![]()
Maite ditut, maite, gure euskalkiak, batua estaltzen didatenean
Jetz kommt später –Oraina geroago heldu da, edo horrelako zer edo zer– komiki autobiografikoan, Kati Rickenbach marrazkilari suitzarrak bere gaztetako esperientzia Alemanian kontatzen du: nola joan zen Hanburgora ikasle-truke batean, eta nola hiri hartan Anke Feuchtenberger marrazkilari ezaguna izan zuen irakasle, bai eta hainbat komikigile gazte ezagutzeko aukera ere. Pasarte batean, berari eta bere lagunari gela pare bat alokatu dien emaztekiarekin erausian, honek Rickenbachi komentatzen dio harritua dagoela zeinen erraz ulertzen duen Suitzako alemana, baina jakin nahi lukeela zergatik erabiltzen duten bi lagunek, bera hor egonda ere, hizkera sekretu hori: “Baduzue nigandik altxatu beharreko sekreturik?” Jakina, alemana estandarra da Hanburgoko emaztekiak Suitzako alemantzat hartu eta hain ongi ulertzen duen hizkuntza, eta Suitzako alemana da bi marrazkilari gazteek asmatutako hizkera sekretutzat jotzen duena.
![Maite ditut, maite, gure euskalkiak, batua estaltzen didatenean]()
Euskara ez da dialektoak dituen hizkuntza bakarra, eta Rickenbachek kontaturiko anekdotak erakusten duen bezala, aleman estandarretik Suitzako hizkeretara doan aldea franko handia da, aleman bati aldaera suitzarrak ulertezin bilakatzeraino. Suitzako dialektoak, nik dakidala, bizirik daude: nolanahi ere, Rickenbachen komikia –egoitza Zürichen duen Moderne argitaletxeak publikatua– irakurtzeko ez da beharrezkoa hizkera sekretu hori ikastea; aski eta sobera da goi alemaniera estandarra, eta gauza bera gertatzen da herrialde hartarik sortu diren idazle guziekin –nik ezagutzen ditudan guziekin bederen–: Walser, Dürrenmatt, Frisch, Stamm…, salbuespenik gabe, aleman estandarrean idatzi dute guziek. Diogenes argitaletxe suitzarrak ere aleman estandarrean publikatzen ditu bere itzulpenak. Ez dakit Suitzako dialektoetara itzulpenik egiten den, baina hala balitz, ez litzaidake gaizki idurituko. Ezta ongi ere. Berdin litzaidake, egia errateko.
Orobat, ez zait gaizki iduritzen Oscar Wilderen nobela azpeitierara ekarri izana, ezta ongi ere. Eta deblauki aitortzen diot duen meritu guzia. Halere, kontuan hartuta gu ez garela alemanak – erran nahi baita, ez garela hainbat milioi hiztun eta ez dugula euskarara zernahi ekartzeko gauza litzatekeen itzultzaile armadarik, indarra alferrik xahutzea iduritzen zait horrelako itzulpen bat egitea. Literatura euskarara ekartzearen helburua euskaldunei lan literario horrekin gozatzeko parada ematea da nire ustez, eta horretarako, ongi egina baldin badago, nahikoa dugu euskara batuko itzulpena. Nire iduriko, balio filologikoa du batez ere irakurle kopuru txiki batendako eginiko itzulpen horrek –alegia, euskalki baten ezaugarriak bildu izanaren balioa–. Uste dut, beraz, makurreko estrategia dela hori, baina seguru naiz xarmanki egina dagoela, eta apeta hori badugu, bada, txalo eta aitzinat.
Nik ez ditut euskalkiak mespretxatzen, eta ez dut hizkuntzak duen alde afektiboa arbuiatzen. Niretako, balio afektibo erantsia dute –balio literarioa zein den alde batera utzita–, adibidez, Aingeru Epaltzaren edo Mikel Tabernaren narrazioek –eta ez, errate baterako, Edorta Jimenezenek–, hain zuzen ere nik hurbil sentitzen dudan euskara batean idatziak daudelako. Gure semeak aite deitzen dit, eta naski ez dit sekulan aita deituko; eta niretako hura gure ttalla izanen da beti, baita ni baino handiagoa delarik ere, eta ez gure txikia. Eta gustukoen dudan eskuara aditzeko aukera izatea izan da berriki Baztango Hilbeltza astera joan izanaren plazeretako bat. Alta bada, nire behar afektibo-linguistikoak direnak direla ere –sika ditzagun malkoak–, nire motzean ez dut atzematen zer ikusteko duen horrek hizkuntza forma estandarra izan beharrarekin.
