Quantcast
Channel: ZUZEU
Viewing all 19579 articles
Browse latest View live

Kantineren altxor preziatua

$
0
0
Kantineren altxor preziatua

Kantineren altxor preziatua

Bitxia da nola funtzionatzen duen oroimenak.

Donostiarra naiz eta 41 urte ditut. Hainbat urtez kanpoan izan eta gero, Donostialdean bizi naiz gaur egun berriro ere. Kalkulua oker egin ez badut, nire bizitzan sei aldiz parte hartu dut Donostiako danborradan. Haur danborradan, guztietan. Gaztaroak jaioterritik kanpo harrapatu ninduen, eta ordutik hona oraingoz ez dut lortu (saiakerarik ere ez dut egin, egia esan), helduen danborrada bateko kide izaten. Lehen Hezkuntzako (garai hartan, OHO) 1. mailatik 6.era bitartean atera nintzen Donostiako haur danborradan. 1. eta 2. mailan, kantinera gisa; 3.etik aurrera, barrila jotzen.

Azken egunotan, ezin jakin oso ondo zergatik —inguruan gure umeen lagunek haur danborradan parte hartu behar zutela-eta beste guraso batzuekin arropaz, prestaketez, ordutegiez, autobusez hizketan aritu naizelako, igual?—, azken egun hauetan, esaten nuenez, garai haietako oroitzapenak erabili ditut buruan bueltaka, aspaldiko partez. Eta gogamenean nonbait ezkutuan gordea nuen irudi bat berpiztu zait.

Kantineren altxor preziatua

Donostiarrak zaretenok jakingo duzue, eta ez zaretenok beharbada ez, kantinerek besotik zintzilik daramaten zumezko saskitxo horretan gailetak eta bestelako gozoak izaten dituztela gordeak; egiazko kantinerak, soldaduentzako jan-edanak zeramatzatenak, imitatu nahian, imajinatzen dut. Kontua da danborradaren ibilbidearen amaiera hurbil zenean, hura dena desmadratzen hasten zela. Eta desmadre horren barruan bazen jokamolde bat urte luzez ahaztua izan dudana. Hotzak eta nekeak eta goseak jotako danborrariek kantinerak xaxatu, eta haien saskitxoetatik gozokiak hartzen saiatzen ziren. Ez dut esango bortxazko ekintzarik gogoratzen dudanik (ez tirakadarik, edo bultzarik, ezta kolperik ere), baina bai behintzat herstura eta larritasun sentipen handi samarra. Ibilbidea amaitu eta ilarak hausten zirenean, danborrariek kantinerak inguratu eta gaur egun argi eta garbi jazarpentzat joko genukeen portaera batez saskitxoetako gozoak bereganatzen saiatzen ziren. Guk ere, kantinerok, ondo ikasia genuen gure rola, eta duintasun osoz saiatzen ginen gure altxorra zaintzen. Jolas halako bat zen, ez dadila inor eskandalizatu. Baina haserre plantak izaten hasten zirenak egiazko haserrealdiak bihurtzen zitzaizkidan niri; eta amorru eta ezintasun plantak, egiazko amorru eta ezintasun. Ez dakit gure eskolako ohitura bakarrik ote zen hura, edo are gure kintoen garaian bakarrik modan jarritako jokabide bat, edo, aitzitik, fenomeno orokorra zen.

Edonola ere, zer dela eta jokabide hori? Bistan da, esango du baten batek: danborrari horiek hotzak eta nekeak eta goseak jota zeudelako, asetu nahian ari ziren. Ados. Eta autokontrola, zer? Umeak dira, zer autokontrol, baina? Bale. Kontua da haur horiek errealitate historiko bat iturri duen tradizio bat ari zirela errepikatzen. Tradizio horretan, rol-banaketa argia zen: soldaduak (gizonak), oldartu; kantinerak (neskak), zaintzen eta babesten saiatu. Eta haur horiek rol-banaketa hori bereganatzen eta iraunarazten ari ziren, oharkabean baina ezinbestean. Argitu nahi nuke, badaezpada, ez dudala gogoan hurrengo lau urteetan ni neu (kantinera ez baizik eta barrila jotzen atera nintzenean) inori gozokirik lapurtzen saiatu nintzenik. Edo nire oroimen selektiboaren autodefentsa-mekanismo bat da, edo neskok ez genuen horrelako jokaerarik agertzen danborrari-rola hartzen genuenean.

Azken egun hauetan oroitzapen hauek berrazaleratu zaizkidanean, emakume helduaren betaurrekoekin begiratu diedalarik, harritu egin naiz, eta gogoetarako bide eman dit oroitzapenak. Harritu nau ikusteak zein txikitatik genituen barneratuak rol-banaketak eta genero bakoitzetik espero izatekoak diren portaerak. Sei-zazpi urte besterik ez genuen, eta hala ere zeinen ondo genekien soldadua (subjektu aktibo, indartsu, ekimenez betea) oldartu egin behar zela altxorraren bila, eta kantinerak (subjektu pasibo, ahul, duintasun zaurgarriz betea) ez ziola utzi behar eta altxor preziatua zaintzen saiatu behar zuela. Nola da posible hain azkar eta hain goiz geure eginak izatea portaera horiek, egiazko soldaduen eta egiazko kantineren arteko harremana hain ondo irudikatzera eramaten gintuztenak?

Ez dakit nola dauden gauzak 2017. urte honetan. Atzo ez nintzen haurren danborrada ikustera joan. Poztuko nintzateke iraganeko kontua balitz. Eta hala ez bada, esperantza dut izango direla irakasle, begirale eta gurasoen artean jokabide horretan seinale bat hautematen dutenak, eta jakingo dutela egoera aprobetxatzen ikasgeletan gogoeta eragiteko.

Kantineren altxor preziatua Kantineren altxor preziatua Kantineren altxor preziatua

Kantineren altxor preziatua bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.


2017ko hirugarren astea (Txiorik Onenak)

$
0
0
2017ko hirugarren astea (Txiorik Onenak)

2017ko hirugarren astea (Txiorik Onenak)

San Sebastian eguna igaro eta sagardotegi denboraldia hasi dugun honetan, 2017ko hirugarren txioekin gatoz, ohi legez zazpiko sorta hautatuta.

2017ko hirugarren astea (Txiorik Onenak)Asteon, euskara sustapenak eta ilbeltza, poliziak eta baztertuak, (Trumpen) danborrada eta erasoak ditugu hizpide, baita gizonak ere.

Joan den astean, lehia bizia izan dute @theklaneh eta @hatxenek, eta azkenik lehenengoak lortu du garaipena (abantailarekin jokatzen zuen, Gasco baitzuen mintzagai), photo finish-ean.

.

Zein begitantzen zaizu asteko txiorik onena?

.

.

Pasa den asteko txiorik onena:

Txiorik Onena

2017ko hirugarren astea (Txiorik Onenak) bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Otsoa artzain

$
0
0

Hedabideok “Kakux” aferari bueltaka ari ginen bitartean, aste honetan, otoitzek gora egin dute Gipuzkoan. Entzun dituzu albisteak, irakurri kritikak eta aburu zorrotzak. Eta dirudienez, fededun bat baino gehiago minduta sentitu da, gaiak “gehiegizko atentzio mediatikoa” jaso duela iritzita. Hain zuzen ere, elizako murrutzarren barrualdera giltzapetuta egon diren kontu ilunok lehen aldiz argitaratu direnean. Mendizabal zakurretara bota zutela idatzi nuen aurreko asteburuan, eta aldeko zein kontrako iritziak hazi zaizkit inguruan, perretxikoak nola. Eta hasieran kontuak gehiagorako ematen ez zuela pentsatu banuen ere, ezin izan dut gaia gogotik atera. Barkatuko didazue.

Galdera eta zalantza gehiago sortu zaizkit. Munilla artzapezpikuari gustu handiz botako nizkiokeen galderak. Zurekin parterkatuko nahiko nituzkeenak. Ez bailitzateke sobera jakitea Donostiako Elizabarrutiak zergatik ezkutatu zuen “Kakux”-en kasua. Zergatik izan zen konplize. Zergatik ez zuten eraman epaitegietara lehenago. Eta zergatik supituki bai. Zergatik ari zen “Kakux” ohiko bizimodua egiten. Eta zergatik sartu duten derrepente monastegi batean. Galdetuko nioke Munillari ea zenbat kasu gehiago ezkutatu dituen elizak Euskal Herrian. Zenbat “Kakux” ote dauden hor zehar… Ea zenbat kasu ezagutzen dituen. Oraingoak, zein, iraganekoak.

Zer nahi duzu esatea, azkenean, ondorioa bat eta bakarra da: ez dakigula ezer, Munillak esan diguna baino. Elizak kontatu diguna sinestu behar dugula, fededun onenak bezala. Aitaren, semearen eta espiritu santuaren izenean, amen. Zeren, ez gaitezen erratu, Mendizabal erruduna den ala ez, Mendizabalek egindakoak “ukitze lizunak” ziren ala zerbait okerragoa izan zen erabakitzea ez dagokio Munillari, ezta Donostiako Elizbarrutiari ere. Justiziari baizik.

Zakurretara bota dutela pentsatzen jarraitzen dut oraindik ere. Konbentzituta nago zakurretara jaurti dutela, beste erremediorik ez zutelako. Hori zutela irteera bakarra, publiko egitera zihoalako. Eta behin botatzen hasita, probestu dutela esateko Mendizabal dela Elizaren gaitza, elizaren tumorea, jadanik erauzi duten kasu isolatua. Probestu dutela Munillaren gardentasun eta zintzotasuna azpimarratzeko. Galderek airean segi dezaten eta Eliza ahalguztidunak ukiezin izaten jarrai dezan.

 

Otsoa artzain bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

SEO euskaraz .eus domeinuetarako

$
0
0

SEO euskaraz

Marta Goikoleak idatzi hau plazaratu zuen Sarean.eus atarian.


Eta zuk, zer bilatzen duzu euskaraz?

SEO euskarazBai, 2017. urtea indarrez eta erabakitasunez hasi dugu, gero eta argiago ikusten dugu etorkizuna.

Hilabeteak daramagu galdera hori egiten eta helburu argi bati begira lan egiten: .eus domeinuarekin diseinatu eta garatutako webguneak optimizatzea.

