaren mehetzea ekarri zuen, zartaduretatik arroka bolkanikoak atereaz.”

Euskal Herriko geologian gehiago barneratu nahi bazenu hemen esteka batzuk:

eu.wikipedia.org/Euskal_Herriko_geologia

Euskal Herriko Historia Geologikoa (pdf-an, luberri.org)

Euskal Herriko historia geologikoa diapositibatan

Goazen arira eta gozatu jarraian Amerikar kontinenteko sumendi eder eta ikaragarri hauen irudi, esteka eta bideo sortarekin:

sumendi Amerikarrak - ErebusErebus   wikip. – bideoak irudiak

Sumendi aktibo australena, laba ixuriak 1972tik ditu gutxienez. Erebus mendia Ozeano Bareko Suzko Eraztunaren zati da, bertan guztira 160 sumendi aktibo daude.

(Antartika)

sumendi Amerikarrak - cleevelandCleeveland   wikip. – bideoak irudiak

Alaska. Azken erupzioak 1951, 1953, 1954, 1975, 1984, 1987, 1989, 1994, 1997, 2001, 2005, hirutan 2006an, 2007, hirutan 2009an eta birritan 2010ean.

Kilauea   wikip. – bideoak irudiak

Hawaiko sumendi aktiboena eta munduko handi eta aktiboenetakoa. Active volcanoes in the world. Bertakoek, sumendi hau Pele suaren jainkosaren etxetzat hartzen dute.

sumendi Amerikarrak - Manua LoaManua Loa   wikip. – bideoak irudiak

Hawai. Munduko bigarren sumendi altuena eta bolumenean handiena dena. Biggest volcano in the world. Ez du erupziorik azken mendean.

sumendi Amerikarrak - St HelensSt. Helens   wikip. – bideoak irudiak

Washington-en kokatua, Lawetlat’la deitzen dio Cowlitz indigena herriak, and Loowit Klickitat-ek. 1980an lehertu zen eta 57 pertsona hil zituen.

Mount Rainier   wikip. – bideoak irudiak

Washington. Stratovolcano aktiboa,  Seattle-en dago, 150.000 pertsona bizi da 5.000 urte direla eztanda egin zuen lekuan.

Yellowstone   wikip. – bideoak irudiak

Super-sumendia. 2,1 milioi urte zela azken eztanda, 2.450 km³ materia bolkaniko bota zuen. Yellowstonek eztanda egingo balu?

(Estatu Batuak)

Colima   wikip. – bideoak irudiak

Mexikoko Colima eta Jalisco estatuen artean, suzko sumendia ere deitzen zaio, (Volcán de Colima edo Volcán de Fuego), 40 leherketa izan ditu 1576tik.

sumendi Amerikarrak - PopocatépetlPopocatépetl   wikip. – bideoak irudiak

Mexikoko bigarren mendi altuena. Sumendiaren  magalean espainiarrek eraikitako eta gizateriaren ondare izendatutako hainbat monasterio daude.

(Mexiko)

sumendi Amerikarrak - Mount PeleePelée   wikip. – bideoak irudiak

Karibeko Martinika irletan kokatua, 30.000 pertsona baino gehiago hil ziren 1902ko erupzioan.

(Martinika)

sumendi Amerikarrak - Nevado-del-RuizNevado del Ruiz   wikip. – bideoak irudiak

Mesa de Herveo izenez ere ezagutzen dena, 1985eko azaroaren 13an Armeroko tragedia bezala ezaguna den sarraskian 25.000 hildako eragin zituen.

Galeras   wikip. – bideoak irudiak

Etengabeko aktibitateaz, erregistratutako lehen erupzioa 1580koa, 4.276 metro dituen eta San Juan de Pastos-etik 9 km-tara dagoen sumendia.

(Kolonbia)

sumendi Amerikarrak - San SalvadorQuezaltepec-San Salvador   wikip.-bideoirudi

El Salvador-eko hiriburu den San Salvador hiritik 11 km-ra eta haren ikurra. Bi masak osatzen dute, Picacho eta El Boquerón, kraterra dagoena.

sumendi Amerikarrak - Santa AnaIlamatepec-Santa Ana   wikip.-bideoirudi

El Salvador-eko sumendi altuena. Sumendi hau, Antoine de Saint-Exupéry-ren printze txikian  (The Little Prince) nobela frantziar ezagunean azaltzen den sumendiaren inspirazio izan omen zen. 

Chaparrastique-San Miguel  wikip.-bideoirudi

San Miguel hiritik 15 km-ra, 2013ko abenduaren 29an izan zuen azken erupzioa.

(El Salvador)

sumendi Amerikarrak - ArenalArenal   wikip. – bideoak irudiak

Costa Ricako Errepublikako San Jose hiriburutik 90 km-ra, sumendi oso gaztea da, 7.500 urte dituena. Aktiboa, 1968an Tabacón herria deuseztu zuen, Pan de Azúcar, Canaste, Volcán Costa Rica, Volcán Río Frío edo Guatusos Peak bezela ere ezagutzen da.

(Costa Rica)

sumendi Amerikarrak - PacayaPacaya   wikip. – bideoak irudiak

Lehen erupzioa duela 23,000 urte, 23 erupzio gehiago ezagutzen dira gutxienez Guatemalaren Espainiarren inbasioa ezkeroztik.

sumendi Amerikarrak - Santa MariaSanta María   wikip. – bideoak irudiak

1902ko urrian, 500 urtez lo egon ostean, azken bi mendeetako erupzio bortitzenetakoa izan dena eman zen bertan 5.000 hildakorekin.

(Guatemala)

sumendi Amerikarrak - CotopaxiCotopaxi   wikip. – bideoak irudiak

Quito-tik 50 km-ra, oso sumendi aktiboa eta eskalatzaile eta mendizaleen artean oso ezaguna. 1738tik 50 erupzio baina gehiago izan ditu.

Sangay   wikip. – bideoak irudiak

Aktiboa eta Sangay Parke Nazional aberatsaren ikurra.

(Ekuador)

Sajama   wikip. – bideoakirudiak

Nevado Sajama Erdialdeko Andeetan dagoen mendia, Boliviako tontorrik altuena eta Txileko mugatik oso urruti ez dagoena. 6.542 metroko altuera du.

Uturuncu   wikip. – bideoakirudiak

Azken 2 hamarkadetan urtero 1,3 zentimetro haziz joan den mendia, badirudi eztanda berri bat metatzen ari litekeela, azken erupzioa duela 300.000 urte eman bazen ere.

(Bolivia)

Villarrica   wikip. – bideoak irudiak

Ruka Pillañ Maputxez, espirituen etxea esan nahi du. Laba laku bat du kraterrean.

sumendi Amerikarrak - CalbucoCalbuco   wikip. – bideoak irudiak

1961eko piztaldiaren ondoren lo, aurtengo apirilaren 22an esnatu eta lurrikara, 140 astindu bi ordutan eta leherketa ikusgarria eman ziren bertan. zuzeu.eus/mundua/calbuco-sumendiaren-azken-iratzartzea

(Txile)

Nevado Ojos del Salado  

wikip. – bideoakirudiak

6.891 metro, munduko sumendirik altuena da eta Hego hemisferioko bigarren mendirik altuena, lehendabizikoa 6.962 metroko Aconcagua izanik.

(Argentina-Txile)

sumendi amerikarrak -UbinasUbinas   wikip. – bideoakirudiak

XVI. mendetik 23 aktibitate gertaera jaso dira, azkena 2014ko maiatzaren 2an, 1,5 m-ko diametroko haitz magmatikoak 2km-tara jaurtiz. Peruko sumendirik aktiboena.

(Peru)

 

Sumendien gainetik bidaia birtuala:

www.airpano.ru/Volcano

Informazio gehiago:

volcano.si.edu

www.volcanodiscovery.com

USGS Volcano Hazards Program

earthquakes.volcanodiscovery.com

sumendiak mapa

Bideoak

Sumendi Amerikarrak, naturaren boterearen eztanda (II)

The post Sumendi Amerikarrak, naturaren boterearen eztanda (II) appeared first on zuzeu.eus.