Zeren, aspaldi honetan aditzen diren gauza batzuk adituta, ez baitakit ohartzen garen non bizi garen eta zein diren erraten ditugun boutadeen inplikazioak. Koldo Zuazok errana da euskalkiak sentimenduak adierazteko behar direla; beraz, heldutan euskara –euskara batua, erran nahi baita– ikasi dugun guziok hobe genuke gaztelaniara bueltatzea, zernahitarako balio duen hizkuntza hura utzia baitugu sentimendu kontuetan maingu dabilen hizkuntza baten truke. Baliteke norbaitek amari erratea “ongi deritzot txikitatik helarazi didazun maitasunari”, baina hiztun batzuen ahoan euskara batuak ez badu graziarik edo kolorerik, nire ustez euskaldunek dute falta, eta ez euskara batuak.
Iñaki Segurolak errana da harendako euskalkia dela hizkuntza, ez euskara batua, batua herriarengandik urrun bizi diren akademiko sasijakintsu baten asmakizun artifizial plastizko gatzgabea delako. Jakin nahi nuke non bizi den Segurola –a, bai, barkatu, Azpeitian, herriarengandik hurbilegi naski–, akaso bertze nonbait biziko balitz, Araban edo Iruñean edo Baionan biziko balitz, bertzelako gogoetak egiteko aukera izanen balu. Zeren nik zinez eskertuko nuke norbaitek faborez, mesedez eta otoi esplikatuko balit, norbaitek ni iraindua senti nadin inolako beldurrik gabe nirekin mansplaining delakoaren teknika guziak erabiliko balitu, norbaitek lau urteko haurra banintz bezala tratatuko banindu, eta –berriz diot, mesedez, faborez eta arren– azalduko balit, euskara batuaren deskripzio hori gezurra izateaz gainera, ea estrategia onuragarria den, jendea euskara ikastera ez ezik euskaraz bizitzera ere gonbidatzen ari garen honetan, hainbat euskaltegitan eginahalak ari diren ikasleei erratea ikasten ari diren hori bigarren mailako deusetarako balio ez duen hizkera akademiko porkeria dela; eginahal guziak eginda ere, beharbada hondarrekoz EGA lortuko dutela, baina EJA –Euskal Jatortasunaren Agiria– sekulan ez; zenbaitendako, zuzen eta txukun mintzatuta ere, beti irri-emangarri izanen direla, llaburdurarik egiten ez dutelako. Jakin nahi nuke nori egiten dion mesede esku artean dugun tresnaren makurrak kritikatu eta zuzendu beharrean, tresna bera zakarrontzira bota nahi izateak.
Juan Luis Zabalak ezin egokiago erran duen bezala, euskaraz analfabetismoa bulkatzea da batua mespretxatzea. Han-hemenka azpimarratu dute harrigarria dela Segurolak lan guziak euskara batuan egin izana, eta inoiz kolaboratu ez izana azpeitiera erabiltzeko aukera emanen lioketen tokian tokiko hedabideetan. Nire ustez, harrigarria dena zera da, euskaraz aritzea eta ez erdaraz, adibidez, Diario de Navarran. Hedabide horrek urteak baitaramatza, Segurolak baino koherentzia ideologiko handiagoarekin, bere irakurleei esplikatzen euskara batua arimarik gabeko hizkuntza artifiziala dela, gure vascuencearekin alderatzerik ez duena. Eta segur aski hori da, vascuence alegia, Segurolak defendatzen duen euskerie horren ñabardura politika eta kultural guziak –zokokoa, batasunik gabea, ortografiarik gabea, diglosiaren mendekoa, erdararendako arriskurik gabea– hobekien biltzen dituen kontzeptua.
Maite ditut, maite, gure euskalkiak, batua estaltzen didatenean
Maite ditut, maite, gure euskalkiak, batua estaltzen didatenean bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.