Quantcast
Channel: ZUZEU
Viewing all 19647 articles
Browse latest View live

App BATZUK, Korrika eta Mintzatu

$
0
0

App BATZUK, Korrika eta Mintzatu >

Gaur, martxoak 30ean, abiatuko da Otxandiotik euskararen aldeko lasterketa, eta ekimenaren informazio eguneratua eskainiko digu KORRIKA app-ak: 20. Korrika uneoro non dagoen; lekukoa nork daraman; zer distantziatara dagoen; iristeko zenbat denbora falta den… Informazio hori guztia gure esku izango dugu, Akting enpresak Android zein iOS gailuetarako propio garatu eta sortutako KORRIKA app-ean.

Bestalde, 20. Korrikak Euskal Herrian zehar dabilen bitartean —martxoaren 30etik apirilaren 9ra— galderen lehiaketa egingo da, eta sariak banatuko dira egunero-egunero, ibilbideari buruzko galderak asmatzen dituztenen artean. Gero, Korrikaren amaieran, sariak irabazi dituztenen artean beste zozketa bat egingo da.

KORRIKA app-az gain, MINTZATU app-a ere erabil dezakegu egun hauetan, Korrikaren ibilbidean zehar etiketatzeko euskaraz hitz egiten den tokiak.

MINTZATU app-a, euskaraz hitz egiten den munduko leku guztiak elkarlanaren bidez identifikatzeko proiektua da, gure hizkuntzan aritzen diren leku berriak kokatzen laguntzeko. Horrez gain, euskaraz mintzatzen den leku berriak etiketatzeko, horien kokalekuak partekatzeko, euskaraz norekin hitz egin adierazteko, eta euskaraz hitz egiteko lagun berriak egiteko ere erabili daiteke MINTZATU.

Finean, euskaraz hitz egiten den munduko lekuen sarea eratu nahi du MINTZATU proiektuak, bere apparen bidez: euskaldunok elikatutako euskararen aldeko plataforma parte-hartzaile, dibertigarri, ludiko eta soziala da. Gainera, MINTZATUn etiketatutako tokiei buruzko informazioa edukiz hornitzeko aukera ematen du app-ak: argazkiak eta iruzkinak eseki ahal dira, plataforma barruan lagun berriak egin, haiekin elkarrizketak izan…

Animatu! Erakutsi mundu osoari euskara bizirik dagoen hizkuntza dela!

Deskargatzea, doan:

KORRIKA app-a Ios

KORRIKA app-a Android

MINTZATU app-a Android

MINTZATU app-a Ios

App BATZUK

App BATZUK, Korrika eta Mintzatu bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.


Parte hartu euskal wikilarien estrategian!

$
0
0

Parte hartu euskal wikilarien estrategian >

Parte hartu euskal wikilarien estrategian!

Euskal Wikilariek 16 urte daramate lan egiten, gizateriaren historian eraiki den jakintza librearen iturririk handiena eraikitzeko eta iaz sortu zuten Euskal Wikilarien Kultur Elkartea. Hainbat wikilarik beharrezkoa ikusi zuten ekintzak koordinatzea. Horrela sortu zuten elkartea, “Wikipedia eta bere inguruan dauden proiektuak sustatzeko, ezagutzeko eta hobetzeko konpromisoarekin”. Euskal Wikilariek egindako lan nabarmenen artean, Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta DSS2016 Fundazioarekin elkarlanean, ikasleek euren klaseko lanak Wikipedian egiteko proiektua, haur eta gazte literatura Wikiproiektua eta trebakuntza ikastaro ezberdinak.

2017rako ere hainbat helburu finkatu dituzte Euskal Wikilarien Kultur Elkartekowikilariek; horien artean, hezkuntzan sakondu nahi dute, Wikipedia, entziklopedia gisa, funtsean proiektu hezitzailea denez, horregatik elkartetik aurten ere hezkuntzarekin lotutako harremanak bilatuko dituzte [EHU, Donostiako liburutegiekin lankidetza, trebakuntza ikastaroak,…]

Egun, Euskal Wikilariek mugimendu duin bat osatzen dute, baloreekin eta helburu indartsu batekin: mundu bat non gizaki bakoitzak, libreki, jakintza guztiaren batura parteka dezakeen. Mugimendu gisa eztabaida bat hasi dute etorkizuneko munduan Wikimediak izan behar duen paperari buruz eta eztabaidan parte hartzera gonbidatzen gaituzte Euskal Wikilariek.

#Wikimedia2030 Estrategia definitzen ari da Wikimedia, Wikipedia argitaratzen duen erakundea eta Euskal Wikilariek ere hausnarketa prozesua abian jarri dute eta gizartearekin batera konpartitu nahi dute. Euskal wikilariek, eztabaida hurrengo galderen arabera antolatuko dute:

  •   Zeintzuk dira euskal wikilari gisa definitzen gaituzten elementuak? Eta Wikimedia mugimendu gisa? Zeintzuk izan beharko lirateke elementu horiek 2030. urtean?
  •   Zeintzuk dira 2030. urterako munduan aldatuko zenituzkeen gauzak eta nola lagundu dezake Wikimediak horretan?
  •   Zeintzuk dira aurrean ditugun arriskuak? Zeintzuk dira aurrera egiteko sendotu behar ditugun puntuak?
  •   Hezkuntza, jendartea eta teknologia eremuetan 2030rako emango diren aldaketetatik, zeintzuk uste duzu garrantzitsu izango direla guretzat?
  •   Gure leloa “munduko jakintza guztia mundu guztiarentzat eskuragarri” jartzea esaten du. Zer hartu beharko genuke kontuan hau lortzeko?
  •   Zeintzuk dira Euskal Wikilarien Elkarteak mugimendu globalaren parte egin ditzakeen gauzak?
  •   Zer da prozesu hau elkarrekin egiteko batzen gaituena?

Hona hemen ESTRATEGIA

Iruzkinak?

Parte hartu euskal wikilarien estrategian!

Parte hartu euskal wikilarien estrategian! bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Hasier Etxeberria hedabideetan gaur

$
0
0

Hasier Etxeberria hedabideetan gaur >

Hasier Etxeberria

Hasier adiskidearen heriotzak durdurika handia eragin zuen atzo euskal hedabideetan. ZUZEUko lantaldearen Partitzeko tenorea sarreraz gain, Beti arte, Hasier idatzi zuen Sautrelako lantaldeak, eta gainera, maisu izan dugunaren Alua Mundua! blogeko esteka eta idatzietara sarrera azalean duzue, goiko aldean, eskuman.

Baina izan dira elgoibartar idazlea akorduan hartu duten gehiago ere. Hona batzuk:

.

Herriko aldizkarian, Barrenen, “Hasier Etxeberria kazetari eta idazle elgoibartarra hil da” lerroburuarekin zabaldu zuten berria; hedabidearen sorreran parte hartu zuen Hasier gazte-gazte ageri den argazki eta guzti.

.

Argia aldizkariak “Hasier Etxeberriaren heriotzak eragindako erreakzioak” jaso zituen atzo bertan, nagusiki Twitter bidez adierazitakoak -guk egunean zehar birtxiokatu genituenak asko-.

.

Gara egunkarian bere ibilbidea aztertu du Ariane Kamio kazetariak: “Errepublika bat letretan”.

.

Berria egunkarian Martxelo Otamendi zuzendariak, “Ez lasaitu, Marlon”, idatzi zion zuzenean adiskideari atzo bertan, zendu berritan. Eta gaur, Gorka Erostarbek idatzi duen “Kultur eltzeko perrexila”-z gain, iritzi artikulu bana idatzi dute irakasle, idazle eta kazetari gazte hauek:

Hasier Etxeberria hedabideetan

.

Hedabide gehienetan eman dute heriotzaren berri, El Mundo, ABC, Deia, Noticias de…, Diario de Navarra, El Correo, aipamen berezia El Diario Vascoko blogean Javier F. Barrerak idatzi duen Hasier”  sarrerari, non bi buru eta hiru bihotzekin jaio zela dioen.

.

Sortu zenetik lantoki (eta etxe) izan zuen EiTB-n ere asko izan dira Hasier ahotan hartu dutenak.

Euskadi Irratiko Faktorian, esaterako, Sautrelan elgoibartarraren lekukoa hartu duen Beñat Sarasolari hotsegin zioten berria jakin orduko; Gaitzarekiko izan duen indarra harrigarria izan da”, adierazi zien honek.

Arratsean, sortzaileen txokoan, omenaldi fina egin zioten, non Etxeberria bera entzungo dugun bere ahotik bere lanei buruz berba egiten. Hauexek dira entzuten ditugun Hasierren lehen hitzak, “Eulien bazka” nobela beltzeko Damian Arrutiri buruzkoak:

«Egin nahi izan dut efektu golpe bat irakurlearentzako. Berak sentitzen du, minbiziaren albistea jasotzen duenean, hilda dagoela. Esaten du, “akabo, bukatu zait denbora, hilda nago”; pentsatzen du. Baina juxtu horrek koinziditzen du bere bizitzaren azelerazio batekin, alegia, hilda dagoela sentitzen duen unetik aurrera abiada bizian hasten zaizkio gertatzen gauzak.

Eta orduan horixe du berak kezka, zein da benetako bizitza?, ezer egin beharrik gabe geldo geldo joaten dena, eguna joan eta eguna etorri, ala nik daukadan beste denbora labur eta ezin azkarrago hau. Kezka horietan bizi da edo korapilatzen da, pixka bat baduelako holako zaletasuna ere, bere buruarekin korapilatzekoa».

.

ETB1ek “Hasier Etxeberriaren ekarria eta konpromisoa” nabarmendu nahi izan zituen; “arrasto bikaina eta berezia utzi digu”, esan zuen Maite Iturbe zuzendari nagusiak.

 

.

