Ez da uda garaia museotan sartuta ibiltzeko aproposena, ezta etxean ordenagailu edo mugikorrarekin nabigatzen ibiltzeko garaia ere. Bestalde, ikusi, usaindu eta ikutzea izan ohi da gauzak ezagutzeko bide aproposena. Esandako guztiaren kontra teknologia berriak erabiliz bidaia eta kulturaz gozatzeko bide erraz eta ezberdinak gaurkoan hemen, klik batera bidaia eta bisita kultural birtualak. Jarraian esteka eta bidai birtual interesgarri hauetako batzuk:
Kultura birtuala
The Google Art Project da Google-en edozein gailutik artera iristeko baliabide oso erabilgarri bat. Museo eta galeria garrantzitsuenetan bisita birtualak eta ehundaka artelan kalitate onenean gozatzeko aukera ezin errazagoa.
…
Etxetik lasai lasai birtualki bidaiatzeko gustatu zaiizkigun zenbait leku interesgarri jarraian:
Urte askoan San Ferminetara kale egin eta gero, ZUZEUko inkestak animatuta, edo aldaketa haizeak erakarrita akaso, bukatu berri diren festetan izan ginen iragan astean, Euskal Herriko hiri buruzagian. Eta lagun nafar euskaldunak ohi baino irribarretsuago topatzeaz gain, mundua hankaz gora aurkitu dugu Iruñean:
San Ferminetan, kontua aldrebesetara ikusi genuen Gaztelu plaza bueltan geundela. (Ustezko) parrandaren ostean belardian etzanda lotan ziren gautxoriak esnatuz batetik bestera kalejiran zen trikitilari koadrila. “Hau denk umorea!”.
.
Erosleko bi saltzaile
Pausu bakoitzeko saltzaile bat mota guztietako gutiziak eta kinkilak saltzen (eta jostailuak umeen sudur parean jartzen); kapelak, betaurrekoak edo lepokoak zirela, jan-edana zela; erosleko bi saltzaile.
Zorionez, eta nonbait irakurri dugunez, aurten Udaltzaingoa ez ei da kale-saltzaile (etorkin) ehizan ibili; “hik lan eta nik jai”, gaitzerdi.
.
Helduak haurren jolasetan eta haurrak helduen jokoetan…
Maiatzaren 2a eta Barkilero kaleen artean, Iruñeko katedral parean eta Irrintzi peñaren eskutik, gurasoak haur zireneko jostailuekin jolastu ahal izan ziren, hanka-paloen gainean, gozo-eltzeak apurtzen edo soka tiran; eta iragandako garaietara bueltatu ziren helduak.
Bukaeran, entzierro txikia egin zuten gurpil gaineko zezen adar zorrotzek, eta umeak kalean gora eta kalean behera izan genituen korrika, helduen joko arriskutsuetan trebatzen.
.
Musikari bakarreko banda!
Sarasate pasealekuan jazz taldeak eta Antoniutti parkean dantzaldi orkestrak jo bitartean, lagun bakarreko musika banda osoa aurkitu dugu kale artean, inguruan jende andana duela. Ez da gurdi gainean dabilen disko jartzaile horretako bat, ez. Don Bozinon ei da, hodiz eta klaxonez jositako klown edo gizon orkestra. Kanten errepertorioa ere ezin aproposagoa du parean duen entzulegorako: Heidi, Pipi Kaltzaluze…
.
Pairamen bako zezenak…
Adarrak ez ezik gurpilak ere badituztenak, bizkor ibiltzeko hanka gazte eta arinen bultzada behar dutenak eta, batez ere, haur eta helduen algarak eta gozamena eragiteko gai direnak, talkaren bat edo beste ez bada, inolako sufrimendurik jasan beharrik gabe…
.
Ikurren afera, binperretara
Urte luzez ikurriñaren aldarrikapena (“tricrucifera” -Roberto Jimenezen izendapenean-) etxe partikularretako balkoietan eta iruindarren buru-lepo-paparretan bizi izan dugu, eta batez ere, txupinazo egunez Udaletxe plazako (udaltzainak tarteko) liskarretan.
Eta ikurriña Udaletxeko mastan eskegita izan dugun honetan… hara! zer nolako poltsa deigarriak ikusi ditugun bisitarien bizkarretan; mundua aldrebes San Ferminetan!
.
* Argazki guztiak Karrikiri elkarteko XX. Atun-Janaren bezperan geuk eginak dira.
Euskadi Irratiko Mezularia saioan, Ainhoa Etxebeste kazetariak Uxue Barkos elkarrizketatu zuen herenegun, –‘Lortu dugu benetan akordio berria eta sakona’ (egin klik elkarrizketa osoa entzuteko)-, aurki Nafarroako Presidente izango den Geroa Baiko politikaria.
“(…) Ikusiko dugu, hortaz astelehenean, nolako hitzaldia prestatu duzun eta nolako jantzia ateratzen duzun baita ere, horri begira ere egongo gara-eta”.
EAEko irrati publikoan Barkosen arropak sortu duen jakinmina ikusita, eta hitzordu garrantzitsuaren aurrean urduri egongo dela suposatuz, laguntza eman nahi diogu Barkosi, inbestidurarako zer jantzi erabaki dezan.
Ez da hilabete Joseba Asiron Iruñeko alkate dela, eta dagoeneko entzun behar izan ditu lehen txistuak. Jakingo duzuenez, San Fermin jaiei bukaera ematen zien ekitaldian, udaletxetik iruindarrei euskaraz mintzatzeko asmotan zela gertatu zitzaion –egin klik eta ikusi ETBko minutu eskaseko bideoa-.
Antza, hiri buruzagian zapia kolkoan lotu aurretik astintzea ahaztu zaionik ere bada oraindik, bizkarra zoldaz betea duena, lingua navarrorum-ean “Gora San Fermin!” baino onartzen ez duena; orduan bai txalo zaparrada! Asironek jaso zuen txistukada, gainera, Erregimen Zaharreko zenbaitek ospatua izan da, inoiz inork botatu ez duen agintari batek jasotzen dituenean sutu eta errespetu eske aritzen diren berberek.
Asiron bezala, EH Bildukoa da Arturo Goldazarena ere, hiriburuan bezala UPN-ri -kasu honetan eskumako alderdiaren indarrak bikoiztuta- aginte makila kendu dion Tafallako alkatea. Gaur, uztailak 19, herriko Auroroen aurkezpenean izan da gizona, eta txistulari mordoa izan du aurrean honek ere (ikusi bideoa); ez oso euskaltzaleak, antza!
Ahuspez eta zirkinik egin barik egon beharrak etxean preso gaitu; halandaze, ez dugu Eako Poesia Egunetara joaterik izan aurten, lastima!
Gauzak horrela, eta Umap-en arabera uztailaren 18an, zapatuan, #ezindakabitu traola –“Poesia ezin da kabitu” zen jardunaldien leloa- gurean joera izan zela profitatuta (edo trending topic esaten da?), twitter bidez bertako ekitaldien berri eman dutenei txio eta argazkiak ostuta kronikatxo bat osatzea deliberatu dugu…
Barikua
Eako Poesia Egunak“Joxe Azurmendi 60ko poesiaren eraberritzean”-hemen olerkiak, Armiarmaren eskutik-berbaldiak ireki zituen Eskolondoko liburutegian, barikuan, Alaitz Aizpuru eta honen laguntzaile Xabier Mendigurenen ahotik.
Hiru egunak berbaldi banarekin esnatu ziren Ean, eta musika ere egunero-egunero izan dute, izan eguerdiz ala gauez. Barikuan Josu Landak aurtengo gonbidatua, Miguel Hernandez, aurkeztu zuen kantuz; @txerren-en arabera, “Josu Landa jauna itzulpengintza musikatuaren frontean. Edo atzeguardian. Denadelakoan txukun”.