Donostiako Piratak (egitarau musikala)

$
0
0

Donostiako Piratak

2015eko Aste Nagusia

Donostiako Piratak

TRINITATE PLAZA (gauero 23:15ean):

  • Abuztuak 8, larunbata: Koxka
  • Abuztuak 9, igandea: Eneritz eta Garazi
  • Abuztuak 10, astelehena: Olatz Salvador
  • Abuztuak 11, asteartea: Antzerkia: Burdin hariak eta plastikozko goilarak (21:30) + Poesia Musikatua
  • Abuztuak 12, asteazkena: Bertso Musikatuak
  • Abuztuak 13, osteguna: Lorratzak
  • Abuztuak 14, ostirala: Liher
  • Abuztuak 15, larunbata: Apalatxe

LASTA:

  • Abuztuak 14, ostirala: La Jodedera (19:00)
  • Abuztuak 15, larunbata: Tajon Prieto y los Kuajalotes (18:30)

 

FLAMENKA:

  • Abuztuak 8, larunbata: 3 Gabe 2 (23:15)
  • Abuztuak 9, igandea: Nuevo Catecismo Catolico (NCC) (23:05) + Sorpresa!!
  • Abuztuak 10, astelehena: Kaotiko (15:00) + El Hijo de la Marily (Abordatzea amaitzean, La Flamenkan) + Dj Kanaky Zunba Set (20:00) + Tximeleta (23:30)
  • Abuztuak 11, asteartea: The Groove Girls (23:05) + Vendetta (0:45)
  • Abuztuak 12, asteazkena: Revolta Permanent (23:05) + Las Tea Party (0:45)
  • Abuztuak 13, osteguna: Kantu Jira (12:00) + Dantzaldia Muxikariak (18:00) + Playback lehiaketa (19:00) + Sustrajah Band (23:05) + Train To Roots (0:45)
  • Abuztuak 14, ostirala: Kepa Junkera & Sorginak (00:30)
  • Abuztuak 15, larunbata: Castellers Minyons de Terrassa (Flamenka/18:00) + Su Ta Gar (ordua zehazteko)

 

GUARDETXEA (gauero 23:59ean)

  • Abuztuak 8, larunbata: Dj Leku & Apoa
  • Abuztuak 9, igandea: Kiki Sound & Aaron Baliti
  • Abuztuak 10, astelehena: Xabi Solano & DZ
  • Abuztuak 11, asteartea: Griffi (del palo)
  • Abuztuak 12, asteazkena: Croissant Djs
  • Abuztuak 13, osteguna: R de Rumba – Sho Hai – Xhelazz
  • Abuztuak 14, ostirala: Selektah Stepi & Lagunak
  • Abuztuak 15, larunbata: Atodomadre & Friends

 

TXANTXARREKA GAZTETXEA (Antigua)

  • Abuztuak 13, osteguna: PObrESIAK (17:45)

 

KORTXOENEA GAZTETXEA (Gros)

  • Abuztuak 13, osteguna: On (19:00)

 

LETAMAN GAZTETXEA (Intxaurrondo):

  • Abuztuak 13, osteguna: Perlak eta Pelayo y los Malditos (21:00)

 

NAUTIKOA

  • Abuztuak 8, larunbata: Rafafa Magoa (18:30) + Totalstep aerobik saioa (19:30)
  • Abuztuak 9, igandea: Bertso saioa: Jon Maia, Alaia Martin, Jone Uria, Uxue Alberdi, Odei Barroso, Beñat Gaztelumendi. Gai jartzailea: Unai Gaztelumendi (19:30)
  • Abuztuak 10, astelehena: (zehazteke)
  • Abuztuak 11, asteartea: Enekora (musika afrikarra) (20:00)
  • Abuztuak 12, asteazkena: Atre ed otorcse (musika balkanikoa) (19:30)
  • Abuztuak 13, osteguna: Physis Band (19:15) + Pelax eta Cow Boy’s Orchestra (20:15)
  • Abuztuak 14, ostirala: Eraul (11:00), Jon (12:00), Urban 13 (break dance eta rapa) (19:30)
  • Abuztuak 15, igandea: Karton (19:00), Didgeriloop (20:00)

 

KONTXAKO ERLOJUETATIK KALEJIRA

  • Abuztuak 10, astelehena: El nieto de la Paparda y el Hijo de la Marili (18:30)

 

DONOSTIA OSOTIK:

 

Donostiako Piratak (egitarau kulturala)Donostiako Piratak

The post Donostiako Piratak (egitarau musikala) appeared first on zuzeu.eus.

Indalezio

$
0
0

Indalezio Bizkarrondo Bilintx

Estimu eta begirune handia izan diot beti Indalezio Bizkarrondo Bilintx jaunari. Hainbeste, non askotan hari buruzko egia ez direnak edo gezur-erdiak ere sinetsi izan ditudan. Urteen joan-etorrian, handitzen joan zaidan pertsonaia maitea gertatu zait.

Hark idatzitako poemekin eginiko kantuak, gutxi edo asko, denok ditugu ezagutzen, baina behin baino gehiagotan erabili izan dut nik haren testu ia ezezagun bat, nolako  izaeraren jabe zen eta nolako garaia suertatu zitzaion ezagutzeko balio dezakeelakoan. Hala idatzi zion beretzat nahi zuen  emakumeari:

 

Indalezio Bizkarrondo BilintxNoiz iritxiko ote da eguna nerea izango zaitutana! A zer kuidaduakin gobernatuko zaitutan! A zer bizi-modutxua eman biar dizutan! A zer alegiñak egingo ditutan zu kontentu irukitzeko! Mayian zu izango zera lenbizi serbitua. Zuretzako izango da gauzik onen guziya. Esnea degunean zuretzako tela, mamiya degunean zuretzako gaña, eta sagarrak, udariak, muxikak edo zerbait orlako degunean, zuretzuko piñenak, zuretzako aundiyenak, zuretzako ederrenak. Eta intxaurrak ditugunean, nik puskatuko ditut, eta azalak atera ta mamiyak jarriko dizkizut aldamenean; eta gaztañak ditugunean, nik txurituko ditut zuk jan bear dituzunak.

Ez esan niri ez denik zoragarria!

Dena den, gaur beste kontu bategatik dakart hona Bilintx : lagun batek haren argazki bat eman dit eta ikusi gabekoa nuen. Sarean ibili naiz bila, agian egongo da, baina argazki honen zati bat baizik ez dut aurkitu Armiarmaren klasikoetan Bilintxen bertso guztiak biltzen dituen artxiboa erakusteko. Baina diodan bezala, osorik, ez dut aurkitu. Agian norbaiti ondo etorriko zaio ZuZeun zabaltzea.

Bilintxen zatar fama iritsi zaigu, baina dandi bat, begirada sakon bezain sentibeherako gizonezko bat, horixe ikusten dut nik estudioan eginiko argazki zoragarri honetan. Egiozu klik handitzeko, eta zerorrek ere ikusiko duzu.

Indalezio Bizkarrondo Bilintx

The post Indalezio appeared first on zuzeu.eus.

Achta Fadoul: “Ura zikina dago eta haurrak erraz gaixotzen dira”

$
0
0

Bizitzak aldatzen dituen ura (I)

Chad-en, erdi basamortu klima izateak ur eskasia eragiten du, eta dagoena ez da osasuntsua. Ur hori edateak gaixotasun hilgarriak eragiten die zonalde txiroetako haurrei. Oxfam Intermon lanean ari da baliabide gutxiko familiek ur garbia eskura izan dezaten, eta modu horretan umeak hil ez daitezen beherako sinple baten erruz.

Achta Fadoul: “Ura zikina eta zizarez betea dago, eta haurrak erraz gaixotzen dira”

Achta FadoulAchta Fadoul-ek 28 urte ditu eta Midjiguir-en bizi da, Chad erdialdeko nekazal gune batean. Kezka nagusia sei seme-alaben osasuna du, urte bete eta hamar urte bitartekoak baitira: “Erraz gaixotzen dira. Ura oso zikina dago, zizarez betea, eta horrek gaixotu egiten ditu txikienak: beherakoa, ondoeza, tripako mina; edaten dugun uraren erruz”.

Beherakoa, elikadura desegokirekin batera, hilgarria izan daiteke Chad-en. “Basalandareak jaten ditugu ez dugulako beste aukerarik eta horrek ez du laguntzen osasuntsu hazteko”, egiten du arrangura Achtak. Zonalde honetako ume asko hain daude ahul edozein gaixotasunek hil ditzakeela. Eta hau ez da bakarrik Chad-en arazoa. Urtero 1,5 milioi haur hiltzen dira munduan ur zikinak eragindako gaixotasunengatik.