Eta gainera

Armiarmak, Adiorik ez, Hasier Etxeberria, mon ami” izeneko Literatur Emailu bat igorri zuen atzo, kazetariaren kasik liburu guztiak sarean eskegitzearekin batera. Bestalde, Munduko Poesia Kaierak bildumako antologia berrien aurkezpenean, Iker Alvarez itzultzaileak Dylan Thomas-en “Eta ez da gailenduko” poema errezitatu du elgoibartarraren omenez (Hitzen Uberako bideoan duzue entzungai).

Beste idazle batek ere, Joan Martin Elexpuruk, aipatu zuen Hasier Etxeberria atzo bere “Iruña-Veleia, gezurra ala egia?” blogean, gaiaren inguruan jakinmina agertu zuela-eta.

Lankide zuen Juan Carlos Etxeberria kazetariak sarrera dotorea eskaini dio, ETBko erredakzioan izandako bizipenak gogoan; eta Patxi Gaztelumendik ere hitz gozoak eskaini dizkio.

Agurtzeko, Lander Garrok Instagram plataforman argitaratutako irudia hautatu dugu, Hasier adiskideari egindako argazki ederra. Egilearen oneritzia izango dugulakoan, azalerako aukeratu dugun horixe bera:

Hasier Etxeberria, hedabideetan gaur

Hasier Etxeberria hedabideetan gaur

Hasier Etxeberria hedabideetan gaur bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Atxagak adiskideari, in memoriam

$
0
0
Atxagak adiskideari, in memoriam

Atxagak adiskideari, in memoriam

Bernardo Atxaga Euskadi Irratiko Faktorian izan da gaur, Maite Artolarekin, eta agur idatzia irakurri dio Hasier Etxeberriari -Berria egunkarian ere egin du idatzi bat, azpian duzuena-, lagunaren heriotzaren berri jaso biharamunean; George Winstonen “December” atzetik zuela egin dio omenaldia idazle eta kazetariari.

Gero, Sautrela nola sortu zen ere kontatu du, ideiaren gauzatzean parte hartutakoa baita Atxaga, eta bukatu baino lehen Ibon Sarasola gehitu zaie elkarrizketara. Merezi du zortzi minutuko audioa osorik entzuteak. Hementxe duzue:

.

.

Hasier Etxeberria In Memoriam

Egun batean idazten jarri eta Adanen, lehen gizonaren bizitza irudikatu nuen. Ze izan ote zen berarentzat paradisua uztea, traumarik sortu ote zion. Pentsatu nuen ezetz, paradisuko landare berak ikusiko zituela Adanek erbesteratu ondoren ere, arrosa, palmondoa eta pikua; eta eguzkia beti betikoa irudituko zitzaiola, eta ilargia berdin, eta izarrak ere paradisuko gau orskarbietan ikusitako berberak.

Pentsatu nuen, gainera, ondo joan zitzaiola gero, paradisuaz kanpo ere sagarrak eta bizitzeko behar zituenak aurkitu zituelako. Eta soilik egun batean ikaratu zela, eta larritu, gripea harrapatu zuen aurreneko aldian, lehen aldiz gaixotu zenean.

Atxagak adiskideari, in memoriamAdanen heriotzaz pentsatu nuen azkenez, eta irudikatu, soseguz irudikatu nuen, Evarengana burua giratu eta esanez: “badakit Eva, hainbat gorabehera eta ezbehar izan ditugula, baina zer da benetako bizitza Eva, guk ezagutu duguna ez bada, paradisuaz kanpokoa ez bada”. Halaxe irudikatu nuen Adan, hitz haiek ezpainetan, bizitzarekin bakean, egindako lanarekin pozik, hurbilekoak inguruan zituela.

Hizkuntza batzuetan, Turkian esate baterako, Adan izenak gizona esan nahi du. Gaurkoan esan nahi du Hasier Etxeberria. Bere heriotza Adanena bezala irudikatzen dut, bizitzarekin bakean, egindako lanarekin pozik, hurbilekoak inguruan zituela. Egon bedi, bizi bedi Hasier Etxeberria gure gogoan.

.

.

Errektangelua (Berria egunkarian)

Atxagak adiskideari, in memoriamLehengo batean, telebistan, galdera egin zioten itsu gelditutako Maialen Solaun neskatilari, gogoratzen al zituen munduko gauzak, eta berak erantzun zuen batzuk ahazten ari zitzaizkiola, “esate baterako errektangelua, ia ez dakit nolakoa den”.

Hasier Etxeberria hil dela jakin orduko neskatilaren erantzuna etorri zait gogora, Euskal kulturari zegokionez errektangelu bat zen bera, gure puzzleko pieza sendo eta seguru bat, edozer eraikitzeko unean oinarria eskaintzen zuena. Gainera, ahots bat zuen, hizkera nahastezina. Artista eta idazleek, beti kolokan, hutsunea sumatuko dugu orain.

Ahaztu egiten da ikusten ez dena. Errektangelua nolakoa den ere bai. Ez dezagun ahaztu Hasier Etxeberria eta berak egindako lana.

.

* Margoa, Jim Boden-en “Out of paradise” sortatik.
Atxagak adiskideari, in memoriam Atxagak adiskideari, in memoriam

Atxagak adiskideari, in memoriam bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Kalami zazpikiak, Sauroni

$
0
0

Kalami zazpikiak, Sauroni >

Sauron,

Batzuetan instante batek aukera bat dakar, eta aukera hori une zehatz horrekin amaitzen da. Eta amaitzen bada, ezin duzu deus ere egin.

Duela astebete esan zenidan, LUri abixatuko zeniola eta udaberrian Gaztelun bazkalduko genuela. Gerezi ondoak loratzean. Eta bazkari hura ere izango zela den dena hankaz gora jartzeko. Beste arrakala bat zabaltzeko. ZuZeuren etorkizuna enegarrenez zirriborratu, eta ezbaidatzeko ia kanpo estekek zer nolako pisua izan beharko luketen orainkarian, ia iruzkinak nola kontrolatu eta eztabaidaren sua nola piztu. Marmitako eder batekin bilduko gintuzun, hastapenetan bezala. LU, Ritxi, Urko, Beñat, Anartz eta Iñaki. Eta agian Mikel edo Izaskun ere bai. Ezin jakin zurekin. Eztabaidatuko genukeen, lehen ogi zatitik, azken Drambuie edo Benedictine koparaino. Eta agian izozki bat ere bai.

Kalami zazpikiak, Sauroni

ZuZeu sortu berritan, ikasle ezjakin bat baino ez nintzela, hartu ninduzun. Pertsona handi gutxi ezagutu ditut 29 urteotan. Zu sentitu arte ez nekien ondo zer zen ‘pertsona handi’ bat. Mundu bat berarekin daraman pertsona mota hori. Etxe bat gaztelu bihurtzen duena, halabeharrez, barruan kabitu ahal izateko.

Asko zor dizut nagusi. Zuk esango zenukeen naizenaren %90a zor dizudala, nik esango dut soilik erdia dela. Geratu eta pentsatzeko orain dudan gaitasunaren erdia. Zuzen idazteko dudan gaitasunaren erdia. Ekibokatzeko dudan gaitasunaren erdia. Eta horrela, luzaro segi nezake.

Azken unera arte, azken arnasera arte izan zaitugu ondoan ZuZeun. Azken unera arte gobernatu gaituzu. Eta azkenengoz duela bi egun abixatu zenigun lanean zenbiltzala: “Ez dakit noiz baina ez da oso urruti, kantu zaharreko ‘Partitzeko tenorea unhatu da’ zutabe hontan geure buruak ikusteko”. ZuZeuko zirriborrotan topatu genuen ‘Partitzeko tenorea’ sarrera. Hutsa. Geuri tokatzen zaigu huts hori betetzea aurrerantzean.

Gora Hasier! Eta gora ZuZeu!

Kalami zazpikia

Kalami zazpikiak, Sauroni

Kalami zazpikiak, Sauroni bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Apustua: elefantea idi eta Txikon Larrañaga

$
0
0

Apustua: elefantea idi eta Txikon Larrañaga

Apustua: elefantea idi eta Txikon LarrañagaApustua internazionala izango da segur aski, baina komunitate batzuetan besteetan baina tradizio handiagoa dagoenik ezin uka; gurea horietariko bat.

Adibide handietako bat da elefante baten eta bi idien arteko norgehiagoka, Berrizen, 1963an. Fernando Torrecilla diseinatzaile grafikoak ipuin bat egin zuen San Antonio jaietan gertatutakoaz. Eduardo Urzelai berriztarrak zirkuko elefante bat eraman zuen Berrizko probalekura idiekin nor baino nor leihatzera. Garaiko NODO-ak, frankismoaren telesaioak, gertakizuna grabatu eta artxibo hau utzi digu frroga gisa, ez baita erraza sinestea duela 50 urte baino gehiago halakorik jazo zenik Berrizen.

Jende askok pentsatzen zuen elefanteak irabaziko zuela, indarra aintzat hartuz; baina teknika gailendu eta idiak nagusitu ziren.

Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarrak eta Alex Txikon mendizale lemoarrak harrijasotze, aizkora eta korrika apustua hitzartu zuten atzo, Azpeitiko Mendizabal tabernan. Urola Kostako Hitzaren arabera, ordubetetik gora behar izan dute apustua ixteko. Apustua itxi arren hitzartutakoarekin ez omen dira gustura gelditu; nabari da kirolariak direla eta ez politiko profesionalak.

