Eslovakian sekula izan ez banaiz ere, esango nuke hotzegia dela larrugorritan ibiltzeko, zer esanik ez neguan. Ez dira iritzi berdinekoak izan Fagor etxeko arduradunak (edo hauek Europan duten banatzaileetako bat), akaso gazta irakiten dutelako, negutegi efektuaren eraginez edo. Bestela ez dago ulertzerik nolatan okurritu zaien emakume bati titiburuan logotipoa margotu eta, muskuilu eta guzti, promozio lanak egiten jartzea (!?!?). Bratislavako azoka batean gertatu da, joan den urtarrilaren 26an. Nardagarria.
Gertakaria ezagutu eta argazkia sare sozialetan ziztu bizian zabaldu denez –Ahal Duguko Juantxo Iturriaren bidez-, Fagor etxeak ohar bat zabaldu zuen atzo, atsekabeturik, beraien baimenik gabe, banatzaile batzuek burututako kontua izan dela esanez.
Azalpena erabat sinesgarria egin zait. Ez da erraza izan behar urrutiko paraje horietan norberaren izenean esan eta egin daitekeen guztia zaintzea. Baina atentzioa eman dit Fagorrek Twitter bidez zabaldu duen oharreko kontu batek.
Ahaztu dezagun une batez oharra erdara hutsez argitaratu izana -@fagor_eu dute euskarako Twitter kontua, baina hemen ez da oharrik ageri-, eta goazen mamira. “Enpresaren irudia modu ezegokian erabili izana” da Fagor mindu duena, “bidegabeki hartua izan dela” iruditzen baitzaio. Zuzengabetasunez erabilia… marka, dino, argazkiko neskaren inguruko aipamenik ez baitago inon. Emakumearen erabilera sexista, antza, albo-kaltea baino ez da izan (beste behin).
Asteburu honetarako amamaren berakatz salda,parranda ostekoRZ bikainena. RZ hau, munduko xinpleena, ez da lau lagunentzat, bakar batentzat baizik. Sagardotegiak edo dena delakoak direla, urdaila triste, ondoezik edo bihotzerreaz gaudenean hartuko dugu salda hau. Ajeak jota gaudenean, beraz. Ez du huts egingo. Literalki, on egin!
Eltze txiki batean, ura jarriko dugu egosten, berakatz ale birekin.
Irakiten utziko dugu, borbor handian, bost-zazpi minutuan.
Sua itzali, gatza eman, zorrotada on bat olio isuri eta ahalik eta beroen hartuko dugu, mingaina erre gabe.
Kasu!
Ogi zatiak erantsi ahal izango ditugu, zopa moduan jateko. Ohitura zaharra da salda hau hartzerakoan (nahi gabe) mingaina erretzea, baina tradizioa errespetatzeagatik ere egin dezakezu, hala nahi izatera.
Eduardo Angulok Zientzia Kaieran loari buruz idatzitako artikulua jaso eta bitan banatu du salabardoak. Hauxe duzu lehen atala:
.
“Loak ez badu inolako bizi-funtziorik betetzen, eboluzioaren akatsik handiena da” Allan Rechtstaffen, 1971
Lo egitea misterio bat da. Hala diote adituek. Washingtongo Estatu Unibertsitateak Spokane hirian duen campusean lan egiten duen James Kruegerrek zuzendutako ikertzaile-taldeak, adibidez, lo egitea misterio zientifiko bat dela eta, beraz, haren funtzioaren edo funtzioen inguruko inolako adostasunik ez dagoen azken prozesu fisiologikoa dela adierazi du. Zergatik egiten dugu lo? Zergatik igarotzen dugu lotan gure bizitzaren heren bat eta laurden bat bitartean?
Antonio Possenti (1933-2016) margolariaren “Morfeo” lana.
Esna gaudenean, jan egin dezakegu ala ez, edan dezakegu ala ez, ugaldu gaitezke ala ez, edota interesatzen zaizkigun eta interesatzen ez zaizkigun beste hainbat gauza egin ditzakegu ala ez. Baina, lotan gaudelarik, begiak abiadura bizian mugitzen zaizkigu eta amets egiten dugu, erremediorik gabe eta inongo kontrolik gabe gure aldetik. Gainera, ez da ahaztu behar animalia gehienek ere lo egiten dutela. Ohiko funtzioa da animalien erresuman. Beraz, zerbait garrantzitsua izango du loak, eboluzioak milioika urtean zehar espezie ugarirengan txertatu badu.
Gure espeziearen biologian lo egitea zein garrantzitsua den irudikatzeko, zenbait adibide zehatz ikus ditzagun. Hasteko, New Yorkeko Columbia Unibertsitatean lan egiten duen Marie-Pierre St.-Ongek gidatutako ikertzaile taldeak dietaren eta ondo ala gaizki lo egitearen arteko lotura aztertu du.
.
Dieta eta loa
Badakigu gutxi eta gaizki lo egitea pisua hartzeko arriskuarekin lotuta dagoela eta, ondorioz, baita umeek zein helduek pairatzen duten loditasunarekin ere. Are gehiago, behar adina denbora lo eginez gero, gantz gutxiago irensten dugu. Hala ere, hori ez da lotura kausala, hau da, ez dakigu zehatz-mehatz zerk lotzen dituen loa eta dieta. Ondorioak ezagutzen ditugu, ez ordea zerk eragiten dituen. Gainera, ikerketaren egileen arabera, alderantzizko loturaz are gutxiago dakigu, hots, dietak loari eragiten ote dion.
Ikerketan, 26 boluntarioren laguntza izan zuten. Horiek 30 eta 45 urte bitartean zituzten, eta gauero 7 eta 9 ordu artean lo egiten zuten. Esperimentuak sei egun iraun zuen; haietan, gauero 9 ordu igaro zituzten ohean, lehen lau egunetan dieta kontrolatua izan zuten, eta nahi zutena jan zuten azken bi egunetan. Era horretan, ikertzaileek boluntario bakoitzaren loari buruzko datuak bildu zituzten, dieta kontrolatuari eta ez-kontrolatuari lotutakoak bereiziz. Dieta kontrolatuan %31 gantzari zegokion; karbohidratoei, %53; eta proteinei, %17.
Emaitzek dieta ez-kontrolatuak lo sakon eta indar-berritzailearen iraupena murrizten duela adierazten dute, lo geratzeko behar den denbora handitzearekin batera. Zuntzek eragin nabarmena dute dietan, loa hartzeko denbora murriztu, eta lo sakonaren iraupena luzatzen baitute. Dieta kontrolatua jarraituz gero, batez beste, 17 minutu behar dira lo hartzeko; kontrolik gabeko dieta izanez gero, batezbestekoa 29 minutu dira. Horrez gain, gantz aseak lo sakonaren iraupena murrizten du. Eta karbohidratoen ehunekoa altua bada, datu hori loaldian zehar gehiagotan esnatzearekin lotuta egon daiteke.