“Haurrak gaixotzen direnean, ospitalera eraman nahi izaten ditugu baina ez dugu dirurik. Jainkoak noiz sendatuko, zain izaten gara”, dio emakumeak, zerura so.

 

Chad-en, biztanleriaren %65ak ez du edateko urik.

Hogei segundoro haur bat hiltzen da ur garbia ez izateagatik, urtero milioi eta erdi ume munduan.

 

Ur zikina eta elikadura eskasa

Sahel eskualdeko eta Afrika Mendebaldeko malnutrizio tasarik altuenak ditu Chad-ek. Hau da umeen heriotza arrazoirik nagusiena herrialdean. Zonalde ahulenetan, biztanleriaren %15 desnutrizioak jota dago, %17 haurren kasuan. Edateko ura eskuraezinen duten zonaldeak ere badira. Aipatutako bataz bestekoak larrialdi egoeraren seinale dira, baina aspalditik datorren kontua denez, ez du behar bezalako erantzunik jasotzen.

Elikagaien salneurri garestien eta lehorte ugarien erruz elikagaien krisiak gogor astindutako herrialdea da Chad. Bertako biztanleek ez dute behar beste janari, ez dira egoki elikatzen eta errazago gaixotzen dira.

Edateko ura eskuraezina izateak ume askok ur zikina edatea dakar. Eta ur kutsatua edateak infekzioak eragiten dizkie, beherakoa izaten dute eta modu horretan hartutako elikagai apurrak galtzen dituzte. Ahulegi daude edozein gaixotasuni aurre egiteko eta, ondorioz, hil egiten dira.

Bizitzak aldatzen dituen ura

 

Boteredun elikagaiak:

 

The post Achta Fadoul: “Ura zikina dago eta haurrak erraz gaixotzen dira” appeared first on zuzeu.eus.

Katalan Herrien ongi etorria

$
0
0

Katalunian zehar ibili zara aurten bere, lagun?”

Udako opor giroan asko eta asko izan dira Kataluniara jo daben euskaldunak, Bartzelona hiriaz, itsaso eta klima mediterraneoaz, Pirineoetako mendiez edo abarrez disfrutatzera.

Katalan Herriak ongi etorrie egin deutse guztieri, azalpen orri hauexen bitartez.

Katalan Herrien ongi etorria:

Katalan Herrien ongi etorria

Oporretan Kataluniara joan eta Katalan Herrietatik bueltatu, ez da ez bidaia makala!

The post Katalan Herrien ongi etorria appeared first on zuzeu.eus.


Leku Urrunen Atlasa: Panfilov parkea, Bishkek

$
0
0

Kirgizistaneko hiriburua den Bixkekeko zentroan dago Panfilov parkea, gaur egun Kirgizistango parlamentuaren atzealdean eta Leninen estatuaren ondoan. Bixkeken dauden parke ugarietako bat da. Herritarrek diotenez Bixkek SESBen garaian “hiriburu berdea” goitizena zuen. Ez da kasualitatea, zentro osoa ez ezik etxeen artean eta kale nagusi guztietan zuhaitzak daude nonnahi. Parkeak bost puntako izar baten itxura du, eta horrek galdera bat egitera behartzen gaitu: nor zen Panfilov horrelako parke bat merezi izateko?

Leku Urrunen Atlasa: Panfilov parkea, Bishkek

Ivan Panfilov

Ivan Vasilievitx Panfilov gaur egun Errusiako Federazioan dagoen Petrovsk hirian jaio zen. Sobietar Batasuneko militar garrantzitsua izan zen eta, hil ondoren, SESBeko Heroi izendatu zuten. Urriko Iraultzaren ostean Armada Gorrian boluntario izan zen, eta Uraletara bidali zuten Gerra Zibilaren garaian Kosako Zurien aurka borrokatera. Bertan tifusarekin gaixotu eta gerra utzi behar izan zuen. 1920an Poloniara bidali zuten gerran parte hartzera, eta boltxebikeen alderdian izena eman zuen. 1921an Ukrainara bidali zuten eta bertako hainbat gerrillen aurkako borrokatan parte hartu zuen.

Basmakiak

Errusiako Inperioak Turkestan eskualdea kontrolpean hartu zuen, leku gutxi batzuk kenduta, XIX. mendearen bukaeran. Turkestan musulmanean uzbekiar, tadjikar, turkmeno, kazako eta kirgiak bizi ziren, oso erlazio korapilotsuetan, baina ekonomia eredu ezberdinekin. Errusiak kotoia landatu zuen, lehen proletargo bat sortuz lurrik ez zuten nomaden artean. Musulmanak izanda ez zuten zertan Errusiako Armadan parte hartu: Nafarroan bezala kintetatik at bizi ziren. 1916an Errusiako Inperioak behar handia zuen bere armada indartzeko, eta kintak sartu zituen, musulmanak ere armadan parte-hartzera derriigortuz. Gertakariak haserre handia piztu zuen eta “Basmakien matxinada” gisa ezagutzen den gertakaria hasi zen. Hurrengo urtean boltxebikeek boterea hartu zuten Errusiako Inperioan zehar, eta Gerra Zibila hasi zen. Egoera probestuz musulmanen mugimendu politikoek estatu independienteak lortzen saiatu ziren eta kontrola bereganatu zuten Fergana bailaran (beranduago bisitatuko dugu atlas honetan).

Errusiarrek hainbat lekutan autonomia onartu zieten (adibidez Taxkenten bizi ziren musulmanen gainean) eta Turkiako “Gazte Turkiarrak” mugimenduan oinarritutako hainbat gazte talde ezkertiarrak ere babestu zituzten bertako botere tradizionalaren aurrean.

Itzuliko gara beste momenturen batean Basmakien altxamendura, lasai.

Panfilov basmakien aurka

1924ko martxoan Turkiak ere hauspotutako basmakien aurka egiteko Turkestanera bidali zuten Panfilov. Urtez urte eskailera militarrean gorantz joan zen, Turkestanen zehar SESBen boterea ezartzen zuen bitartean. 1938an Kirgizistaneko SESaren komandante militar izendatu zuten. 1940an General Nagusi izendatu zuten. Hurrengo urtean Alemania naziak SESB inbaditu zuen eta Panfilov Moskuren defentsan hasi zen buru-belarri. Bertan hil zen, 1941eko azaroaren 18an, 48 urte zituela. Hil ondoren SESBeko Heroi izendatu zuten.

Volokolamsk Autobidea: Israelen sorrera eta Kubako Iraultza

Leku Urrunen Atlasa: Panfilov parkea, Bishkek1944an Alexander Bek izeneko idazleak trilogia bat idatzi zuen Panfilov “pertsonaia” oinarri hartuta. Bere lehen liburua “Volokolamsk Autobidea” da, eta nik behintzat inoiz entzun gabeko zerbait bada ere, agian XX. mendeko liburu irakurrienen artean egongo da.

1946an hebreeraz itzuli zuten, eta sortu berria zen Israelgo Armadak oinarrizko liburu gisa hartu zuen bere soldadu guztientzat. Errusiak ere bere bidea egiten zuen liburu honekin, Panfiloven figura indartuz. Txinako Alderdi Komunistako militante orok irakurri beharreko liburua zen Armadan parte hartu behar bazuen. Alemania Demokratikoan ere eskuliburu izan zen.

Fidel Castrok dio liburua irakurtzen bururatu zitzaiola Kubako Iraultzarako ideia garrantzitsu bat, gerora ere Euskal Herrian bere eragina izango zuena (Kubatik, ez SESBetik!): “herriak ni babesteko Aberriarekiko maitasuna hedatu behar nuen, ideia hori nobela irakurri ostean bururatu zitzaidan”.

Panfilov parkea gaur egun

Parkearen sarreran Ivan Panfiloven eskultura dago, baina hori ez da bere punturik interesgarriena. Zentroan egonda aisialdirako leku bikaina da, eta bertan jartzen dituzte umeentzako barrakak (udan, gutxienez!). Gaztetxoek ere bere lekua dute “gizontasuna” frogatzeko. Igotzeko eskailerak, punteria frogatzeko tirapitxoiak, indarra frogatzeko boxeo makinak. Bere izar formako parkearen erdian iturri eder bat dago, argiekin gauean, eta jateko zein garagardo bat hartzeko hainbat leku. Bixkek bisitatzen baduzu, zaila izango da bertatik ez igarotzea, egia esan. Baina zentroa bisitatu baduzu eta ez baduzu ikusi… pasa zaitez bertatik, merezi du eta!