Eskolondoko emanaldia, antza, Eskolapeko “Karratura”ren ordu berean kantatu zen, Naroa Gaintzak gidatutako 22m2 laukotearena -deustuarrak berak argitu zuenez, (Karlos Aranzeguiren partez) Nacho Beltran baterian zela-.
Zapatua
Berbaldi, kantaldi eta performance; bazkari, antzerki eta errezitaldi; poesia kabitu ezinik ibili bada Ean, zapatua zuen egunik emankorrena. “Izugarria aurtengo Eako Poesiak Egunakeko egitaraua. Zorionak antolatzaileei!” zioen literatura ekimenak antolatzen eskarmentua duen @gotzonbarandi-k, eta “Zer litzateke Euskal Herria antolatzaile xume eta inurri langile gabe? Militante eta isilpeko lan barik? Eatik Ortzaizera Biba zuek!” gehitu @iPatxi lagunak.
“Poesia (zubi bat) bertsolaritza” gaia eta Iñigo Aranbarri lagun izan zuen Maialen Lujanbiok Eskolondoko liburutegiko berbaldian, goizez; “aretoa gainezka, jendea adi Maialen Lujanbio entzuten”, laburtu zuen kronika @karmelolanda-k, eta “Ona zen baina ez da #ulertu bertsoa, jasoa, publikoa bikaintasuna edo komunikazioa Maialen Lujanbio poesia zubia bertsoa” idatzi, makina bat txiotan berbaldia laburtzen saiatu zen @armiarma-k -beraiena da argazkia ere-.
Portusolon, “Kapital publikoa (Atlantikoaren aurrean)”, Jose Luis Otamendiren ahotik: “Dirua zoriontsua da, baina jendea ez!”.
Bazkalostean, ITU bandaren txanda, “Ituskizuna” performancea Bedaronan -zalantza dugu argazkia bertokoa edo aurretik egina ote den-; @zaldumendi-k idatzitakoaren arabera… “ITU banda gertutik jarraitxu biakou… Eakopoesia egunetako aurkikuntza”… gustatu zena.
Gauez, aurreko eguneko moduan, bi proposamen aukeran. Metrokoadroka sormen laborategiaren antzerki emanaldia batetik Eskolondon –“gure azken uda dantza teatrala”, zioten twitter-en-, “Su izan nahi: hildakoak, senideak eta maskotak” -publikoa algara batean, antza-; eta Anariren kontzertua Eskolapen bestetik, “Zure aurrekari penalak” azken lana aurkezten -publikoa guzti-guztiak kantatzen, antza-.
Zapatuan gainera, emanaldi batzuk marrazten ibili ziren Gorka Belasko (@txikerretxea) –“kaleartekoari ere poesia dario Ean”, idatzi zuen-, eta Ramon Lejardi (@RLejardi): “Pena marrazteak ez nau itxiten poemak eta musika entzuten, baina aukera ederra egonda gaur Eako moilan”, idatzi zuen domekan.
Domeka
Kontu batzuk txioetara ekartzen ez diren arren, zapatuko gau laburra dexente luzatuko zuen askok seguruenera, Ea berbaldi luzeetarako eta parrandatxorako batzar aproposa ere bada-eta!
Domeka Miren Agur Meabek esnatu zuen, berriro ere Eskolondoko liburutegian, “Nire arestiar lauburuak” berbagai hartuta eta Karmelo Landaren laguntzarekin. Eako udatiarra zen Aresti eta urtero dago presente poesia egunetan, aurten Meaberen irakurketa pertsonal batean.
Eguerdi partean, hitzordu bikoitza Moilan:
Baga, poesia errezitaldia, Antonio Casado da Rocha, Tere Irastortza, Joan Mari Irigoien eta Mikel Antza olerkariekin, Beñat Barandiaran musikaria lagun zutela. Irigoien Ean entzule bazen ere, bere poemak Ainhoa Alberdiren ahotsean eman zituen; Antza, ezinezkoa zuenez Ean presente egotea, Oier Guillanen bozak ordezkatu zuen -Leire Bilbaok egin zituen gidari lanak-; hara familia argazkia!
Biga, Tenpora taldearen zuzenekoa, “Mundu berria” ezagutzera emateko. Boskotea Beñat Barandiaran gitarristak, Itsaso Etxebeste baxu jotzaileak, Hasier Oleaga bateria jotzaileak, Juantxo Zeberio teklatu jotzaileak eta Elene Arandia kantariak, eskarmentu handiko musikariek osatzen dute; azken honek, @elarandia-k, “egun zoragarria gaurkoa Ean” laburtzen zuen atzokoa.
Igande bazkalostean, eta azkenburuko legez Natxituko bolatokian, Jule Goikoetxea, Kattalin Miner eta Danele Sarriugarteren#Erractus errezitaldia, sorburu Ean bertan izan zuena iaz. Atzokoan laudorio galantak jaso zituzten, besteak beste @AhotsLejardi eta @BikitxuB-ren txioetan. “Zorionak. Gozatu ein dogu. Ezin ukatu: gehiago nahi genuen. Askoz gehiago!” zioen batak; “Zorionak emanaldoagatik! Mila bider ikusita ere oilo ipurdia jarriko zait!“ besteak.
Emakumeak nagusi Poesia Egunetan, taulan eta taulatik kanpo.
Domekan Belaskok bakarrik utzi zuen Lejardi laguna, baina artista marrazkiekin bezain fin eta prestu ibili zen Landa irakaslea, marrazkilariaren lana argazki sorta honetan jasotzen:
0ndoan duzuen argazkiarekin eta “Iluntzea Eako portuan. Eguna badoa, zuek gure artean geratu zarete. Eskerrik asko guztioi” txioarekin bukatutzat ematen zituen egunak @Eakopoesia-k, ikusmira ederrak hanka egiteko baino betirako (irailera arte, esan nahi baita) bertan gelditzeko gonbitea egiten badu ere. Jardunaldietako kontu ofiziala izan dugu, Karmelo Landarekin batera, Eako Poesia Egunetako berri emaile eta argazkilari finena eta gu hornitu gaituztenak.
* Jardunaldien “benetako” kronikak irakurri gura dituenak, badu nora jo:
Uxue Barkos, PNV, Jazzaldia, Mas eta Katalunia, Grezia eta Frantziako Tourra egunkarien azaletan besteak beste uztailaren 20eko astelehen honetan. Hemen dakartzagu ohiko legez, EuskalHerriko, espainiar estatuko, europako eta munduko egunkarien zenbait gaurko azal:
Lituania, Bulgaria, Eslovenia, Polonia, Errusia eta Txekiar Errepublikatik iritsitako itzultzaileek (Donostia 2016k, Etxeparek eta EIZIEk aukeratuak) euskara ikasteko ikastaro trinkoa egingo dute barnetegi batean. Egonaldi luzea egingo duten lau itzultzaileek euskal literaturako lan bat haien ama hizkuntzara itzuliko dute.
DSS2016EUk eta Etxepare Euskal Institutuak Itzultzaile Berriakproiektua jarri dute abian, nazioarteko literatur itzultzaileak aukeratu eta euskarazko sorkuntza-lanak Europan barrena zabaltzeko xedearekin. Horretarako, nazioarteko itzultzaileei zuzendutako deialdia ireki zuten pasa den apirilean eta jasotako 30 hautagaietatik zortzi aukeratu dituzte.
Bi motako egonaldiak egingo dituzte aukeratutako zortzi itzultzaileek; lauk sei hilabeteko egonaldi luzea egingo dute eta gainerako laurek, berriz, hilabeteko egonaldia, azken horien euskararekiko ezagutza kontuan hartuta.
Egonaldi luzea:Laura Liubinavicivte (Lituania), Mariya Petrova Pachkova (Bulgaria), Barbara Pregelj (Eslovenia) eta Katarzyna Sosnowska (Polonia).
Lau itzultzailek sei hilabeteko egonaldia egingo dute Euskal Herrian, euskara ikastaro trinkoa egiteko. Helburua euren etorkizuneko itzulpenetan euskara ere zubi nahiz sorburu hizkuntza gisara erabili ahal izateko hizkuntza gaitasuna lortzea da.