Apustua: elefantea idi eta Txikon Larrañaga
Arg: Urola Kostako Hitza

Honela laburrbildu du Hitzak norgehiagokaren nondik norakoa: “Uztailaren 1ean jokatuko dute apustua Azpeitiko zezen plazan. Bi kirolariek harria 20 aldiz jaso beharko dute; Txikonek hamar kanaerdiko ebaki beharko ditu, eta Larrañagak hamabi; horrez gain, 7,5 kilometro egingo dituzte korrika. 6.000 euro jarri dituzte jokoan, eta 1.000na euro aurreratu beharko dituzte, seinale bezala. Ebaki beharreko enborrak Txikonek jarriko ditu, baina, egunean bertan, bien artean erabakiko dute zeinek zeintzuk ebakiko dituen. Apustua adosteko negoziazioa estua izan da. Bi aldeek kirolari batek besteari lan batean edo bestean atera diezaioken aldea jarri dute behin eta berriz mahaiaren gainean. Txikonen aldekoek Larrañagak hari aizkoran atera diezaioken aldea nabarmendu dute, eta Larrañagaren aldekoek, berriz, Txikonek aizkolariari korrika atera diezaioken abantaila. Hasierako proposamenean aldaketak eginda, baina itxi dute apustua bi aldeek”.

Apustugintzak 50 urteko ibilbide luzea egin du Berrizeko froga hartatik Azpeitiko taberna bateraino. Apustu egiten duenak ikasi du lezioa. Urzelai berriztarrak saltsa ederra sortu zuen 1963an elefantea idi-probak egiten jartzean; baina agian diru apur bat irabaziko zuen idiak zirkoko akrobaziak egiten jarri izan balitu.

Idi eta elefante, Larrañaga edo Txikon, ikusiko gara Azpeitian Berriz.

Apustua: elefantea idi eta Txikon Larrañaga

Apustua: elefantea idi eta Txikon Larrañaga bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Eta ez da gailenduko heriotza

$
0
0
Eta ez da gailenduko heriotza

Eta ez da gailenduko heriotza

“And death shaw have no dominion” Dylan Thomas (1914-1953)  poeta galestarraren olerkia da, 1933an idatzi eta hurrengo urtean argitaratu zuena, idazlearen lehen olerki liburuan, “18 poema” izenekoan.

Iker Alvarezek euskarara ekarri du olerkia, “Eta ez da gailenduko heriotza” izenburua emanda, Munduko Poesia Kaierak bildumarako atondu duen liburuxkan (Susa, 2017). Atzo, itzultzaileak berak irakurri zuen poema, Hasier Etxeberria zendu berriaren omenez; Hitzen Uberan-ek jaso zuen unea.

.

 Eta ez da gailenduko heriotza

And death shall have no dominion (Dylan Thomas)

.

Eta ez da gailenduko heriotza.

Bat izango dira gizon biluzi hilotzak

Haizeetako gizona eta ilbeherarekin.

Beren hezurrak garbi, eta hezur garbiak galtzean,

Izarrak izango dituzte ukondo eta oinen atzetik.

Erotu arren, ez dute galduko sena,

Itsasoan hondoratu arren, azaleratuko dira berriz,

Maitaleak itzali arren, iraungo du maite hotsak.

Eta ez da gailenduko heriotza.

 

Eta ez da gailenduko heriotza.

Itsas korronteen azpian, ez da inoiz

Haien atsedena haize bolada batez hilko.

Nerbioek ematean, iraulkatzen dira bizkor,

Gurpil bati lotuta, baina ez dira hautsiko.

Haien fedea bitan puskaturik,

Zeharkatuko dituzte gaitz adar-bakarrek.

Hondarrak arte banandurik, ez dira zatituko.

Eta ez da gailenduko heriotza.

 

Eta ez da gailenduko heriotza.

Kaioen karrankak ez dira haiengana iritsiko

Ez dira olatuak bortitz itsasertzean lehertuko.

Lore bat loratu zen lekuan, lore batek ez du

Bere burua altxatuko euri oldarren aurka tinko.

Ero, eta burdin zati bat bezain hilotz,

Haien buruak larreko lore artean dira kolpeka.

Eguzkira jauzi eguzkiak behera egin arte,

Eta ez da gailenduko heriotza.

 

Eta ez da gailenduko heriotza bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Asteko zinema estreinaldien errepasoa!

$
0
0
Asteko zinema estreinaldien errepasoa!

Asteko zinema estreinaldien errepasoa!

Estreinaldiak: Martxoak 31

Egilea: Maialen Goñi

.
Demain tout commence (Mañana empieza todo)

Intouchables (Olivier Nakache, 2011) filmarekin ezagun egin zen Omar Sy aktorea da Hugo Gélinen film berriko protagonista. Eta filma, era berean, Mexikoren historiako film arrakastatsuena den No se aceptan devoluciones (Eugenio Derbez, 2013) lanaren remakefrantziarra da. Sy Samuel izeneko bizizalearen azalean sartuko da; Frantzia hegoaldeko kostako herri batean bizi da, ardurarik gabe, zoriontsu. Egun batean, hilabete batzuk lehenago ezagutu zuen neska britainiarra azalduko da, Gloria alaba txikia besotan duela, eta Samuelen alaba ere badela esango dio. Ondoren, bat-batean, sorterrira itzuliko da. Haurra itzultzeko asmoz, haren atzetik Londresera abiatuko da Samuel, baina ez du neska topatuko, eta alabarekin bertan bizitzen geratuko da. Zortzi urte geroago, Gloriaren ama itzuli egingo da, alaba berreskuratzeko asmoz. Kritikaren arabera, film hunkigarri eta dibertigarria.

.

Cantábrico

Joaquín Gutiérrez Acha zinegile espainiarrak Galiziatik Euskal Herriraino hedatzen den Kantauriko mendikateko fauna aztertu du azken bi urteetan, bertan bizi diren animalien bizimodua pantaila handira eramateko. Dokumentaleko protagonista nagusia Kantauriko hartz arrea izango da, eta basoek urtaro batetik bestera jasaten dituzten aldaketak erakutsiko dizkigu.

.

Table 19 (Mesa 19)

AEBtatik, bestetik, ezkontza batean girotutako komedia helduko zaigu: Jeffrey Blitzek gidatutako Table 19. Anna Kendrick, Lisa Kudrow, Stephen Merchant, Tony Revolori, Craig Robinson eta June Squibbek, besteak beste, antzeztu dituzte filmeko protagonistak.Guztiak ezkontza bereko gonbidatuak izango dira; ez dute elkar ezagutzen, baina ezkongaiek mahai berean jarriko dituzte, non jarri ez dakitelako. Nazioartean kritika gogorrak jaso dituen proiektu arina.

.

Ghost in the Shell

Izen bereko zientzia fikziozko saga arrakastatsuan oinarritutako filma dakar Rupert Sanders zinegileak. The Major izeneko pertsonaia, robot baten eta emakume baten arteko nahasketa berezi eta ahalduna, gaizkile arriskutsuenen aurka borroka egiten duen taldeko burua da. Scarlett Johansson aktoreak gorpuztu du The Major akzioa eta efektu bereziak erruz eskainiko dizkigun film honetan.

.

The Smurfs: The Lost Village (Los pitufos: La aldea escondida)

Pottokiek ez dute sekula zalantzan jarri munduan bakarrak direla, eta ez dagoela haiek bezalako beste izakirik. Pottokinak, ordea, haien antza handia duen izaki bat ikusi du, eta lau anaiarekin batera, beren lurretatik irten eta ingurune ezezagunean barneratuko dira, izaki misteriotsuen bila. Shreck 2 (2004) filmeko zuzendari-taldean aritu zen Kelly Asburyk gidatu du proiektua, eta AEBtan, Ariel Winter, Joe Manganiello, Michelle Rodriguez, Julia Roberts, Ellie Kemper, Mandy Patinkin eta Jake Johson izarrek, besteak beste, jarri dizkiete ahotsak animaziozko pertsonaiei.

.

Irakurtzen jarraitzeko, sartu Zinea atariko Estreinaldiak atalean!

Asteko zinema estreinaldien errepasoa!

Asteko zinema estreinaldien errepasoa! bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.


Udaltopek hizkuntza ohiturak aldatzeko esperientziak jasoko ditu bederatzigarren edizioan

$
0
0

Udaltopek hizkuntza ohiturak aldatzeko esperientziak jasoko ditu bederatzigarren edizioan >

  • Topaketa Lasarte-Orian egingo da, maiatzaren 11n eta 12an
  • Hitzaldiak, mahai-inguruak eta proposamen berri baten aurkezpena izango dira
  • Izen-ematea apirilaren 3tik 28ra egongo da zabalik

Aterako gara euskal herritarrok hizkuntzaren armairutik? Nola uztartu gizartearen aktibazioa eta hizkuntza ohituren aldaketa? Hizkuntza ohituren gaia aukeratu du Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketak bederatzigarren ediziorako. Gaia aukeratzeko garaian, han eta hemen egin diren, egiten ari diren eta egin nahi diren esperientzia berriak izan dira hari mutur nagusiak. Eta esperientziekin batera, orain arte egin diren ikerketen berri ematea da Lasarte-Oriako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren asmoa.

Zer dira ohiturak? Eta hizkuntza ohiturak? Hizkuntza portaerak aldatzeko ekimen sozialek lagunduko al lukete euskararen erabilera areagotzen? Galdera horiei eta antzeko beste galderei erantzuna ematea izango da aurtengo erronka. Hitzordua, berriz, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean, 2017ko maiatzaren 11n eta 12an.

Ohartu gara azken aldian hizkuntza ohiturak aldatzeko xedez esperientzia ugari eman direla. Horrelako asko, gainera, gizarte eragileen esparrutik etorri dira. Esperientzia horiek guztiak hizkuntzaren normalizazioan diharduten arduradun tekniko, politiko eta gizarte mugimenduetako ordezkariei nola mamitu diren azaltzea interesgarria iruditu zaigu”. Horrela arrazoitu du Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Euskara Sustatzeko zuzendariak aurtengo gaiaren aukeraketa.