Orain artekoak laburbilduz, zuntz gutxi eta gantz saturatu asko irensteak gutxiago eta arinago lo egitea, okerrago atseden hartzea eta gauean zehar gehiagotan esnatzea eragiten du.
Londresko King’s College izenekoan Gerda Potek zuzendutako ikerketa-taldeak loaren eta gure gorputzaren pisuaren arteko harremanari buruzko datu berri bat jakinarazi du. Argitaratutako hamaika ikerlanen meta-azterketa egin ondoren, gutxi lo egiteak (hiru ordu eta erdi eta bost ordu eta erdi bitartean) egunean 385 kcal gehiago irenstea dakarrela ondorioztatu dute. Eta, denbora gutxi lo eginda ere, ez dute energia-gastuan aldaketarik hauteman.
Loaren eta dietaren arteko harremanari buruzko bigarren datua Suediatik datorkigu, Uppsalako Unibertsitatean Chistien Benedictek gidatutako taldearen eskutik. Bederatzi boluntarioren laguntzaz egindako ikerketa argitaratu dute. Boluntario guztiak gizonak ziren, eta batez beste 23,3 urte zituzten. Bi esperimentu egin ziren modu jarraian: lehendabizikoak lo-iraupen txikia izan zuen baldintza nagusi (2.45etik 7etara bitartean), eta bigarrena loaldiaren ohiko iraupena errespetatuta burutu zen (22.30etik 7etara bitartean). Esperimentuaren aurretik eta ondoren boluntarioei gorotz-laginak hartu zitzaizkien hesteetako mikrobiota, hots, haien digestio-hodian bizi ziren mikroorganismoak aztertzeko. Mikrobiotak elikagaien digestioan parte hartzen du, eta horiek kudeatzen ditu digestio horren emaitzak xurgatzeko unean. Hortaz, mikrobiotaren espezieen konposizioa eta haren funtzioa garrantzitsua da organismoak elikagaiak beregana ditzan.
Benedicten ikerketak erakusten duenez, mikrobiotak espezieen konposizioa aldatzen du loaren iraupenaren arabera, eta, ondorioz, bakterio talde batzuk ugaritzen, eta beste batzuk urritu egiten dira. Egileek neurtutako beste parametroen argitan, lo gutxi eginda ere, ez da aldaketarik odoleko gantz-azidoetan; intsulinak, ordea, %20an galtzen du eraginkortasuna, nahiz eta glukosak ohiko kontzentrazioari eusten dion. Gainera, egileek beraiek aitortzen dute ez dela erraza lo eskasak eragindako aldaketen arrazoiak eta ondorioei buruzko hipotesiak planteatzea.
Mugikorrek kamera izateak eragin handia izan du argazkigintzaren munduan. Geroz eta argazki gehiago ateratzen dira, whatsapp-etik atzera eta aurrera elkarbanatu, selfiea bezalako fenomenoak azaldu dira, eta tamalez, jada ezin duzu kalean apur batez tontoarena egin norbaitek grabatu eta Euskal Herri osoan zabaldu gabe.
Selfie eta huskeriez aparte, mugikorrarekin ateratako argazki batzuk geldirik utzi gaitzakete; horrelako lanak aurkezten dira Mobile Photo Awards lehiaketara. 2011an abiatu zen ekimen hau mobilarekin zein tabletarekin horrelako irudiak lortzeko gai diren pertsonak saritzeko.
Txapelketak 18 kategoria dauzka, eta Giles Clark britainiarrak irabazi du sari nagusia. Lehiaketa honek agerian uzten du mugikorrekin ez direla zertan bigarren mailako argazkiak egin, jada askoren lan tresna nagusia bilakatzen ari baita. Sarean topatu ditut, esaterako, profil ezberdineko bi argazkilari: Luis Rodriguez, batetik, eta Michael Christopher Brown bestetik (Magnum agentzia entzutetsuarentzat egiten du lan).
Mobilarekin egiten diren argazkiak “argazki” edo lan profesional baten emaitza kontsideratu daitezkeen luze eta zabal eztabaidatu zen (eta eztabidatzen da,agian) sektoreko jendearen artean. Ni ez naiz argazkigintzatik bizi eta ondorioz neronek kendu nahi diot pisua nire iritziari: jarraian dauden argazkiak ikusita uste dut ezin dela ukatu mugikorrarekin egindako argazki batzuk profesionalak izan daitezkeela. Mobilarekin egindako argazkiak eta narraskeriak ez dute zertan sinonimoak izan, inondik inora.
Hemen dituzue kategoria nagusietako argazki irabazleak.
Sari nagusia: Giles Clarke
Arkitektura eta Diseinua: Jennifer Tomas, “The Hive (London)”
Zuri-beltzean: Jose-Luis Saez, “Look Down Angel”
Arte eder digitalak: Christine O’Brien, “Good morning into the night”
Paisaia: Mariko Klug, “Castaway”
Makro eta Detailea: Geoff Cunningham, “Leaf Creeper”
Eusebiok, azkenean, 20 jokalariz osatutako taldea dauka
Ez dute zergatik izan behar berak hasieratik nahi zituen 20ak baina azkenean hark ongi lan egiteko baldintza bat bete da: 21-22 jokalariz osatutako plantila.
Lesioak medio hasieran 25 futbolariz osatutako jokalari taldea 20en geratu zaio Realeko teknikariari. Eusebiok, aurredenboraldian, 21-22 jokalariko lan-talde bat eskatu zuen baina gauza bat edo beste bategatik ezin izan zen La Secakoaren desioa bete. Baina lesioak direla eta Imanol Agirretxe, Markel Bergara eta Carlos Martínez taldetik kanpo daude eta Pardo eta Hector utzita atera dira Beraz, 5 jokalari gutxiagorekin Eusebioren zenbaki magikoetara hurbildu gara: 20.
Egiari zor, bere nahia baino 1-2 jokalari gutxiago dira baina entrenatzaileak erraz konpondu du egoera Sanseko jokalariak erabiliz. Ezagunak dira lehen taldekoentzat maiz aritu baitira haiekin entrenatzen eta izenak hauexek dira: Jon Bautista, Igor Zubeldia, Alvaro Odriozola eta Kevin Rodrigues.
Laurak debut eguna izan dute Lehen Mailan eta prest ageri dira Eusebioren taldeanlan egiteko. Inongo lesio berririk balego edo lehen taldeko jokalariren bat txartelengatik zigortua aurkitzen bada hura ordezkatzeko gertu dago laukotea. 3 lerrotan daude espezializatuak Sanseko 4 mutikoak: defentsan, erdialdean eta erasoko gunean. Ikusten denez aterako bakarrik falta da Sanseko jokalariren bat baina kasu honetan ez da beharrezkoa haien laguntza lehen taldean 3 atezain daudelako: Rulli, Toño eta Bardají.