Indarra frogatzeko makina Punteria frogatzeko Spidermanen postua Saskibaloian aritzeko "tonbola" Panfiloven eskultura eta gazteak gizonkeritan Eskailera okertu gabe gora igotzea lortzen baduzu, saria! Dominadak egiteko lekua. Ez dut argi zein den saria eta nola lortzen den. Umeek argazkiak egiteko dekoratua Atrakzioetako bat Noria ezin da falta Umea jantzita gezurrezko animaliekin gezurrezko yurta batean argazkia egiteko Kotxetxoak ere badira, umeek buelta eman dezaten Pisatzeko eta neurtzeko aukera ere badago!

The post Leku Urrunen Atlasa: Panfilov parkea, Bishkek appeared first on zuzeu.eus.

Bidaia bat munduan zehar (hamar argazkitan)

$
0
0

National Geographic-ek bidaia argazkien sariketa entzutetsu bat antolatzen du urtero orain dela 27 urtetik hona. 2015eko sarituak eman ditu jada ezagutzera.

Sariak banatzeko lau atal izaten dituzte kontutan, Bidaia Erretratuak, Aire Zabaleko Eszenak, Tokiaren Zentzua eta Bat-bateko Uneak -lauak nahastean dituzue hemen-. Aurten, 17.000 argazki jaso ditu sariketak.

 

Saritutako irudiak (azalpenak argazkilariek emanak dira):

 

Ohorezko Saria eskuratu dutenen artean dago “Errumania, maitagarrien lurraldea” izenburuko irudia, Eduard Gutescu argazkilariak “izozte zuria Pestera herri gainean“, definitzen duena.

Bidaia bat munduan zehar

 

Bartlomiej Jureckik ere Ohorezko Sari bat eskuratu du, “Menditar” deitzen den argazkiagatik. Irudiak “Poloniako sarale jasotze tradizionala” erakusten du; “oraindik ere asko baitira horretarako sarda eta sega erabiltzen jarraitzen dutenak”.

Bidaia bat munduan zehar

 

“Sauna zeruan” izeneko argazkiak ere Ohorezko Sari bat eman dio Stefano Zardini-ri. “Dolomiten bihotzean, Alpe italiarren ekialdean, Lagazuoi mendian, Cortinan, sauna bat dago 2.800 metrotara”.

Bidaia bat munduan zehar

 

“Argazkia egin aurretik, egun osoa eman genuen desagertzeko arriskuan den errinozeronte zuriari argazki on bat egin nahian”, dio Ohorezko Saria erdietsi duen Stefane Berubek. “Belar gainean astiro-astiro tatarrez, eta 30 oinetako distantziara, seguru egoteko, ezin izan genuen egin nahi genuen argazkia. Baina biharamunean, hara non aurkitzen ditudan hiru errinozeronteak belarra jaten pare-parean!”. Ugandan izan zen, errinozeronteen santutegi Ziwan.

Bidaia bat munduan zehar

 

Alain Schroeder-ek Kushti borroka indiarrari egin zion argazkia, eta beste Ohorezko Sari bat lortu. “Kushti Indiako borroka libre tradizionala da, `pelwhans´ edo borrokalariek soinean `langot´ deitzen den gerripeko bat baino ez dutela egiten dutena. Lokatzezko putzu batean sartzen dira, sarri gatzez, limoiz eta `ghee´-z (iragazitako gurina) nahastua izaten dena. Ariketen ostean, borrokalariak putzuaren ormen kontra igurtzi eta buru zein gorputzak lurrez estaltzen dituzte, izerdia lehortu eta ez hotzitzeko. Borroka osteko lasaitze errituak masajeekin bukatzen dituzte, giharreak lasaitu eta elkarri errespetua adierazteko”.

Bidaia bat munduan zehar

 

Hona bi haur ahate bat harrapatu nahian, Thailandiako Nong Khaiko ur-jauziaren errekan. Argazki honekin eskuratu zuen Ohorezko Saria Sarah Wouters-ek.

Bidaia bat munduan zehar

 

Ohorezko Saria da Bet McCarley-k eskuratu duena ere, “Gau bat Deadvelin” deitu duen argazkiarekin. Argazkilariaren esanetan: “Windhoek-etik bueltatu baino gau bat lehenago, ordu batzuk eman genituen Deadvelin. Ilargia urrutiko arezko dunak argiztatzeko beste dirdiratsu zegoen, eta zerua Esne Bidea eta Magallanesen Hodeiak (bi galaxi nano) ikusteko beste ilun. Deadvelik “urtegi hila” esan nahi du. Camelthorn zuhaitzak 900 urte inguru dituztela uste da, baina ez dira usteldu, giroa izugarri lehorra baita”.

Bidaia bat munduan zehar

 

National Geographic-en bidaia argazkien Hirugarren Saria Ahmed Al Toqi-k irabazi du “Camel Ardah” deituriko argazkiarekin; “horrela deitzen baita Oman-en egiten den gamelu lasterketa tradizionala. Eskarmentu handiko gizonek gidatutako bi gamelu izaten dira parez-pare lehian. Azkarrena izaten da galtzailea eta, beraz, maila berean abiadura berean joatean dago kontua. Lasterketaren helburu nagusia arabiar gameluen edertasuna eta indarra erakustean dago, eta gidarien trebetasuna. Ardah egoera arriskugarritzat hartzen da, gameluek espero bako erantzunak ematen baitituzte eta ikusleengana salto egiteko kapazak baitira”.

Bidaia bat munduan zehar

 

“Legar harginak” deitzen den argazkiarekin erdietsi du Faisal Azim-ek bigarren saria. “Hartxintxarra txikitzen duten lantoki hau hautsez eta arez josia dago. Lantokiko leihoko beiraren bestaldetik, hiru langile daude begira”. Chittagong-en dago lantegia, Bangladesh-en.

Bidaia bat munduan zehar

 

2015eko Sari Nagusia Patjane Floriuk-ek lortu du, balearen zuri-beltzezko argazki dinamiko honengatik, espero gabe egindakoa. “Balearen burutik hurbil nengoen argazkiak egiten eta, bat-batean, giratu eta igerian hasi zen gainontzeko urpekariengana; orduan lortu nuen argazkia!”.

Argazkia “Balea marmartia” deitzen da. “Balea konkordunarekin eta honen kume jaio berriarekin urpean ibili ginen, Revillagigedo irletako Roca Partida inguruan (Mexiko). Ezohiko lekua da eta bakarra bertan bizi den fauna pelagikoa kontutan hartuta; eta beraz, UNESCO-k Ondare Natural izendatzeko eginbideak azkartu beharra dugu, irla babestu eta inguru hartan ugaria den kirol arrantza zein legez kanpoko arrantza ekiditeko”.

Bidaia bat munduan zehar

 

Bidaia bat munduan zehar (hamar argazkitan).

 

The post Bidaia bat munduan zehar (hamar argazkitan) appeared first on zuzeu.eus.

Ternua… non gogoa?

$
0
0

LookTernua
Lagun batek jarri ninduen arrastoan, “Ternuako hauek gero eta erdaldunago ari dozak”.
Eta bai, hasierako euskarazko esloganak desagertuz joan dira kamisetetatik, ingeles “kosmopolitaren” mesedetan, euskara negoziorako txarra balitz bezala. Euskara “erakargarri” egiteko ahaleginean “lagun”, nolabait esateko. Bezero euskaldun otzan asimilatuak zaindu beharrik ez balego bezala.
Eta Facebooken ere, ia-ia guztia españolez (barka bezate bihotz abertzalerdarazale minberek).
Eta gu etxean beti Ternuaren alde, euskaldunak zirelakoan, etxekoen alde egin behar delakoan, baina bertoko beste marka askorekin bezala, Ternuarekin ere atsekabea hartu dugu.
Eta jakin badakigunez bidea, beste norabait luzatuko dugu zangoa, Ternua erosteari utzita, euskaldunak berriz gogoan hartzen gaituzten arte.

Bide luzea…

The post Ternua… non gogoa? appeared first on zuzeu.eus.

Abian da Julene Azpeitia 28. ipuin lehiaketa

$
0
0

 

Abian da  Julene Azpeitia 28. ipuin lehiaketaIrailaren 30a izango da lanak aurkezteko azken eguna. Lanak euskaraz idatzitakoa, originala eta argitaragabea izan behar du.

Literatur sorkuntza bultzatzeko asmoz, “Julene Azpeitia 28. ipuin lehiaketa” antolatu du Zumaiako Udalak.