Ostiraleko saioari arreta berezia jarri dio Euskara Sustatzeko zuzendariak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta Euskaltzaleen Topagunea elkarrekin gauzatzen ari diren proiektu baten berri emango baitute. “Proposamen bat da. Hain zuzen, Euskal Herriko herri guztietan hizkuntza ohiturak eta gizarte aktibazioa elkarrekin lantzeko”, laburtu du. Proposamenaz haratago, Udaltopeko partehartzaileek bere ekarpenak egiteko aukera izango dutela iragarri du “horretara bideratuko den ekarpen-saioan”.

Erreferentziazko topaketa

Mikel Irizar Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendari Nagusiak Udaltopen balioa azpimarratu, eta bederatzi urteko ibilbidean erreferentziazko topaketa bihurtu dela nabarmendu du: “batetik, egunerokoan langai ditugun horiei erantzunak ematen ahalegintzen delako eta guztiok egiten dugun lana hobetzea bilatzen duelako; eta bestetik, publikoaren fideltasuna lortu duelako. Udaltop galdu ezineko zita bihurtu da, euskara teknikarien topagune. Apurka-apurka esparrua zabaltzea eta publiko berria gureganatzea nahiko genuke”.

Udaltopek hizkuntza ohiturak aldatzeko esperientziak jasoko ditu bederatzigarren edizioan

Irizarrek azaldu duenez, gaiak hautatzeko garaian irizpidea “udalerri mailan aplikagarriak diren gaiak edota esperientziak jasotzea da”. Zentzu horretan, aurtengo gaia “erakargarria” dela uste du, eta partehartzaileen interesa piztuko duelakoan dago.

Jon Antxordoki Lasarte-Oriako Euskara Batzordeko lehendakariak Udaltopek betetzen duen beste ezaugarri batean jarri du arreta. Bere hitzetan, “topaketa hausnarketarako plaza da eta horrek balio erantsia ematen dio. Egiten ari garenaz hausnartzeko, eta batez ere, egiten ari garen hori nola hobetu hausnartzeko. Eta bide batez, esperientziak trukatzeko eta elkarlanak abiatzeko”.

Hutsune hori betetzeko sortu zuten Udaltop orain bederatzi urte, eta Antxordokiren hitzetan, “bete-betean asmatu da. Udaletako Euskara Zerbitzuen lanaren asmo bat hizkuntza biziberritzeko baliabideak jartzea da. Bakoitza bere testuinguruan mugitzen da, zerbitzu bakoitza ezberdina delako. Baina finean, arazo oso berdinak dauzkagu. Udaltopek urtean behin biltzeko aukera ematen du, eta komunean dauzkagun arazoak, kezkak edota irtenbideak mahai gainean jarri eta horien inguruan aritzea oso interesgarria da, eta zerbitzu bezala aberastu egiten gaitu”.

Hitzaldiak eta mahai inguruak

Beste urtebetez erronka bete nahian, antolamendu batzordeak egitarau oparoa osatu du. Orotara, bost hitzaldi, bi mahai-inguru, proposamen berri baten aurkezpena eta proposamenari egindako ekarpenak jasotzeko saioa, bideo emanaldi bat eta amaiera ekitaldia izango ditu.

Arestian aipatu dugun proposamena aurkezteaz gain, bi egunetan bost hitzaldi entzuteko aukera izango da. Hizkuntza ohiturak aldatzeko bi esperientzien berri emango da: Aguraingo 75 ordu euskaraz eta Lasarte-Oriako Baietz 40 egun euskaraz. Lehenengoaren kasuan, esperientzien berri emango da eta bigarrenean, berriz, esperientziarekin batera gauzatu den ikerketaren emaitzak aurkeztuko dira.

Beste hiru hitzaldiak hausnarketak izango dira, hirurak soziolinguistikaren ikuspegitik. Horretarako hiru aditu gonbidatu dira: Miquel Strubell ibilbide oparoko Kataluniako soziolinguista, Estibaliz Amorrortu Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta Xabier Aierdi EHUko soziologoa. Strubellek hizkuntza ohituren aldaketen testuingurua aztertuko du, “errealitateak eta mitoak”; Amorrortuk hiztun berriak eta hizkuntza ohituren aldaketa; eta Aierdik, ulermenaren mapa izango du hizpide, hau da, euskaraz hitz egiteko gai diren eta euskaraz ulertzeko gai diren herritarrekin osatutako mapa.

Aurreko edizioan hartutako bideari segida emanez, mahai-inguruak izango ditugu osteguneko bazkalostean. Onintza Iruretak eta Garikoitz Goikoetxeak gidatuko dituzte, hurrenez hurren Argiako eta Berriako kazetariak. Bi gai jorratuko dira: hizkuntza ohiturak aldatzeko esperientziak eta halako esperientziak beste esparrutan aplikatzeko bideka. Partehartzaileek mahai-inguru bat edo beste aukeratu beharko dute izena ematerako garaian.

Izen-ematea

Udaltop Lasarte-Oriako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak antolatzen dute Bizkaiko Foru Aldundiaren, EUDELen, Nafarroako Gobernuaren eta UEMAren laguntzarekin. Bederatzigarren edizioa Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean egingo da, maiatzaren 11n eta 12an.

Prentsa agerraldian aurreratu dutenez, izen-ematea apirilaren 3an zabalduko da. Matrikulazioa webgunean egin behar da, izen-ematea atalean. Prezioa 65 € da, eta izen ematea apirilaren 28an itxiko da. Prezio horren barruan sartzen dira: jardunaldien saioetako partaide izateko eskubidea, hasieran banatuko den materiala, bi egunetako aho-gozagarriak eta osteguneko bazkaria.

Udaltopek hizkuntza ohiturak aldatzeko esperientziak jasoko ditu bederatzigarren edizioan

Udaltopek hizkuntza ohiturak aldatzeko esperientziak jasoko ditu bederatzigarren edizioan bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Guztiz askeak

$
0
0
Guztiz askeak

Guztiz askeak

Bi askatasunak bereizi ahal ditugu, barneko askatasuna eta kanpoko askatasuna.

Barneko askatasuna, horrela definitu genezake, nahimenaren autonomian eta erabakien independentzian datza.

Kanpoko askatasuna, jarduteko askatasuna da, askatasun fisikoa.

Jarduteko askatasuna aipatzen denean, zera adierazi nahi da: burutuko den ekintzan ez dagoela oztoporik, ezerk ez duela eragozten.

Orain, galdetu zure buruari, benetan askea al zara? Gai hau oso debatituta egon da urteetan zehar, gehien bat filosofía eremuan.

Ekintza libreak egiteko gai gara, baina honek ez du ekartzen askatasun hau bizi dugunik gure egunerokoan. Gizakia librea da erabakitzeko, ahalmen hori daukagu, baina ezin dugu nahi duguna egin, gure askatasuna ez dator desiratzen dugun guztia lortzeko ahalmenarekin batera.

Guztiz askeakMundu askean bizi garela suposatzen da, nahi duguna pentsatu, izan edo egiteko aukeratu ahal dugulako. Guztiok daukagu barneko askatasuna. Jendeak eta mediek eragin handia daukate gure gizartearen gainean, zerbait modan jartzen bada guztiok desiratzen dugu baina, nahiz eta eragin handia izan, azkenean, gure iritzia da eta errespetatua izan behar da. Agian, daukagun arazoa errespetu falta da. Norbaitek desberdin pentsatzen badu txarto begiratzen zaio edo baztertu egiten da.

Modu batean edo bestean, diruari lotuta bizi gara. Dirua behar dugu kanpoko askatasuna lortzeko; bidaiatzeko, nahi duguna egiteko …

Baina ezin dugu ahaztu mundu honetan ez dagoela askatasunik legerik ez badago, hau da, legeak behar ditugu gizartean aurrera egiteko. Horrekin batera askeak izango gara.

Esateko dago, zenbait legek askatasuna kentzen digutela, adibidez, kartzela edo moxal legeak. Azken lege honek kaltetu egiten ditu gure eta gure ingurukoen eskubideak; eta askatasuna. Lege honek, goi mailakoek proletarioei tratu txarrak eta injustiziak egiten dizkietenean isilpean gordetzeko balio du, debekatuta dago polizia bat grabatzea, ez du inporta norbait jotzen badago kale erdian, zuk ezin duzu grabatu, edo kaleratze bat gelditu.

Nire ustez, askeak garela pentsarazten digute baina benetan ez gara guztiz askeak. Muga desberdinak ditugu, biologikoak, zibilak, erlijiosok… Ulertu al dut kanpoko askatasuna ez dela guztiz askea, egiten duzunak beste bat kaltetu ahal duelako baina barneko askatasuna guztiz librea izan beharko zela uste dut. Bakoitzak nahi duena pentsatu al du eta sare sozial batean edo kanta batean jartzeko guztiz askea izan beharko luke.

Guztiz askeak

Guztiz askeak bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Osakidetzako Gasteizko langileak, lana euskaraz egin ahal izatea eskatuz

$
0
0
Osakidetzako Gasteizko langileak, lana euskaraz egin ahal izatea eskatuz

Osakidetzako Gasteizko langileak, lana euskaraz egin ahal izatea eskatuz

Abiatu berria den Korrikaren testuinguruan, Gasteizko Osakidetzako langile multzo batek osasungintza euskalduntzearen aldarria zabaldu berri du eta, martxoaren 30ean, Korrikan kilometro batekin parte hartzeaz gain, Gasteizko Santiago eta Txagorritxuko ospitaleetan osasungintza euskalduntzearen alde dauden langileekin argazki bat atera dute.

Osakidetzako Gasteizko langileak, lana euskaraz egin ahal izatea eskatuz

LAB sindikatuaren ustez, osasungintza euskalduna izateak duen garrantzia eta Gasteizko langileen ekimenaren eredugarritasuna kontutan harturik, ekimen hauetan parte hartzeko deia luzatzeaz gain, martxoaren 30ean Osakidetza osoko LAB sindikatuko delegatuok ospitaleko langile argazkian parte hartu dugu.