.eus domeinua duten webguneetan erabiltzaileek egiten dituzten bidalketei eta webgune horietan agertzen diren edukiei dagozkien kontzeptuak direla-eta izan dugun esperientziaren eta egin ditugun aurkikuntzen (“serendipia” “serendipiaren” ondotik) berri emango dizuegu.

Bilaketak? Erabiltzaileak? Edukiak?… SEO !!

SEO euskaraz

SEO. Search Engine Optimization

“Posizionamendua bilatzaileetan”, “bilaketa eragileen optimizazioa” edo “webguneen optimizazioa” ere deitua.

Esanahia

Zure “web” (1) proiektuei aplikatutako ekintza teknikoa eta aholkularitzakoa, lehiakideen aurrean zure ikusgarritasuna hobetzeko aukera ematen duena, hain zuzen ere erabiltzaileek kontsulta bat egiten dutenean, “bilaketa” izenez ere deitua oro har.

(1)    Web garapenak: web, web orrialdeak, web errespontsiboak, mugikorrerako aplikazioak, landing pages-ak, newsletter-ak, posta elektronikoa (email), merkataritza eletronikoa (shop online), bloga, app plataforma, etab…

“SEOrekin webaren ezarpen zuzena lortzeko, hasierako kontsulta eta analisia izango da zure web garapenean landu beharko duzun gaietako bat, hasieratik bertatik.  #1. araua.”

Bilaketa eragileak edo bilatzaileak

2016. urtean argi eta gabi ikusi genuen nola iritsi eta gelditu ziren Interneten bilaketak egiteko formula berriak.

  • Web bilaketak: Google, Bing (MS) eta Yahoo liderrak dira web bilaketa metodoetan, ikusirik nolako naturaltasunez erabiltzen dituzten erabiltzaileek Interneten bilaketak egiteko.
  • Web nabigatzailea: Chrome, Internet Explorer (MS: labur/Microsoft-Euskaraz), Firefox PCrako, eta Mozilla eta Android, smartphone eta tableterako.
  • Web kokaguneen bilaketak. Web mapak.
  • Bilaketak Gizarte Sareetan.
  • Bilaketak “On Page”.

2017an argi eta garbi zentratuko gara Erabiltzailearengan eta “multiformatua” (“Universal Search”) Bilaketetan gainera eta dominio.eus-ari buruz oso lehiatzeko abantaila interesgarria gertatzen dira.

Google Chrome. Komiki bat ikus dezagun

#GomendatutakoIrakurgaiak

Chrome Google. Komiki bat ikus dezagun. https://labur.eus/Google-Chrome-Comic.

Hitz egin dezagun SEOri buruz

Bai, “SEOri buruz hitz egingo dugu”, baina modu natural, logiko eta praktikoan, intzulingururik gabe.

Naturala eta logikoa

Zer egin behar dugun ulertzeko, zertarako egiten dugun ulertzea gustatzen zaigulako.

Eta horixe, horixe da SEO, ez baduzu argi “zertarako” hori, ez ezazu denborarik galdu…

Praktikoa

Eremu digitalean nagusi den jarrerak etengabe mugitzen egon behar duenez, SEO garapenari buruz jarduten dugunean erabiltzen dugun aditz denbora gerundioa da.

Lortutako emaitzak aztertu ondoren ondorioetara iristeko aukera eman diguten ekintzei buruz jarduten dugunean, lehenaldia.

Orainaldia, etenik gabe edo modu iraunkorrean behatzen eta kudeatzen egotera behartzen gaituelako.

Eta, azkenik, etorkizunari begirakoa, etorkizuneko ekintzak proiektatzeko aukera ematen duelako, “kristalezko bola” baten modura.

Horretaz guztiaz arduratzen da SEO.

Esperientzia, Analisia eta Ondorioak

Gure esperientziaren berri emango dizuegu, eta garrantzizko analisien bitartez lortutako ondorioak partekatuko ditugu.

Kontzeptuak erronka edo joko moduan azaltzen saiatuko gara, eta, zenbaitetan, arauei buruz jardungo dugu. Errespetuz, baina alerta argiak sortzeko asmoarekin, zer ikasi asko dago-eta.

Gure lehenengo SEO aholkuak:

Aztertu eta identifikatu zure ahultasunak, zure mehatxuak, zure indarguneak eta aukerak. Horiek guztiak behar dituzu hobetzeko eta, orobat, etorkizunean emaitza hobeak lortzeko aukera ematen dituzten ekimenak errepikatzeko.

Aztertu eta Ikertu zer alderdik zehazten dituen eremu digitalean dituzun helburuak, baina “ez zaitez korapilatu”, garrantzizko premisa da zure SEO ekintza plana osatzeko.

Ez ahaztu: “saiatu ondo pasatzen”, funtsezkoa da SEOn.

“Ez badugu ondo pasatzen, ez baduzu ondo pasatzen, SEOk ez du funtzionatzen… #2. araua.”

SEO, Marketina eta Komunikazioa

Eremu digitala edo Internet, oro har “online” izenez deitua.

Eremu digitaleko Marketina garrantzizko lanbide jarduna da, hainbat eta hainbat urtez enpresetan eta proiektuetan erabiltzen den Marketin tradizionala bezain garrantzizkoa.

Internetek eskaintzen dituen Komunikazio Bideak ezagutzea eta zure helburu diren erabiltzaileak identifikatzea, funtsezko alderdiak dira nor zaren eta zer egiten duzun adierazteko.

Laburbilduz, Marketinak zein Komunikazioak amaierarik gabeko mugak iristen dituzte eremu Digitalean, erabiltzen diren baliabideetan oinarrituta: tokiko edo barneko sareetan zein sareen sare handian, Internetek duen irismenari esker, izugarria da baliabide mugatuekin egin litezkeen ekimen berrien bolumena.

Berrikuntzak 2017an

2017. urtean, mundu digitalaren aurrerakuntzekin jarraituko dugu. Ohituta gaude web proiektuen alorrean egiten diren garapenen eremu teknikoan zein eremu estrategiko edo kontzeptualean sortzen diren azken joerei adi-adi egoten.

2017. Berrikuntzak Web garapenetan

Web diseinuen eremuan sortzen diren berrikuntzak eta web aplikazioen eta mugikorrerako aplikazioen garapenean sortzen diren tresna berriak mugagabeak dira, mundu digitalean dauden eragile eta zeregin ugariak kontuan hartuta.

Izaera globala azpimarratzen dugu, adierazle argia baita web garapenaren eremuan. “Web” edo “webgune” deiturikoen alorrean parte hartzen duten profesionalen arteko topaketak, foruak eta lankidetzak gero eta ugariagoak dira.

Webgune baten edo mugikorrerako aplikazio baten itxura funtsezko alderdia da Interneteko proiektu baten eraikuntzan, inolako zalantzarik gabe.

Arrazoiak oinarrizkoak dira, izan ere, Internet telebista edo zinema bezain komunikabide bisuala da, ahaztu gabe zer garrantzi duen marketin eta komunikazio ekintzak eraginkorrak izan daitezen.

Ziur gaude SEO etenik gabe eta modu partikularrean aztertzen den gai bat dela, horren aplikazioa oso teknikoa baita. Horrela behar du, erabiltzaileak erabiltzen duen gailuak mugatzen baitu web diseinu bisuala. Geroago ikusiko dugunez, Erabiltzaileek Interneten duten jokabidea zehatz mehatz aztertzean, erabiltzen dituzten gailuek (ordenagailua, tableta edo smartphonea) modu naturalean identifikatzen dituzte erabiltzaileek zer jokabide eta premia dituzten. Eta alderdi horiek lantzen dira, hain zuzen ere, SEOn.

SEO eta Web Diseinua/Garapena

SEOri buruz ari garenean, modu bateratuan dihardugu.

Era horretara, nola diseinuaz hala funtzionatzen duten gauzen sorrerari buruz jarduten dugu. Eta Web Garapenari buruz jarduten dugunean, online ingurunean Presentzia eta Ikusgarritasuna ematen diguten osagaiei eta Interneten dauden osagai multzoari buruz jarduten dugu.

SEO eta Estrategia Digitala

2017an Estrategia Digitalari buruz jardungo dugu, behin eta berriro. Baina modu naturalean jardungo dugu.

SEO estrategian oinarritzen da, zure helburuetan, webean erabiliko dituzun edukien informazio-egituran…

SEO eta ordena

SEO egitea interesatzen zaigu; izan ere, gure estrategia digitalean erabilgarria izateaz gainera, ordena jartzera behartzen gaitu.

Baina horri buruz eta beste hainbat gauzari buruz hitz egiten jarraituko dugu.

Gero arte.

SEO euskaraz  SEO euskaraz  SEO euskaraz  SEO euskaraz SEO euskaraz  SEO euskaraz  SEO euskaraz  SEO euskaraz

SEO euskaraz .eus domeinuetarako bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Txirrindularitza podiumetako azafatak (inkesta)

$
0
0
Txirrindularitza podiumetako azafatak (inkesta)
Txirrindularitza podiumetako azafatak (inkesta)
.
Urrezko Danborrarekin aurten (ere) izandako aferaren harira, zuk nor sarituko zenukeen galdetu genizun joan den astean, irakurle. Eta bizi dugun jendartearen ispilu, ez agintari ez artista, kirolariak izan dire gure bikotekako zerrendan bozkatuenak; Richard Oribe eta Maialen Chorraut.
.
Galdetegi berri batekin gatoz orain.
.
Txirrindularitza podiumetako azafatak (inkesta)
Muak eta muak Mikel Landari, Trentinoko podiumean.
.
“Azafatak podiumetan, ohitura ala sexismoa”, irakurri dugu Marca espainiar kirol egunkariko lerroburu batean, bi gauzak batera izaterik ez balego legez, alegia, ohitura sexista.

Australiako Down Under Tour birari erreparatzen zion notiziak, aurten lehen aldiz ez baitituzte emakume (ederrak) jarri txirrindulariei, garaikurrarekin batera, podiumean musu parea emateko. Erabakiak eztabaida piztu du, ohiturak orain arte bezala uztearen edo `garai berrietara´ egokitzearen aldekoen artean.

Gurera ere heldu da afera, eta azafatei buruz iritzia ematen lehenetarikoa izan da Mikel Landa txirrindulari arabarra:  “Soberan daude. Objetua gisa erabiliak dira [emakumeak], gutxietsiak”, adierazi dio Kirolexpres hedabideari (bertatik hartu dugu argazkia).