Lehiaketa honetara aurkeztutako idazlanek baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.- Euskaraz idatzita egon, originala izan eta argitaragabea. Ezingo du parte hartu beste lehiaketaren batean saririk jaso eta/edo literatur sormenerako laguntzaren bat jasoa duen idazlanak.

Ezin dira aurkeztu jatorriz beste hizkuntza batean idatziak izan eta lehiaketarako euskaratu direnak.

2.- Gaia librea izango da, eta ipuinak gutxienez 6 orrialde eduki beharko ditu eta gehienez 15, lerroarte bikoitzarekin idatziak, orriaren alde batetik. Lan bakoitzaren lau ale bidaliko dira.

3.- Idazlanak, onartua izateko, izenburua bakarrik eramango du agerian eta idazlearen izena ezin izango da inon aipatu. Idazlanarekin batera, gutun-azal itxi bat bidali beharko da, kanpoaldean idazlanaren izenburua jarrita, eta barrualdean, berriz, egilearen izen-abizenak, telefonoa, helbide elektronikoa, sinadura eta NAN agiriaren fotokopia.

4.- Aukeran izango da lanak posta elektronikoz bidaltzea ere; zumaia@euskara.eus helbidera. Kasu horretan norberaren datuak lanarekin batera bidaliko dira eta epaimahaiko idazkariak izango du lan irabazleak ebatzi arte datuok gordetzeko ardura.

5.- Zumaiako Udalak izendatutako epaimahaiak ebatziko du lehiaketa. Epaimahaiko idazkaria Zumaiako Udaleko euskara teknikaria izango da, eta ez du botorik edukiko.

6.- Sariak eman gabe utzi ahal izango dira, eta finkatutako diru kopuruak zatiezinak izango dira.

7.- Lanak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da. Sari banaketa garaiz iragarriko da.

8.- Zumaiako Udalak beretzat gordetzen du saritutako obrak argitaratzeko eskubidea, baina argitaratzekotan, epaimahaiak ebazpena eman eta urtebeteko epearen barruan argitaratu behar du, bai bere kabuz, bai beste batzuen bidez. Lehenengo argitalpenaren ustiapen eskubideak Zumaiako Udalarenak izango dira.

9.- Epaimahaiaren ebazpena itzulezina izango da, eta lehiaketa honetan parte hartzeak oinarri hauek onartzen direla esan nahi du.

10.- Idazle bakoitzak ezin izango du sari bat baino gehiago jaso.

11.- Sariak: 3 sari emango dira. Lehen saria: 3.000 €. Bigarren saria: 1.500 €. Zumaiako onenaren saria: 1.000 €

Sarien diru kopuruek indarrean dagoen legediak ezarritako atxikipena izango dute.

12.- Idazlanak helbide honetara bidali beharko dira:

Zumaiako Udala. Euskara Zerbitzua. Foruen Enparantza, 1. 20750 Zumaia. Julene Azpeitia 28. ipuin lehiaketarako dela adierazita.

 Abian da  Julene Azpeitia 28. ipuin lehiaketa

The post Abian da Julene Azpeitia 28. ipuin lehiaketa appeared first on zuzeu.eus.

Alperkeria herri mugimenduan

$
0
0

Jarraian irakurgai duzun testua Joseba Kamiori hartu diogu “Neure (H)egitik” (Komunikazioari buruzko gogoetak) blog-etik (jatorrizkoa hemen).

Alperkeria Herri Mugimenduan

Esaten duzunean EHko herri mugimenduaren arazo nagusia alperkeria dela, ingurukoek harriduraz begiratzen dizute. Izan ere, mugimendu horren ezaugarri nagusiak lana eta sakrifizioa izan dira.

Alperkeria ez da, ordea, ordu-kopuruekin soilik neurtzen, izan hldkdkidkdslkjbadaudelako beste alperkeria mota batzuk. Horietako bat sinismen propioen kaskagorkeria da: gure esperientzia eredugarria jotzen dugunez, ez dugu uste gogor lan egin behar dugunik arazoak enfoke berriekin konpontzeko.

Zure sinismenak huts egiten ari direnean eta arazoak muturraren aurrean eztanda egiten, bi aukera dauzkazu: ukatu edo onartu. Ukatzeko estrategia bat disonantzia kognitiboa da, hau da, inguruan dauzkazun informazioak “selektiboki aukeratu” errealitateak zure ikuspegia berresten duela erakusteko (zenbat ordu ez genituen eman sare sozialak CIAren konspirazioa zirela demostratzen), eta bide batez, arazoaren muina beste leku batean jartzen duzu: jendearen konpromiso eza. Hau da, arazoa ez da zuzendaritza politikoak ez duela bere lana egiten ikuspegi berriak integratzeko, arazoa da jendearen konpromiso eza. Saihetsetik.

Alperkeria Herri Mugimenduan

Hor kanpoan, gainera, enfoke eta gauza berri asko dago eta herri mugimenduko zuzendaritzek lan asko daukate enfoke horiek banan-banan aztertzen hasteko. Gaixuak. Zuzendaritza batean zaudenean zaila da inguruan ibiltzen diren enfoke berri horien guztien artean aukeratzen eta aldi berean etsaiari aurre egiten, baina hori da zure lana.

Zein enfoke edo ideia berriri egin kasu gehiago, zeini gutxiago? Aukera ugaritasun horrek erabaki-paralisia eragiten du, eta, ondorioz, isuri kontserbadorea eta konfirmazio-isuria nagusitzen dira, talde gero eta itxiagoak eraginez.

Zer egin orduan? Nola erabaki zein ideia berriri kasu egin eta zeini paso egin, hau da, nola ekiditen ditugu erabaki-paralisia eta isuri kontserbadorea herri mugimenduan?

Informazio berriak iristen direnean batzuk errezagoak dira ulertzen beste batzuk baino. Psikologoen arabera, errezago ulertzen direnak garrantzitsuagotzat jotzen ditugu, eta horietan konzentratzen gara, baita azkar batean integratu ere.

Adibidez, diseinu grafikoa integratu dugu baina oraindik ez gara enteratu komunikazioa eta jende askorengana iristea ez direla gauza berdina. Bigarren kontu hau askoz ere kontzeptu konplexuagoa da, eta seguruena gure ikuspegiak aldarazi egingo lituzke, diseinu grafikoak eta modazko beste kontu batzuek ez bezala.

Ta holaxe, dagoeneko modan dagoena integratzea da gure berrikuntzaren mailarik gorena. Jakina, erantzukizuna asko arintzen da horrela, asko; hainbeste, non niri behintzat erantzukizun eza handia dagoela esateko gogoa ematen didan.

Punta-puntako jendea ez izatea ez litzateke arazo izango gero integrazio hori egiten benetan jende saiatua bagina, baina ikusi zer egin dugun sare sozialetan eta atera kontuak: azkenekoak izan ginen bertaratzen eta gero modurik traketsenean ibili gara.

Zer egin beraz informazio berriei egin behar zaien arreta-maila neurtzeko? Hementxe arau bat: ulertzeko zailagoa den informazio berria garrantzitsuagoa da erreza dena baino.

Horrek ez du esan nahi informazio koplexu horri heldu eta gainerako guztia utzi behar dugunik, baina gutxienez ez genituzke gure lanaren aspektu kritikoak bazterrean utziko hurrengo krisia heldu arte.

Erabaki onak hartzeko abilezia ez da gauza erraza, baina zure burua ikusten duzunean leku guztietara hamar urte beranduago iristen, orduan kezkatzen hasi beharko zenuke. Ezin dugu gauden lekutik mugitu gure arazoen iturburu den pentsamendua aldatu gabe. Askotan esan dugun bezala, pentsamendu aldaketa aldaketa soziala da, baita barne mailan ere.

The post Alperkeria herri mugimenduan appeared first on zuzeu.eus.

Euskal gaizkileak: Aiako Jose Frantzizko Tejeria

$
0
0

garrotea - Euskal gaizkileak: Aiako Jose Frantzizko Tejeria

.

Gaurko kontakizunaren protagonista garrotea emanda hil zuten Azpeitiko plazan 1900. urteko urtarrilaren 16an.  Egun euritsua esnatu zen arren, herria mukuru zegoen, ostatu eta taberna guztiak gainezka, bezperatik etorritako jendetza zela eta. 6.000 lagun inguru ziren bazter guztietatik etorriak. Halaxe izaten ei ziren orduko exekuzioak: erromeriak.