Gogoratu nahi dugu osasungintza euskalduna izan arte ez dugula kalitatezko osasungintzarik izango Euskal Herrian. Bestetik, azpimarratu nahi dugu lan orduetan euskaraz aritzea, lana euskaraz egitea, euskaraz komunikatzea, langileon eskubidea dela. Zoritxarrez, sarritan Osakidetzako langileoi errespetatzen ez zaigun eskubidea. Salatu nahi dugu, gainera, Jaurlaritza eta Osakidetzako arduradunek inoiz gutxitan hartzen dituztela kontutan euskaraz lana egin nahi duten langileen hizkuntz eskubideak, eta gaur gaurkoz, nahiz eta araudian eskubide hori jasoa dagoen, ez direla neurriak hartzen aukera hori errespetatua izan dadin.

Asko gara Osakidetza euskaldun baten alde egiten dugun langileok Donostian, Bilbon edota Gasteizen ere.

Osakidetzako Gasteizko langileak, lana euskaraz egin ahal izatea eskatuz

Osakidetzako Gasteizko langileak, lana euskaraz egin ahal izatea eskatuz

Osakidetzako Gasteizko langileak, lana euskaraz egin ahal izatea eskatuz bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Zerk batzen gaitu, ipar eta hego?

$
0
0

Zerk batzen gaitu, ipar eta hego? –

Iparra-Hegoa 2017. Mugen gainetik Euskal Herria
Zerk bereizten gaitu, ipar eta hego?

Euskal Herriak muga ezberdinak ezagutu ditu mendeetan zehar, bai bere mugei dagokionez, baita bere barnean ezarri dituztenak ere. Hala eta guztiz ere, herria bizi da oraino; ez du biziraupena bermatuta, baina bizi da. Harresiak eraiki dituzten arren, herri honek batuta jarraitu du zenbait gauzetan. Baina zer da batzen gaituena?

Galdera horri erantzuteko antolatu zen mahaingurua aste honetan Seguran, Iparra-Hegoa astearen baitan. Eneko Bidegain, bezperan hizlari, aritu zen moderatzaile lanetan. Partaideak honatx:

Zerk batzen gaitu, ipar eta hego?

 

Xamar: Garraldako (Aezkoa) Xamarrena etxean sortua 1956an. Irakaslea ofizioz, dibulgatzailea ekinbidez, euskararen historiaz erreferentziazko hainbat liburu idatzi ditu, hala nola, “Orhipean; gure herria ezagutzen”, “Orekan: herri eta hizkuntzen ekologiaz”, edo “Euskara Jendea: gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza”. Azken liburu horretan oinarritutako izen bereko dokumental sorta gidatu eta argitaratu zuen.

Erik Etxart: ekonomilari lapurtarra, Zuberoa du bizitoki; euskaltzale eta abertzalea. Bertsolari, epaile eta gai-jartzailea ere bada.

Andde Sainte-Marie: Eskualdeko Kontseilaria, Landibarren laborari, abertzale ezkertiarra, Abertzaleen Batasuneko bozeramaile ohia. EH BAI-ko kidea.

Hemen duzue mahaingurua ikusgai. Denboraz bazabiltzate arreta eskaintzeko modukoa da, ezbairik gabe. Hurrengo batean zuen lagunen bat furgonetarekin asteburu pasa Bidasoaz gaindi joan eta kontu epelak esanez itzultzen bada, hemen duzue argudiategi bikaina. Txantxak aparte, gure herriko hamaika kontuen inguruan janzteko baliatu ahal da mahaingurua: Aezkoa, Baxenafarroa, ekonomia, hizkuntza…

Zerk batzen gaitu, ipar eta hego?

 

Zerk batzen gaitu, ipar eta hego? bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Handia izan zara gero, Hasier

$
0
0

Handia izan zara gero, Hasier >

Handia izan zara gero, Hasier

Zor dizut, Hasier, heldulekurik gabe idazteko atrebentzia, haur zarela estreinekoz txirringan gurpiltxorik gabe bakarrik uzten zaituenari bezala. Beldur eta aitzakiarik gabe, aurretiazko zuzentzailerik gabe, idatzi eta argitaratu duzunaren jabe eta arduradun egin behar hori. Geuk idazten ez badugu, nork bestela!

Arrantzatu egin ninduen 2011an, ZuZeurako. Erasmuseko gozoaren ajearekin nengoen ni, 22 urte. Idatziak nituen ganorazko bizpahiru gauza ZuZeun. Bekaduna fitxatu zuen. Hilabete batzuen buruan, egonkortu ninduen. Maila erakutsi behar nuen, Hasier ez zen edonor! 

Ordutik, hamaika bazkari egin genituen Lasarteko Txartelen, eta beste hainbeste aldiz aldatu genituen ZuZeuren diseinua –informatikarien burukominerako– eta burutazio ez gutxi izan genituen –bideo elkarrizketak, asteroko inkestak, mikro-ordainketen horma, blogak, azalaren hierarkizazioa, Durangorako posterra– beti Rue89, Soitu eta ezagutu ez nituen hedabide abanguardista zein paleolitiko batzuei begira.

ZuZeuri buruzko eztabaidetan intuizioak mugitzen gintuen gehien bat. Bide berriak irekitzeko orduan fokua gaizki jartzen genuen maiz, gure obsesio txikietan korapilatuta. Baina jarrera horrekin jabetu nintzen hanka sartzea zela ongi egindako lanaren derrigorrezko bezpera. Eta, arrakastaren ajea? Hura bai gozatua ZuZeuko txingarra su bihurtzen genuenean, putz eta putz eginda, interneteko euskaldun xelebre horiek zeudenean denen ahotan. 

Berezia izan zen Hendaiako etxean egin zigun otordu xamurra, euskararen historiaren lekuko zen mahaiaren bueltan, Oteizaren kutxa metafisikoaz liluratu gintuenean. Edo Miramongo Arbelaitz jatetxean, jateko maneren lehen araua disfrutatzea zela ikasi nuenekoa. Hustuta baina zoriontsu itzultzen nintzen bilera-bazkari haietatik. Adiskide helduaren babesaz eta lagun baten hurbiltasunaz ematen zizkigun aholkuak. Handia zen gero, gorputz, buru eta bihotz.

Sentitzen zuena argi eta dotore esan eta idazten zuen –zeinen ongi, kabroiak–, nahiz eta denen gustukoak ez izan bere letrak… ixilik egonez gero Hasierrek eztanda egingo zukeen! Haren sokari segiz, saiatu ginen Oier eta biok elkarrizketa gatzgabeen ordez, benetako galderak egiten. Xaxatzaile izan, eta horri zukua ateratzen. Zerbait ikasi genuen. 

Atsegin zuena egitea zuen lehentasun, hala saiatzen zen, eta hala transmititzen zigun. Idatz genezala guk irakurriko genukeen hori. Sinplea bezain eraginkorra. Bistakoa zen laket zuela bere idazle gazteen mundu ikuskera, belaunaldietan urrun, baina antzeko kezkak genituen obsesio. Atsegin handiz gogoratzen ditut bere telefono dei batzuk: “Ondo ari haiz. Segi fin”. Beranduago beste lore gogoangarri batzuk ere heldu ziren, ez pentsa: Larra, ez zait batere interesatu, oso serio idazten duzu, eta gisa horretako perla batzuk.

Ospitalean ikusi zintudan azkenekoz, eta beranduago telefonoz entzun. Badakit zuk gehiagotan aditu ninduzula, Euskadi Irratiko entzule fidela baitzinen. Ahots doinua banuela, baina erritmoari eman behar niola izaera gehiago, esan zenidan. Jakingo bazenu, Hasier, neuri egokitu zaidala zure bizitza eta agurra bi minutuan laburbiltzea… atsekabearen zurrunbiloan zure heriotzari ahotsa eta hitzak jartzea. Pentsatu nahi dut, nagusi, jakin izanez gero, partitu aurretik irribarre txikia marraztuko zitzaizula.

Gora Hasier!

Gora ZuZeu!

Handia izan zara gero, Hasier

Handia izan zara gero, Hasier bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Blogetan! Euskal blogarien bigarren topaketa

$
0
0
Blogetan! Euskal blogarien bigarren topaketa ospatu da Euskararen Etxean eta Blogetan! blog izarren bila lehiaketako bigarren edizioko sariak banatu ditugu

Blogetan! Euskal blogarien bigarren topaketa ospatu da Euskararen Etxean eta Blogetan! blog izarren bila lehiaketako bigarren edizioko sariak banatu ditugu.

Azkue Fundazioak, Argia aldizkariaren laguntzarekin, Blogetan! Euskal blogarien bigarren topaketa ospatu du Euskararen Etxean. Euskal blogosferaren azterketa egin da eta Blogetan! euskal blogariak lehian lehiaketaren bigarren edizioko sari banaketa baita ere.

Jardunaldi hau Euskararen Etxean ospatu da eta blogintzaren egungo egoera aztertu dugu, arlo honetan profesionalak eta adituak diren zenbait lagunen parte hartzearekin.

.

Blogetan! Euskal blogarien bigarren topaketa jardunaldia

Euskal blogosfera ardatz hartuta, atal ezberdinak izan ditu jardunaldiak: hitzaldiak; mahai-inguruak; Azkue Fundazioak burututako euskal blogintzaren inguruko inkestak eskainitako emaitzen laburpena egingo dugu; eta, bukatzeko, eta Blogetan! euskal blogariak lehian lehiaketaren bigarren edizioko sari banaketa ekitaldia.