Alta, txirrindularitza munduan denak ez datoz bat Landarekin; bira handietako arduradunen esanetan, datorren denboraldira begira, ez omen dago australiar ereduari jarraitu eta aldaketarik egiteko asmorik. Gauzak horrela, Euskal Herriko txirrindularitza zale asko dira, aldaketa horiek gauza daitezen, presioa egiten hasteko unea dela iritzi diotenak.

.

Zure ustez, txirrindularitzako podiumetan:

  • Neska lirainek musuak ematen jarraitu beharko lukete, orain arte bezala.
  • Nahikoa da azafaten artean neskak eta mutilak jartzearekin.
  • Podiumetan, txirrindulariak baino ez, soberan daude beste guztiak.
  • Agintarien ardura da sariak banatzea, izugarri maite duten lana.
  • Tokian tokiko txirrindulari elkarteetako gaztetxoek ilusioz banatuko lituzkete sariak.

.

Txirrindularitza podiumetako azafatak

Txirrindularitza podiumetako azafatak (inkesta) bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

MATXISMOAREN ITZALPEAN DANTZAN

$
0
0

Larunbata da eta gauerako planetan pentsatzen ari zara. Zer jantziko duzun pentsatu bitartean dutxan sartzen zara, armairuan dituzun soinekoen zerrenda eginez. Txorrota ireki eta milaka pentsamenduk erasotzen zaituzte: Zer jantzi? Norekin dantzatu?  Ligatzera joan edo lagunekin atera?  Dutxatik atera, orraztu eta sakon arnasa hartu ondoren jantzi egiten zara, ipurdi izugarria egiten dizun soineko beltzak zure gorputza besarkatuz. Ispiluan azken begirada eman eta bai ezpainetakoa bai arropa perfektu dagoela ziurtatuta etxetik ateratzen zara, takoiei zure hankez errukitzeko erregutuz. Giro onena duen tabernara jotzen duzu lagunekin, barruko musika kaletik entzuten den taberna ilunera. Reggaetoia da gaueko protagonista eta zu dantzan hasten zara, abestiaren letran eta inguruko begirada lizunetan erreparatu gabe… Behin dantzan denbora bat pasata ohartzen zara matxismoaren itzalpean dantza egin duzula, emakumeak gutxiesten dituen letra abesten daramazula ordu-erdi.

Ironikoa da gure garuna. Seguru nago lehenengoa izango zarela indarkeria matxista kasu bat salatzen eta hurrengo egunean manifestaziora joaten, erasotutako emakumearen eta beste milaka emakumeren alde borrokan. Baina gaur gauean zure garuna ez da ohartu zer abesten ari zaren. Ez da ohartu zure aldakek hain gustuko zuten abestiak emakumea objektu gisa erabili duela, emakumea gutxietsi duela, emakumea jo duela. Ez zara ohartu letrak egunerokoan bi aldiz pentsatu gabe zigortuko zenukeen jarrera miresten duela.

Gure gizartea asko aldatu dela inork ez du zalantzan jartzen baina, onerako izan da? Argi dago genero berdintasuna lortzeko borrokak bere fruituak eman dituela, baina gero berri latzak entzuten ditugu noiznahi. 2016n 57 emakume izan dira bere bikotekideen eskuetan hilak. 2003. urtetik 800 emakume baina gehiago erahil dituzte. Gazteak geroz eta feministagoak omen gara, baina gero Reggaetoia bezalako musika generoei ospea ematen diegu, gelditu gabe dantzatuz, etengabe letrak errepikatuz. Eta guk, ohartu gabe agian, letra horien sortzaile matxistak idolotzat jotzen ditugu. Talent show-etan geroz eta ohikogoagoa da halakoak ikustea, eta badirudi musika den aitzakiarekin inor ez dela ohartzen bere letrek ezkutatzen dutenaz.

Emakumea zapaltzen duten letrak, gizarte atzeratu eta matxista batean bizi garela erakusten diguten letrak, geroz eta abesti gehiagotan entzun eta geroz eta gehiagotan abesten ditugunak, zer esaten duten pentsatu gabe. Askotan ez dugu bi aldiz pentsatzen politiko batek hitz misogino eta matxistak esatean hartaz kexatzean. Ez dugu arazorik komentario sexistez ohartzek
o. Orduan, zergatik da desberdina Reggaetoiaren kasua? Zergatik ezin dugu salatu eta galarazi, goraipatu eta saritu beharrean?

Adibide bat jarriko dugu, hala hobeto ulertuko gaituzuelakoan: Donald Trump-ek, bere twitter kontuan hauxe bera idatzi zuen duela urte pare bat: “De 6.000 acosos sexuales no reportados en las fuerzas armadas, sólo 238 han sido sancionados. ¿Qué otra cosa esperaban, si mezclaron a los hombres con las mujeres, genios?” Argi dugu denok Trump-en politika emakumeen aurkakoa dela, baina adibidez, Blurred Lines abeslaria zenbatetan jarri dugu zalantzan? Ba hau da bere abestietako baten letra liluragarria: Sé que lo quieres, eres la zorra más sexy. Pero eres una buena chica, la forma en la que me agarras, debes querer ponerte indecente.  Mueve tu trasero, abajo, arriba, hazlo como si doliera, como si doliera, qué, ¿no te gusta trabajar?

Eta zein da honen konponbidea? Gustatuko litzaiguke konponbide erraz bat izatea eta zuei orri honetan azaltzea, baina ez da hala, ia taberna guztietan musika mota hau ipintzeak arazoa zailtzen baitu.  Baina taberna batzuetan beste batzuetan baina gehiagotan jartzen da. Alde horretatik begiratuta, gure esku dago Reggaetoia besterik jartzen ez duten tabernak ekiditea eta beste alternatiba batzuk aukeratzea, moda itxu eta matxista honi amaiera emate aldera. 

Alaitz eta Jon

MATXISMOAREN ITZALPEAN DANTZAN bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Obama gurean, laburpen bat

$
0
0

Obama gurean, laburpen bat

Barack Hussein Obama AEBtako 44. presidentea izan da, bi agintalditan, 2009tik 2017ra arte, herenegun Donald Trumpek kargu hartzea gauzatu eta alboratu zuen arte.

Obama gurean, laburpen bat

Munduko agintaririk boteretsuenetako gisa, gizonak presentzia nabarmena izan du mundu guztiko hedabideetan, baita Euskal Herrikoetan ere. ZUZEUn, esaterako, hogeiren bat aldiz izan da lerrobururen batean protagonista Obama, bakarren bat presidente izendatu aurretik. Eta zeharka, beste hainbat eta hainbatetan ere agertu da.

Zerrendatu eta gogora ekarriko ditugu batzuk, bere agintaldiak gurean eman duenaren laburpen gisara. Agur, Obama, agur:

Barack Obama Hussein

Obamaren 100 egunak, argazki ikusgarritan

Obamaren kanpaina mintzagai Kursaalean, Ekainaren 2an

Erlazioak dira Obamaren kanpainaren arrakastaren oinarri

Obamaren hitzaldia Al Cairon

Barack Obama neoliberalismoaren txotxongilo

Obamaren arazoen artean gaude

Kubako blokeoa Obamarekin, Bush eta Clintonekin bezala

Obamari mania

Obama bai ala ez?

Obama: publizitatearen asmazio bat?

Internauten elkarrizketa Obamari

Obama, Bushen ahoberokeriak jazarria

Obamak galdu, marihuanaren kontsumoa legeztatzearen aldekoek ere bai

«Barack ‘Nobel sari batengatik hilko nuke’ Obama»

Obamak ere badaki zer den lotsagorritzea

Obamak ere badaki zer den lotsagorritzea (II)

Hackerrak Fox Newsen Twitterrean sartu dira eta Obamaren hilketaren albiste faltsua zabaldu dute

Eta Barack Obama elkarrizketatuko bazenu?

Zer dute elkarrekin Iñigo Urkulluk eta Barack Obamak?

Bakearen Nobel saridun Barack Obamak 17.000 lehergailu saldu dizkio Israeli, Gazako erasoan erabilitakoak ordezkatzeko

Zer dio Obamak Eskoziako erreferendumaz?

Zer entzuten du Barack Obamak?

Obama, mutil onaren irudia

Obama gurean

Obama gurean, laburpen bat bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Berdintasunezko bizimodua

$
0
0
Berdintasunezko bizimodua

Berdintasunezko bizimodua

Berdintasunezko bizimoduaGaur egungo gizartean maila oso desberdinetako bizimodu motak daude. Alde batetik, diru asko duten pertsonak, bestetik bizitzeko behar dituzten beharrak asetzeko nahiko diru dutenak eta azkenik, bizimodu oso txarrean bizi direnak, adibidez, Siriako, Afrikako edo herrialde azpigaratuetako biztanleak.

Herrialde azpigaratu horietako biztanleak bi taldetan bana ditzakegu: errefuxiatuak eta gainerako biztanle dominatzaileak. Errefuxiatu gehienak emakumezkoak eta haien seme-alabak dira. Emakumeek eta seme-alabek haien herrietatik alde egiteko beharra dute, gudak daudelako edo haien etxeak inbaditu dituztelako. Horretaz aparte emakume gehienak bortxatu edota haietaz aprobetxatu egiten dira ezertarako balio ez dutela esaten dutelako. Baina emakume eta haur batzuk gauza guzti horiek jasan arren aurrera egiteko indarra ateratzen dute eta Europako herrialdeetara etortzen saiatzen dira bizimodu hobea izateko edo hori lortzen saiatzeko. Honako bidean oztopo asko aurkitzen dituzte. Eta asko kostata haietariko oso gutxi hona heltzen dira eta haiek behar duten bizimodua lortzen dute.

Chinan, gehien baztertzen dituzten pertsonak gehienetan neskak izaten dira. Kalean ezer barik uzten dituzte edozeinen esku. Batzuetan neska edo ume horiek umezurztegia batena hartzen dituzte baina han oso baldintza txarretan bizi dira.
Umezurztegia horietan manta askorekin tapatzen zituzten eta bero handia zegoenez ume asko eta asko beroagatik hil egiten ziren edota gaixotasunez ere. Hango langileak ez ziren konturatzen hil egiten zirela eta han gelditzen ziren.

Nire ustez, pertsona guztiek, bai gizonek bai emakumeek eskubide berdinak izan beharko genituzke. Errefuxiatuei laguntza eman beharko genieke hemengo bizitzara hobeto egokitu daitezen. Haien herrietatik alde egiten badute arrazoiak izango dituztelako.