Komeriak udan etorriko dira Pardo eta Hector bueltatzean. Gainera utzitako beste jokalariak itzuliko dira ere: Hervias, Capilla, Oyarzun eta Babic. Lesionatuak sasoiko badaude Eusebiok 29 jokalari izango ditu eta Sanseko lauekin 33. Marx anaien kamarotean ez zegoen hainbesteko girorik!
Kontuan edukitzekoa da Xabi Prieto eta Mikel Gonzalezen egoera: kontratua aurtengo denboraldian bukatuko dute eta ez badute jarraitzen 2 fitxa libre izango lirateke fitxaketa berriak egiteko edo Sanseko bi jokalari lehen taldera igotzeko, utzitako jokalarien mugimenduak ikusteke izanik. Kapitainak argi utzi du bere azken denboraldia izan daitekeela aurtengoa eta fitxa utziaz gain hutsune handia geratuko da bai aldagela zein soropil gainean bere adioarekin. Mikelen kasua bestelakoa da: arrasatearrak seguruenez aurrera jarraituko du eta beteranoa izan arren poltsikoak ilusio eta indarrez beteta ditu talde txuri-urdinean bere onena emateko.
Gauzak honela, espero dezagun lesiodun futbolariak azkar bueltatzea eta taldekideei laguntza osoa ematea Europarainoko bidea errazago izan dadin.
Zinea ulertzen zenuela uste zenuen, bideo hau ikusi arte
Uste zenuen zinema zeharo ezagutzen zenuela? Hala bada ezagutuko duzu Jack Foley, ala? Foley eta berak sortutako mundua ezagutzen ez baduzu, zinemaren sekretu gordeenetariko bat ihesi zaizu, foley efektuena. Soinu eta zaratena alegia.
Daniel Jewell zuzendariaren ‘The Secret World of Foley‘ izeneko dokumental labur bezain indartsuak zinemaren sekretu gordenetarikoa erakusten du: soinu efektuena. Batzuetan, filmatu ostean, hainbat soinuren kalitatea ez denean nahi bezain ona, soinuok berriz grabatzen dira estudioan. Foley artistak dira hortaz arduratzen direnak.
Artista hauengatik ez balitz, pelikula askok ez lukete izanen, duten sentimendu, indar eta bulkadaren erdia.
Interneten kuxkuxeatuz (III): Uztaritzeko inauteriak eta Rahm, Olazabalen bidetik
2013eko maiatzean Euskal Konfederazioak France Television Frantziako kate publikoa salatu zuen euskara diskriminatzearren. Konfederazioaren aburuz “telebista publikoaren taldeak eskubide berdintasuna hausten du euskarari eman tarte ezin tipiagoagatik”. Euren berbetan, korsikarrak 95 orduko emisioa dauka urtean, alsazierak 92 ordukoa, bretoierak 65 ordukoa eta euskarak 10 orduko emisioa, ordea. Bistan da tarte askoz txikiagoa daukala euskarak telebista publikoan eta ulergarria da Konfederazioak eginiko salaketa. Berriki, Estatu Kontseiluak salaketa babestu du eta France Televisionek derrigorrez entzun beharko du Euskal Kondeferazioaren erabakia. Baina zeri eskaintzen dizkio hamar ordu hauek France Televisionek? Bada, Txirrita telesaioari, euskaraz egiten den bakarra, hiru igandeetan behin France 3k emititzen duena, erdarazko azpitituluekin, noski. Allande Boutinek aurkezle lanak egiten ditu eta gai ugari jorratu dituzte 1992tik hona. Inauterietan gaudenez, Uztaritzeko inauterien gaineko programa dakartsuet. Emisioa hasi aurretik, arestian jarritako estekan kuxkuxeatzea gomendatzen dizuet, saio benetan interesgarriak daudelako:
Joan den astean Jon Rahmek bere aurreneko torneoa irabazi zuen Estatu Batuetan, Farmers Insurance izenekoa. Golf jokalari barrikarrak 22 urte dauzka eta torneo honi esker Augustako Mastersean parte hartzeko eskubidea lortu du, apirilean jokatuko dena. San Diegoko irekia kolpe gogoangarri bati esker irabazi du Rahmek: hemezortzi metrotik zuloa ikusi eta bertan sartu zuen pilota. Maisu kolpe honi esker, Farmers Insurance irabazi duen jokalari gazteena bihurtu da, besteak beste, Tiger Woodsek, Jack Niclausek edo Txema Olazabalek irabazi duten torneoa da eta itxura guztien arabera, etorkizun oparoa izango du barikarrak golfean, beharbada Olazabalen parekoa. Albistea irakurtzean golf jokalari hondarribiarraren izena etorri zitzaidan burura eta hedabideren batean albistea eman izan banu, Olazabalen bidetik izenburua ipiniko nion, Imanol Magrok Berrian egin bezala. 80. hamarkadan Olazabalek etorkizun handiko jokalaria zirudien eta 1986ean, 20 urte zeuzkala, Gorka Arresek Argian elkarrizketatu zuen. Europako Masterra irabazi berri zuen eta, Rahm bezala, garaipenaren aparretan zegoen hondarribiarra. Elkarrizketan, besteak beste, Olazabalek “golfeko jokalariak gentelman izan behar” eta baserri kontuak kontatu zizkion Arreseri bere “euskara xamarrez”. Hemen duzue elkarrizketa osoa.
Eduardo Angulok Zientzia Kaieran loari buruz idatzitako artikulua jaso eta bitan banatu du salabardoak. Hauxe duzu bigarren eta azken atala:
.
“Loak ez badu inolako bizi-funtziorik betetzen, eboluzioaren akatsik handiena da” Allan Rechtstaffen, 1971
Lo egitea misterio bat da. Hala diote adituek. Washingtongo Estatu Unibertsitateak Spokane hirian duen campusean lan egiten duen James Kruegerrek zuzendutako ikertzaile-taldeak, adibidez, lo egitea misterio zientifiko bat dela eta, beraz, haren funtzioaren edo funtzioen inguruko inolako adostasunik ez dagoen azken prozesu fisiologikoa dela adierazi du. Zergatik egiten dugu lo? Zergatik igarotzen dugu lotan gure bizitzaren heren bat eta laurden bat bitartean?
Johann Heinrich Füssliren (1741-1825) “Amesgaiztoa” lana.
.
Loa eta arazo kognitiboak
Beste adibide bat Alabamako Unibertsitateak Birminghamen duen campusean azkagurea ta guzti, mugek zuzendutako taldeak argitaratutako nerabeen loari buruzko azterketa da. Hartan, 84 boluntariok parte hartu zuten; batez beste, 13,3 urte zituzten, eta erdia neskak ziren. Haien lo-ordutegiaren eta loaren kalitateari buruzko autoebaluazioaren gaineko datuak biltzeaz gain, listuan kortisol-kontzentrazioa neurtu zieten haien estres-maila ezagutzeko.