.

Aita hil zuen Joxek urtebete lehenago, Aiako Muatz baserrian. Handik Donostiara ihesi alibi baten bila, baina alferrik: Guardia Zibilek hartu zuten preso. Aita, Joxe semearen emaztearekin konpontzen zela ere entzun omen zen…

.

Bertso-paperetan argitaratzen ziren honelako gertaerak, jendearen jakinpeko izan zitezen. haurrak beharturik eramaten ziren exekuzioetara, eta apaizek mauka izaten zuten sermoietarako.  Tejeriaren urkamenditik beretik egin omen zuen hitzaldea Aita Aizpuru jesuita ospetsuak.

.

Borreroa, ostera, kanpotik ekarritakoa izango zen, Espainia guztirako zeuden hiru haietako bat. Seguru asko Anatole Mayoral Burgoskoa.

.

Bertso hauek lehen pertsonan daude idatzita, halako gertaerak kontatzeko euskal bertso eta kantagintzan ia beti gertatzen den bezala (Hamalau heriotzena, Estudiante kondenatuarena, Goizuetako Trabuko…), baina jakin dakigu Tejeriak ez zituela ez kantatu eta ez eta idatzi ere. Egilea Juan Mari Zubizarreta Etxeberritxo azkoitiarra izan zen.

.

BERTSO BERRIAK AZPEITI’KO URKAMENDIAREN GAINEAN JARRIAK

Jose Tejeria da
au nere grazia,
Gipuzkoa’ko Aia’n
jaio ta azia;
tiroz aita ill nuan,
orra desgrazia,
publikatzera nua
asunto guzia.

Deabrubak animua
eman biotzera,
tiroz atrebituba
nire aita iltzera;
Donostia’ra gero
zerbait ekartzera,
egin nuen okerra
desemulatzera.

Gizonak altxa zuten
aita bizirikan,
“O, semiak galdu nau!”
berak esanikan;
gurasubak etzuban
esan gezurrikan,
gorputza ill da anima
juan mundutikan.

Paperian jarrita
alde aurretikan,
aitari zenbat eman
señalaturikan;
eske ari zan beti
aldamenetikan,
gure enredo danak
sortubak ortikan.

Aitak eskatzen ziran
legez eta bidez,
egiten niona da
agindu ta eman ez;
buru dana betia
pentsamendu txarrez,
tirua eman nion
diruaren ordez.

Soldadu arma-dunak
lotu kurioso,
baita eraman ere
Azpeiti’ra preso;
deklarazio txarrak
egiña ni oso,
libratutzeko bear
gezurra preziso.

Aurrena egon nintzan
uka fuertian,
salatzallia pranko
bazan bitartian;
gero aitortu nuen
egunen batian,
gezur guztiak ziran
neretzat kaltian.

Azpeitia’tik juan
Donosti aldera,
Gipuzkoa’ko buru
dan tribunalera;
akusatuba nintzan
Judasen legera,
gezurrak balio ez,
neretzat galera.

Andriak eta biyok
emandako itzak,
konprenditzeko ere
oso dira gaitzak;
oiek guziak ziran
gezurrezko saltsak,
aitari ezarriaz
etzituben mantxak.

Gaizki egin nuala
ondo damutzen zat,
au eskarmenturako
beste guzientzat;
munduban ez da izan
oraindikan behintzat
ume bat txarragorik
gurasubarentzat.

Donostia’n artuba
nintzan albistia
posible etzala neri
bizirik uztia;
ai ura orduko
lastima tristia!
Etzan alegratuko
nere emaztia!

Donostia’tik giñan
Azpeitia’ra etorri,
bost guardiarekin
kotxian ekarri;
kartzelan sartu eta
an nenguan larri,
sententzia tristia
zuten irakurri.

Zuzen da garbi egin
dute justizia,
badakit nuela nik
ondo merezia;
illbeltzan amaseirako
nere sententzia,
goizeko zortziretan
kentzeko bizia.

Gaiztua izan banaiz
orra sujetatu,
sententzia orrek ziran
biotza erdiratu;
Aita Aizpuru’rekin
gogoz konfesatu,
egindako okerrak
danak akusatu.

Pauso bat eziñ eman
nuan ezergatik,
bi lagun banituben
beso banatatik;
urkamendira juan
giñan kartzelatik,
borrerua begira
zeguan atzetik.

Urkamendian nintzan
eserita jarri,
nire entrañak zeuden
estu eta larri;
bizia eman bear
oso lotsagarri,
au beste guzientzat
eskarmentagarri.

Barkaziua nuan
azkena eskatu,
zergatik egiñ nuen
lenago pekatu;
orrengatik bear det
orain nik urkatu,
Jaungoikuari arren
nitzaz erregutu!

Euskal gaizkileak: Aiako Jose Frantzizko Tejeria

The post Euskal gaizkileak: Aiako Jose Frantzizko Tejeria appeared first on zuzeu.eus.

Leku Urrunen Atlasa: Issyk Kul (I. atala)

$
0
0

Issyk Kul lakua leku urrunaren adibide garbia da: munduko bigarren mendi lakurik handiena da, Titicaca lakuaren ostean, eta Eurasiako inakzesibilitate puntutik (hau da, itsaso batetik urrunen dagoen puntutik) erlatiboki gertu. Mendiz inguratuta, 1.600 metroko altueran dago. Baina inguratzen duten mendiak izugarriak dira: Tian Shan mendilerroak Txina eta Kazakhstanekin egiten Jengish Chokusu edo “Pobeda (Garaipenaren) mendia”, bere 7.439 metrorekin. Edo Khan Tengri, 7.010 metroko altuerarekin. 100 erreka eta ur-azpiko iturrik baino gehiagok elikatzen dute, baina ez du irteera errekarik. Ezin da, beraz, uretatik heldu lakura.

Hala ere Issyk Kulek badu ezaugarri interesgarri bat: lakua ez da izozten. Partzialki gazia da, Kaspiar Itsasoaren ostean bigarren laku gazirik handiena. Issyk Kul izenak hori esan nahi du: “laku beroa”. Txineraz ere izen bera darama: ??, “Itsaso Beroa”. Ezaugarri honek paper garrantzitsua eman dio historian. Ez bakarrik Kirgizistaneko historian, munduko historian ere badu bere papera.

issykkul

Zetaren Bidea

Leku Urrunen Atlas honetan askotan aurkituko dugu Zetaren Bidea. Kirgizistan zein Uzbekistan Beijingetik Istanbulera zihoan bidearen erdialdean zeuden eta, gerora ikusiko dugun bezala, Indiatik Errusiara zihoan bidearen erdian ere. Gaur egun munduko heroina produktore handiena den Afganistanetik munduko heroina kontsumitzaile handiena den Errusiarako bidean ere aurkituko dugu Kirgizistan. Baina hauek guztiak beste atal batzuetan ikusiko ditugu.

Garrantzitsuena da Zetaren Bidea ez zela bide bakarra: Txinatik Mediterraneora ondasunak eramateko bide multzo bat zen. Geldialdi batzuk ohikoagoak ziren, beste batzuk albo bideak. Santiago Bidearekin gertatzen den bezala, asko dira heltzeko Santiagoraino iristeko moduak.

Txinatik Erdialdeko Asiara igarotzeko bide ugari daude, baina gehienetan mendiak zeharkatu behar dira. Zentzu honetan mendien inguruan zeuden azken eta lehen hiriek paper garrantzitsua jokatuko zuten bidaiarien bizitzan: gameluen ordez zaldiak hartu, ondasunak saldu eta erosi, gorde, garbitu, edan, jan…

Issyk Kul lakuak aukera guzti horiek ematen bazituen, neguan ere klima hobea baldin bazuen eta, gainera, erdi bidean bazegoen bidearen Boceguillas bat izango zela pentsa dezakegu.

Piotr Semenov-Tian-Shanski

semenovPiotr Petrovitx Semenov-Tian-Shanski 1827an jaio zen familia noble batean. San Petersburgoko Unibertsitatean ikasten ari zela Dostoievskirekin batera izan zen “Petraxevski Zirkuluan”. 1850eko hamarkadan Humboldten ikasle izan zen Berlinen, eta Humboldtek berak gomendatu zion Tian Shan mendietako geologia ikertu zezan. Bera izan zen lehen aipatu dugu Khan Tengri mendia ikusi zuen lehen europarra. Geologo gisa Humboldten hipotesia errefusatu eta Tian Shan mendia bolkanikoa ez zela frogatu zuen. Geografo gisa Errusiako lehen zentsoa egiten ardura garrantzitsua izan zuen. Eta esploratzaile gisa Venezian zegoela ikusi zuen Katalanen atlasan aurkitutako idazkun batek deitu zion atentzioa:

“lekuak Isikol izena du. Bertan armeniar sinismeneko monasterio bat dago, eta diotenez bertan daude Mateo apostolu eta ebanjelistaren errelikiak”

Hurrengo urteak leku hori bilatzen eman zuen. Ez zuen aurkitu eta pentsatu zuen, agian, uraren azpian egongo zela jada.