Berdintasunezko bizimodua

Berdintasunezko bizimodua bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.


Emakumeak erresistentziaren buru

$
0
0
Emakumeak erresistentziaren buru

Emakumeak erresistentziaren buru

Donald Trumpek AEBetako presidente izendatzea gauzatu eta biharamunean milaka emakumek aurre egin dio Washinghton hiriko kaleak hartuta. Joxe Aranzabalek adi jarraitu du ekimena, eta Women March elkarretaratzeari buruz idatzi du Faroan.

Emakumeak erresistentziaren buruDemagogoak uste zuen arrosa-bidea izango zuela, berak nahi zuena —eta nahi zuen eran— egiteko. Baina hark nazkagarri deituriko emakume haietako mordoak (Trumpek nasty woman deitu zion Hillary Clintoni telebistako debate batean, emakume nazkagarria), iraina bere egin zuten emakumeek koalizio ezinago zabala antolatu, eta behar bezalako erantzuna eman zioten atzo Washingtonen, AEBetan oro har, eta munduan zehar.

Bezperan ez nion kasu handirik egin Trumpen kargu-hartzeari, harekiko guztiak atzera eragiten dit-eta. Atzo, berriz, lau ordu eta piku egin nituen telebistaren aurrean (ABC kateak zuzenean eman zuen emakumeen agerraldi erraldoiaren berri, Youtube bidez), begiak zabal-zabalik, eta ekitaldi historiko bat ikusten ari nintzeneko uste osoarekin.

Hantxe ikusi nituen, koalizio ikusgarri batean, aspaldiko feminista ezagunak —Gloria Steinem eta Angela Davis, kasurako—, feminista gazte ezezagun mordoa, beren komunitatearekin proiektu zehatzetan konprometitutako emakume andana, abortuaren aldeko militanteak, jende oso ezaguna —Michael Moore dokumentalgilea eta Scarlette Johansson aktorea—, abeslariak —Madonna, etab.— eta sekulako jendetza behean.

Denetariko mezuak entzun ziren: egoera salatzen zutenak, irtenbide inklusiboak proposatzen zituztenak, demagogoari aurre eta iseka egiten ziotenak, eta ekintzara deitzen zutenak, tokian tokiko komunitatean eta kargu publikoetan: udala, konterria, estatua, kongresua, senatua…

Demagogoaren kontrako erresistentzia ez da fio AEBetako alderdi demokrataz, eta horregatik antolatu du mugimendu hau, alderdi demokrata baino askoz harago doana. Eta, guztiaren buru, emakumeak. Bere egin dituzte baztertuen eskariak (emakumeak, beltzak, migratzaileak, hispanoak, LGBT mugimendua, gerrako biktimak…), eta forma eman diote mugimendu global baten ernamuinari, elkarbizitza eta maitasuna oinarri.

Washingtongo agerraldiak oihartzuna izan zuen munduan zehar, zenbait salbuespenekin: Errusia, Txina eta Euskal Herria, besteak beste. Errusiakoa eta Txinakoa uler dezaket, hango sistema itxiengatik. Baina Euskal Herrikoa ez da hain ondo konprenitzen, ez bada horretan ere Espainiari eta Frantziari begira gaudela. Baina hemen ere, orain arte pairatu dugun zapalkuntzaz gain, laster jasoko dugu demagogo haren pareko beste demagogo batzuen erasoa (Aznar, Mayor Oreja, San Gil, Le Pen…).

Non daude gure feministak desafio globalari aurre egiteko? Guk ere baditugu geure aldarriak atzo entzun zirenekin batera defendatzeko (genero indarkeria, oinarrizko gizarte-zerbitzuen gainbehera, pobrezia, azken gatazkako biktima guztiaen erreparazioa, euskal presoen egoera bidegabea, memoria historikoa, euskara…). Hainbat izen etorri zitzaizkidan gogora: Danele Sarriugarte, Lorea Agirre, Mari Luz Esteban, Idurre Eskisabel, Ana Malagon, Eider Rodriguez, Irene Arrarats, Ana I. Morales, Amelia Barquin, Onintza Enbeita, etab., etab. Non zaudete, neskak, zein larretan? Barkatu zuekin gogoratu izana, baina nik hor ikusten zaituztet, borroka horren buruan.

Ala oker nabil eta hau guztiau nire haluzinazio bat baino ez da, lau ordu telebistaren aurrean egin izanak eragindakoa? Horrela bada, barkatu gaizki esanak. Eta ez bada, eman pausu bat aurrera, ez zaizue-eta faltako bidelagunik.

Emakumeak erresistentziaren buru Emakumeak erresistentziaren buru Emakumeak erresistentziaren buru

Emakumeak erresistentziaren buru bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

[Maltzaga II] Maltzaga hil da, gora Maltzaga!

$
0
0

Maltzaga hil da, gora Maltzaga!

Maltzaga hil da, gora Maltzaga!“Estatutua hil da” esan genuen Gernikan 1997an. Estatutuaren kontra geunden? Ez. Estatutuak tresna baliagarria izateari utzi zion? Ez. Orduan, zergatik esan genuen hilda zegoela? Espainiako estatuak erabaki zuelako, aldebakartasunez, estatutua ez zela beteko, ez bizitza honetan, ez eta hurrengoan ere. Guk aldebiko prozesu bat nahi genuen, eta nahi dugu, baina Madrilek ez.

20 urte joan dira inflexio puntu bat izan zen ekitaldi hartatik; ez alferrik. Estatuak orduan esan genuena berretsi besterik ez du egin; EAEn gehiengo osoz onartu zen estatutu berriaren proposamena baztertuz, Kataluniako legebiltzarrean ia aho batez onartu zen estatutu berria mesprezatuz, EAEn zein Nafarroan gehiengoz onartzen diren legeak aldebakartasunez balio gabe utziz… Ez dugu ikusten Espainian Euskal Herriko, zein Kataluniako, auzia modu demokratikoan eta aldebikotasunez konpontzeko aukerarik, guk hala nahi izanda ere: indar-harreman kontua da.

Euskal Herrian prozesu demokratikoa martxan jarri nahi badugu, indar metaketa prozesu bat abiatu beharko dugu; prozesu mobilizatzaile bat, helburu zehatz eta partekatuekin, zeinaren bidez iritsi behar dugun Estatua negoziatzera behartzera, eta ezezkoan tematzen bada, independentzia aldebakartasunez aldarrikatzera, Katalunia egiten ari den moduan.

Bide horretan, uste genuen, behin ETAk borroka armatua utzita, bi familia abertzale nagusiak gai izango zirela burujabetza prozesua abian jarriko zuen estrategia minimo bat adosteko. Ez zen horrela izan, eta denbora gelditu egin da.

EAJk, egun, ez du halako prozesu bat abian jartzeko asmorik, gogorik. Bere aurpegi soberanista lozorroan gordeta, hauteskunde emaitza bikainak lortu ditu; kaleetan ez du jendetzarik topatzen burujabetza prozesua aldarrikatuz; eta Kataluniara begiratzen duenean, bere alderdi anaiaren gainbehera ikusita, “abentura soberanistetan” sartzeko tentazio oro uxatzen zaio.

EH-Bildu saiatzen da, bai; ez da eskaintza faltagatik izango: akordio proposamen bat hemen, beste akordio proposamen bat han, EAJ erakarri nahian, bere zenbait helbururi uko egiteko prestutasuna erakutsiz, akordioren batean esplizituki uko eginez, balizko burujabetza prozesu bat martxan jartzeko esperantzarekin, Maltzaga abiapuntu bakarra bailitzan. Eta halaxe gaude, geldirik, Maltzagako geltokian, zain.

Maltzaga hil da, gora Maltzaga!Argi dago: Gernikako ekitalditik 20 urte beteko diren honetan, beste inflexio puntu bat behar dugu. Gernikan “Estatutua hil da” esan genuen; oraingoan “Maltzaga hil da” esan genezake. Maltzagaren kontra gaude? Ez. Maltzagak tresna baliagarria izateari utzi dio? Ez. Orduan, zergatik diogu hilda dagoela? EAJk azken hamarkadan argi utzi duelako ez duela burujabetza prozesu bat abiatzeko inolako asmorik. Estatutuaren heriotzatik Lizarra-Garazi etorri zen. Orain galdera da: Maltzaga ondoren, zer?

Azken hamarkadan agerian gelditu da geure bizitzan eragin kaltegarria duten erabakiak hartzen ari direla, gero eta urrunago, gero eta jende gutxiagok. Burujabetza egunez egun, urtez urte, galtzen gabiltza arlo guztietan, eta multinazionalen mesedetan desberdintasunak, prekarietatea, pobrezia eta sufrimendua zabaltzen ari dira. Inor gutxik jarriko du hau ezbaian.

Dena den, batzuk diote hau dela dagoena, ezin dela besterik egin, sakrifizioak ezinbestekoak direla, austeritate politikak zintzo-zintzo eta liskarrik gabe onartuta, gauzak bere onera itzuliko direla. Esan genezake gauzak diren bezela mantentzearen aldekoak direla hauek.

Beste batzuk, ordea, aldaketaren aldekoak gara. Diogu gauzak beste modu batera egin daitezkeela, geure bizitzetan burujabetza berreskuratu behar dugula, eta Europatik datozen erabaki politikoei entzungor eginez, guri komeni zaizkigun erabakiak hartzen joan gaitezkeela.

Eliteak kezkatuta daude azken aldian aldaketaren aldekoak gailentzen ari direlako. Populista ezizena jarri diete, eta zaku berean sartu dituzte Eskozia, Brexit, Le Pen, Podemos, Katalunia eta Trump, tranpa beraiek eginez. Aldaketa nahi dugunok burujabetza berreskuratzearen alde gaude, baina bi burujabetza mota daude:

  1. Izuan, autoritatean, seguritatean, arrazakerian, desberdintasunean, erresistentzian oinarritutako burujabetza kontserbadorea, atzera bueltatu nahi lukeena, ezer ez aldatzeko.
  2. Demokrazian, parte-hartzean, aniztasunean, parekidetasunean, iraunkortasunean, itxaropenean oinarritutako burujabetza sozial eraldatzailea, herri berria, bizitza berriak eraikitzeko.