Neskengan bereziki, kortisol-kontzentrazio altuak lo egiteko arazoekin lotzen dira eta, horrez gain, denbora gehiago eskaintzen diote lo egiteari: gauero 11 ordu ere igaro ditzakete ohean. Haien loaren kalitateari buruzko autoebaluazioa bat dator listuaren kortisol-kontzentrazioarekin, ohartzen baitira estresatuta daudenean okerrago lo egiten dutela. Haien autoebaluazioa gurasoek beraiek beren seme-alaben loaren inguruan egiten dutena baino zehatzagoa da.
Ikerketa zehatzen zerrendaketa amaitzeko, Singapurren kokatutako Neurozientzia Kognitiboko Zentroan lan egiten duen June Lok eta haren kideek loaren iraupenak 55 urtetik gorakoengan eragindako arazo kognitiboen inguruan argitaratu berri duten meta-azterketa ikus dezagun. Bertan, guztira 14 herrialdetako 97.264 pertsonako lagina aintzat hartzen duten 18 ikerlan aztertu dituzte, ametsari eta ahozko memoriari, lanari eta prozesu kognitiboei buruzko datuak jasoz.
Emaitzek, 5 ordu baino gutxiago edo 9 ordu baino gehiago lo eginez gero, arazo kognitiboak pairatzeko arriskua handiagoa dela erakusten dute. Hots, arriskutsua da gutxiegi zein gehiegi lo egitea.
Loaren iraupenari dagokion datua gehitu dezagun, baina, testua sobera ez zailtzearren, ugaztunak baino ez ditugu kontuan hartuko. Alde handia dago animalien artean, izan ere, 24 orduko ziklo bati gagozkiola, zaldien 2 orduetatik saguzarren 19.9 orduetara doa. Katuak, esate baterako, 12.5 ordu lo egiten du; txakurrak, 10.1 ordu; armadiloak, 18.3 ordu; eta txinpantzeak, 9.7 ordu. Mugikorrerako aplikazio baten bitartez jasotako datuetatik abiatuta, giza espezieak 7.5 ordu eta 8.1 ordu bitartean lo egiten du (Singapurreko, Espainiako eta Herbehereetako datuak dira, hurrenez hurren).
Bestalde, egia da alde handia dagoela pertsona batetik bestera, lo egitearen jarduerari dagokionez. Victoriako Monash Unibertsitateko (Australia) Bei Bei irakasleak eta haren lankideek aldez aurreko azterketa baten bidez 53 ikerlan aukeratu zituzten eta, ondoren, horien meta-analisia egin zuten.
Bakarkako aldakortasun handiagoa hautematen da gazteengan, bakarrik bizi direnengan, diabetesa edo bihotz-gaixotasunen bat dutenengan, Gorputz Masaren Indize altua dutenengan, estresaturik daudenengan, eta depresio edo insomnioaren sintomak dituztenengan.
Loa eta dieta, loa eta estresa, loa eta arazo kognitiboak. Hainbeste denbora eskaintzen diogun funtzioa izanda, argi dago loak esna gaudenean gure bizitzaren alderdi askotan funtsezkoa izan behar duela. Hala ere, ezer gutxi dakigu haren funtzionamenduaz, are gutxiago zergatik den ezinbestekoa gure biziraupenerako.
.
Zertarako lo egin?
Loa mugimendu mugatuko eta zentzumenen erantzun urriko egoera erregulatu gisa deskribatu dezakegu. Lo gaudenean, ezin dugu jan, bikotearekin sexu-harremanik izan edo gure burua babestu. Eta, denbora nahikoa lo egin ezean, loak ezinbestean hartzen gaitu. Lo egitea beharrezko eta derrigorrezko funtzio biologiko bat da eta, lo egiten ez badugu, neke handia, gorputz eta buru mailako desoreka eta, kasurik larrienean, heriotza pairatuko dugu. Hala gertatu da arratoi edo intsektuekin egin diren esperimentuetan.
Hasierara itzuliz, oraindik ere zergatik lo egiten ote dugun galdetzen diogu gure buruari. Zergatik gauden esna ere galdetu genezakeen (Matrix filma gogora ekartzea baino ez dago lo egotea erosoagoa dela konturatzeko), baina, esna gaudelako hain zuzen, badakigu egoera horretan jan egin edo ugaldu gaitezkeela; ez dugu, ordea, lo gaudeneko hainbeste informaziorik (adibidez, begiak azkar-azkar mugitzen edo amets egiten dugula), ezta gutxiagorik ere.
Hori dela eta, adituak ez dira ados jartzen loaren funtzioaren inguruan. Hainbat hipotesiren artean, gure jokaera alferrikakoa edo ezinezkoa denean, lo egiteak energia gastatzea eragozten eta ekintzarik eza bultzatzen duela aipatu izan da; kasu horretan, onena geldi egotea litzateke. Izan ere, egoera horrek oroimena sendotzen du; erdiguneko nerbio sistema garatzen du; esna gaudenean gure jarrera hobetzen du; ikerketaren egileen arabera, nerbio sistemaren loturak indartu edo ahuldu egiten ditu; burmuineko hondakin metabolikoak garbitzen ditu; eta, diotenez, sistema immunearen funtzionamendua berregokitzen du. Aitzitik, loak inolako funtzio espezifikorik ez duela ere esan izan da, azken finean modu dotore batean ezertarako balio ez duela adieraztea litzatekeena.
Loaren funtzioa edozein izanik ere, halakorik balu, hura garrantzitsua izango da eta hautespen naturalaren aplikazioan sortu ohi diren presio negatiboek eragindakoa baino eboluzio mailako abantaila handiagoa eskaini beharko du, bestela aspaldi desagertua izango zelako. Eta, hala ere, animalia espezie gehienek lo egiten dute, eta haietako zenbaitek duela milioika urte jokatzen dute horrela. Loak ez du hautespen naturalaren bidez espezieen desagerpena laguntzen, horren ordez, ezagutzen ez dugun abantailaren bat eskaintzen die lo egiten duen espezieei. Azken batean, agerikoa da lo egitea edo, hobeto esanda, ondo lo egitea garrantzitsua dela.
Denok dakigun bezala, San Valentin eguna ailegatzear dago, hau da, bikoteen arteko maitasuna adierazteko eguna. Batek daki zein den egun honen jatorria. Baina denok dakigu otsailaren 14an, San Valentin eguna dela, Maiteminduen Eguna.
Egun hau iristean bikotekide batek bere kideari dion maitasuna jakinarazten dio. Esan daiteke bere neska edo mutil lagunarekin maitasuna ospatzeko aitzakia dela, beste zenbait data bezala. Berarekin zer edo zer berezi egiteko unea; modu erromantiko batean. Gau horretan afari erromantikoa egin eta lore sorta ederra oparitzeko ohitura dago, besteak beste. Makina bat aukera daude egun hori ospatzeko. Dirurik gastatu gabeko opariak ere egin litezke, irudimena askatu besterik ez da egin behar. Adibidez, elkarrekin egindako argazki batean mezu bat idatzi, gutun bat idatzi, kanta bat abestu, bideo bat egin edo margotzaile ona izanez gero koadro bat margotu liteke.