Hasteko hitzaldi nagusi bat izan dugu: Antonio Ortiz WeblogsSL enpresako sortzaile izan zen eta egun estrategia zuzendaria da. “Tendencias en contenidos digitales: lo que nos matará o lo que nos hará más fuertes” izenburu pean blogintza arloan sortzen ari diren berrikuntza eta joeren azterketa egin digu.

Ondoren, Ion Turrillas-ek “Blog bat edukitzerakoan kontuan izan behar diren gako juridikoak” hitzaldia eskaini digu. Turrillas Biantik enpresako arduraduna da.

Bigarren atal batean Azkue Fundaziotik otsailean bideratu genuen euskal blogintzari buruzko inkesta publikoaren emaitzak eskaini ditugu. Inkesta parte hartzaile eta publikoa izan zen eta hiritarrei eskaini zitzaien aukera euren iritzia azaltzeko. Inkesta honen emaitzekin hausnarketa kolektiborako hainbat gai plazaratu ditugu.

Jardunaldiarekin jarraitzeko, bi mahai-inguru izan ditugu. Lehenengoan garapen arloan sakondu nahi izan dugu eta joerak, etorkizunerako erronkak eta beharrak identifikatzen saiatu dira parte hartzaileak. Mahai inguru honetan Dabid Martinez, Arkaitz Sukuntza, Urtzi Odriozola, Eli García eta Estitxu Garai parte hartu dute.

Bigarren mahai-inguruan publizitatea eta marketin alorrera jo nahi izan dugu eta honetan egun blogek, eta bereziki euskarazkoek, sustapenerako eta publizitaterako dauzkaten baldintzak aztertu ditugu; monetizazioa, negozio modeloak eta publizitatetik etekina ateratzeko aukerak izan dira landutako gai batzuk. Mahai inguru honetan arlo horretan profesionalak diren zenbait kideen parte hartzea izan dugu: Gorka Julio, Haritz Rodriguez, Iñigo Arandia, Aida Solores, Ixabel Bereziartua eta Ana Malagon.

.

Blogetan! Euskal blogariak lehian lehiaketa eta sariak

Blogetan! euskal blogariak lehianBlogetan! Euskal blogarien bigarren topaketa ospatu da Euskararen Etxean eta Blogetan! blog izarren bila lehiaketako bigarren edizioko sariak banatu ditugu ekimena ARGIA aldizkariarekin batera bigarrenez bideratu dugun lehiaketa izan da. Lehenengo edizioa 2014an izan zen eta aurtengo hasieran bigarren edizioa ospatu dugu.

Lehiaketaren helburua blogari euskaldunak piztea izan da eta haien lanari oihartzuna ematea eta euren blogak sustatzea. Horretarako, egiten duten lana saritu da blogarik onenak aukeratuz.

Blogetan.eus webgunearen bidez bideratu da lehiaketa honen bigarren edizioa. Edonork parte hartzeko aukera izan du eta publikoak zeresan handia izan du, atsegin izan dituen blogak bozkatzeko aukera izan duelako lehen fase batean eta horrela finalistak aukeratzen parte hartu.

Lau kategoriatan egituratu da lehiaketa eta hauetako bakoitzeko hiru blog finalistak aukeratu izan dira, publikoaren bozketa eta epaimahaiaren iritziaren artean erabakia hartuz: Kultura arloko blogak (zinema, literatura, artea, diseinua, moda, sukaldaritza, gastronomia, enologia, musika … ); gizarte eta politika arloa (kazetaritza, historia, humanitateak, ekonomia, hezkuntza, zuzenbidea … ); aisialdiarekin erlazionatutako gaiak (zaletasunak, kirola, bidaiak  … ); eta zientzia eta teknologia arlokoak (natura, osasuna, arkitektura , informatika … ).

Guztira 129 blogek izena eman zuten lehiaketan. Bost sari banatu izan dira guztira: kategoria bakoitzeko blogarik onenari eta bosgarren sari berezi bat, blogari berriaren saria: Argia aldizkariaren saria da hau eta 2016an zehar sortutako blog berri bati eman zaio.

Sariei dagokionez, bostek Bernat Vidal artistak Azkue Fundazioarentzat bereziki diseinatutako garaikur artelan bat jaso dute. Kategoria bakoitzeko lau irabazleek 200 eurotako diru-txeke bana jaso dute baita ere. Eta blogari berria sariaren irabazleak, garaikurrez gain, Argia aldizkariko blog sarean kolaboratzeko aukera izango du eta aldizkariko urte batetako harpidetza izango du ere.

 

Blogetan! Euskal blogariak lehian bigarren edizioko irabazleak
Hauek izan dira Blogetan! Euskal blogariak lehian bigarren edizioko bost irabazleak:

Irabazlea: Iparraldeko neska (Castillo Suárez)

Castillo Suarezen bloga Berria egunkariaren sarean. Blog honetan Castillo Suarezek hainbat idazleren (gehienak emakumeak) testu hautatuak jartzen ditu, zaharrak zein berriak, gertukoak zein urrunekoak, jatorrizkoak zein itzulpenak, baina guztiak ere bihotzeraino iristen diren horietakoak.

IparraldekoNeska

Irabazlea: Etzi pm bloga (Talaios Kooperatiba)

Talaios Kooperatibaren proiektua da eta eztabaida eta hausnarketa egiteko plataforma da.

EtziPm

            Irabazlea: Game Erauntsia.

Bideo jokoak gustuko duen erabiltzaile talde batetik komunitate bat sortu da. Web guneko atal bat bloga da, bideo jokoen inguruan sortzen diren albiste eta berrikuntzak zabaltzeko.

GameErauntsia

Irabazlea: Iparra.

Xabier Martinen bloga da. Euskaraz sortzen diren baliabide teknologikoen berri ematen du, baliabide teknologikoak euskaraz izateko aldarrikapen kanpainak martxan jartzen ditu.

 IparraEus

  • Blogari berriaren saria

Argia aldizkariak blogari berriaren sari berezia eman du baita ere, 2016an zehar sortutako blog berri bat saritzeko asmotan. Irabazle honek Bernat Vidalen garaikurraz gain, urte osorako Argiaren harpidetza izango du eta aldizkarian kolaboratzeko aukera emango zaio.

Blogari berriaren sari hau Ainara Berges eta Josune Gil izan da eta euren blogak 52milimetro du izena. Bi neska hauen bloga argazkigintza lantzen du eta unibertsitateko ikasgai baten oinarri eta eredu gisa sortu dute. 52milimetro

 

Azkue Fundazioaren balorazioa

Azkue Fundaziotik balorazio oso ona egiten dugu, bai lehiaketa eta bai jardunaldiari dagokionez.

Lehiaketak harrera oso ona izan zuen eta parte hartzea nabarmena, 129 blogen izena jaso zela. Webguneko plataforman 1.200 erabiltzaile baino gehiagok eman zuten izena bozkatu ahal izateko.

Gai eta arlo oso ezberdinetako lanak aurkeztu izan dira eta helburua lortu dugula uste dugu, blogak ezagutzera ematea, euskarazko blogak nabarmentzea eta egun edozein gai lantzen dela erakustea eta blogari hauen lana azpimarratzea.

Eta jardunaldiari dagokionez,  jende ugari hurbildu da Euskararen Etxera eta giro oso onean ospatu dugu. Hitzaldi interesgarriak, joerak ezagutu eta euskal blogosferaren egoera irudikatu eta horren hausnarketa parte hartzailea egiteko aukera izan dugu.

Euskal blogarien bigarren topaketa Euskal blogarien bigarren topaketa Euskal blogarien bigarren topaketa

Blogetan! Euskal blogarien bigarren topaketa bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Asteburu honetan eta beti: Xolomo Sapiens gogoan eta marmitakoa

$
0
0

Asteburu honetan eta beti: Xolomo Sapiens gogoan eta marmitakoa >

Xolomo Sapiens Hasier Etxeberriaren gastronomiarako ezizena da. 60 urte betetzear joan zaigu minbiziak jota, baina proiektu, lagun, eta ondare zabala utzi du, gastronomia munduan ere bai, artean PAGOTXA RZk gure proiektu gazte hau. Umorez, seriotasunetik baina jolastuz, bere buruari parrez bere perfileko argazkia ikusten duzuenez, momentu ederrak eta beti barnean eramango ditugunak geuretzat…

Besarkada handiena familiari, Lu-ri berezia, eta eskerrik zintzoena eman ez besterik. Faltan botako haugu! Muxurik gozoena!

Lan bikaina eta lagun bikainak sukaldaritza, sukaldari eta sukaldearen inguruan, esku ona, ideia hobeak, komunikazioan maixu, beti laguntzeko prest, euskal sukaldaritzak izan duen bilakaeran berebiziko garrantzia izan duela esatera iristeraino. Batzuk ahaztuko genituen arren, merezi du berak egindako lanen zerrendaz jabetzea:

ETBn: Zopa haundi, Lapikoka, 14 Euskal sukaldari (Argiñanoren lehen lana) Janedanak (13 dokumental), Sukalde maisuak (Sei dokumental: Arzak, Atxa, Andoni Luis, Subijana, Arbelaitz, Berasategi).

Liburuak: Sukaliztegi partikularra (Egin), Erabateko sukaldea (Julian Bereziartu eta luis Irizarrekin. Ttarttalo), Gipuzkoako sukaldea (Berasategirekin. Kutxa), Sukaldean/A cocinar (D. de Jorgerekin. Lur), Clorofila (Andoni Luis, Unai Ugalde eta Sanchez-Ostizekin. Mugaritz), Porca memoria (D. de Jorgerekin. Rba),…

Sukaldean proiektuan, liburuaz gainera, app eta webguneak badaude, Sukaldean.com eta Sukaldean.eus errezetategiak itzelak dira, euskaraz MILA errezeta baino gehiago dituztenak…

Guía Repsol-erako ere idatzi du azkenaldian: Juan Mari Arzak: un profeta en su tierraLágrimas de no llorarEneko Atxa, la búsqueda obsesiva del saborEn busca de la sopa (de pescado) perdidaLa historia de Oiangu Baserria, el caserio rescatado por cuatro cocineros noveles.