Bizi ditugun garai interesgarri hauetan, arazoa politika neoliberala da (jarraitasuna aldarrikatzea arazoan sakontzea da). Aldaketa autoritarioa ez da soluzioa, arriskua baizik (bizitzaren kontrakoa; Le Pen, Trump…). Arazoarentzako irtenbidea eta eskuin muturraren arriskuarentzako antidotoa aldaketa demokratikoa da, burujabetza sozialean oinarritua. Hain justu, hau aldarrikatzen dugu gehiengo sindikalak, mugimendu feministak eta ekologistak, aniztasunaren eta errefuxiatuen aldeko mugimenduek, ekonomia sozial eraldatzaileak, inklusioaren eta giza eskubideen aldekoek, ezkerreko alderdi eta mugimendu politikoek…

Hortaz, “Maltzaga ondoren, zer?” galderari, hala erantzungo nioke nik: burujabetza sozial eraldatzailea aldebakartasunez eraikitzen joan, indarra metatzen joateko, aldaketa nahi dugun mugimendu sindikal, sozial eta politikoen artean bide-orria adostuta.

Martxan jarri. Korrontea sortu. Denborarekin, agian, korronte horrek indar nahikoa hartuko du, eta orduan, beharbada, Maltzaga berpiztu egingo da, Katalunian bezala. Nork daki, ez gara igarleak. Garrantzitsuena, orain, prest gaudenak abian jartzea da.

*Oharra: hurrengo testua Mario Zubiagaren eskutik. Zubiagak, besteak beste, Teoria Politiko Garaikidea irakasten du EHUn.

Maltzaga hil da, gora Maltzaga!

Zer demonio da Maltzaga? (Maltzaga I)

Maltzaga hil da, gora Maltzaga! Maltzaga hil da, gora Maltzaga! Maltzaga hil da, gora Maltzaga! 

[Maltzaga II] Maltzaga hil da, gora Maltzaga! bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Euskara batuaren oso zaleak al gara? (Imanol Azkoitiaren gutuna)

$
0
0
Euskara batuaren oso zaleak al gara? (Imanol Azkoitiaren gutuna)

Euskara batuaren oso zaleak al gara? (Imanol Azkoitiaren gutuna)

Dorian Grayren egiazko erretratua” azpeitiarrerara ekarri zuela-eta, joan den azaro bukaeran Imanol Azkoitia elkarrizketatu zuen Urola Kostako Hitzak. Bertan batuerari buruz esanek oihartzun handia izan zuten, eta guk geuk ere jaso genuen kontua, “Imanol Azkoitia eta analfabetismoaren apologia? izeneko sarreran.

Mindu samar, erantzuna eman du orain Azkoitiak, Urola Kostako Hitzara igorritako gutun baten bidez; hemen duzuen hauxe (egilearen argazkia Uztarriatik jaso dugu):

Euskara batuaren oso zaleak al gara?

Euskara batuaren oso zaleak al gara? (Imanol Azkoitiaren gutuna)Aspaldian hautsak harrotu ditu nik egindako lanak, eta, horren harira, Urola Kostako Hitzan egin nuen adierazpen batek: “Ez naiz euskara batuaren oso zalea”.

Esan beharra daukat ni euskara batuaren oso zale ez izateak ez duela esan nahi euskara batuaren aurka ezer daukadanik, ezta gutxiagorik ere, nahiz eta bere muturretik begi-kartolak kentzeko gai ez den norbaitek hori sinetsi.

Nik esandakoak irakurtzen dena besterik ez du esan nahi. Ez dut hitz egiten jeroglifikoak erabiliz, besteena baino euskara maila hobea dudala erakutsi nahian. Ez naiz mahaipeko mezuak erabiltzen dituena, zertarako? Garbi hitz eginez gero, buru-argi usteko motza ez denak ulertu ahal badu.

Euskara batua ezagutu aurretik nintzen euskalduna, gure gurasoak eta aiton-amonak bezalaxe.

Guk euskara batua gurtu behar dugula irizten dioten jainko-usteko literatoei esan nahi diet duela urte batzuk arte, auzoko beren “euskerie” aldarrikatzen zuten gazte (umeez eta zaharrez gain) harroengatik ez balitz, euskara baturik ez litzatekeela izango, eta, besteak beste, euskarari eta euskaldunoi esker irabazten dituzten urrezko dominak lortzeko, atxurrari eta palari heldu beharko lieketeela. Harroa izateko erarik negargarriena da esker txarrekoa izatea.

“Dorian Grayn erretratue” egiteko erabakia lagun batek hori bera egiteko eskatu zidalako hartu nuen. Sekula ez dut mesede perfekturik egin, baina beti saiatzen naiz eskatzen didanari ahalik eta ongien laguntzen. Liburu hau ere ez da perfektua, akats mordoa izango du, baina bisturirik gabe irakurtzen duenak gure herrietako egungo hizkera nahikoa ongi islatzen duela ikusiko du.

Nik egindako lana ez dago euskara batuan idatziko litzatekeen eran idatzita, nire idazkerak gure hizkerarekin bat etorri behar lukeela iritzi bainion. Horrexegatik, analfabetotzat jo nau bakardadez eginiko bere idazmahai herrenaren bueltan orbitatuaz bizi den tonto-harroren batek.

Ez naiz honetatik bizi, baina “euskerie” bizi dut eta “euskeraz” bizi naiz, beti egin dudan bezalaxe. Liburua argitara ateratzeko kostu ekonomikoak lagunak eta biok hartu ditugu geure gain, eta salgai dagoen lekuetan egitea kostatu den prezioan dago. Hala ere, guk ez daukagu irabazi ekonomikorik honekin, liburuak, salgai dauden lekuetan, dohaitzan utzi baititugu.

Hor duzue euskara batua, inork eskatu ez arren, beti besteon irakasle izatearekin nahikoa ez, eta “sarijasotzaile” zuzen askoak ere bazaretenok.

Barkatu, mesedez, akatsak, eta interesa azaldu duenari, nire eskerrik beroenak.

.

Imanol Azkoitia
Euskara batuaren oso zaleak al gara? (Imanol Azkoitiaren gutuna)

Euskara batuaren oso zaleak al gara? (Imanol Azkoitiaren gutuna) bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Alain, 3862€ hilabetean, medikua da Bidasoako Ospitalean

$
0
0

Alain, 3862€ hilabetean, medikua da Bidasoako Ospitalean

Alain donostiarra da eta 32 urte ditu. Medikua izaki, bizitza osoa liburutegiz liburutegi ikasten pasa du eta espezialitatea amaitu bezain laster, amatasun-baja bat ordezkatzen dihardu Bidasoako Ospitalean. Bikotekidea, kazetaria bera, langabezian dago. Elkarrekin Orion bizi dira errentan. Mediku soldatarekin beharrak ordaintzeaz gainera, zinera eta kontzertuetara joateko ere iristen zaie. Alainek bere kontuak zabaldu dizkio ZuZeuko diru zorroari.

Alain, 3862€ hilabetean, medikua da Bidasoako Ospitalean

Bai, ondo irakurri duzu, “Diru Zorroa” izeneko atala estrenatzera goaz ZuZeun. Atal honetan pertsona batek bere hilabeteko diru kontuak garden erakutsiko dizkigu. Kontu korrontea zabalduko digu, hilean zenbat irabazten duen, zer gastu dituen eta zenbat aurreztera iritsi daitekeen erakusteko. Sekzio berri hau hasteko gonbitea gogo onez hartu du Alain donostiarrak eta bere benetako izena eta aurpegia ezkutatzea jarri ditu baldintza bakar.

Bere burua zorteduntzat du Alainek, oso ondo ezagutzen baitu beste ofizio batzuk bizi duten egoera. “Neska lagunak eta biok askotan hitz egin dugu gaiaz. Bera ez da garai ederrak bizitzen ari”, aitortzen du. Alainek dio, ordea, espero duela bere bikotekideak berandu baino lehen lana topatzea.

Medikuak betirako ikasle dira donostiarraren arabera, eta horrek sekulako esfortzua dakar: “Ezin zara konformatu, mundua eboluzionatzen doa, gaixotasunak eta sendabideak ere bai, eta etenik gabe ikasten eta ezagutzak berritzen joan behar duzu”. Ikusmen arazoak izaten hasi zen MIR azterketa prestatzen ari zela. “Egin ez duenak ez daki zer den… begiak galdu ditut pantailari begira, apunteak irakurri eta irakurri”, dio Bidasoako medikuak. Baina denak du bere ordaina. Gainera, konfidantza du: amatasun baja hau bete ondoren, beste zerbait agertuko zaio.

Diru sarrera gordinak: 3862,03 euro hilabetean

Soldata: 3462,03 euro
“Medikuaren soldata oso ezberdina izan daiteke, aldagai askoren baitan”, azaldu digu Alainek. Bere espezialitatea ere ezkutuan gordetzea erabaki du, anonimotasuna bermatzeko. “Hilabetean bi guardia egiten ditut, bat asteburuan eta bestea astean zehar. Horrek, gutxi gora behera, 800 eurotan loditzen du nire hileko soldata”, zehaztu du. Baina donostiarraren arabera badira kide asko Osakidetzan guardiak egiten ez dituztenak, “ezin dutelako edo ez dutelako nahi” eta horren ordez sektore pribatuan lanak eginda lortzen dute soldataz gaineko gehigarria.

Goizeko 9:00etatik arratseko 15:00etara bitarteko ordutegia du, baina 8:00etarako lanean egon ohi da, tokatzen zaizkion pazienteak errepasatzeko. Guardiak 24 ordukoak izaten dira: “Gogorrak, baina goardia bakoitzeko egun bat libre ematen dizute. Merezi duela uste dut”.


Farmazeutikekin kolaborazioa, entsaio klinikoak: 400 euro
Askotan kontraesana edo dilema etikoa zaiola sentitu badu ere, Farmazeutikekin kolaboratzen du Alainek. “Farmazeutikek sekulako dirutzak inbertitzen dituzte bere produktuen marketingean, eta zergatik ez parte hartu haiek proposatutako saio klinikoetan?”. Diru gehigarri hori primeran datorkiola aitortzen du Alainek, bidaiatzeko, bizitzaz gozatzeko eta zergatik ez, gehiago aurrezteko. “Ez dut bat egiten, farmazeutiken bizkar bizi eta beren burua super-etikotzat duten mediku horiekin. Kontua da non jartzen duzun marra gorria”. Berak argi du, bere pazienteen onerako den bitartean, kolaboratzen segiko duela.