Hala ere, badago jendea egun hau kritikatzen duena dirua gastatzera bultzatzen duelako. Gaur egun kontsumoa sustatzen duen eguna bihurtu da. Hori dela eta, bikote batzuek ez ospatzea erabakitzen dute, maitasuna egunero erakutsi behar dela esanez eta ez soilik Maiteminduen Egunean. Ez dut ukatuko arrazoia dutenik, dena den, gure egutegiko beste zenbait egunek ere kontsumitzera eramaten gaituzte, Gabonek, esate baterako.
Gorlizko kanoiak, ilunabarra
Ospatu edo ez ospatu norberaren erabakia da. Nahi duenak, gustoko duenak eta ilusioa egiten dionak ospa dezala nahi badu. Nik aitortu behar dut egun hau, maiteminduen eguna, ospatzea gustoko dudala. Nori ez zaio gustatzen sorpresak jasotzea? Noiz edo behin denoi gustatzen zaigu horrelakoak jasotzea, ilusioa egiten digu eta. Jarrera zurrunena dutenek ere, lausotu egiten dira beraiengan pentsatu dutela jakitean. Are gehiago, beste pertsonak maite gaituela sentitzea gustatzen zaigu.
Horrekin ez dut esan nahi maitasuna egun horretan soilik ikusiarazi behar denik, eguneroko kontua da. Harreman bat egunero zaindu behar da. Bikote-kidearekin egunerokotasunean ilusioa mantendu behar da, eta noizean behin detailetxoak izan, elkarrekin afaltzera joan, hitz politak esatea eta entzutea, azalaren kontaktuak zirrara egitea, berarekin egoteko beharra sentitzea, besteak beste.
Eta zuek zer uste duzue egun honetaz, San Valentin eguna ospatzearen aldekoak edo kontrakoak zarete?
Hizkuntza dominazio tresna gisa erabili izan dute beti estatuek
Pako Aristi da, euskaldunon minorizazio egoerari aurrez-aurre begiratzeko eta zintzo salatzeko gauza den euskaltzale gutxi horietako bat. Gehienak beste inora begira daudelarik, eroso edo, eskertzekoa da zenbaiten ahalegina, diskurtso politikoki zuzen eta desmobilizatzaileetatik urrun. Ahalegin ezinbestekoa, euskalgintza egunen batean esnatuko bada.
«Espainia minorizatzaile asko eta asko sufritu ditugu euskaldunok historian barrena: Espainia frankista, Espainia errepublikanoa, Espainia liberala, Espainia monarkikoa, Espainia absolutista, Espainia feudala eta abar. Espainiaren etnofobia aldian aldiko sistema politiko guztien ezaugarria izan da. Besteak minorizatuz bihurtu da gehiengo haien lurraldean» esan du Joxe Manuel Odriozolak. «Dispertsio handi batean gaudela pentsatzen dut, eta indarrik gabe. Ez naiz euskaldun bezala errepresentatua sentitzen inon». Euskarak ez du plazarik irabazi, etxean gero eta zokoratuago dagoen bitartean. Ez dugu ezta arazo politiko ere bihurtu… «politikoak ez direlako gai euskarazko diskurtso bat josteko. (…) Funtsean (politikariek) ez dute bide-orririk, ez dago politika zehaztu bat euskararentzat» (Koldo Izagirrek).
Kezkagarria iruditzen zait nola disoziatzen ditugun gure aldarrikapenak, batetik, eta aldarrikapenok gauzatzeko botere falta, bestetik. Ohitu egin gara ameskeriak esaten, gero ametsok betetzen diren edo ez behatu gabe, arduragabeki; Behatokia, Topagunea, Kontseilua eta beste zenbat erakunde daude, kasik euskararen GKE-en gisako funtziora murrizturik. Euskalgintzak ez dauka botere exekutiborik, ezin ditu exekutatu bere idealak, ametsak, aldarrikapenak, desirak. Eta botere sinbolikorik ere apenas geratzen zaigun, ez baita inon serio hartzen inoiz errealitatez janzten ez den eldarniorik. Horrela bizi gara, epe laburreko leloak sortuz, epe laburragoan ahazteko, funtsezkoa den horretatik urruti, beti. Laburra da euskararen erakarpen ahalmena, espainolaren eta frantsesaren epe luzeko inposizioaren aldean. Eta sarkastikoa ere bada, Euskal Herrian diren 3.000 trikitilarietatik euskaraz ez dakien bakarra izatea Korrika berriaren iragarleetako bat.
Inork ez du esaten, baina denok dakigu: hizkuntzaren auzia gerra auzi bat da, eta gehiago hizkuntza gutxitu (gutxietsien) kasuan. Gerra, ez kanoiak begira ditugulako, etsaiak dauzkagulako baizik.
Hasi beharko dugu, bada, tokiak eta guneak irabazten, bertan gotortzen eta garaipena beste guneetara hedatzen, ezta?
Norman Fairclough-ek dioen bezala, «hizkuntza dominazio tresna gisa erabili izan dute beti estatuek, eta hizkuntzak duen estatusak definitzen du erabiltzailearen estatusa».
Hizkuntza dominazio Hizkuntza dominazio Hizkuntza dominazio
Gaur Jotdownek argitaratu Edu Madina eta Fermin Muguruzaren arteko elkarrizketaren inguruko iritzia idatzi du Harrikadak blogean. Zuretzat ekarri dugu ZuZeura.
Muguruza eta Madina, zubigileak
Otsaileko zenbakian, Jot Down aldizkariak Eduardo Madinak Fermin Muguruzari eginiko elkarrizketa luze bat argitaratu du. Espero dezagun joaneko partida izatea soilik. Bueltakoa falta baita.
Gaur goiz mugitua izan dut eta ez naiz gehiegi zentratu egunkariekin eta sare sozialekin goiza nahikoa aurreratuta izan arte. Halako batean, ikusi dut Fermin Muguruzak txio bat jarri duela Eduardo Madinak berari eginiko elkarrizketa bat zela eta.
Esan bezala, 20 orrialdekoa omen eta otsaileko Jot Down aldizkariak El País egunkariarekin batera banatzen den hilabetekarian argitaratua ei zen (3 euro gehi periodikuaren eguneko prezioa: gaur, guztira 5,80 euro). Kalera jaitsi, kiosko batera jo, erosi eta irakurtzen hasi naiz.
Irakurri ditudan gauza gehienak ezagunak ziren niretzat, baina halere emozionatu egin naiz hainbat unetan.