Uraren maila

Lehenago azaldu bezala, lakuak ur-sarrera asko ditu, baina ez du ur-irteerarik. Gaur egun, inguruetan dagoen baratze oparoa dela eta ur gutxiago iristen da lakura ebaporatzen edo filtratzen dena baino. Hori dela eta urtero 5 zentimetro inguru jaisten da bere maila. Hala ere lakua 500-600 urtero lurrikara baten ondorioz betetzen da. Inguruko mendietan dauden beste lakuak hausterakoan bat-bateko ur mailaren igoerak gertatzen dira. Hori gertatuko zitzaien Katalanen atlasean aipatzen diren leku horiei. Izan ere Erdi Aroan lakua orain baino 8 metro baxuago zegoen.

2007an Kirgizistan eta Errusiako arkeologoen talde batek gaur egungo uraren mailaren azpitik hiri bat aurkitu zuen. Bertan aurkitutako teknologiak harrituta utzi zituen: Egipto eta Grezia klasikoaren maila berean zegoen, eta garai berdinekoa zen.

Ur azpian 5 eta 10 metroko sakoneratan Esziten harresiak aurkitu zituzten, metalezko hainbat elementu (horietako batzuk gaur egun gas inerteekin egin beharrekoak), brontzezko ispiluak eta txanpon ezberdinak. Orain arte ez genekien horrelakorik han zegoenik… baina zibilizazio garatu bat zegoen Issyk Kul lakuaren kostaldean.

Nortzuk ziren eszita horiek? Zergatik zegoen armeniar kultuko monasterio bat bertan? Zein paper jokatu zuen leku honek gizateria osoaren historian? Zergatik du Indiak interes militar berezia laku honetan? Guzti hori hurrengo ataletan aztertuko dugu.

The post Leku Urrunen Atlasa: Issyk Kul (I. atala) appeared first on zuzeu.eus.


Txitxirioak dantzan

$
0
0

Ez da atzo goizekoa gaur ZUZEUra dakargun bideoa, orain hiru hilabeteko hauteskunde kanpainakoa baita; baina guk asteon ezagutu dugu eta ikustaldi asko ere ez dituenez, berreskuratzea otu zaigu:

Juana de Bengoechea dugu DBE (RGI gazteleraz) laguntzak banatzeko eraren berri ematen digun emakumea, Marotok gidatu duen ditxosozko borrokaren tesiak defendatzen, ustez modu sinple (bezain arriskutsuan).

Bideoa bukatzen denerako, gaixoak ez daki zenbat edalontzi eta zertarako dituen-ere; eta guk, egia esatera, trilero traza gehiago hartu diogu Irungo Pio XII plazan egin erakustaldiari, garbantzu erdiak nork poltsikoratu dituen esatea ahaztu zaio-eta. Kirioak edo txitxirioak dantzan!

 

Irungo zinegotzi popularra

De Bengoechea azken udal hauteskundeetan Irungo alkategai popularra izan da, eta etorkizunean plazara atera baino lehen txitxirioak aurreko egunetik beratzen jarri edo hauek eragindako uzkerrak zaindu beharko lituzke.

Izan ere, aurreko legegintzaldian eta bera zerrendaburu zela Partido Popular-ak bost zinegotzi erdietsi bazituen, maiatzaren 24koetan botoen erdiak galdu eta bi baino ez ditu eskuratu; de Bengoechea eta Muriel Larrea. Orain lau urte 4.393 boto eskuratzetik aurten 2.196 izatera igaro dira, botoen %7,81.

Hori bai, de Bengoechearen eleaniztasunaren aldeko aldarria entzun eta gero -lau hizkuntzatan!-, Partido Popularrak Europarlamentari bidal lezake; askoz gutxiagorekin Bruselan izan genuen Iturgaiz.

* Juana de Bengoecheak kate propioa du Youtuben, herriko gaiak ahotan hartzeko, auzo merkataritza edo zabor bilketa, kasurako.

 

Txitxirioak dantzan

The post Txitxirioak dantzan appeared first on zuzeu.eus.

Zeelanda Berriak bandera zaharra erretiratu nahi du

$
0
0

Euskal Herrian banderekin ditugun borrokak konpontzea falta zaigunez, besteren eztabaidetan muturra sartzea terapia labur eta sanoa izan daiteke. Hartara, Zeelanda Berriak martxoan egingo duen erreferendumaren harira badugu geuk ere iritzia. Kontua da Union Jack britainiarra duenaren 1902koari alternatiba bila dabiltzala. Abuztuaren 10ean aurkeztu dituzte bandera berria izan daitezkeen 40 ikurrak.

Hiru arrazoi dituzte horretarako: 

  • Australiakoaren antzekoegia da, eta horrek arazoak sortu ditu.
  • Erresuma Batuarekiko lotura handiegia du estatu independente bat izateko.
  • Maori jatorriko eta beste etnietako bizilagunak ahazten ditu.

Zeelanda Berriak bandera zaharra erretiratu nahi du

Prozesua

Iraila erdialdean politikari, kulturgile, irakasle eta ospedun hamabi gizon-emakumek aukeraketa egingo dute, gaur mahai gainean dauden 40 banderetatik lau hautatuz. Orduan hasiko da bi faseko erreferenduma, beti ere, posta bidezko botoarekin. Lehenak, bandera berria izan daitekeen lau horietatik bat aukeratuko du. Herritarrei eskatuko zaie lau banderak gustuko dituzten ordenean jartzea. Irabazleak, gerora, martxoan, gaur egungo banderaren aurka lehiatu beharko du aldaketa gauzatu dadin.

Gehiago (NZ Herald): Forty flags, and only one with a Union Jack – so which one is best?

Diseinuak

Zilarrezko luma da Zeelanda Berriak nazioartean duen ikur ezagunena. Kirol taldeek erabiltzen dute, ‘All Black’s’ errugbi talde ezagunak esaterako. John Key lehen ministroaren faboritoa da, atzekalde beltzarekin (11).

Hego hemisferiotik ikusten diren lau izarrek osatzen dute hegoaldeko gurutzea. Gaur egungo Zeelanda Berriko banderan agertzen dira, baita, bitxikeria gisa, Brasilgoan ere.

Maorien sinboloetakoa da “Koru” espirala. Mugimendu etengabea eta jatorriarekin lotura irudikatzen duen espirala. Zuzenean jatorrizko herriei egiten die erreferentzia.

Erresoluzio handian ikusteko hemen.

Zeelanda Berriak bandera zaharra erretiratu nahi du

The post Zeelanda Berriak bandera zaharra erretiratu nahi du appeared first on zuzeu.eus.

Leku Urrunen Atlasa: Issyk Kul lakua (II. atala)

$
0
0

Leku Urrunen Atlasa: Issyk Kul lakua (II. atala)

… aurretik: I. atala

Uda heltzen denean Ipar Hemisferioan bizi garen askok klima hobearen bila egiten ditugu bidaiak hegoaldera. Hondartza aukeratzen duen orok badaki hobe dela eguraldia ziurtatzea eta, horretarako hegoalderako bidea hartu ohi dugu. Horrela Europako iparraldetik Mallorca, Andaluzia edo Tunisiarako bidea egiten da; Ekialdeko Europatik Kroazia eta Egiptora; Ekialdeko Errusiatik Vietnam eta Tailandiara; eta zer egiten dute erdialdeko Errusian, Kazakhstanen eta Siberian bizi direnek?

Issyk Kul ez da izozten eta ura epela da. Horregatik milaka dira bertara turismoa egitera joaten diren errusiar eta, batez ere, kazakoak. Cholpon-Ata eta bere inguruak dira turismoa erakartzeko lekurik garrantzitsuenak. Goi-mailako hotel batzuez gain bere malekoi txikia ere badu, hondartza eta apartamentuak. Flotadoreak eta igeriketa egiteko beste hainbat tramankulu slatzen dira Bixkek-Karakol errepidearen bi bazterretan.