Baina egitasmo honek ez du soilik euskara ikastea bultzatuko, baita lanak ekoiztea ere. Horretarako, egonaldi luzea egingo duten lau itzultzaileek diru-laguntza jasoko dute euskal literaturako obra bat gaztelania ez den beste hizkuntza batera itzultzeko eta lan hori argitaratuko duen argitaletxea aurkitzeko. Horrek ekimenaren azken helburua bermatzea ahalbidetuko du: euskal sorkuntza Europan hedatzea eta kanpoko publikoak ere euskal literaturara sarbidea izatea.
Gainerako laurek hilabeteko egonaldi laburra egingo dute Euskal Herrian, aurrez duten euskara ezagutza (A1, A2 edo B1 mailen baliokidea) sendotzeko. 2015eko irailaren lehenengo hamabostalditik 2016ko ekainaren bukaera arteko epean izango dira egonaldi guztiak.
Tailerrak eta jardunaldi irekia 2016an
Itzultzaile Berriak proiektuak, bigarren fase batean, tailer bat ere izango du zortzi itzultzaile horiekin, Tabakaleran, 2016ko udazkenean. EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak antolatuko duen tailer horretan nazioarteko itzultzaileek euskal idazle bana izango dute bikotekide. Tokiko idazleen papera kanpoko itzultzaileei harrera egitea eta euren arteko sareak sortzea izango da.
Tailerra amaitzen denean, herritar orori zuzendutako jardunaldi irekia egingo da, eta baita programazio espezifiko bat ere itzultzaile parte-hartzaileekin, hiriko ikastetxe zein kultur etxeekin lankidetzan.
Argazki honek piztu dit kandela. Sevilla probintziako Carmona herrian atera dut, ustekabeko ibileran aurkituta. Udalaren gauza da eta, antza, herritarrak zintzotu egin nahi ditu gauzen prezioa agerian jarrita.
Goiko aldean datorren EN TODA LA PLAZA EXCEPTO RESIDENTES horri baino, errepara iezaiozu apur bat beheratxoago. Argazki gainean klik egind,a erraz ikusiko duzu SEÑAL DE TRAFICO 325€ dioen ohar hori. Alegia, trafiko seinale hori 325 euro ordaindu dituela udalak eta ibiltzeko arretaz gauza guztiekin ez baita deus aingeruek oparituta etortzen.
Pentsatzen jarrita, garestia da ala merkea seinale batek 325 euroko prezioa izatea? Eta, gainera, hori zer da, bere zuloan zutik jarrita ala burdindegiko hornitzaileak kobratu duena?
Izanak izan ez dago txarto inguruan dagoen gauzen prezioaz ohartaraztea. Esate baterako horixe da aldeetako bat Iparraldeko eta Hegoaldeko osasun zerbitzuen artean. Iparraldean ordaindu egiten duzu midikuari egindako kontsulta bakoitza eta ohartzen zara 23 euro balio duela zure bisitak, gero diru horretatik gehiena itzuliko badizute ere. Hegoaldean, ostera ez zara jabetzen ahal egindako gastu horretaz.
Adibideak baizik ez dira nahiz eta jakin balioa eta prezioa ez direla gauza bera, egia esan, ohituta gaude biak nahasian erabilzera. “Zenbat balio du trafiko seinale horrek?” galdetuko genuke, edo “zenbat balio du midikuaren kontsultak?”, jakin nahi duguna prezioa baizik ez denean.
Gauza eta zerbitzu guztien prezioa jakiteak, lagundu egingo liguke, nolabait, zintzoago bizitzen, urrea eta gorotza bereizten. Batez ere gauza asko doan direla dirudien garai hipermoderno honetan. Mila adibide eta galdera egin genitzake.
Urrutira joaten ibili gabe, zein prezioa dauka alua.mundua blogeko sarrera honek? Doakoa dirudi, nik ez dizut deus eskatuko, zuk ez duzu berehalakoan txanponik ordainduko… Baina jarri pentsatzen hau jasotzeko behar dituzun konexioak, zure ordenadore edo telefontxoa erosteko ordaindu dituzunak, Zuzeu mantentzeak eta abarrek zenbat balio duten… Eta azkenean doakotasunaren gozoa hondatuko dizugauza guztien prezioaren presioak, izan ere, esan bezala, Carmonako seinaleak erakutsi bezala, deus ez dago hemen aingeruek zerutik behera jaurtita.
Sarreratxo hau argitaratzen denerako, irakurle, Uxue Barkos izango da Nafarroako presidenta berria; arratsaldeko seiak jotzeko zirela egin baita bozketa: 26 alde, 17 kontra eta 7 abstentzio.
Modu honetan maiatzaren 24ko hauteskundeen emaitzetatik eratu da Nafar Parlamentua. Abstentzioaren alde egin dutenen artean, orain gutxira arte Roberto Jimenezek gidatzen zuen PSN.
Jimenezek, nafar umoregileen zoritxarrerako, PSN-ren ardura utzi zuen iaz -egun María Chivite Navascuések gidatzen du-, eta Erregimen Zaharreko beste agintari batzuekin batera, jardunbide berriak bilatu behar izan ditu, jada ez baitu besaulki erosorik Nafarroako Parlamentuan.
ZUZEUk argitaratutako San Ferminetako irrati elkarrizketa sonatuan, gure gizonak berak aitortzen zuen, apur bat herdoilduta egon arren abokatu lanetara ere itzulia zela -kargu publikotik haratago, bada bizitzarik, antza…-, eta beraz, hasia da erreziklatzen. Baina aparte, ondoko argazkian froga dezakezuenez, aurkitu ditu beste zeregin batzuk ere (tantatatxan…): Roberto Jimenez, iragarki gizon bilakatu da!
Javier Lorente Doriaren bidez jaso dugu argazkia, gaztelerazko “Nunca sabes dónde puede acabar tu foto de campaña” esaldiak laguntzen duena.
Roberto Jimenezen kasuan, Peruko argazki denda bateko iragarkian bukatu du bere bisaiak; ez da alferrik PSOEko Emigrazio gaietarako idazkaria –“entre Madrid y Navarra”, dio berak-.
Zorionez, Amerikan ez dute (oraindik!) ondo ezagutzen…
Aldaketa haizeak dabiltza Erresuma Zaharrean, eta Espainia aldean aztoratuta dabiltzala igartzea besterik ez dago Nafarroak Madrilen duen garrantzia ulertzeko. Garrantzia, horren arriskutsu gertatzen zaien euskalduntasunari aurre egiteko orduan.
Atzo Uxue Barkos presidente izendatu zuten nafarrek; “presidente abertzalea, gehiengoa horrela ez den tokian”, hautetsi berriaren esanetan, El Pais-en arabera.
Prisa taldeko egunkaria izan da, hain zuzen ere, urduritasuna agerien erakutsi duenetakoa. José Luís Barberíaren erreportaje hirukoitz izendaezina aparte utzita, eta gero itzuliko gara hauetara, atzo “Cambio en Navarra” lerroburuko editorial bat plazaratu zuen El Paìs-ek, lehen aipatu ditugun erreportajeen laburpen eskasa baino ez dena: Foru eta Karlismo oinarri historiko baten gainean nahastu euskara eta indarkeria (ETArena, noski), gehitu Nafarroak eta EAE-k bat egiteko aukeraren eskukada bat eta Gobernua hartuko dutenen gutxiengo demokratiko tanta batzuk eta… voilá, horra irentzi ezinezko ahi beldurgarria.
Labe berean sukaldatutakoa dirudi El Correo Español eta El Diario Vascoren “Zumosoleko lehengusuak”, ABC-k, herenegun plazaratu duen editoriala, okaztagarria hau ere: “Navarra hace realidad el sueño de ETA“; Foru erkidegoari segurtasun arloko konpetentziak kentzeko eskaera egiten dio Gobernu zentralari, “proetarra bati indar armatu baten ardura” eman baino lehen.