Elkarrizketa Espainiako publikoari begira egina dago eta Kortaturen sorreratik gaurdaino musikariaren ibilbideari egiten zaio errepaso: Kortatu, Negu Gorriak, bakarka… Etxeko zein kanpoko kontuak aipatzen dira (ETA, GAL, Galindo-NG auzia, Katalunia, Mexiko, eta abar).
Espainiari begira egina dagoela esan dut eta poztekoa iruditu zait hainbat lagunek Twitter-en zubigile kontzeptua nabarmentzea. Gaur ikasi dute hitza eta asko gustatu omen zaie.
Eskertzekoa da bien ahalegina zeren eta, a priori, topaketak alde bateko zein besteko muturrekoenen zaplastekoak jasotzeko arrisku handia baitago.
Dena den, proposamena daukat biontzat: bueltako partida jokatu behar da orain. Hau da, Ferminek Madina elkarrizketatu beharko luke eta emaitza Euskal Herriko komunikabide batean argitaratu.
Itxita daude jada kiosko gehienak eta bihar arte ezin baduzue itxoin, hona hemen elkarrizketa (Dropbox: 20 orrialde 10 iruditan).
Pasa den udazkenean NASA eta NOAA agentziak punta-puntako satelite meteorologiko bat jarri zuten munduaren orbitan, Goes-16 deituriko tramankulua. Ofizialki azaroan hasiko da lanean, baina aparatoak dagoenekoz bidali ditu zenbait argazki eta bideo, eta pentsatuko duzuen moduan, ikustekoak dira.
Baina beren funtzioa ez da soilik gure gozamenerako irudiak bidaltzea, meteorologiaren nondik norakoak aztertzea baizik. Hemendik 2030 urtera bitarte horrelako beste hiru satelite bidaliko dituzte espaziora, eta fenomeno naturalak aurreikusten lagunduko dute; urakanak edota ekaitz tropikalak, esaterako.
Kamera Advanced Baseline Imager (ABI) estilokoa da; kalitatea sekulakoa, eta hiru aldiz informazio gehiago bildu dezake. Satelitea 35.888 kilometroko altueran dago. ABI kamerak argi uhin ezberdinak irakurri ditzake, eta horregatik da posible horrelako irudiak lortzea tamainako distantziatik. Argi uhinak bereizita hodeiak, uraren baporea, kea, izotza eta sumendien errautsak ezberdintzen ditu.
Alde handia dago Goes-13 eta Goes-16earen artean, bi irudi hauetan ikusi daitekeen bezala.
Ordu laurdenero mundua osoa hartzen duen argazki bat atera dezake, “disko osokoa” deitzen diotena. Irudiak bidaltzen dizkie agentzie bost minutuero, baina guneren batean larrialdi bat balego 30 segunduero bidali ahalko lituzte; laguntza handikoa izan daiteke hondamendi egoeretan.
Oraindik ez dituzte eskuragarri jarri Europako argazkiak, beraz, itxaron egin beharko dugu munduko eta espazioko kamera onenaren begiradatik Euskal Herria ikusteko. Bitartean gozatu irudi hauez.
Zure hiriko mapa bat hartu, begiratu, eta orain bai, hausnartu dezagun. Hiri bat gorputz bat izango balitz, honen kaleak berezko zainak izango lirateke, izan ere, kaleak gorputz adarretara eramaten gaituzten bideak dira, hiria beraren atal eta izaeraren zati bat bihurtuz. Ondorioz ez ginateke biztanleok errepresentaturik ikusi beharko? Kaleak biztanleak osatzen dituzte, hala ere, batzuk beste batzuk baino gehiago agertzen dira. Kalez kale joaten garenean, idazle, mediku, ikerlari edo erregeen izenak edonon ikusten ditugu, ez da gauza arraroa. Izen guztiak irakurri ostean, izen gehienak gizonak direla antzematen dugu, sukaldean geratu ote dira emakumeak?
Kalez kale jarraitzen dugunean, orain bertan aurkitzen ditugun artelanetan erreparatzen hasiko gara. Artelanak edonon ageri zaizkigu, denden erakuslehioetan, iragarkietan edo pareten graffiti zikinduetan ageri dira, haien artean hainbat eskultura ikusiz. Oro har, hiriko instituzioak finantziatutako obrak izanik, eskulturetan ere hiri edo herrialdearen errepresentazio pertsonifikatu bat ikusten dugu, gehienetan oso modu agurgarri batean, palestra baten gainetik ikuslea begiratuz. Pertsonifikazio hauek gizonak direla berriz ere antzematen dugu, ez dira emakumeak hiri baten erakusle? Non geratu dira?
Zaila da baten bat aurkitzea, hala ere, saia gaitezen. Figura erlijiosoak alde batean utzi eta adi egon, edonon ageri daiteke emakume galduren bat. Zuhaitzen artetik iturri batera ailegatzen gara, eta hara non aurkitzen dugun gure desiatutako adibidea. Iturriaren erdian, edertasunaren sinbolo gisa, emakume biluzi bat ageri zaigu. Zergatik biluzik? Eta zergatik emakume bat? Jadanik finkatuta dagoen ikonografia baten aurrean gaude, Venus, edertasunaren jainkosa, bere gorputzeko atal intimoak estaltzen ditu, lotsati. Asmatuta badago ere edonon aurkitu daitekeen adibidea da.
Antzinarotik, eskulturak ez dute bakarrik zentzu dekoratibo bat, inguruko espazioari lotuta hiriaren izaeraren zati bat bilakatzen dira, mezu zehatz batzuk bidaliz. Biluzirik agertzen ez direnean, emakumeak ez dira gizonak duten agurgarritasun sentzazio hori transmititzen ari. Gizartea aurrera egiten ari dela saltzen diguten bitartean, hau ez dugu hiriko kaleetan ikusten. Emakumeok bigarren mailako paper bat betetzen jarraitzen dugu, izen propiorik gabe, gure inguruan asko badaude ere, ez ditugu emakume idazle, mediku edo ikerlarien izenak inon ikusten. Emakumeak berriz ere etxean geratu garela ematen du.
Aurtengo Goya sarietan ere antzeko gai bat atera zen. Cuca Escribano izeneko aktoreak bere soinean zeraman zapia harrotasunez erakutsi zuen; mezu bat zeraman, non pelikuletan emakumeentzat paper gehiago aldarrikatzen zuen. Gure hirietako kaleetan bezala, zineman emakumeari paper jakinak eman zaizkio: heroiaren maitalea, ama edo arreba, guztiak biziki edertuak eta berezko helbururik gabekoak. Non geratu dira benetazko emakumeak? Galdu ote dira? Mihi gaizto batzuek diote pelikuletan emakumeen paperen beharra ez balego, hauek zineman parte hartuko ez zutela, ez paintailaren aurrean, ez atzean, ikustezinak. Ez gara genero borroka batez ari, berdintasunaz baizik. Emakumeok bigarren mailako pertsonaiak izateari utzi behar diogu gure hiri, pelikula eta bizitzen protagonistak izaten hasteko. Gure eserleku deserosotik altxatuz eta ikuslearen papera betirako utziz.