Gastuak: 2964,11 euro

Gastu finkoak: 2442,11 euro

Jada bi urte bete dira Orion bizitzen jarri zirenetik. “Donostia zen gure lehen aukera, baina prezioak onartezinak dira. Hala etxea erosteko, nola errentan bizitzeko”. Asko bilatu ostean Orion topatu zuten bizi kalitatearen eta prezio onargarriaren arteko oreka mehe hori. “Itsasotik gertu bizitzea ezin besteko baldintza zen guretzat, eta 750 euro baino merkeago ez genuen ezer topatu Donostitik gertu”, dio medikuak.


PFEZ zerga: 888,26 euro

Irabazien gaineko hileroko zergak

Etxebizitzaren errenta: 750 euro
Errentan bizi badira ere, etorkizun hurbil batean etxebizitza erosi nahi dute. “Bikoteak lana topatzen duenean”, dio irri artean Alainek. Denbora daramate aurrezkien zati bat horretara bideratzen.

Ura, hondakinak eta argindarra: 122 euro
Berogailu sistema elektrikoa dute eta neguko fakturak “kristorenak” izan ohi direla aitortzen du. Are gehiago, orain, elektrizitateak gora egin duenean.

Internet eta mugikorra: 41,86 euro

Abiatu (Bidegi): 45 euro
Alain: “Egia da Abiaturen hileroko tarifa 28 eurokoa dela, baina ez dakit nola, aparkalekuak ordaintzen, Bizkaiara joaten… beti garestiago ateratzen zait”

Gasolina: 120€
Batez beste, hilabetean hiru aldiz gutxienez betetzen du bere bigarren eskuko Volkswagen Golf autoaren depositoa.

Musika eta Interneteko plataformak: 19,99 euro
Netflix eta Apple Music plataformaren harpidedunak dira. “Lehen Spotify erabiltzen genuen, baina Iphonea dugunetik Apple Music darabilgu”.

Janaria eta etxeko erosketak: 395€

Autoaren asegurua: 28€

Kolegiazioa eta mediku erakundeetako harpidetza: 32 euro
Mediku gisa kolegiazioa eta bere espezialitateari dagozkien hainbat erakundeetako harpideduna da Alain. “Ezinbestekoa zait, kongresuetara eta kurtsoetara joan ahal izateko”.

Gastu aldakorrak: 522 euro

Oporrak: 250 euro
Azken udan Estatu Batuetara bidaia egin zuten hilabetez. Orlandon hasi eta ekialdeko kosta zeharkatu zuten New Yorkeraino. “Oso bidaia zaleak gara, eta soldataren zati handi bat hortan inbertitzen dugu. Hobby garestia da gero!”. Ahal duten bitartean, urtero bidaia luze bat egiten segiko dutela dio Alainek.

Erropa: 85 euro

Liburuak: 45 euro

Zinema eta kontzertuak: 22 euro
Astean behin zinera joaten saiatzen dira, nahiz eta beti ez duten lortzen, lan kontuak medio. “Askotan joan gara zinemara, oraindik zer ikusiko dugun hautatu gabe”.

Jatetxeak: 120 euro
Bidaiatzearekin eta zinemarekin batera jatea da haien beste bizioa. Jatetxe berriak ezagutzea gustatzen zaie, janari berriekin arriskatzea. “Prezioa altua den? Hori oso erlatiboa da, ez da?”

Hilabetero aurrezten du: 897,92 euro


PD: Diru Zorroa atalean parte hartu nahi baduzu, idatzi erredakzioa@zuzeu.com e-postara eta zurekin harremanetan jarriko gara.

Alain, 3862€ hilabetean, medikua da Bidasoako Ospitalean

Alain, 3862€ hilabetean, medikua da Bidasoako Ospitalean bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Foruzainak eta ertzainak Bartzelonan

$
0
0

Foruzainak eta ertzainak

Nafarroako zenbait foruzainek eta euskal erdiko hainbat ertzainek parte hartu dute Bartzelonan egin den manifestazio batean. Lanean? Keba. Komite Internazionalistak eta Askapena bezala hasi al da hegoaldeko polizia, brigadak bidaltzen mundutik zehar? Batek daki. “Poliziaren duintasuna” aldarrikatzea zen martxaren xede nagusia, eta hainbat sindikatuk antolatu zuten mobilizazioa; estatu osoko segurtasun indarrak izan dira presente: guardia zibilak, nazionalak, guardia urbanoa, mosoak, aduanetakoak…

Foruzainak eta ertzainak

Foruzainak eta ertzainakDeialdia katalanez. Benetan, ze enbidia ematen didaten.

Askok aurpegia estalita eraman zuten manifestazioan zehar. Uste nuen mozal legearen ondoren hori legez kanpokoa zela; tronpatuko nintzen.

Poliziek bi eragile salatu dituzte manifestazioan, gehienbat: batetik, Bartzelonako udaletxea eta Ada Colau; bestetik, CUP.

Guardia Urbanoak salatzen du ez duela babes instituzionalik sentitzen. Polizi guztientzako babes juridiko handiagoa eskatu zuten, baita erabiltzen duten material ezberdinen hobekuntza ere. Polizia indarren arteko elkarlana hobetzeko eskatu zuten, eta jasaten duten “kriminalizazioa” eta “politizazioa” amaitu dadila nahi dute.

Geure lanpostuak babesten edo soldatak igotzeko eskatzen ari ginela bizkarra berotzen digutenean ahaztu egiten zaigu, normala den bezala, baina poliziek ez dute aberastasun iturririk ustelkeriatik ez bada; hau da, gehienok bezala, beraien lan indarra saltzen dute ordainsari baten truke. Langile askoren gisan, asko ez daude gustura beren soldatekin.

Baina zein da Hegoaldeko polizien egoera soldata aldetik, labur azalduta bada ere?

Nafarroa – Foru Gobernuaren Polizia Legea hainbat alderdi eta sindikaturen babesarekin atera zen aurrera: ELA, UGT, CC.OO, AFAPNA, PSN, Geroa Bai, I-E, eta EH Bildu. Besteak beste, kargu altuenen soldatak jaitsi eta gainontzekoena igotzea zen asmoa; irailean 31 goi karguk beren dimisioa aurkeztu zuten. Foruzainek, hala ere, beraien lana gaizki ordainduta dagoela diote; Juantxo Zabalzak, foruzainen bozeramaile sindikalak, ertzainen lana askoz hobe ordaintzen dela azpimarratu zuen.

EAE – Jaurlaritza justuki aurkako norabidean doa. Agintarie 3300€ gehiago ordainduko zaie urtean. SIPE sindikatuaren arabera soldataren igoera %3koa da (estatuak %1a onartzen du gehienez), beraz, hiruko erregela aplikatuta niri urteko soldata 110.000€-koa dela ateratzen zait. Ez dago gaizki. Gainontzeko polizien batazbestekoa 2400-2500€ ingurukoa da.  Horretaz gain, polizia dezentek erretiroa hartuko dutela argudiatuta, 1000 ertzain berri gehitu nahi ditu Jaurlaritzak.

Lehen arrrisku-plusa kobratzen zuten, Euskal Herrian bizi zen gatazka armatua zela eta. ETA-k armak utzi zituela bost urte baino gehiago igaro diren honetan, ez dakit plus hori kobratzen jarraitzen duten ala ez.

Agian ahaztu egin zaie kentzeko eskatzea, badaezpada ere gogorarazten dut.

Foruzainak eta ertzainak

 

Foruzainak eta ertzainak Bartzelonan bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Ostegunean, sarean saltzeari buruzko doako jardunaldia Donostian

$
0
0

Nortasuna_Sarean-3Negozioek ba al dakite sarea saltoki gisa erabiltzen? Galdera honi erantzuna emateko, Nortasuna Sarean jardunaldia antolatu du TaPuntuk.

Negozioak sarean murgildu eta estrategia egokiekin etekin ekonomikoak nola lortu ikasteko doako jardunaldia ospatuko da datorren urtarrilaren 26an, Koldo Mitxelena Kulturunean. Arratsaldeko 18:30ean hasita, sare sozial eta online denden inguruan lan egiten duten profesional ezberdinek negozioek sarean saltzeko ezagutu beharreko gakoak landuko dituzte, TaPuntu Kooperatibaren eskutik.

Hizlariak
4 hitzaldik osatuko dute jardunaldia, bi zati nagusi izango dituena: gakoak eta esperientziak. Gakoen zatian online alorrean berezitutako komunikazio aholkularia den Iraitz Mardariagak online saltzeari buruz hitz egingo du, eta Biantik Kooperatibako Jon Turrillasekin segurtasuna eta alde juridikoa landuko ditu.
Esperientzien zatian berriz, bi kasu erreal aztertuko dira testigantza bitartez eta modu praktiko batean,. Arrate Imaz, Loratu.com online dendaren arduradunak, sarean saltzeak ekarri dizkien aukerak azalduko ditu bere bizipenean oinarrituz. Leire Egiarte, Eguzkilore bitxi-dendako Marketin arduradunak aldiz, denborarekin nola ikas daitekeen adieraziko du, Eguzkilorek eta euren online dendak azken urteetan bizitako eraldaketan oinarrituz.
Jardunaldian zehar, hizlariei galderak egiteko tarteak ere izango dira, arratsaldeko 20:30ak arte luzatuko den saioan.

Izen-ematea
Autonomo, bere negozioak martxan jartzeko lanetan dauden ekintzaile, enpresa txiki nahiz ertainen arduradunei, zein bere erakundearen nortasuna sareratzearen ardura dutenei zuzendurik, interneten saltzera salto egiteko beharrezko diren oinarrizko ezagutza eta aholkuak eskainiko dira. Helburu garbia du antolakuntzak, enpresa edo proiektuek sarean saltzen jakitea, hau modu egokian nola egin irakatsi eta bide horretan lagundu ahal izatea.
Bertaratzeko interesa dutenek izen-ematea www.nortasunasarean.eus web-orriaren bitartez egin beharko dute. Parte-hartzea doakoa izango da eta interesa duen orori irekia da. Jardunaldia ospatuko den aretoaren espazio mugak direla eta, parte-hartzaile kopurua mugatua izango da. Hori dela eta, antolatzaileek bertaratzeko asmoa duten guztiei ahalik eta azkarren izen ematera gonbidatzen ditu.