“Ez dago ezer Espainiako eskumako egunkari baten antzekoagorik, ezkerreko egunkari Espainiako bat baino” irakurri genion atzo norbaiti; arrazoi osoa zuen.
Euskara eta indarkeria (besteak beste)
Jose Luis Barberíarengana bueltatuta, ez gara gehiegi luzatuko bere idatzietan, ez dira sailkatzen errazak eta -zeresana eman dute twitter-en (ikus osaba Sabinen kontua)-. Oraindik irakurri ez badituzu, azpian paratu ditugu irakurgai; aski esanguratsuak dira titularrak. Gerri malgukoa bazara, barre batzuk egiteko ere balio diezazukete, baina kontuak serio demonio hartzekoa bazara… kontuz; ozpinduko zaitu derrepente!
LA TIERRA DE PROMISIÓN DEL NACIONALISMO VASCO (saila)
•JAMIE CULLUM • JOHN ZORN, BILL LASWELL, DAVE LOMBARDO: BLADERUNNER TRIO • MELODY GARDOT • ZAZ • BENNY GOLSON QUARTET • THE BAD PLUS JOSHUA REDMAN • JIMMY CLIFF • DEE DEE BRIDGEWATER / IRVIN MAYFIELD WITH THE NEW ORLEANS 7 • EARTH, WIND & FIRE EXPERIENCE FEAT. AL MCKAY ALL STARS • THE COOKERS (BILLY HARPER, EDDIE HENDERSON, DONALD HARRISON, DAVID WEISS, DANNY GRISSETT, CECIL MCBEE, BILLY HART) • GREGORY PORTER • CHARLES MCPHERSON QUARTET • SÍLVIA PÉREZ CRUZ • SLY & ROBBIE MEETS NILS PETTER MOLVAER FEAT. EIVIND AARSET, VLADISLAV DELAY •RAY GELATO & CLAIRE MARTIN: A SWINGING AFFAIR • LEE FIELDS & THE EXPRESSIONS • AZAR LAWRENCE QUARTET • ANDREA MOTIS & JOAN CHAMORRO GROUP • ARVE HENRIKSEN/ TRIO MEDIÆVAL • CARLA COOK • ERIK HONORÉ “HELIOGRAPHS” (FEATURING NILS PETTER MOLVAER, EIVIND AARSET, INGAR ZACH) • ZANMARI BARÉ • NEUMAN • ANDRZEJ OLEJNICZAK–IÑAKI SALVADOR QUARTET FEAT. MACIEJ FORTUNA • KAKKMADDAFAKKA • THE NEW STANDARD TRIO (JAMIE SAFT, STEVE SWALLOW, BOBBY PREVITE) • MUNGOLIAN JET SET (KNUT SÆVIK, PÅL NYHUS) FEATURING ERLAND DAHLEN, JAN BANG • IÑAKI SALVADOR-ALEXIS DELGADO: JOHANN SEBASTIAN JAZZ • GONZALO TEJADA QUARTET: NORMA JEANE BAKER • ARVE HENRIKSEN, JAN BANG, SUSO SAIZ • JOSETXO SILGUERO & PIERRE JODLOWSKI: RAYUELA JAZZ PROJECT • SIDSEL ENDRESEN, JAN BANG, ERIK HONORÉ • JULIA BIEL •BENGALIFÈRE TRIO • BULLET PROOF LOVERS • DIDIER DATCHARRY TRIO: TRIBUTE TO JAZZ TRIOS • DYNAMIC TRIO • ELKANO BROWNING CREAM: UH EH•EUSKADIKO IKASLEEN JAZZ ORKESTRA -EIJO • IGUANA • LARA VIZUETE • LONELADY • MALDATASKULL • O MEU PRAZOL • ONNA MARUN • ORBITAL • ORKEST EIGEN HULP • PAUL SAN MARTÍN & ROMAIN GRATALON • REUNION BIG BAND • SKY BEATS • THE SOUL MESSENGERS • TOTEM TRIO • UNITY • VINEYARD BIRDS • ALEX SUBINAS • BOSSA NOVA TRIO • CHARALAMPI: JAZZ STANDARDS • DJ MABOKU, DJ FIRMEZA, FUNKFORWARD • DJ VAGA • EL ESPECIALISTA • ENRIC DOMENECH • IGU ALLNIGHTER • JAM SESSION “CUADERNOS DE JAZZen 25. URTEURRENA” • JAZZ INSTRUMENTAL / JAZZ INSTRUMENTALA • JOSEBA MARTÍN “LA JUNGLA SONORA” • KASSANDRA CHARALAMPI & JAIROM BLACK • LAST FAIR DEAL • LES FOUS • LUIS BELTZA • MAKALA, BIDAURRETA & BARZAGA • MIGUEL A. SUTIL “ENLACE FUNK” • MIGUELITO SUPERSTAR “NACIÓN FUNK” • MOTA PROJECT LIVE • PUSHIN WOOD SOUNDSYSTEM • REIMY & OLEAKTIFF • THE CISCO KIDS • THE HOLYDRUG COUPLE • THE PUZZLES • XAN CAMPOS TRIO • Z BONE PROJECT • ZIGOR AKIXO • JAVIER ARAÑA •
Europak, azken urteotan, garrantzi handiko neurriak iragarri ditu hondakinen kudeaketaren hobekuntzan. Zoritxarrez, Euskal Herriko prentsa gehienarentzat, atez ateko bilketa zerbitzua daukan Gipuzkoako herri batean klinex bat lurrean agertzeak arreta gehiago merezi du, hurrengo hamarkadetako hondakinen kudeaketa baldintzatuko duten Europa mailako neurriek baino. Artikulu honen bidez, itzal horren gainean argi pixka bat egiten ahaleginduko gara, labur bada ere, Europan hartzen ari diren erabaki hoien kokapena eta Euskal Herrian edukiko duten eragina azalduz.
Erabakiaren kokapena
2015/7/9an egindako osoko bilkuran, Europako Parlamentuak Zero Zabor bidean eskaera garrantzitsuak egiten dituen txosten bat onartu zuen. Eskaera hori Europako Batzordeari zuzenduta dago. Izan ere, Europako Batzordeak urte amaierarako baliabideetan efizientea izango den Europa baterantz joateko neurri sorta bat aurkeztu behar baitu. Parlamentuaren ebazpenak ez dauka izaera loteslerik, baina Batzordeak prestatuko duen neurri sorta ondoren parlamentuak berak onartu behar duela aintzat hartzen badugu, Batzordeak oso kontuan hartzekoa da.
Parlamentuaren txosten hau ez da ezerezetik eta besterik gabe sortu den zerbait, duela urte gutxi batzutatik hona, Europako erakunde nagusiek, Europaren etorkizuneko ekonomiak eta ingurumenak bizi duten arrisku errealaz ohartuta, halabeharrez egindako norabide zuzenketa baten ondorioa baizik. Norabide aldaketa, Europako Batzordeak 2011an “Baliabideetan efizientea izango den Europa baterantz 2011-2050” izeneko bide orriarekin hasi zen. Horren ildotik etorri dira beste hainbat mozio eta txosten, artikulu honen abiapuntua dena barne.
Puntu aipagarrienak
Luze joko luke Parlamentuak Batzordeari egin dizkion eskaera guztiak zerrendatzea. Mota eta arlo guztietakoak daude: Tresna fiskalak, normatiboak, neurketarako eta konparaketarako bitartekoak, prebentzio eta birziklapen helburuak… Hemen gutxi batzuk nabarmenduko ditugu, baina guztiak ezagutzeko interesa daukanak interneten topa ditzake, besteak beste gure blogean (eskaeren zerrenda).