Beste Maltzaga bat (Eneko Bidegain) [ Maltzaga V ]
Beste Maltzaga bat
Arg: Javier Bergasa, Noticias de Navarra
Maltzagaren metaforak ez garamatza bakarrik Telesforo Monzonen proposamenera, Lizarra-Garaziren ondorengo urteetan ere aipatu zen Maltzagaren ideia. Aipatu zutenak ziren Lizarra-Garaziko argazkia janzteko balio zuten eragileak, baina herri honetako eztabaida politikoan pisu gutxi aitortu izan zaienak. Ez EAJk, ez Ezker Abertzaleak ez zieten kasurik egin EA, Aralar eta ABren eskaerari. Lizarra-Garaziko giroa ez zen berriz sortuko, eta ez da berriz sortu… eta ez dirudi horretara goazenik. EAJ hotz dago independentziari begira. Alta, egin daiteke biderik independentziara buruz, EAJ gabe eta EAJren eta Ezker Abertzalearen betiereko kalapita segituz? Independentismoak nekez lortuko du batzuek aipatzen duten %85eko babesa, nukleo sendorik ez bada osatzen horren alde (artetik errateko: zergatik behar du independentismoak %85eko babesa, eta ez Espainiaren eta Frantziaren menpe egoteak?).
Euskal estatuak herritarren %85aren babesa izanen du, Euskal Herria aske izanen denean; ez lehenago. “Euskal estatua halakoa eta horrelakoa litzateke, hobeki biziko ginateke”… mila aldiz errepika daiteke, baina hori obratuko ez den bitartean, herritarrek ez dute ikusiko: erraza da paperean idaztea hobeki biziko ginatekeela (ados jarri behar, zer den hobeki bizitzea…), horrek ez du bermatzen sinestea gero gauzak hala izanen direla.
Ikastolak sortu zirenean, jende gutxik sinesten zuen eskola eredu ona zirela. Mesfidantzaz begiratzen zitzaien. Urteen poderioz, ikastolek frogatu dute ikasleek emaitza onak lortzen dituztela eta txikitatik bi hizkuntza ikastea aberasgarria dela haurrarentzat. Orduz geroztik hasi dira gero eta guraso gehiago erakartzen, mesfidantzak uxatu dituztenean. Ez ziren hasi milaka eta milaka guraso konbentzitu nahian, paperean idatzia zen eskola eredu bati buruz.
EH BAI-ko zenbait kide. Arg: Nahia Garat, Mediabask.
Independentziaren bidean ere berdin da. Sortu behar ditugu egiturak herri hau gero eta askeago izan dadin. Gaur egungo Maltzaga litzateke EAJ, EH Bildu eta EH Bai alderdi eta koalizioek gutxieneko akordio programatiko bat adostea, herriaren artikulaziorako, sendotzerako eta euskalduntzerako ezinbestekoak diren ardatzei begira: besteak beste hezkuntza, euskarazko komunikabideak, kirola, zatiketa administratiboaren ondorioak gainditzea eta abar. Eta Maltzaga berri horretarako bidean, gizarte eragileek, sektore ekonomikoaren edota kulturalaren hitza eta parte-hartzea ere funtsezkoak dira. Bestela, arlo horietan guztietan kolpeka segituko dute abertzaleek, eta horrela ez da sortuko herri hau askatasunera eramanen lukeen dinamikarik. Lehenesten bada EAJrik gabeko bidea, bi familia abertzale nagusien arteko lehiak eta talkak jarraituko dute ondorioak edukitzen beste sektoreetan. Eta horrek, azken urteetan kalte handia egin die Euskal Herriari, euskalgintzari, euskarari…
Herria gorpuzteak, hizkuntza sendotzeak, herriaren giharrak indartzeak eramanen gaitu independentziaren bidera. Eta horretarako, –barkatu, baina– kultura politikoa aldatu behar dugu eta –bai– EAJren eta ezker abertzalearen arteko hurbilketa bat behar da.
Udala hasi da herriko edukiontziak berritzen. Guztira, 1.789 edukiontzi berri ipiniko dira.
Urdinak (papera eta kartoia), horiak (ontziak) eta marroiak (organikoa); hauek denak 422 toki ezberdinetan banatuta egongo dira. Toki batzuetan edukiontzi berdea (beira) eta laranja (landare-olioa) ere jarriko dituzte. Edukiontzi marroia otsailaren amaiera aldera ezarriko da eta aurreikusita dago guztiak 2017ko lehen lauhilekoaren amaierarako ipinita egotea. Hura irekitzeko txartela bat behar izango dugu. Aurreikusita dago paper, ontzi eta errefusaren edukiontziak urtarrilaren amaierarako guztiak ipinita egotea. Edukiontzi berrien diseinuari esker, kargatzean eta deskargatzean sortzen den zarata txikitzen da.
Auzotarrek, ahalik eta hondakin kopuru handiena bidaia bakar batean uzteko aukera izango dute. Antolamendu berriarekin, edukiontzien guneak berdinduko dira eta hemendik aurrera, gutxienez, 4 edukiontzi egongo baitira gune bakoitzeko:organikoarena, paperarena, ontziena eta errefusarena. Beste toki batzuetan, 5 izango dira (beirarena gehituz), edo 6 (olioarena sartuta). Horren ondorioz, zenbait guneetan trafikoa berrantolatu behar izan da, esate baterako, Lañomendin eta San Nikolasen, Algortan. Bestalde, toki gutzi batzuetan, gaur egun dauden edukiontzi berberak utziko dira, alde horietan bilketa zerbitzua ezarri nahi baita.
“Berrikuntza hauekin, eta eskaintzen ditugun gainerako zerbitzuekin, gure eguneroko bizitzan sortzen ditugun hondakinak sailkatzeko lana errazten da. Eta horretarako, berriro diogu, guztion laguntza ezinbestekoa da”, azaldu du Imanol Landa alkateak. Informazio-liburuxkak bananduko dira gutunontzietan edukiontzi bakoitzean zer material utzi daitekeen gogoratuz. Ala eta guztiz ere, bideo bat ere argitaratu da, proposatzen den zerbitzua laburtzen duena, eta udal webgunean ikus daitekeena.
Nire ikuspuntutik, Getxon edukiontziekin egiten ari den berrikuntza proiektua, ideia oso egokia, eta batez ere, erosoa iruditzen zait. Orain direla urte gutxi batzuk, edukiontziekin zegoen planteamendua ez zen txarra, baina esana beharra dago sistema horren banaketa ez zegoela oso ondo bananduta. Hala ere, aurtengo sistemarekin konparatuz, 2017 koa erabat erosoagoa da, bai langileentzat eta bai zaborra sortzen dutenentzat.