Hitzaldiak gastronomiaz eta jatunkeriaz, etab. luzea…

Geuk pagotxa zeurekin, afizio, ondare, adiskidetza eta sukalde proiektuak gozatzen izan duguna, eta euskal kultura gastronomikoaren zorra eta eskerrona handia zalantzarik gabe. Joan menua prestatzen, su eztian, zure mahaira pozik hurbilduko gara zure lagun guztiak lehenago edo beranduago… Adiorik ez, eskerrak denak, ordurarte… bitartean beste muxu goxo handi bat!  😉

Pagotxatarrak

Xolomo Sapiens gogoan

@ArzakRestaurant-ek bidalitako twitterreko argazkia “Gogoan izango ditu sukaldaritzak bere lanak. Besarkada bat familia guztiari. Goian bego Hasier Etxeberria” mezuaz.

 

Berak nahi lukeen bezala guk sukaldearekin gozatzen jarraituko dugu, bizitza dastatuz, jatunkeriez hitzegiten eta gure ondare eder hau zabaltzen, euskaraz nola ez. Hasierren hurbilekoek badakite, bere marmitakoaz eta horren aitzakian une oroigarri goxo asko dira, beraz gaurkoan marmitakoaren RZ dakarkizugu, sukaldean.com-etik hartu duguna, zuk ere goza dezazun eta denok partekatzeko omenaldi gisara. Gozatu eta on egin!

Marmitakoa

Marmitakoa

Asteburu honetan eta beti: Xolomo Sapiens gogoan eta marmitakoa

Osagaiak

  • Atunaren azalak eta hezurrak, kg erdia inguru
  • 8 koilarakada handi oliba olio birjina estra
  • 2 azenario, xerretan moztua
  • 2 baratxuri ale
  • Tipula bat, zatitua
  • Porru bat, zatitua
  • Ura
  • Pipermorro gorri bat
  • 2 piper berde
  • Uretan beraturiko 2 piper txorizeroen mamia
  • Tipulin bat, pikatua
  • 4 patata eder
  • Katilukada bat tomate saltsa
  • 400 g atun, dadotan moztua
  • Perrexil xehatua
  • Gatza

marmitakoa - sukaldean.com - xolomo sapiensErrezeta

  1. Salda egiteko: Kazola batean, 2 koilarakada oliotan, su bizian eztituko ditugu azalak eta hezurrak, eta barazkiak gaineratuko ditugu ondoren, baratxuri ale bakarra, zurituta. Urez oparo estali, gatza eman eta 15 minutuan eduki dezagun guztia irakiten. Iragazi.
  2. Marmitakoari segida emateko, su eztian betiere, 4 koilarakada oliotan beratuko ditugu 5 minutuz piperrak eta tipulina, ongi pikatuak.
  3. Beste baratxuri alea xehatua erantsi eta biraka eragin guztiari, zuritu, pobreen moduan puskatu eta barazki hondo horretan edukiko ditugu minutu batzuetan beratzen.
  4. Tomate saltsa erantsi eta beste minutu batzuk edukiko dugu guztia gozatzen.
  5. Ondoren, oparo estaliko dugu guztia aurrez egindako saldarekin. Gatza eman eta su eztian edukiko dugu kazola, patata puntuan eta xamur egon arte.
  6. Bukatzeko, padera batean 2 koilarakada olio ipiniko ditugu eta ongi berotu ondoan, atun dadoak salteatuko ditugu hartan. Bizkor egin behar da hau, arraina lehor ez dadin.
  7. Patata saldan irauliko dugu ondoren hegaluzea. Gatz puntua neurtu eta zuzendu ondoan, perrexila hautseztatuko dugu gainean.
  8. Berehala zerbitzatu behar da, lehortu egingo baita atuna berotasunean luzaro egonez gero.

 

Kasu

Barazkiak sueztitzen ari garenean, mina ere erants diezaiokegu, pipermina esate baterako. Atunen garaitik kanpora, marmitakoa ere egin ahal izango dugu modu berberean beste arrai batzuk erabilita: izokin freskoa, berdela, txitxarroa eta xapoa bera ere.

Errezeta gehiago…

Antxoa frijituak

Perretxiko (barrengorri edo txanpinoi) nahaskia

Asteburu honetan eta beti: Xolomo Sapiens gogoan eta marmitakoa

Asteburu honetan eta beti: Xolomo Sapiens gogoan eta marmitakoa bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.


Marie Darrieussecq-ek Hasier Etxeberriari

$
0
0

Marie Darrieussecq-ek Hasier Etxeberriari –

Testu labur hau frantsesez idatzi dut, ez bainaiz euskaraz hainbesterako gai, eta neure artean, hauxe izan dut lehen burutapena: “Hasierri eskatuko diot itzul diezadan”.

Martxoak 29, asteazkena; ez nuen ulertu nahi izan Hasier hil zela. Telefonoan euskaraz jasotako mezua deskodetzea lortu nuen, eta ez nuen ulertu nahi izan. Hitzokin talka egin nuen.

Hasier gizon garrantzitsua izan da niretzat. Adiskide handia. Nire euskal jatorriarekin berriz bat egiten lagundu zidan. Muga zartarazi zuen. Esan zidan “zu euskal idazlea zara, barraskiloa barraskiloa den bezala”. Bost idazle bere liburua mugarria izan zen euskal literatura ezagut nezan, haurra nintzela anputatu baitzidaten. Bere Inesaren balada frantsesez irakurri nien haurrei. Hasier kultur hedatzaile handia zen, belaunaldi guztietan.

Jostaria eta ona zen. Autoritarioa eta kartsua. Zeharo amultsua. Gizona, egiazkoa! Izen-abizenak ongi zegozkion. Hasieratik neba nagusia izan zen niretzat, baita etxe berri bat ere, gogoa eta begiak ireki baitzizkidan ene jatorriaren parte handi bat deskubritzeko.

Claire alabak, 13 urterekin, haren lau oroitzapen aipatu dizkit supituki: nola deitzen zion zakurrari Tximi; “ziztuan doa, tximista bezala”. Nola ikaratu zen (txantxetan) ikusi zuelako hark egindako mamia, goilararekin pixkanaka jan ordez, irabiatu egiten zuela gure alabak. Nola eraman zuen arrantza egitera, adeitsuki, “mutila ez izan arren”. Nola animatzen zituen seme-alabak, Jon Peli eta Sara, gurekin frantsesez mintzo zitezen.

Euskal Herria Hasierren begiekin ikusi nuen. Nire herria bateratu nuen hari esker.

Beti gordeko dut Hasier ene bihotzean. Beti izango dut presente ene baitan.

-Xabi Payak itzulia-

Marie Darrieussecq-ek Hasier Etxeberriari

Marie Darrieussecq-ek Hasier Etxeberriari bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

2017ko hamahirugarren astea (Txiorik Onenak)

$
0
0
2017ko hamahirugarren astea (Txiorik Onenak)

2017ko hamahirugarren astea (Txiorik Onenak)

2017ko hamahirugarren astea (Txiorik Onenak)Urteko hamahirugarren astea da joan berri zaigun hauxe, guk ohi bezala zazpi txioko sorta batean laburtu gura izan duguna.

Asteko sortan gutxi dira jorratzen diren gaiak, edo gurago baduzue, gai bakarra da nagusi, ikuspuntu ezberdinekin emana. Adierazpen askatasuna eta Egia auzoko hizkuntza gutxituen mapa ezabaketaz gain, ditxosozko hizkuntza inposaketaren salaketa. Gainontzean, Korrika eta Korrika, ez dugu besterik. Korrika, ardotan hasi eta ortzadarrak zerumuga argitu arte.

Joan den asteko txioen artean, berriz, Idoia Torregaraik, hau da @Bootxo, txiokat zuena izan duzue gustukoena, akaso poesia eta seme-alabak nahastu, edo haurren poesia aipatzen zuelako.

.

Zein begitantzen zaizu asteko txiorik onena?

.

.

Pasa den asteko txiorik onena:

2017ko hamahirugarren astea (Txiorik Onenak)

2017ko hamahirugarren astea (Txiorik Onenak) bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Ezkilak jotzera ausartu ez ginen urtea

$
0
0
Ezkilak jotzera ausartu ez ginen urtea

Ezkilak jotzera ausartu ez ginen urtea

Ezkilak ez genituen jo. 1980. urtea zen. Ideia ausarta bat atera zen karrikara eta hedatu zen Euskal Herrian. Baina ez ginen ausartu ezkilak jotzea.

Ezkilak jotzera ausartu ez ginen urtea“Korrika” deitu ekintza zabal eta berritzaile bat atera zen hedabideetara, gizartera, bazter guzietara. Gora eta gora zetorren mugimenduak gehiago behar zuen, astinaldi bortitz baten beharretan zen. Lurrikara baten beharretan ginen. Baina ezkilak mutu gelditu ziren, ez ginen ausartu.

Koheteak bota, otorduak egin, elkar animatu, borroka nahia azaleratu, kanporatu, hedatu. Baina ezkilak isilik gelditu ziren, ausardia falta izan zitzaigun. Eta hutsune hura gelditu zitzaigun betiko.

Korrika, korrika… Atx! Hitza ez zitzaigun gehiegi gustatu. Zergatik ez lasterketa, gure herrian beti esan izan dugun bezala? Lasterketa ez al zen beste aldekoen eta alderdi honetakoen batasuna hobeki antzezten ahal zuen hitza? Korrika, bai, korrika, baina gure herrian ezkilak mutu gelditu ziren.