Nabarmenduko genituzkeen neurrietako batzuk: 2020 urterako hondakin organikoaren derrigorrezko gaikako bilketa eta material birziklagarriak errausteko debekua, 2030 urterako hondakinen %70 eta ontzien %80 birziklatzeko helburua, errefusaren gainean sortzez besteko ordainketaren ezarpena…
Neurri hauen eragina Euskal Herrian
Dudarik ez dago, neurri hauek eragin nabarmena izango dutela etorkizuneko hondakinen sorreran eta izaeran, eta, beraz, hondakin hoiek kudeatzeko beharko diren azpiegituren ezaugarrietan. Neurri hauen ondorioz, hurrengo hamarkadetan geroz eta zabor edo errefus gutxiago sortuko da. Gutxitze hori, gainera, graduala izango da, ez bapatekoa, eta beraz, kopuru aldakor horretara moldatuko diren azpiegiturak eraiki beharko dira, hau da, gaur zabor nahasia tratatuko dutenak, eta, bihar, gaika bildutako materialak birziklatzeko balioko dutenak. Ezaugarri honetako azpiegiturei malguak deritze, hondakin kopuru eta mota finko bati lotuta ez daudelako.
Aldiz, azpiegitura zurrunek, bere amortizazio bizitzan zehar zabor kopuru finkoak behar dituzte. Errauste plantak dira hauen adibiderik onena. Azpiegitura garestiak dira eta 20-30 urte bitarteko amortizazio epea daukate. Errauste plantek ez dute balio hondakinen kudeaketa egokiago baterantz joango den eskenatoki baterako.
Euskal Herrira etorrita, horretan ari den lurralde bakarra ez bada ere, Gipuzkoa da azpiegituren eztabaida bizien dagoen lurraldea eta bidea ireki dezakeena. Aurreko Foru gobernuak eraiki nahi zuen azpiegitura malguaren eta osatu berri den Gobernuak eraiki nahi duen errauste planta zurrunaren arteko eztabaida bizi-bizi dago. Honen inguruan, gobernu berriari lasaitasunez eta arduraz jokatzea eskatzen diogu, izan ere, erabakia, errauste planta eraikitzea, azterketa egin aurretik hartu eta iragarri baitu, hau da, hurrengo urtetarako hondakin sorreraren prognosia edo aurrikuspena egin aurretik. Azken hau behar bezala egiteko, ezinbestekoa izango da Europako batzordeak prestatu eta parlamentuak onartuko dituen behin betiko helburuak zein izango diren jakin arte itxarotea.
Gaikako bilketan ere malgutasuna
Bilketari dagokionez, txapela kentzeko modukoa izan da Gipuzkoako eta Nafarroako zenbait herritan azken urteotan egin den hobekuntza. 60 udalerritik gora dira jadanik Europak hurrengo hamarkadetarako ezarri nahi dituen helburuak betezen dituztenak.
Europatik datorren haize bolada frexkoa aukera bikaina izan daiteke, bilketari dagokionez, guztiok, polemikak eta lixkarrak utzi eta interes orokorarren alde eginez malgu jokatzeko. Zehaztu dezagun arazoa, gaikako bilketa maila eskasak ingurumenean eta osasunean daukan eragin kaltegarria, finka dezagun helburua, gutxieneko gaikako bilketa maila, eta, jar ditzagun martxan bilketa sistema eraginkorrak identifikatu eta haien artean hautatzeko parte hartze prozesuak. Badira lehendik eredutzat har ditzakegun prozesuak, alde guztiek adostuta, Mutrikun eta Deban egindakoak kasurako. Hauek oso baliagarriak izan daitezke oraindik bilketa maila eskasa daukaten udalerrietarako, eta, baita ere, bilketa eraginkorra izan arren sistema aldaketa eskaera dagoen udalerrietarako
Bada garaia zaborraren arazoa Gipuzkoara mugatzen den zerbait ez dela ohartzeko. Bada garaia, hondakinen kudeaketa alderdikerietarako tresna izateari uzteko. Bada garaia, Euskal Herriko herri eta eskualde eredugarri hoien lorratzari heldu eta Europak ezarriko duen bide horretan sakontzeko.
AEB-ak (eta beraiekin batera mendebaldeko mundua), gora begira daude, zerura, joan den asteartean New Horizons misioa Plutonetik gertu igaro, eta gure ikasle denboretan Eguzki sistemaren bederatzigarren planeta izan zenari, orain planeta nanoa ei denari (eta ilargi duen Karoni), hemen duzuena moduko argazki ederrak egin zizkionetik -hona NASAren argazkiak-.
“Teleskopio hoberenetatik ikusita puntu ñimiñoa baino ez zena, esploratzeko dagoen mundu ikusgarria bilakatu da”, zioen Juanma Gallegok Berria egunkariko “Mundu ikusgarria loratu da Plutonen” izeneko artikuluan.
Lurretik bost mila milioi kilometrora ei dago Pluton, oso urruti, AEBetatik geografikoki Kubatik ideologikoki bezain. Diametroz Lurraren %20ra ez ei da heltzen; eta izoztuta dago. Hara! Miami eta Habanaren arteko harremanak orain arte bezala; antzekotasunak hemen ere.
Orain arte -idatzi dugu-; estatubatuarrak Plutoni begira zeudela kubatarrek enbaxada ireki baitute Washingtonen, planeta nanotik 5.000.ooo.ooo kilometrora, espazioko azken argazkiak ezagutu eta aste bete eskasera; aurreko egoitzaren ateak itxi (1961eko urtarrilaren 3an jaso zuten agindua) eta 54 urtera!
Berriro ere Berriara jo, eta hauxe irakurri diogu Jose Miguel Arrugaetari, “Kuba-AEBak: aro berri baten hasiera” analisian: “Baina Barack Obamak eta Raul Castrok aurreikus zitekeena aldi berean eta elkar hartuta jakinarazi izana da urteko albistea, zalantzarik gabe: Kuba-AEB harremanetan agertokiaren erabateko aldaketa“. Eta erabateko aldaketaren isla, herenegun uztailak 20, Kubak egoitza ireki du AEBetan -eta Reparaz berri emailearen arabera, parranda polita izan zen bertan gainera-.
Presidente beltza (hamaika ezagutu ditu jada Castro comandanteak) eta berriro izar bako bandera lur estatubatuarrean; eta hau ere ikusi Fidelek!
Orain John Kerry, AEB-etako Estatu idazkariak, karibear irla zapalduko du, datorren hilabetean seguruenera, Kubako lurretan bandera estatubatuarra paratzeko. Baina hau beste kontu bat da.
…
Eta bien bitartean, Habanan…
Kubatar enbaxada AEB-etan.
* Bideo-txantxa muntatzeko, dantza sesioa lapurtu diogu Kubari buruzko Boston Globeko erreportaje honi (Pello Urzelairen bidez ezagutua).
Unibertsitate munduko 50 lagunek sinatu eta aurkeztu berri dute proposamena: “Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan aro politiko berri baten aldeko hautagaitza bateratuak osatzeko deia”.
Esan ez duten arren, ulertarazi dute EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, Irabazi, Ezker Anitza eta Equo direla hautagaitza bateratu horretan bildu daitezkeen indar politikoak (Albistea Naiz-en).
Espainiako Kongresurako udazkenean egingo diren hauteskundeei begira egin dute aurrerapausoa. Sinatzaileen artean daude, besteak beste, Mariano Ferrer, Ramon Zallo, Francisco Letamendia eta Begoña Zabala.
Aldaketa sozialaren beharra dago. Horretarako, errotik eta sakonki irauli behar dira politika publikoak
nahiz jarrera sozialak. Bukatutzat eman behar dira austeritate politikak.
Espainiako estatuan prozesu demokratiko bat abiarazi eta eraiki beharra dago, hala nahi duten komunitate nazionalen eraikuntza politikoa barne hartuz. Konstituzioaren edo autonomia estatutuen erreformatik harago joango diren prozesu eratzaileen bidez egin behar da hori, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa erabakitze subjektutzat onartuz eta prozesu horretan alternatiba desberdinak aurkezteko aukera emanez (independentzia, federazioa edo autonomia).