 

Argazkia: Irutxuloko Hitza

Ostegunean, sarean saltzeari buruzko doako jardunaldia Donostian bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Boxeoa vs futbola

$
0
0
Boxeoa vs futbola

Boxeoa vs futbola

Jende askori entzun diot boxeoa oso kirol bortitza dela esanez. Gogorregia. Are gehiago, boxeoa kirol bezala ez litzatekela kontsideratu behar pentsatzen duen jendea ezagutu dut. Baina ni ez naiz iritzi horretakoa. Kasik esango nuke kontrako pentsaera dudala.

Gaur egun, lehen edo bigarren mailako futbol partida bat dagoenean oso arrunta da polizia auto eta furgoi ugari egotea, seguritate maila altua izatea… Honen arrazoi nagusia zaleen arteko gatazkak kontrolpean izatea da. Guztiok dugu izugarrizko indarkeria erabiltzen duten futbol-zale taldeen berri. Denok ikusi dugu zer nolako gehiegikeriak egitera iris daitezkeen. Aldiz, boxeo jaialdi bat ospatzen denean dagoen seguritate maila ezin da konparatu futbol partiduko batekin, norgehiagoka bigarren mailakoa izan arren. Ez da beharrezkoa poliziarik egotea, boxeolarien zaleak elkar errespetatzen baitute. Inondik ez da ageri jendeak hainbeste aipatzen duen indarkeria.

Boxeoa vs futbolaBeste alde batetik, sarritan ikusi ohi da goi-mailako futbol partidetan jokalarien artean arazoak sortzen direla. Batak bestea iraindu duelako, elkar zirikatu dutelako… Kontua da tontakeria batetik sekulako borrokak sortu ohi direla futbol zelaietan. Eta egia esan, halakoak boxeo-txapelketetan ez dira inoiz gertatzen. Boxeolariek beren arerioari izugarrizko errespetua diote. Borroka hasi baino lehen eta bukatzean bi kirolariek elkar besarkatzen dute, besteari ezer leporatzeko beharrik gabe. Egia da ringean bi boxeolariak elkar oso gogor jotzen dutela, baina ez dute egiten besteari mina emateko xedearekin, baizik eta diren bezain onak erakusteagatik, beren teknika, estiloa eta gaitasunak frogatzeko. Kirol gogorra. Baina noblea. Azpijokorik gabea.

Esaten dudana ez dut esateagatik esaten. Are gutxiago nonbaiten entzun dudalako. Esaten dudana bizi izan dudalako esaten dut. Zazpi urte egon naiz futbol talde on batean jokatzen. Eta bertan ikusi ditut kontatutako ekintza guztiak. Jokalarien arteko irainak, zaleen (nire kasuan zenbait gurasoren) errespetu faltak… eta halakoak. Gaur egun boxeatzen  ari naiz eta daramadan denbora guztian ez dut inolako arazorik izan inorekin. Jendearen artean erakusten den errespetua itzela da. Futbolean inoiz bizi izan ez dudana.

Boxeoa vs futbola

Boxeoa vs futbola bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.


Zelai munizipala ez da San Mames

$
0
0
Zelai munizipala ez da San Mames

Zelai munizipala ez da San Mames

Orain dela aste bat, gutxi gora behera, ETBko programa batean gai honetaz ari zirela ikusi nuen eta minutu batzuk eman nituen ea zer zioten aditzen. Kazetariak, umeen futbol partidu batean  bi aiten arteko borroka komentatzen ari ziren, irudiak oso lotsagarriak ziren. Nire ikuspuntutik egoera nahiko larria da, batez ere, gurasoek haien seme alabei transmititzen ari zaizkien ideia negatiboengatik.

Zelai munizipala ez da San MamesGaur egun edozein kirol taldeko partiduak, gurasoen partetik, irainez josita daude. Irain hauek bai jokalariei edo arbitroei zuzenduta daude. Gainera beste arazo ezberdin bat izan arren irain arrazistak guztiz “normalizatuta” daude ingurugiro hauetan, ez hori bakarrik, bai biolentzia fisikoa eta baita psikologikoa ere guztiz normalak egiten zaizkigu larunbatero. Eta zein da “normalizazio” honen arazoa? Guraso ergel hauen seme alabak, gehien bat semeak, arazo sozial bat bihurtzea. Agian nire ideia gehiegi puztu dudala pentsatu dezakezue baina bere arazo guztiak indarkeriarekin  konpontzen dituen tipo bat, nire ikuspuntu apaletik, arazo sozial bat da.

Astebururo harmailetan bizitzen den indarkeria guztiok onartzen dugu, baina honi konponbide bat ematea aldiz, oso zaila egiten zaigu. Federazioek haien aldetik hainbat proiektu jarri dituzte martxan, adibidez txartel beltza delakoa. Baina nire ustez honelako jarrerak ez ditu arbitro batek zigortu behar, guk baizik. Guk salatu behar ditugu jarrera agresiboak eta arrazistak, baina modu asko daude hau egiteko. Norbaitek itzelezko kirtenkeria botatzen badu, barre egin beharrean, “aizu zer diozu!” bat bota behar diogu, gutxienez lotsa pixka bat jasan dezala.

Agian arazo hau normalegia egiten zaigu konponbide bat bilatzeko, baina bada garaia guraso batzuk konturatzeko zelai munizipala ez dela San Mames. Agian seguritate pribatua kontratu ahal da, kamerak ipini, publikoa gehiegi kontrolatu… auskalo. Argi izan behar dugu gure jarrera nolakoa den eta zer transmititu nahi diogun ondokoari.

Zelai munizipala ez da San Mames

Zelai munizipala ez da San Mames bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Egia gordin bat

$
0
0
Egia gordin bat

Egia gordin bat

Ikastoletan bullying ekiditzeko ezarri berri duten Kiva metodoa profitatu du Gari Otamendik dantzan.eus atarian “Egia gordin bat” azalaratzeko: ohikoa dela balletean ari den mutil bat estigmatizatzea, eta emakumeak dantzetan presentzia irabazten joan ahala dantzak prestigioa galdu duela jendartean.

Urtea hastearekin batera Kiva programa jarri dute martxan Euskal Herriko berrogeita hamabi ikastolatan. Eskoletako bullying edo jazarpena murrizteko metodoa da Kiva, eta Finlandiako Turkuko Unibertsitatean garatu zuten. Hik Hasi aldizkariak duela hilabete batzuk bullyinari buruz argitaratutako artikulu trinko baten arabera, “erasotzaileen kopurua erdira eta biktimena heren bat jaistea” lortu zuten. 2009an hasi ziren inplementatzen. Ikastetxeko kide guztiak hartzen ditu bere baitan Kivak: ikasleak, irakasleak, langileak eta gurasoak. Komunitatea, alegia.

Egia gordin bat Aste honetan baita ere, Iratxe de Arantzibia dantza-kazetari eta kritikariak Igor Yebra ballet dantzariari egindako elkarrizketa mamitsua argitaratu du Dantzan.eus-ek. 80ko hamarkadan hasi zen dantzan Yebra, futboleko atezain izateko ametsari uko eginda. Gaur egun nazioarteko maila goreneko dantzari sonatua da.

Dantza-gelako lan gogorraz gain, hainbat oztopo izan zituen Yebrak bere ibilbidean. Ikaskideen isekak eta bazterketa jasan zituen. Garbi du Yebrak iseka horien jatorria: “ez dira haurren kontuak, gurasoenak baizik, haurrek ez baitute beren kabuz halakorik egiten, ezpada jaso duten hezkuntzagatik”, dio. Ohikotzat jo liteke balletean ari den mutil bat estigmatizatzea. Ohikoa, sarritan gertatu delako, eta gertatzen delako. Ohikoa izateak, baina, ez du esan nahi onargarria denik.

Dantzan ari den mutilaren gaineko aurreiritziek jatorri asko dituzte. Agerikoak dira batzuk, ez hainbeste gainerakoak. Bada oharkabeko kontu bat, bistakoa den neurrian: gizon baino askoz emakume gehiago ari da gaur egun edozein dantza mota egiten.

Historiak gorabehera asko ditu. Pixkanaka agertzen ari diren datu eta ikerketen bidez, ohartzen ari gara emakumeek protagonismo aktiboa izan dutela dantzan historiako hainbat unetan. Hurbileko transmisioan, ordea, gizonek bakarrik egin izan dituzte dantza garrantzitsuenak. Emakumeak esparru horretan sartzearekin, gizartean zituen sona eta zentralitatea galdu ditu dantzak.

Egoera horren ifrentzua irudikatzen du sukaldaritzak. Oro har, Euskal Herrian emakumeek izan dute otorduak prestatzeko ardura. Euskal sukaldaritza berriaren irudi eta aitzindari guztiak gizonak dira, ordea. Izarrez betetako jatetxeen euskal mapamundia gizonezkoek bete dute.

Kasualitate-korrelazio bat izan liteke, edo artistei egozten zaien kexa kronikoa, baina gaur egun dantzak gizartean prestigio exkaxa du, dantzan ari den gehiengo zabal bat emakumeek osatzen duten une berean. Erpin askoko gai konplexua da, baina horra hor egia gordin bat.

.
* Azpimarrak geureak dira.
Argazkiak: Igor Yedra hemen eta “Billy Elliot”  filmaren kastinekoa azalean.
Egia gordin bat

Egia gordin bat bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Txoriak txori, Ibizan dantzari

$
0
0
Txoriak txori, Ibizan dantzari

Txoriak txori, Ibizan dantzari

Ezagutzen duzu Martin Solveig?

Nik ez nuen ezagutzen azpira ekarri dizudan bideoa ikusi dudan arte -bitxikeria bat baino ez da-, eta berandu nabil antza, dagoeneko bi milioi eta erdi ikustaldi izan baititu (12.000.000 aldiz izan da entzuna Spotifyn).

Martin Picandetek (Paris, 1976) disko jartzaile gisa erabiltzen duen izena ei da Solveig. Irratsaio bat eta zigilu bat ere baditu gizonak, Mixture Stereophonic; eta Bloc Party edo Madonna bezalako musikari entzutetsuekin lan egindakoa da, antza.