Gorka, 21 urteko goierritarra, gurasoen etxean bizi da, eta mantentze lanak egiten dituen teknikaria da. Batxiler teknologikoa egin zuen Goierri Lanbide Eskolan, eta ondoren bi urtez goi-mailako mekatronika gradua, lehen “mantenimentua” zena; ofizio horretan dihardu Ederfil enpresan, Legorretan. Kooperatiba honek bi planta ditu gaur egun, Legorretan eta Alegian, eta eroale elektrikoen fabrikazio eta komertzializaziora dedikatzen da.
Ikasketetako azken urtea ez zen samurra izan Gorkarentzat: “guztiok genbiltzan ikasten eta lanean. Batzuk goizez ikasten genuen, klasean bost ordu; eta arratsaldean eskolarekin lotuta dagoen Ikaslan enpresan egiten genuen lan, lau ordu (5€ inguru ordaintzen zaie ordua). Eguna luze joaten zen”.
Gorkari kontratua ETT baten bitartez egin zion Ederfilek, Ikolanetik. Enpresak zuzenean kontratatutako lagunek 1500-1600€ inguru irabazten dituzte, eta Gorkak, normalean, 1200-1300€ bitarte. Azken hilabeteko soldata hartuko dugu erreferentziatzat: 1326€. Beraz, esan dezakegu bitartekaria 300€ ingururekin geratzen dela hilero. Egin dioten kontratu mota “obra amaiera bitartekoa” da, suposatzen den arren enpresak sei hilabetetarako hartzen duela, printzipioz; hortik aurrera, teorian, enpresak kontratatu beharko luke.
Lau errelebotara lan egiten dute, eta horrela enpresa zabalik mantentzen da beti (abuztuko eta eguberrietako egun batzuk kenduta). Txanda sistema konplikatu samarra da:
Zazpi egun jarraian lanean.
Bi egun jai.
Zazpi egun jarraian lanean.
Bi egun jai.
Zazpi egun jarraian lanean.
Hiru jai (asteburua egokitu ohi da)
Honi ordutegi aldaketa gehitu behar zaio, bizpahiru egunez behin: goizetik arratsaldera, arratsaldetik gauera, eta gauetik jai egunera. Igande gauean sartu eta astelehen goizean amaituz gero astelehenak berak jai egun bezala kontatzen du. “Okerrena lo ohituren aldaketa da, askotan deskantsu falta nabaritzen dut, nekatuta sentitzen naiz”.
Soldata ez da hileroko paga egonkor bat, orduen araberakoa baizik. Astean zeharreko ordu estandarra 6,75€ inguru ordaintzen da; asteburua denean, edo gaua, edo jai eguna, ordu horren balioa igo egiten da.
“Kondizio prekarioetan dagoen langile bat naiz. Hilabeteko aste batean 56 ordu lan egiten ditut, 40 beste hiruetan, eta hala ere ezin dut planteatu ere egin etxetik alde egitea. Zerbait aurrezten badut gurasoen etxean nagoelako da.”
Gastu finkoak: 247,5€
PFEZ zerga: 26€. Minimoa da hori, %2a.
Gasolina: 130€ inguru. Hilabetean hiruzpalau aldiz botatzen dio gasolina gurasoek pasatu zioten auto zaharrari. Lana, etxeko ardurak, militantzia zein asialdi arrazoiengatik asko mugitzen da.
Kotxearen asegurua eta AIT-a: Hilean 40€. 480€ urtean.
Komunikabideen harpidetzak: 20€ inguru
Militantzia: 15€. Gazte antolakunde bateko kidea da eta hilero ordaintzen du kuota, joan-etorriez gain.
Elkartea: 16,5€ hilean, 200€ urtean. Sozietate gastronomiko bateko kidea da, bere aitak pasatu zion bazkidetza.
Gastu aldakorrak: 318,5€
Arropa: 25€
Liburuak: 13,5€
Tabernak eta jatetxeak: 130€. Hilabetean parranda bat edo bi egiten ditu, eta bakoitzean 30€ inguru gastatzen dituela uste du. Hilean behin, gutxienez, etxetik kanpo afaltzen du koadrilarekin; eta horretaz gain, egunero ez bada ere askotan, kafe edo garagardoren bat hartzen du.
Kotxeko gastuak: 150€. Hilabete honetan konponketa batzuk egin behar izan dizkio autoari.
Hilabete honetan aurreztu duena: 1326-566= 760
PD: Diru Zorroa atalean parte hartu nahi baduzu, idatzierredakzioa@zuzeu.come-postara eta zurekin harremanetan jarriko gara.
Urteko 5. astea ere joan zaigu, eta kostata bada ere, zazpiko txio sorta utzi digu, astero egin ohi duen legez.
Asteon txioek lantzen dituzten gaien artean, joaldunak eta emakumeak, pediatrak eta euskara, politikariak eta kondoiak. Baita geneak eta pozoina ere, edo Donald Trump eta iluntasuna.
Joan den astean, eta tarte izugarriarekin, Mikel Iriarteren itunarena izan zen txio guztietan bozkatuena.
Nonbait, Donostiako udal politikariek beti daramate kondoia poltsikoan. Ala ez dute erabiltzen? Lotsagarria baino gehiago, arriskutsua https://t.co/qvNMLuD8NU
“Euskal hedabideak, itun bila” jardunaldia antolatu du Hekimenek, Euskaltzaindiarekin batera. Jardunaldia goiz batekoa izango da, hilaren 22an egingo da Bilbon, eta helburu nagusia da sektorearen beharrak azpimarratu eta administrazioarekin beste lankidetza eremu bat bilatzea, sektoreari egonkortasuna emango diona. Itunaz ari gara, beraz.
Jardunaldian Andres Urrutia, Miren Dobaran, Jone Goirigolzarri, Xabier Landabidea, Alberto Barandiaran eta Libe Mimenzak parte hartuko dute.
Hedabideak hizkuntza baten biziberritzerako funtsezko zutabeetako bat dira. Euskal hedabideek hogeita hamar urtetik gorako ibilbidea egina dute, baina oraindik egonkortasuna falta dute, erronka eta proiektu berriei heltzeko. Herritarrek informazioa euskaraz jasotzeko duten eskubidea ziurtatu ahal izateko, ituna posible ote da hedabideen eta administrazioen artean?
Arizkunetik Markinaraino, hartzaren (eta beste zenbait basapiztiaren) irudikapenak badu bere garrantzia euskal inauterietan. Baita gure mugetatik kanpokoetan ere, dantzan.eus atariko “Europako Basajauna Freger-en argazkietan” sarreran frogatu ahal izan dugunez.
Ele zaharrak dio Kandelaria egunez, otsailaren 2an, ateratzen dela Hartza leizetik. Charles Fréger argazkilariak Europako inauteri eta neguko festetan ageri diren izaki basati, hartz edo basajaunak agertu ditu argazki sorta harrigarri honetan.