Pluraltasunetik eta indarkeria guztiei uko eginez, beharrezkoa da bake prozesua eta normalizazio politikoa sendotzea.
Unai Apaolazaren txioa:
Inora ez garamatzan bidea: “Espainiako estatuan prozesu demokratiko bat abiarazi eta eraiki beharra dago” http://t.co/e13fHYCwQO
Txile hegoaldean bizirik den sumendi bat da Calbuco, bi mila metro ingurukoa, Llanquihue laku ondoan dagoena. Iparraldeko magalean Puerto Varas du, eta hegoaldekoan berriz, Puero Montt. Aipatu bi hiriguneak sumenditik 30 kilometro eskasera daude.
1972an doministiku antzeko bat izan bazuen ere, errautsa jaurtita, 1961eko urtarrilaren 27an piztu zen azkeneko aldiz sumendia, Txileko arriskutsuenetakotzat hartua dena. Kea jaurti zuen lehenengo, eta eztanda egin eta erupzioak izan zituen gero, martxoaren 10ean.
Geroztik lozorroan izan da lau hamarkadaz, harik eta…
Iragan apirilaren 22an, eta lurrikara saldo baten ostean -140 astindu bi ordutan, handiena Richter eskalan 2,5 gradukoa- arratsaldeko seiak jotzeko zirela, berriro pizte ikusgarri bat izan zuen Calbucok. Biharamunean goia joko zuen iratzartzeak; sei orduz mantendu zen bizi-bizi eta gorantza hamabost kilometrotara arteko ke zutabeak sortu zituen, laba zein harri goriak jaurtiz. Guztira, hiru egunez, 210 milioi metro kubiko errauts jaurti zituen sumendiak atmosferara -metro kubiko bakoitza tonelada ingurukoa ei da!-.
Hamar mila lagun inguru ebakuatu behar izan zituzten guztira, erdiak Ensenadan -350 bat etxe izan ziren kaltetuak eta inguruko ekonomiaren %30 galdu omen zen-. Herri honetan, metro batera arteko hausterrea izan zuten.
Azken eztandaren ondoren, Calbucoren geomorfologia arras aldatu ei da, eta orain handiagoa du kraterra.
Zuzenean
Calbuco sumendiaren esnatzea bertatik bertara bizi izan zuten Jonas Dengler eta Martin Diablos-ek, bideoaren egileek, ondoko Osorno sumendian -lerro zuzenean 20 kilometro ingurura ei dago- egin baitzuten izarrazpiko gaua, timelapse-ak egin guran. Biharamunean, teleferikoan bajatu eta hegoaldera joz ferrya hartu zuten Patagoniarako bidean. Handik gutxira piztu berria zen sumendiaren errauts onddoa ikusi zuten, eta gertakaria grabatzea deliberatu. “Inoiz ikusi izan dugun ikuskizunik sinestezinena da, bizitzan behin aurkitzen duzun horietakoa. Pozik gara bere gorenean harrapatu ahal izan dugulako”.
Aurretik ere, inoiz ikusi ahal izan dira sumendien irudi ikusgarriak ZUZEU-n:
Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendarien “Loreak” filmak iaz irekitako leihoak Asier Altunaren “Amama” ezagutaraziko digu aurten, Txintxua Films etxeak ekoiztutako pelikula Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko baita irailaren 18tik 26ra.
.
Uztailaren 17an ZUZEU-n argitaratu zen “Laster datozen euskal(?) filmak” sarreran euskarazko film bakarra zenarekin bigarren urtez jarraian izango da euskara presente Donostiako Zinemaldiko atalik garrantzitsuenean, Sekzio Ofizialean; ea ohitura bihurtzen den.
“Mundu osoan ikusteko `etxeko´ zinea egiten” duela dioen Asier Altuna (Bergara, 1969) zinemagilearen film bat proiektatu izan da lehendik ere Kursaaleko areto nagusian, “Bertsolari” dokumentala (2011), lehiaz kanpo orduko hartan.
.
“Amama” filmean egungo baserri giroa pantailaratuko du Altunak. “Familia bat, bi mundu. Jatorri bat, bi norabide. Baserria eta kalearen arteko gatazka, tradizioaren eta bizimodu berriaren arteko talka, guraso eta seme-alaben arteko ezin ulertua. Bizitza ulertzeko eta bizitzari aurre egite bi modu, elkarren aurka. Eta badoan mundu baten eta badatorren beste baten aurrean, lekuko isil, amama”; Txintxua Films etxearen webgunean diotenez.
.
“Filmak baserria du kokagune nagusi”, jakinarazten digu Altuna zuzendariak. “Baserria hiltzear dago, eta baserriarekin batera bizimodu bat bukatzen ari da, baita izateko era bat ere, munduan kokatzeko modu jakin bat. Ni mundu horretakoa naiz, kate horretako parte naiz. Nik dakidan arte, nire aurreko guztiak baserriari lotuta egon dira. Ni ere, modu batera edo bestera, baserria naiz. Azken hamarkadetan baserrian gertatu diren belaunaldien arteko apurketak eta baserria utzi eta kalera jaistea, hori dena, oso ondo ezagutzen dut. Nik ere bizi izan dut filmean kontatzen dena, nahiz eta `Amama´ bere horretan erabat fikzioa den”.
.
“Amama”, Altunaren esanetan, “pertsonaia bat gehiago da, baina esangura berezia du. Amamak gure aurreko amona guztiak irudikatzen ditu. Gure memoria da. Belaunaldiz belaunaldi igaro den jakituria guztia bere baitan duela dirudi. Edertasun eta duintasun handiko pertsonaia da. Ez du hitz egiten, ez hitzekin behintzat, baina bai begiradekin. Balio sinbolikoa handia duen pertsonaia da”.
Altunaren lanaz gain, eta Zinemaren Akademian jakitera eman dutenez, hauexek dira Donostiako Zinemaldian proiektatuko diren euskal filmak, edo gutxienez euskal parte-hartzea izan dutenak, Maialen Goñik Zinea.eus atarian aztertu dituenak:
.
Mi gran noche
Alex de la Iglesia bilbotarrak, ostera, Raphael abeslaria eta beste dozena bat aktore bildu ditu Urte Zaharretako telebistako programa baten grabaketari buruzko filma osatzeko. Hala dio aurkezpen testuak: “Langabezian dagoen Jose, Urte Zaharretako programa berezi batean figurante gisa lan egitera bidaliko du aldi baterako laneko enpresak. Abuztua da. Josek bezalaxe, ehunka pertsonak aste eta erdi daramate gau eta egun ezin aretotik atera, barrezka ari diren itxurak egiten, urte berriaren gezurretako etorrera inozoen moduan ospatzen”. Lehiaketatik kanpo izango da ikusgai, Sail Ofizialean. Gaztelaniaz.
.
Pikadero
Erresuma Batuko Ben Sharrock zuzendariak eta Irune Gurtubai elorriarrak osatutako lanak bikote gazte baten harremanean krisiak duen eragina pantailaratuko du. “Dirurik ez duen bikote batek arazo larriak izango ditu gurasoen etxean ezkontza-eginbideak betetzeko. Zailtasun horiek kolokan jarriko dute amiltzen ari den ekonomiatik askatzen saiatzen ari den amodio-historia bat”. Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga dira filmeko protagonistak. Zuzendari Berriak sailean proiektatuko dute. Euskaraz.
.
Lejos del mar
Imanol Uribek ETAko kide ohi baten eta bere biktima baten alabaren arteko harremana aurkeztuko du Lejos del mar filmean. “Santi kartzelatik aterako da eta hegoaldera bidaiatuko du, Emilio ikusteko. Kartzelako kide izandako lagunak gaixotasun terminal bat du. Ustekabean Marinarekin egingo du topo; lagunaz arduratzen den medikua da. Santik topaketa izugarria izan zuen harekin hainbat urte lehenago, eta horrek bien bizitza markatu du ordutik”. Sail Ofizialeko proiekzio berezietako bat izango da. Gaztelaniaz.