Sobietar Batasunaren garaian izozten ez zen lakuaren inguruan hainbat “sanatorium” ireki zituzten. Stalinen garaian turismoa era antolatuan egiten bazen ere, Brezhnev eta Khrustxeven garaietan turismo librea ere garatzen hasi zen. Hala ere Issyk Kul masa-turismorako gunea izan zen. 1980ko hamarkadan 350.000 turista jasotzen zituen urtero, SESBeko beste lurraldeetatik etorrita. Asko funtzionarioak ziren, baina baziren Alderdi Komunistako aparatuko kideentzako leku berezi eta “sanatorium“ak ere. Horietako batean hartu zuen atseden Juri Gagarin lehen kosmonautak espaziotik bueltan, adibidez. Baina bere lasaitasun, klima eta uraz gain, Cholpon-Ata badu beste atrakzio bat: Sakek (eszitak) egindako petroglifoak. K. a. 800. urtetik 1200. urterarte hainbat petroglifo eta monumentu megalitiko eraiki zituzten bertan, eszitek lehenengo, turkoak ondoren, herritar garaikideek orain.

Petroglifoen museoa

Museoa deitzen diote, baina zelai bat da, antzinako glaziar batek utzitako morrena eta boulder ugarirekin. Ez da erraza iristea, bertako turismoa hondartzara orientatuta baitago. Imaginatu Benidormera joatea eraikin historikoak ikusteko. Zaila da, beraz, inor joaten ez den “museo” horretaraino iristea. Taxi bat negoziatzen dugu herriko zentrotik, Bixkeketik Karakolera baikoaz motxila eta guzti. Negoziazio txiki baten ostean prezioa erdira jaisten dugu eta aireportu zaharreko bidea hartzen du: lur-hartze pista karril indeterminatuak dituen bide bat da orain. Zirkoa dago pistaren hasieran, eta urrun ikusten da bukaera.

Iristen garenean harriz beteriko zelai bat da. Hesi batekin inguratuta dago eta sarrera irekita, handik metro batzuetara etxola sinple bat. Etxolara iristerako bere atzean siesta egiten dagoen zaindaria ikusten dugu, larri, ziurenik ez zuelako egun osoan inor han espero. Kamiseta bat jartzen du, ur trago bat hartu eta jasotzen gaitu. Estatistikak direla eta, nondik garen galdetzen du errusieraz. Ez diogu ulertzen eta herrialdeak esaten hasten da: “Errusia, Germania, Frantzia…”. Espainia, esaten diogu, azalpen luzeagorik ezin dugulako eman.

Petroglifoak gizon honi bost. Futbolaz hitz egin nahi du. Espainiako talderik onenak Real Madrid eta Sevilla direla esaten digu eta Georgiako Tbilisi hirian Europako finala jokatuko dela adierazten du nazioarteko hitz estandarrak erabilita. “Barselona – Sibilia”, antza. Espiniarrak bagara, Sevillarekin joan beharko ginatekela esaten du, Bartzelona ez delako Espainiako taldea. To eta no. Ulertu du. Gu Athletic de Bilbaoren zaleak garela argituta, han zaltzen digu ezin garela igo arroketan (horretarako arroka batera igotzen da eta besoak X bat eginez gururatzen ditu) eta mapa bat sarreran dagoela esaten digu. Mapa hain da generikoa eta alferrikakoa, hobe dela, sinmas, zelaitik paseoa egitea eta egitura ezberdinak ikustea.

Petroglifo gehienek animaliak dituzte. Badira gutxi batzuk gizakiak dituztenak, ehizan. Eta modernoagoak diren hegazkinik ere badagoela irakurtzen dugu. Eszitek VIII. menderarte egin zituzten petroglifoak. Ondoren herri turkikoren batek (hau da, kirgizak edo kazakoak, ziurenik) egin zituen besteak, XIII. menderarte. Petroglifoez gain badira ere cromlechak eta harrespilak, lekuaren sakratutasuna markatzen dutenak.

Euria egingo duela dirudi, baina egun beroa da. Buelta egitea erabakitzen dugu, bertatik ordu erdi pasatxo eman eta gero. Oinez egiten dugu hegazkin pistatik bide erdia, ahalik eta norbaitek gelditu eta autostopean taxi paradaraino eramaten gaituen. Bertatik egingo dugu Karakolerako bigarren txanpa… baina hori kontatu aurretik, baditu Issyk Kulek argitu beharreko beste misterio batzuk… adibidez aurrekoan aipatutako katalanek ezagutzen zuten armeniar eliza misteriotsu horrena.

The post Leku Urrunen Atlasa: Issyk Kul lakua (II. atala) appeared first on zuzeu.eus.

Elektrotxarangak, kaleak kolorez betetzen (bideoa)

$
0
0

Donostiako Aste Nagusian, eta Piraten egitarauaren barruan, II. Elektrotxaranga topaketa burutu zen herenegun, iazko irailaren 6an Bermeon egin zenaren ondotik. Piztu.info-k ondorengo bideoan laburtu du jardunaldia:

Guztira zortzi izan dira topaketan parte hartu eta kalerik kale jo eta jo ibili diren elektrotxarangak: Skandalue (Azpeititik), Txarangazo (Portugaletetik), Eonian (Añorgatik), Sakatu (Txorierri bailaratik), Ttek! (Gasteiztik), Elektrotxufla (Oarsoaldetik), Donostia (Donostitik) eta Patxaranga (Hondarribitik).

Topaketetan, Elektrotxaranga bakoitzak Piraten kofradia bana izan zuen lagun, eta Donostiako herritarrak atzetik. Giro eta umore ona zabaldu zuten hirian eta, bideoan batek dioen moduan, Elektrotxarangak kaleak kolorez betetzen jardun zutenarratsaldez, guztiak elkarrekin Flamenkan bazkaldu eta jolasak zein desafioa izan ostean.

 

Piztu Donostia

Piztu.info, Youtuben duten katean diotenez, “Donostia mailako proiektu komunikatiboa da, herritarren eta eragile sozialen iritzi eta proiektuak sarean hedatzeko helburuz jaioa. `Komunikabideak gorroto badituzu, izan zaitez zu zeu komunikabide´ leloari erantzuten diogu, informazioaren monopolioa masa hedabideen esku uztea akats larritzat baitugu. Zatoz, elkarrekin piztuko dugu Donostia!”.

Elektrotxarangak, kaleak kolorez betetzen

The post Elektrotxarangak, kaleak kolorez betetzen (bideoa) appeared first on zuzeu.eus.

(Kataluniar) independentismoaren zaindaria

$
0
0

Irailaren 27an hauteskundeak dituzte Katalunian, gurean askok bertakoak balira legez jarraituko dituenak. Independentzia zaleek zerrenda bateratua egin dute, eta honek badu zaindaria, (Kataluniar) independentismoaren zaindaria, Super Cat!

(Bideoa katalanez dago; ondo ulertzen da)

Prozesu Katalanari umorea falta zitzaiolakoan jaio da Super Cat, eta herritarrak zerrenda bateratua bozka dezatela du helburua.

Superheroiaren lehen kapitulua da “Unitat!”, ikusgai izan duzuena. Astero bat argitaratzeko helburua du, eta geroztik plazaratu ditu beste lau, ahultzen duen elementuari eskainitako “Duranita” tartean.

“Prozesua babesteko jaio da Super Cat”, dio superheroiak hurbileko duen directe.cat agerkari digitalak egin dion elkarrizketan. “Hori bai, beti ere ikuspuntu surrealista eta ironikoarekin. Batzuetan umore burutsua edo fina erabiliz, batzuetan zakarra… eta graziaduna, Super Cat ez baita heroi serios bat”. Horrexek eragin dizkio, paradoxikoki, kritikak, askok taiuz oso superheroi espainola dela diote-eta.

independentismoaren zaindaria

Ondo da, Katalanek badute Super Cat baina… eta euskaldunok?

Nork izan beharko luke Euskal Herria independentearen aldeko superheroia… Graxi Etxebeherek akaso? Zein izen erabili beharko luke, eta nola jantzi, eta… noren aldeko botoa eskatu?

The post (Kataluniar) independentismoaren zaindaria appeared first on zuzeu.eus.

Viewing all 19814 articles
Browse latest View live


<script src="https://jsc.adskeeper.com/r/s/rssing.com.1596347.js" async> </script>