Ezkilak jo ez, baina hala ere, gauza ederra izan zen. Etxez etxe ibili ginen sos biltzen, azkeneko zortzikoa behar bagenu bezala. Goseak amorraturik, denen inplikazioa behar genuela sustatuz eta aldarrikatuz. Bai, bai, zure pezeta hori ere bai, denok batean! Baina ezkila dandarik ez zen izan.

Enpresaz enpresa, denei eskaka, denek parte har zezaten eskatuz, jende xeheaz gain, aberatsen dirua ere behar genuela aldarrikatuz.

Bai, korrika ederra izan zen, nahiz ezkilen hasperen eztia entzun ez. Geroztik ez da korrika hoberik izan.

Gaurko egunean badirudi kilometroak pintatzea dela inportanteena, edo lekukoarekin nork egin behar duen kilometro hori ebaztea. Lehen Korrikako kilometroak azken ordu erdian erabaki genuen zeinek eginen zituzten. Gure nahia, sentimendua eta bihotzarekin batera, anarkismo pixka bati ere leku utzi genion. Baina hori bai, etxez etxe, diru bilan bota genituen indarrak. Eta ez zitzaigun batere gaizki atera. Ezkilak ez, zoritxarrez, baina bai sosa.

Gaur badirudi afaria antolatzearekin lanen erdia egin dugula.

Badirudi, udaletxeari eskatu, honen limosna hartu eta nahikoa egin dugula. Guk ezkilak jo beharrean, ez ote gaitu arteroesklerosiak gu jo?

Nagiak astintzeko, gantzak urtzeko eta artritisa ezabatzeko garaia ez ote da? Lurrikara baletor hobe genuke. Edo gutxienez gure ezkildorreko ezkilak astindu.

Ez al da euskararen ekintza berrindartzeko tenorea? Odola berritzeko aukera? Ezkilak atertu gabe jotzeko eguna?

Eta bide batez, ikurrina kentzekoa, presoen aldarriak beste baterako uztekoa eta ezkilei eragitekoa?

Euskara arragoa; euskara-aberria, euskara eta ezkilak. Lasterka egin beharreko egunak, lasterketa burutzekoa. Eta autopistaz ibiltzeko garaia. Ez al diogu euskarari autopistarik ireki behar? Edo inperioen bi hizkuntzek bakarrik dute autopistaz ibiltzeko deretxoa?

Ezkilak jotzeko ausardia falta izan zitzaigun. Ezkilak eta beste gauza asko. Dorreko ezkilak jotzea zen ausartena, deigarriena, desiragarriena…baina ez ginen ausartu. Ausardia falta. Edo zuhurtzia? Hutsunea bai, baina anitzetan zuhurtzia izan genuela pentsatu izan dut. Mahatsa ondu gabe zegoela, alegia. Eta zuhurtzia eta ausardia, biak ditugu beharrezko.

Bai, ezkilak jo. Nire heriotzaren hil ezkilak jo baino lehenago euskararen suspertzearen ezkilak entzun nahi nituzke. Aurten, ezkilak jotzeko urtea beharko luke izan mahastia ondurik balego, baina beldur nahiz oraindik ere ondu gabe daudela!

Iratzar lagunok, ez gaitezen lokar.

Ezkilak jotzera ausartu ez ginen urtea Ezkilak jotzera ausartu ez ginen urtea Ezkilak jotzera ausartu ez ginen urtea

Ezkilak jotzera ausartu ez ginen urtea bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Borde

$
0
0
Borde

Borde

Nerea Ibarzabalek izaeraz aldatu nahi luke. Bizkaiko Hitzan egin du aitortza.

Nahi nuke izan borde, eta ezer ez gorde. Imajinatu, pin-pan-pun, eztanda egin eta guztiz husten diren horietakoa izatea, gero berriz hasieratik hasteko, momentuko beroaldian esandakoez damu, baina hitz denak haizeak eramanak, gutxienez. Imajinatu, guztiz hautsi eta hutsetik eraikitzea.

BordeNahi nuke izan borde, eta koherente.

Izaera ‘eramangarriagoa’ dugunoi hori gertatzen zaigu, azkenean eraman egiten gaituztela, ez dugulako bri-brau erantzuten, ez dugulako zirt edo zart egiten. Edo beste edozein onomatopeia erabakigarri. Esan gabe uzten ditugun hitz eta emozio denekin putzu beltz eta ustel bat eratzen dugu, garajeetan sortu ohi diren putzu misteriotsu horietakoa, eta “ez haserretzearren” edo “tentsioak saihesteko”, hautsita behar luketen harreman postizo mordoa mantentzen ditugu. Kalean gurutzatu eta tripak buelta ematen digu, baina beti irribarretsu, jatorrak eta bakezaleak garelako. Konpondu gabeko arazoak eta tentsioak kolekzionatzen ditugu eta kristalezko bitrinetan gorde, goizero begiratu eta gaizki sentitzeko.

Nahiko nuke izan iluna, eta jendeak birritan pentsatu dezala nigana gerturatu aurretik.

Kanpotik serioa eta hotza eman, eta ondoren jatorra naizela deskubritu dezatela. “Borde bat zinela uste nuen”. Ze, inoiz erantzun borde bat eman ez dugunoi gertatzen zaigu jendeak uste duela ezagutzen gaituela, eta beti jatorrak izatea exijitzen digute gero. Gainera, bordeek interesgarriagoak ematen dute.

Nahi nuke izan borde, eta besteek borde bat naizela pentsatzeak inporta ez izatea.

Borde, neure burua eta neure nahiak errespetatzeko. Mr. Hide bat kontratatuko nuke, behar dudanetan inbokatu eta isiltzen ditudan erantzun krudelenak oihukatu ditzan. Esan dezan ezetz, nire buruak gora eta behera mugitzeko gogoa duen aldiro, edo “zer egiten dut hemen” esan eta konpromiso absurdoetatik atera nazan. Jendea zakutik hartzera bidal dezan modu zorrotz bezain elegante batean.

Nahi nuke madarikazio bat esan eta inor ez zorabiatzea.

Konfrontazioa saihesteko atzeratzen dugu auzokritika, azkenean autokritika egiten amaitzeko tokatzen ez denean ere. Horri deituko zaio agian bizikidetza. Eta gero bidaia espiritualak behar izaten ditugu, edo paseoak bakardadean, edo tila, loak hartzeko.

Nahi nuke izan borde, eta besteak nirekin bordeak direnean ez sumintzea.

Beharbada bakardadeari diogun beldurra dago guztiaren azpian, baina isildutako minak etxerako bidean errepasatzen dituenak ondo ezagutzen du bakardadea, berez.

Nahi nuke izan borde, pentsatzen dudanarekin akorde. Zukutzen gaituen jendarte honetan ez gaixotzeko modu bakarra izan daitekeelako.

Borde bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

[Euskararen (pro)bokazioa] Ahoskera kontuak 1: Egonez gero / Egon ezkero

$
0
0
[Euskararen (pro)bokazioa] Ahoskera kontuak 1: Egonez gero / Egon ezkero

[Euskararen (pro)bokazioa] Ahoskera kontuak 1: Egonez gero / Egon ezkero

[Euskararen (pro)bokazioa] Ahoskera kontuak 1: Egonez gero / Egon ezkero

Euskararen erabileraren inguruko atala da Euskararen (pro)bokazioa. Helburua, gaur egun batez ere ahozko ereduaren kasu zehatzak aztertzea da.

Laugarren proposamena:

.

AHOSKERA KONTUAK (1): EGONEZ GERO / EGON EZKERO

.

Aurreko atal batean aipatu genuen grafia zehazteko garaian, batzuetan ahoskatzeko modura jotzen zela. Eta hala egin izan da euskaraz 60ko hamarkadaren amaiera arte, euskara batuaren oinarriak zehaztu ziren arte, hain zuzen ere. Orduz geroztik, ordea, grafia bateratu zenean:

Idazteko: Zuk lagunduz gero, lehenago amaituko dut.

Letra idatziak pisu handia duela esan izan da beti, beste jakintza arlo batzuetan, baina ahoskerari ere badagokio, izan ere, grafia bateratzearen albo eragin nagusietako bat idazten den bezala ahoskatzea ekarri du. Eta, beraz, grafiak ahoskera desitxuratu du.

Gaur egun, edozein komunikabidetan, antzerkian, zineman eta eguneroko elkarrizketetan entzungo dugu:

Esateko: Zuk lagunduz gero, lehenago amaituko dut.

Eta bidean geratzen ari da, ahazturik, hizkuntzaren gauzak esateko modu naturala:

Esateko: Zuk lagundu ezkero, lehenago amaituko dut.

Esateko: Zuk lagunduzkero, lehenago amaituko dut.

Bide horretatik, esateko betiere,  /ordu ezkeroztik /zuekin geratu garen ezkero /eta abar.

[Euskararen (pro)bokazioa] Ahoskera kontuak 1: Egonez gero / Egon ezkeroPista ederra izan daiteke Euskaltzaindiak honezkero, harrezkero eta antzekoetan bi hitzak lotuta idatzi eta aldaketa fonetikoa idatzizkora eramateko hartu duen erabakia. Idatzizkoan bezalaxe ahoskatu beharko dira hitz berri hauek.

Batzuek esango dute euskara jasoan idatziz bezalaxe ahoskatu behar dela, baina horrek esan nahi du, beharbada, grafia batu zen arte ez zela egon euskara jasorik?

[Euskararen (pro)bokazioa] Ahoskera kontuak 1: Egonez gero / Egon ezkero

[Euskararen (pro)bokazioa] Ahoskera kontuak 1: Egonez gero / Egon ezkero bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.

Viewing all 19647 articles
Browse latest View live


<script src="https://jsc.adskeeper.com/r/s/rssing.com.1596347.js" async> </script>