Bikote bat beren burua hiltzen saiatu da Taj Mahalen
Uztailak 17koa da berria. Rajveer Singh eta Shabnam Ali dira Taj Mahalen euren buruaz beste egiten saiatu ziren gazteak. Bikote gaztea larri dago oraindik ospitalean, eta dirudienez euren familiek harremana gaitzestea izan zen saiakeraren arrazoia.
Mutila hindua eta neska musulmana, ezberdintasun erlijiosoak direla medio tragedia. Rajveer-en esanetan familiak konbentzitzeko saiakerak eta beste familiartekoen eta lider espiritualen saiakerak ere ez zuten ezkontza onartzeko balio izan, eta batera egoteko azken bide bezala egin omen zuten. Neskak bere lepoa moztu zuen lehenik eta mutilak gauza bera jarraian.
Indiako atrakzio turistiko garrantzitsuena baina zerbait gehiago den monumentu eder honetan, hilezkor bilakatu den amodioaren ikur honek eta berri honek egunerokotasunera ekarri gaituztela iruditu zait bapatean…
Taj Mahaleko eta erlijioaren pareta eta hormek hor diraute.
AEBetako milaka euskaldun bilduko da Boisen, Idahoko hiriburuan, Jaialdi 2015 festan. Jakingo duzuenez, uztailaren 28tik abuztuaren 2ra ospatuko da aurten, AEBetako euskal jairik handiena da Jaialdi eta bost urtean behin egiten da.
Diaspora osoko euskaldunen festa nagusi honek giro aparta izan ohi du. Lehenengo edizioa 1987an egin zen eta 30.000 lagun inguru bildu zituen. Bigarrena 1990an, eta ordutik, bost urtero egin ohi da festa Boiseko San Inazioekin batera.
Euskal Diasporaren hiriburu eta topagune bihurtzen da Boise, giroa bikaina, musika, dantza, kontzertuak, afari, bazkari, edari, etab. Aurtengo partehartzaileak aipatuz, Irrintzi Erraldoi Konpartsa, Ortzadar elkartea, Luhartz, The Crazy Wheels Band, Xabi Paya eta Nerea Ibarzabal bertsolariak, herri kirolak, harrijasotzaileak, aizkolariak, etab. Gozatzeko eta ez aspertzeko moduko egunak izango dira zalantzarik gabe.
kontsultatu webgunea Jaialdi 2015 festaren informazio gehiago nahi baduzu
Jaialdi 2015
Jaialdi 2015 – egitaraua
Uztailaren 29, 30 eta 31 Ekitaldiak “Basque Block-ean” “Basque Block” (euskal auzoa) lagunarte eta familien arteko topagune bilakatuko da. Frontoian esku pilota eta pala partiden erakustaldiak egingo dira. Euskal Museoa irekita egongo da zenbait euskal erakusketekin. Egun osoan zehar auzoan janaria eta edaria erosi ahal izango dute bisitariek.
Uztailaren 30a Herri Kirol saioa ilunabarrean CenturyLink aretoan
Euskal Herritik etorritako kirolariek harri-jasotze, aizkolaritza eta sokatira saioak eskainiko dituzte. Beste zenbait herri-kirolen txapelketak ere izango dira.
Uztailaren 31 “Festara” emanaldia Morrison Center antzokian Sarrerak lortzeko zortea dutenentzat euskal dantza eta musikaz betetako ekitaldia izango da, bertako eta nazioarteko artisten emanaldiekin.
Abuztuaren 1a Jaialdia “Expo Idaho” aretoan Izan zaitez Euskaldun egun batez eta gozatu Jaialdiaren hasiera ekitaldia, euskal janaria, herri-kirol saio eta txapelketak, euskal musika eta dantza, oroigarriak eta eskuz egindako opariak erosteko dendatxoak, eta bisita itzazu aire egokitua izango duen areto zabalean.
Abuztuaren 1a Meza katolikoa (arratsaldean)
Meza nagusia euskaraz eta ingelesez, Oinkari dantza taldearen partaidetzarekin.
Abuztuaren 1a Dantzaldia “Expo Idaho” aretoan (gauean)
Ospakizunak dantzaldi batekin jarraitzen du; nazioarteko eta bertako taldeek dantzatzeko musika joko dute.
Abuztuaren 2a Jaialdia “Expo Idaho” aretoan Euskal ekitaldiz betetako beste egun bat. Amaiera ekitaldia.
Donostia Jazzaldiaren 50. urtemugan buru belarri dagoen honetan, jaialdi nagusiak bere baitan gordetzen duen jaialdi txikia hasten da gaur. Txikia orain bizpairu urte abiatu zelako, txikia handiaren ondoan hiru eguneko egitaraua baino hartzen ez duelako eta, batez ere, umeek goza dezaten antolatua dagoelako. Jazzaldiak oholtza parean falta zuen adin tarte bakarrari erreparatzen diolako eta goizeko ekitaldi eta zuzenekoekin egun argiz garatzen delako, Jazzaldiko harribitxia dugu Txikijazz.
Ekimenak Europan gero eta ohikoagoa bihurtzen ari den joera bati erantzuten dio. Lehen gazteenak ei ziren musika jaialditzarrak eta gau giroak; eta helduenak, oso helduenak, jazza eta auditorioetako emanaldi ´jasoak´. Tarteko belaunaldia desagertu egiten zen, gurasoen hutsunea nabarmena zen zenbait kultur jardueratan. Guraso izan eta musika zaletasuna zokoratzen ei zuen askok.
Bartzelonako Sonar jaialdia esaterako, 1994an Bartzelonan sortua eta musika joera elektronikoak eta esperimentalak jasotzen dituena, konturatu zen jaialdiak urteak bete ahala bertaratzen ziren musika zaleek ere betetzen zituztela, eta jada zale asko eta asko guraso direla; jaialdiaz gozatzen jarraitu nahi luketen guraso musika zaleak. Eta beste esparru askotan ere berritzailea izan den jaialdiak SonarKids martxan jartzea deliberatu zuen. Umeentzako, edo hobe familia osoarentzako jaialdia.
Txikijazz
Beste horrenbeste egin zuen Jazzaldiak 2013an, “familiek eta haurrek musikaz, arteaz eta teknologia berriez gozatzeko eta horiekin ikasteko aukera eskaintzea helburu” duen Txikijazz sortuta. “Jaialdia haurrekin aisialdia pasatzeko beste era bat bilatzen duten gurasoengan dago pentsatua. Etorkizuneko publikoa musika-formazioan hezi nahi duten gurasoengana iritsi nahi du, musikak heziketarako eta gozamenerako eskaintzen dituen aukera amaigabeen jakitun”; dio jazzaldi txikiaren webguneak.
Txikijazz doakoa eta irekia da, eta jaio berrietatik hamaika urte bitarteko haurrentzako eta jarduerak programatzen ditu -Kursaaleko terrazak ditu kokagune-, euskaraz. Gainera, umeentzako pentsatua dagoenez, ikus-entzule huts izan baino parte hartzaile aktibo izatera gonbidatzen du bertaratzen dena, tailer ezberdinen bitartez: aurpegiak pintatzekoa, erreziklatutako objetuekin musika tresnak sortzekoak, Dj-enak, dantzatzekoak (jazz-dantza eta 50. hamarkadako dantzak), sukaldaritzakoak (Txikitxef: fruta-burruntziak eta koloretako entsaladak)…
Aparte, aurtengo egitarauak sekulako kontzertutzarrak jasotzen ditu; guztira hiru egunetan lau. Bat beren-beregi haurrei zuzendutako ikuskizuna da, Pop ´N´ Kids deiturikoa, eta beste hirurek (nagusien) Jazzaldian parte hartzen dutenak: Carla Cook, Ray Gelato & Claire Martin Donosti Lindy Hop-ekin eta Andrea Motis & Joan Chamorro Group.