Solveigek Ibizan, Ibizako Pachan grabatu du “Places” singlearen bideoa, house musikak duen paradisuetako batean, eta adi dagoen euskaldunak ezaguna egingo zaion kantua aurkituku du bertan. Merezi du bideoa osorik ikusteak, bi doinuen arteko kontrasteaz jabetzeko, baina presaka bazabiltza, jo zuzenean 1.50 minutu ingurura.

Txoriak txori, Ibizan dantzari

Txoriak txori, Ibizan dantzari

Txoriak txori, Ibizan dantzari bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Euskal politikaren giltzarriak

$
0
0
Euskal politikaren giltzarriak

Euskal politikaren giltzarriak

Gure Herri txiki honetan politikaz zerbait ere jakin nahi duenak bi gauza, bi giltzarri, barneratu behar ditu: Ezker Abertzaleak beti du arrazoi eta Ezker Abertzalearenak baino balio sozialista, humanista, feminista, parekide, ekologista, independentista, internazionalista, euskaltzale, iraultzaile, asanblearista, parte-hartzaile, demokratiko eta aurrerakoiagoak ez dira existitzen. Hori guzia behin geureganaturik hasten ahal gara, bekarrik, euskal politikako bitxikeriak entenditzen: hala nola Ezker Abertzalearen umiltasun erabatekoa edota Ezker Abertzaleak, zeruan kantari dabiltzan aingeruen gisan, jariatzen duen usain garbi eta aratza.

Ez da harritzekoa, hortaz, Otegik eta haren artaldeak lehen mespretxatu eta iraintzen zuten Ibarretxe, orain goretsi eta laudatzea; lehen baztertu eta arbuiatzen zuten hiru errealitate juridiko-administratiboen abiadura desberdinduen estrategia peneuvetiar eta espainola, orain punta-puntako estrategia eraginkor, potentzialdun eta bideragarritzat hartzea; lehen, herri-harresien itxuran, hain sutsuki babesten zuten desobedientzia zibil, koloretsu eta parte-hartzailea, orain, bandera espainola jartzen dutelarik, alde batera uztea; edota lehen hain aurrerakoi, horizontal, demokratiko eta herriarena zen Ezker Abertzalea, orain arte inertzia bertikalisten menpe egon dela aitortzea. Aldaketa hauetaz aparte egon dira beste aldaketatxo batzuk, baina txikikeriak baino ez dira: Ezker Abertzalearen kolore aldaketa —beltz ilun serioetatik Pirritxen armairu koloretsu osoa jartzeraino— edota jendea akabatzea ondo dagoela esatetik gaizki dagoela esaterako aldaketa prozedimental eta burokratiko hutsa kasu.

Ezker Abertzalearen baitan eman den prozesu eraldatzaile hau, haatik, ez da euskal politikaren normaltasunaren isla baino. Gu ja ohituak gaude ikustera AHTari eta Gipuzkoako Errauskailuari erabat konbentziturik baietza eman zioten Eusko Alkartasunako ordezkariak azpiegitura —edo obra faraoniko edo horrelako zerbait sataniko eta izugarria— hauen kontrako apologia sutsua egiten, eta parte-hartze, herri-galdeketa, hitza herriari eta beste hainbat milioika esapide zerabiltzatenak berauei uko egiten, zergatik eta atez atekoa, jakina denez, prozesu parte-hartzaile orotik salbuetsia  baitago.

Baina Herri honetara lehenbizikoz etortzen denak ikusten badu Arnaldo Otegi, umiltasunez bor-bor, Nelson Mandela dela esaten, bada agian ez du deus ulertuko. Eta esplikatu behar zaio, hain zuzen, egon badagoela artalde bat, auskalo zergatik, Ezker Abertzalea deitzen diona bere buruari —nahiz abertzalea ere ez den—, eta egia absolutuaren jabe dena. Hauek esaten badute gora atez atekoa, gora atez atekoa esan behar da, eta hauek esaten badute gora giza-eskubideak, gora giza-eskubideak esan behar da, baina haiek esaten dutenean bakarrik, noski, zeren horrela ez denetan sortzen baitira zatiketak eta kritikoak onddoak bezala nonahi, eta orduan esan behar da Patxi Zabaleta español, edota Aintzane Ezenarro diruzale, edota Urrusolo Sistiaga traidor. Aldaera hainbat ditu, baina denetan Ezker Abertzaleak arrazoi.

Horregatik, segur aski, gaur 2026rako den independentzia, 2026an 2050. urterako bilakatuko da, eta gaur munstro sataniko beldurgarri eta higuingarriena den Urkullu, 2026an herritarron eredu izango da, gainera, AHTaren abiadura bizkortzeko exijituko dute, eta mini-errauskailuak jarriko dituzte Euskal Herriko Gaztetxe guzietan autogestioaren izenean. Eta hori guzia, noski, Ezker Abertzalearen historiako 89. birfundazioa egin eta gero, esaka: «oraingoan bai, oraingoan oinarriekin bat egin dugu egitasmo subiranista hegemonikoa lor dezagun».

Euskal politikaren giltzarriak
Ezker Abertzalearen azken birfundaketa, kolore ñabar eta alaitsuetan blaitua.
Euskal politikaren giltzarriak Euskal politikaren giltzarriak Euskal politikaren giltzarriak

Euskal politikaren giltzarriak bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Zer dira maskaradak?

$
0
0

Zer dira maskaradak?

Zer dira maskaradak?Zuberoako pastorala ezagunagoa da maskarada baino.  Hego Euskal Herriko gazte askok zein heldu dezentek ez dute ekimen kultural honen berri, eta labur bada ere, galdera honi labur erantzutea otu zait: Zer dira maskaradak?

Antzerkia inauterien jaiak bertan hartzen duen formaren errepresentazio nagusia da. Bertsoek, dantzek eta kantuek pisu berezia daukate ikuskizunean, eta narrazioa beti pertsonaia zehatz batzuekin antzezten da. Urtero herri ezberdin bateko gazteek hartzen dute maskarada antzezteko ardura. Aurtengoak Zuberoako Pettarreko sei herriren artean egingo dituzte. Igandean hasiko dira Ezpeizen, eta apirilaren 30ean Ürrüstoin bukatu arte hamabost emanaldi egingo dituzte.

Zer dira maskaradak?Diotenez maskarada XVI. mende inguruan hasi zen Zuberoan, eta betidanik izan dute presentzia tokiko ofizioek, pertsonaien azaletik.  Hogeita bost lagun inguruk osatzen dute antzezpena, eta bi alde antagonistetan banatzen dira: gorriak eta beltzak. Gorriak dotoreak dira, garbiak, ordenatuak; eta beltzak, noski, builosoak, mozkorrak, zikinak eta barrabasak. Bi taldeak fanfarreak banatzen ditu,  haize eta perkusiozko musika tresnez osaturiko musika banda.

Barrikadak, dantzak, kantuak eta jan-edanak goiz osoan errepikatzen dira auzoz auzo. Ofizioa arratsaldean izan ohi da.

Saio honetan pertsonaia bakoitzak bere antzerki-dantza saioa egiten du, bere ofizioa eta rola ardatz duen antzerkia eskainiz.

Pertsonaiak eta ofizioak

  • Marexalak: Zamalzaina ferratu behar dute. Hasieran gaizki eginen dute, eta ongi gero.
  • Khestuak: Zamalzain zaldiaren zikiratzea antzezten dute.
  • Txerrero, Gathuzain, Kantiniersa, Zamalzain eta Entseinaria: Gabota dantza egiten dute, biribilean egiten den dantza korala.
  • Xorrotxak: Plazan sartu, abestien bitartez agurtu eta Jaunaren ezpata zorroztea izanen dute lantegia.
  • Buhameak: Plazan sartzen dira zarataka. Beren zurezko ezpatak erabiliz dantza basa egiten dute eta, ondoren, nagusia bere balentriak adieraziz plazan zehar ibiliko da.
  • Aitzindariak: Nagusien aurrean godaleta bat kokatu eta bakoitzak, haren gainean, Godaleta dantza egiten du. Oso dantza zaila da, dantzari bakoitzak godaletaren gainean salto egin behar duelako, hura bota barik.
  • Kauterak: Gutxienez lau galdaragilek antzezten dute, tartean Kabana patroia eta Pitxu mutila. Plazan zarata handia atereaz sartzen dira.
  • Batzuetan Jauna-Andereak eta Laboraria-Laborarisak beren dantza izaten dute maskaradaren barruan.

Zer dira maskaradak?

Dantzak

  • Barrikada haustea. Plazari itzulia egin eta ondoren, gorriek banan-banan (edo talde txikietan) dantzatzen dute. Beltzek beren estiloko sarrera egin, eta azkenik txorrotxek kantuekin borobiltzen dute barrikadaren haustea.
  • Gabota. Aitzindariek egiten duten dantza da (Txerrero, Gathuzain, Kantiniersa, Zamalzain eta Entseinaria), gehienetan borobilean, baina lerro irekian ere bai.
  • Bralea soka-dantza da, eta hiru zati ditu:
    • Kontrapasa. Pertsonaiek 2/4 aldiko konpasa duen doinua, kate irekian dantzatzen dute, Jauna buruan eta Laboraria atzean. Entseinaria aurrean doa zuzenduz eta bandera eskuz aldatuz. Txerrero, Gathuzain, Kantiniersa eta Zamalzainek biribil barruan dantza egiten dute elkarrekin.
    • Braletik jauzia: Hasieran pertsonaia guztiek ez dute dantzatzen, Entseinaria eta nagusiak tartean. Gero, bakoitzak bere abilezia erakusten du banan-banan.
    • Karakoiltzia: Katean dantzatzen den dantza geldoa da, pauso bakarra duena. Entseinaria da zuzendaria.
  • Godalet-dantza: nork bere dantza-urratsak egiten ditu ardoz beteriko edalontzi edo godalet baten inguruan eta gainean. Zamaltzaina izaten da azkena. Bere saioari bukaera emateko edalontziaren gainera igo eta oin baten gainean gelditzen da, besteaz gurutzea seinalatzen duen bitartean.
  • Dantza-jauziak.

*Iturriak: Euskal Kultur Erakundea, Wikipedia, Dantzan

Maskarada

Maskaradak dantzaren ikuspegitik. Oier Araolaza.

Maskarada Ligin eta Pagolan, 1968an. Bideoa.

 

Zer dira maskaradak?

Zer dira maskaradak? bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Viewing all 19579 articles
Browse latest View live


<script src="https://jsc.adskeeper.com/r/s/rssing.com.1596347.js" async> </script>