Hemen bakoitzaren lagin bana:
CARLA COOK (Gaur uztailak 23, 10.15ean)
Jazz standar-ak kantatzen ditu Carla Cook-ek laukotean, Neil Young edo Marvin Gaye-n kantekin batera, besteak beste. Egun New Yorken bizi den Cook musika irakaslea ere bada, gazteentzako Jazz hezkuntza programa interaktibo bat garatu duena. Herenegun eta atzo iluntzean Kursaaleko terrazetan izan da kantari aurtengo jazzaldian.
Bideoan Lynne Arriale eta Grace Kelly musikariekin “River” jotzen du zuzenean Jazz Alley-n.
RAY GELATO & CLAIRE MARTIN (+ DONOSTI LINDY HOP) (Gaur uztailak 24, 11.30ean)
Gelato sinpatikoa aspaldiko laguna du Jazzaldiak, sarri kantatu izan baitu Kursaaleko terrazetan -atzo eta herenegun ere bertan izan zen-. Saxofoi joleak “40ko eta 50eko hamarraldietako jazzeko showmen handien tradizioari eusten dio”, Ike Quebec eta Illinois Jacquet eredu dituela -sekulako swing-a du eta Louis Prima gogorarazten du!-. Aurten Claire Martin-ek laguntzen dio, britainiar jazzaren lehen damatzat hartzen ei dena eta 2011n Kenny Barron-ekin “Too Much in Love to Care” grabatu zuena. Emanaldi ezin aproposagoa dantzarako!
Ea asmatzen duzuen “Mambo Gelato”kantuaren bideoklipa egiteko zein hiri hautatu zuen Ray Gelatok.
POP ´N´ KIDS (Bihar uztailak 25, 12.30ean)
Propio umeentzako sortutako ikuskizun honetan gehien gozatzen dutenak gurasoak direnaren susmoa dugu. “Antxoak itsasoan antzera, pop-aren historiako arrakasta handienak dantzatuko ditugu” diote beraiek, eta taldekideek hartzen dituzten izenak ikusita, ez dira asmatzen zailak izango: Freddie Mercurio, Maikel Jackson, Angus, RingoStar eta Stivi Wonder. Taldeak StarSuperStar aurkezle xelebreak gidatzen du, kantu bakoitzean ekintza ezberdin bat proposatzen duena.
Ikuskizunaren lagin gisara, hona pot-pourri bat…
ANDREA MOTIS & JOAN CHAMORRO (Etzi uztailak 26, 12.30ean)
Bi laguneko talde honek -boskote dira zuzenean-, eguerdian haurrentzako kontzertua eskaini ostean, Melody Gardot diva lagunduko du iluntzean, jada sarrera guztiak agortu dituen emanaldian. Andrea Motis kantari eta tronpeta joleak eta Joan Chamorro saxo jole eta kontrabaxu joleak jazz standard dantzagarriak jo ohi dituzte. Azken hau, gainera, pedagogo ezaguna da, Els Comediants taldearekin lan egin izan du antzerkian eta Bartzelona Jazz Orchestrako kide ere bada, besteak beste.
Bideoan, “My Baby Just Cares for Me” jotzen dute zuzenean, dantzarien laguntzarekin; Nina Simonek ezagutarazitako standard dotorea.
Tragedia eta komediaren nahasketa bat izan den azken bi egunetako espektakulu morbidoak zer edo zer pentsarazi beharko zigun euskaldunoi.
Sekulako hordak beren klase ekonomikoa babestu nahian Equo, Izquierda Unida eta Podemosekin elkartzeko eskatzen. Gure miseriatik klase instituzionalak aterako bagintu bezela. Argudiorik eman gabe, San Marx eta San Otegiren aipuak ematen etengabe, erakutsi nahian zein anti-hooligan eta “old school marxist” diren. Guztia gaztelania hutsean. Guztiak españolak. Hau da EHBildu.
Munduan jakina izan da historia osoan zehar euskaldunon inteligentzia falta, baina azken urteetan gure ridikuloa egiteko helburuan summuna lortzen ari gara. Hizketarako ahalmen gutxi, brutoa, apostu zentzugabeetarako prestutasuna, leiala, egizalea (palabra de vasco), imaginazio gutxikoa, ligatzeko inkapaza… Zakur bat. Hori izan da gure fama.
Sorkuntza artistikoa, literarioa, kulturala, zientifikoa euskaraz? Herri industrializatua izan gara, sorkuntza gorenek guri bost axola izan zaizkigu kapazak ez garelako. Gure herrian jaio diren jeinu gutxi horiek beti Paris, Madril eta Bartzelonara ihes egin dute, beren herrian gelditu izan balira mediokritateak janda geldituko ziren eta.
Famaz gain gure historia badakigu zein den: Erromatar Inperioa erori zenetik ez gara inguruko inorekin moldatu. Bisigodoekin hostiaka mendeetan, Nabarroa errekonkistan bakarrik gelditu zen Aragoi eta Gaztelak lurrak hartzen zituzten bitartean, bandoen gerran gure herria saldu genuen, 1512an Eliza Katolikoaren bedeinkapenik gabe gelditu zen Aragoiko Fernando II-ri konkistarako eskubidea emanez, Carlistadetan espainiar monarkek kanoi bazka bezela erabili gintuzten, Espainiar Guda Zibilan gure konkistatzaileen kanoi bazka izan ginen eta 1. eta 2. MG frantziarrena ere. Gero ezker espainiar eta fransesaren hamaika siglek prometitu digute bizitza eternoa eta guk lagundu diegu. Historia ederra ezta?
Honen arrazoiak? Auskalo. Munduan neanderthal gene gehien duen herrietako bat gara. Hibridazio honek osasun fisiko eta mental handiak ekartzen ditu. Agian matriarkatu bat izatearen ondorioa da, modu honetara leinuko gizon guztiek joko zuten larrua leinuko emakume guztiekin, ugalketa selektiboa ekidinez. Ikusi dezakegu herri matriarkalen egoera gaur egun.
EHBilduren gainbeheraz eta azken asteko jokaera zentzugabeaz bi aukera baino ez daude: EHBildu Euskal Herria asimilatzeko alderdi bat gehiago da PNVren antzera, edo bertakoak motzak dira. Zer helburu dute Podemosekin elkartzearekin? Euskaldunok dugun alderdi independentista bakarra ere asimilatzeko? Berriz diot, honek ez du logikarik ALDERDI INDEPENDENTISTA BADA.
Hau egia dela suposatuz (pertsonalki ez dut uste), benetan inteligentzia arazo bat dute. Ez zekiten Podemosek ezetz esango zuela? Hau aurreikusita ez zen hobeto “it’s not you, it’s me” bat esanda ederki gelditzea? Ez, euskaldunoi berriz morroi negargarriarena irudia jartzen ibili behar dira. Jauntxo espainiarra dator eremu konkistatura guk ditugun boto apurrak kentzera (Azken hauteskundeak ez dira nahikoak EHBildurentzat dirudienez), eta gu berriz makurtu eta mesedez-mesedez gure lagunak izan daitezen eskatu. San Arnaldo Otegik hooliganismoa kritikatzen zuenean ideia, erakunde eta soziologia berrietara irekitzea eskatzen zuen, ez Espainiar Erreinuari aurpegia garbitzen laguntzea. Edo hori pentsatu nahi dut behintzat.
Zergatik euskal soziologia bere “gu ta gutarrak”-etik irteten denean jarraian españolengana hurbildu behar da? Mundura irekitzea Españara joatea, españolez hitzegitea, kongresu españolean diskurtso marxista zaharkituak ematea da? Euskal independentismoak irudi eta prestigio egokiak balitu, errespetatua balitz, kataluniar, frantziar, espainiar, europear erakunde benetan progresistak hurbilduko litzaizkioke. Baina Sabino Cuadra, Iñaki Antigüedad, Laura Mintegi, Juan Carlos Izagirre, Joseba Permach, Martín Garitano ditugu.